Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 23 urtarrila, 2020 Digitalizazioa Ekintzailetza Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Tagenea-k etiketa adimendunen belaunaldi berri bat garatu du retail eta logistika sektoreetarako

Elektronika malguan oinarrituriko pantailadun etiketa hauek aukera ematen dute beren informazioa denbora errealean eguneratzeko
Ander de Bustos, Tagenea enpresaren fundatzaile eta zuzendari nagusia.

Elektronika malguan oinarrituriko pantailadun etiketa hauek aukera ematen dute beren informazioa denbora errealean eguneratzeko

Tagenea startup donostiarra etiketa adimendunen kontzeptu berri batean ari da lanean. Enpresaren helburua da online eta offlineko salmenta kanaletako informazioa biltzea erabiltzaileei erosketa-esperientzia hobea emateko. Saltzaileek ere probetxu aterako liokete prezio edo salmenten datuak denbora errealean bildu eta eguneratzeko aukerari. Proiektu honi buruz hitz egin dugu Ander de Bustosekin, Tagenea-ren fundatzaile eta zuzendari nagusiarekin.

 

Zein da Tagenea-ren helburua?

Konponbide sinple bat eman nahi diogu arazo konplexu bati: nola komunikatu onlineko salmenta kanalak offlineko salmenta kanalekin (hots, denda fisikoekin). Kontsumitzaile eta shopper garen aldetik, etengabe erabiltzen ditugu kanal biak. Denda fisikoan erostearen esperientzia oso aberatsa da zentzumenen aldetik, posible baita arropa ukitu eta probatzea, adibidez. Onlineko esperientzia ere gero eta sofistikatuagoa da, eta gero eta hobeto gidatzen du eroslea, aukera ematen diolarik beste erabiltzaile batzuen esperientzia ezagutzeko edo prezioen joerak eta alderaketak aztertzeko. Baina kanalen arteko nahasketa horretan badaude konpondu beharreko hainbat arazo, eta bada bat tamaina eta konplexutasun handikoa. Uste dugu arazo hori konpontzen lagundu dezakegula konponbide berritzaileak erabiliz.

 

Nolako teknologia edo zerbitzuak garatzen ari zarete konponbide horiek sortzeko?

Lanean ari gara elektronika malguarekin, zeina elektronika sektoreko nitxo bat baita, printed and organic elektronics bezala ere ezagutzen dena. Teknologia horren helburua da produktu elektroniko malguak sortzea, eta horrek erabat aldatzen du elektronikaren egungo prozesua. Produktua beraizik diseinatzen da inprimatua izateko edo zuzenean inplementatzeko substratu malguetan -tindu eroaleak erabiliz-, eta produkzio-prozesu hori erraz eskalatzeko modukoa da.

 

Zehazki, lanean ari gara etiketa digitalen hurrengo belaunaldian, posible izan dadin informazio digitala euskarri fisiko batera eramatea, hau da, pantaila bat eta haririk gabeko konexioa izango dituen etiketa digital batera. Proiektuaren helburua da tresnak ematea merkatariei onlineko erosketa-esperientzia hori denda fisikora eramateko, horregatik datuak bilduko ditugu Internetetik edo datu-baseetatik, eta informazio hori etiketetan jarriko dugu bezeroak ikus dezan.

 

Zein abantaila dituzte horrelako etiketek sistema tradizionalagoen aldean?

Pantailaz eta konektagarritasunez hornitutako etiketa hauekin posible izango da produktu baten prezioa eguneratzea edo eskaintzak egitea denbora errealean. Era berean, informazio baliotsua eman ahal izango diogu erabiltzaileari, adibidez, produktuaren ezaugarriak, iritziak eta merkatuko joerak.  QR kodeen edo barra-kodeen aldean duen abantaila garrantzitsuena da kode horiek gailu elektroniko bat behar dutela bezeroekin elkarreragiteko, eta etiketak eskuz jarri behar izaten direla. Gure kasuan, kontsumitzaileak ez du zertan atera sakelakoa patrikatik, etiketa digital bakoitzak pantailaren bidez ematen duelako informazioa zuzenean. Berdin erabil daiteke produktu indibidualentzat, eta ez dago produktu bakoitza berriz etiketatu beharrik, pantailan agertzen den informazioa urrunetik aldatzen baita.

 

Zein sektoretan izan dezakete inpaktu handiena etiketa adimendun horiek?

Gure lehen jomuga txikizkako retail sektorea da, zehazki, elikadurarena eta modarena, baina uste dugu konponbide honek berdin balio dezakeela merkatuko beste segmentu batzuetarako edo beste sektore batzuetarako. Adibidez, 4.0 Industriari dagokionez, pentsatzen dugu baliagarria izan daitekeela informazio digitala formatu fisiko batera erraz eramateko premia duen edozein arlotan. Hala, zentzuzkoa izan daiteke logistikan.

 

Etiketa adimendunaz edo “hardware”-az gain, pentsatzen dut orobat garrantzitsuak direla etiketetan informazioa sartzeko softwarea eta salmenta prozesuak aztertzeko tresnak…

Gure negozio-ereduan batik bat zentratu gara garapen merkaturagarrietan: etiketa digitala, hardwarea eta baita ere softwarea, bere bitartez posible izan dadin etiketarako baliozko informazio bihurtu daitezkeen datuak eskuratzea big datatik nahiz beste datu-base batzuetatik (ERP).

 

Zeintzuk dira zuen epe laburreko erronkak Tagenea-n?

Proiektu hau 2018an jarri genuen martxan bi lagunen artean eta, orain, lantalde teknikoa sortzeko fasean gaude. Denbora horretan, laguntza eta aitortza ugari jaso ditugu: Donostiako Sustapenak enpresa ideia onenarentzako saria eman digu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SPRIren Ekintek eta Ekintzaile programetan parte hartu dugu, Europako Batzordearen laguntza jaso dugu SmartEES programaren bitartez eta, berriki, CDTIk (Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa) finantzatutako NEOTEC programaren -ekintzailetza teknologikoaren arloko Espainiako programa garrantzitsuenaren- babesa jaso dugu.

 

Gaur egungo erronka nagusia da ongi bukatzea gure lehen prototipoa, hurrengo urratsak ematea produktua industrializatzeko eta giza taldea sendotzeko eta, batez ere, merkatuarekin harremanetan jartzea eta bezeroei entzutea, konponbide baliagarri eta eraginkorrak eskaini nahi dizkiegulako.

Lotutako albisteak

15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
5 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Edurobotic: “Ikasleentzako robotikako eta programazioko jarduerek hezkuntza-eremua eta aisialdia lotzen dituzte”
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Campus To Business (C2B): “Sektore teknologikoan talentuaren defizit izugarria dagoen ingurune batean gaude”
Irakurri gehiago
4 urtarrila, 2024 Digitalizazioa
Ubikare: “Osasunaren eta zainketen arloan Europaren errekonozimendua lortu nahi dugu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak