Ikusmen artifizialeko konponbideak, biosentsoreko teknologiak eta hezitzaileen merezimenduak egiaztatzeko aplikazio bat dira VIII. Inizia Uniekintzaile Sarietako proiektuak

Guztira, hamabost proiektuk parte hartu dute Inizia Uniekintzaile Sarietako zortzigarren edizioan. Sari horiek UPV/EHUk eta BIC Arabak antolatutako Inizia Arabacampus Programaren barruan daude, Arabako unibertsitatearen esparruan ekintzailetza sustatzeko eta hari laguntzeko bideratuta.

Ekimen horren xedea da unibertsitateko ahalmen berritzaileari etekin ateratzea, enpresa berriak sortze aldera. Horrez gain, laneratzeko formula berriak bultzatzea bilatzen du, enpresa-ehuna dinamizatzeko eta berritzeko garrantzia dela medio.

Sariak Inizia Day jardunaldian erabaki ziren, non 2019ko jardunen balantzea egin zen.

Irabazleak

Ikustec industriarako ikusmen artifizialeko soluzioetan espezializatutako ingeniaritzak jaso zuen lehen saria, 2.000 euroko zuzkidurarekin. Eder Peinadok eta Leticia López de Luzuriagak zuzendu dute proiektua, BIC Arabaren barrukoa dena. Edozein solidoetarako 3D neurketa automatikoa duen eskaneatze eta kontrolerako softwarea diseinatu eta garatu du proiektuak.  Metrologia tresna berritzailea da ikusmen konponbideetan eta 3D kalitate kontroletan, produkzio inguruneetan erabiltzekoa.

Gainera, beste bi proiekturi egin zitzaien aitormena, 1.000 euroko accesitarekin bakoitzak:

Abagune Research, Guilermo Morenoren proiektua, UPV/EHUko Lourdes Basaberen nanofluidoen klusterrarekin batera eginikoa. Proiektuak hauxe proposatzen du: cannabisaren farmakologiako eta biosentsoreen alorreko ezagutzak erabiltzea THCa (cannabisaren osagai estupefazientea) kuantitatiboki eta kualitatiboki antzemateko teknologia garatzeko, indarrean dagoen legeriara egokitzen dela bermatzeko.

Xerka UPV/EHUko irakasleen talde batek -Borja Fernández, Unai Fernández eta Naiara Rojo- sortutako ideia da, unibertsitateko hezkuntzako karrerari ekiteko behar diren egiaztagiriak osatzeko konplexutasunari erantzuna emateko xedea duena. Hala, talde horrek programa informatiko bat garatu du lan hori errazteko, kostuak eta akatsak murriztuz.

 

CERNeko esperientzia

Inizia Day jardunaldiaren testuinguruan, UPV/EHUko Arabako Campuseko hamalau ikaslek, Design the Future programaren parte izan direnek, beren esperientzia azaldu zuten, CERN Genevako ikerkuntza-zentro ospetsuan egon eta gero. Astebetez diseinatu dituzte etorkizunerako agertokiak, Nazio Batuen GJHak lortzeko aurrera egiteko aukera dakartenak.

Ekimen horretan lagundu dute BIC Arabak, UPV/EHUk eta Ineustar elkarteak (Zientziako Industriaren Elkartea). Bigarren urtez egin da, hurrenez hurren, eta datorren ikasturterako deialdia ziurtatu dute.

cern araba ehu upv