Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 4 otsaila, 2019 Digitalizazioa Ekintzailetza Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Acutronic Robotics enpresak Euskadin fabrikatu eta garatu du merkatuko lehen robot industrial modular eta kolaboratiboa

Egoitza Gasteizen duen konpainia honek euskal hornitzaileekin lan egiten du roboten osagaiak fabrikatu eta muntatzeko

Egoitza Gasteizen duen konpainia honek euskal hornitzaileekin lan egiten du roboten osagaiak fabrikatu eta muntatzeko

 

Robotika industrialak beti izan du presentzia handia Euskadin, baina, euskal teknologi zentroen garapenez harago, sekula ez da egon gure enpresen artean horrelako robot bat fabrikatzeko epe luzeko proiekturik. Erle Robotics enpresa arabarrak -orain Acutronic Robotics bihurtua Acutronic multinazional suitzarrak erosi ondoren- erronka honi heldu dio eta Euskadin fabrikatu du Estatuko eta nazioarteko merkatuko lehenengo robot industrial modular eta kolaboratiboa. Acutronic Robotics enpresako zuzendari nagusi Víctor Mayoralekin hitz egin dugu.

 

Zein da Acutronic Robotics enpresaren jatorria?

Acutronic Suitzako multinazional bat da, mundu mailako lidergoa duena zehaztasun handiko mugimenduak simulatzeko konponbide robotikoetan, eta hainbat sektore barne hartzen ditu: aeronautika, garraioa, espazioa, defentsa eta dispositibo elektronikoak. Acuatronic-ek 2016an erosi zuen bi urte lehenago hiru bazkideren artean Gasteizen sortu genuen Erle Robotics empresa. Erosi ostean, Acutronic-ek erabaki zuen Araban ezarriko zuela Acutronic Robotics dibisioa eta neu izango nintzela zuzendari nagusia, helburutzat hartuz robotika industrialaren lider bihurtzea nazioartean. 2017an Sony enpresa japoniarra sartu zen Acutronic Robotics-en kapitalean. Gure bulego operatibo nagusia Araban dago eta 25 lagun ari gara lanean. Oso harro gaude Gasteizen gelditu garelako eta, enpresaren buru naizen bitartean, ez gara hemendik mugituko.

 

Denbora horretan MARA garatzen aritu zarete, Euskadin garatu eta fabrikatutako lehen beso robotiko kolaboratibo eta modularra. Zertan datza?

MARA merkatuko lehen robot modular industriala da, zeregin desberdinak egin ditzakeena bai industrian eta bai arlo akademikoan. Modularra izatea da, hain zuzen, beste robot industrial batzuengandik bereizten duena: pieza desberdinekin egina dago, Lego bat bezala. Posible da aldatzea motorrak, gripper edo pintzak, euste-mekanismoak… Segundo gutxitan alda ditzakegu sentsoreak, eragingailuak eta baita ere elementu mugikorrak, hau da, MARA toki batetik bestera mugitzeko aukera ematen dutenak. Nola modularra den, errazagoa da eraikitzeko, konpontzeko edo mantenimendu lanak egiteko.

 

Robot kolaboratibo hau bereziki pentsatuta dago gizakiekin besoz beso aritzeko, eta betetzen ditu pertsonekin ingurune hurbiletan kolaboratzeko ezarritako arauak. Langile bat inguruan duenean, abiadura gutxitzen du eta gai da langileari agindu sinple batzuk emateko zeregin desberdinak egin ditzan. Estatuko eta nazioarteko merkatuko lehen robot kolaboratibo modularra da.

 

Robotentzako osagaiak fabrikatzen dituzten enpresa askoren oztopo handienetako bat izan da beren piezak marka zehatz bateko robotekin bakarrik erabil zitezkeela. Orain, tokiko zein nazioarteko enpresekin ari gara lanean, osagai horiek MARArekin ere erabiltzeko modukoak izan daitezen.

 

MARA robot kolaboratiboa da. Cobotek badituzte hainbat muga robot industrial tradizionalekin alderatuta. Zergatik erabaki duzue robot kolaboratibo bat egitea?

Robot kolaboratiboak edo cobotak gehiago erabiltzen dira karga gutxiagoko lanetan edo hain konplexuak ez direnetan, baina coboten merkatua da gaur egun robotikaren munduan azkarren hazten ari dena. Iaz robot industrialak baino robot kolaboratibo gehiago merkaturatu ziren. Robot fabrikatzaile guztiak ari dira robot kolaboratiboen bertsio propio bat sortzen, beraz, merkatuan badago interesa.

 

Bestalde, robot kolaboratiboek badituzte muga batzuk zenbait zeregin gauzatzeko, baina MARArekin lortu dugu robota malguagoa izatea. Nola modularra den, posible dugu osagaiak aldatzea eta karga erabilgarri gehiago izatea azkarrago. Motor trukagarriak dauzkagu, 2 kiloko karga erabilgarritik 15 kiloraino pasa daitezkeenak, eta horrek lehiakorrago egiten gaitu.

 

Zuen beste apustu bat izan da ROS 2.0 erabiltzea robot modularretarako sistema operatibo bezala.

ROS 2.0 da robotikako aplikazioak garatzeko sektoreko framework garrantzitsuena. Mundu akademikoko kideen %95ek erabiltzen dute eta industrian ere gero eta presentzia handiagoa du. Amazon edo Google bezalako enpresek ere ROS 2.0 aukeratu dute beren garapen batzuetarako. Nik ROSen sorkuntzan parte hartu nuen 2014an, Kalifornian, nire doktoretza egiten aritu nintzenean. Lehen arkitektoetako bat izan nintzen. Oso ongi ezagutzen ditugu ROS eta bere abantaila guztiak. Hasieratik egin ginen ROS 2.0 komunitateko kide, asko lagundu dugu bere garapenean eta munduko enpresa bakarra gara ROS 2.0-n oinarritutako produktu bat duena merkatuan.

 

Non fabrikatuko da MARA?

MARA Euskadin fabrikatuko da. Dagoeneko badauzkagu hainbat pieza, bai eta osagaiak egingo dizkiguten tokiko hornitzaileak. Behar diren elementu batzuk ezin dira hemen aurkitu eta munduko beste toki batzuetatik ekartzen ditugu, baina zatirik handiena hemen egiten da eta hemen egingo da aurrerantzean ere.

 

Une honetan, gai gara hilean dozena bat unitate fabrikatzeko. Ez da asko, baina orain produkzioa hobetu nahian gabiltza. Hain zuzen, proiektu bat garatzen ari gara beste robot batzuk fabrikatzeko gai izango diren roboten lehen prototipoekin. Oso zaila da eta oraindik ez dago prest, baina uste dugu etorkizunean hori gertatuko dela eta baliabideak eta ahaleginak bideratu ditugu teknologia hori garatzeko.

 

Zeintzuk dira Acutronic Robotics enpresaren epe laburreko erronkak?

Plantilla handitu nahi dugu ekainerako 30 lagun izateko. Uste dugu talentua bultzatzen duen enpresa bat garela. Azken urteotan atzerrian lanean zebiltzan hainbat euskaldun etxera itzularazi ditugu eta orobat apustu egin dugu gure lantaldea nazioartekotzeko, kanpotik talentua ekartzea oso aberasgarria baita euskal ekosistemarentzat.

 

Azken urteotan, Erle eta Acutronic Robotics-en bitartez, 8 milioi euro inguruko ekarpena egin diogu euskal ekosistemari eta datozen hilabeteetan seguru asko kapital gehiago ekarriko dugu, indarra hartzeko eta azkarrago hazteko.

 

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak