Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 19 urria, 2020 I+G

Flanker enpresak bere proiektua indartu du Xeito Investments funtsa sartuz bere kapitalean

Bazkide industrial honen eskutik, zuraren arloko enpresa arabarrak Tier1 erreferentziazko hornitzaile bihurtu nahi du mugikortasun jasangarriaren sektorean
Plangintza Estrategikoko arduradun Angel Corres.

 

Flanker Tech Solutions Arabako famili enpresa bat da, garai ziurgabe hauek gorabehera, hazkunde-aurreikuspen oso interesgarriak dauzkana, Xeito Investments inbertsio-funtsarekin berriki sinatu duen aliantzari esker. Galiziako inbertsio funts hori konpainia arabarraren akziodunen artean sartu da, konpainiak onartua zuen bost urterako plan estrategikoa betearazteko, zeinak helburutzat baitu fakturazioa nabarmen handitzea eta erreferente bihurtzea mugikortasun jasangarriaren industrian.

 

36 urteko ibilbidearen ondoren, Jundizko industrialdean kokatua dagoen Flanker enpesa zurezko piezen mekanizazioan eta estalduran espezializatu da. Batez ere zuzentzen zaie automozio, aeronautika, burdinbide edo itsasoko industriei, eta bere bezero garrantzitsuenetako batzuk dira Mercedes Benz, CAF eta Faurecia. Gaur egun, 45 lagun enplegatzen ditu, eta iaz 9,4 milioi euro fakturatu zituen. Plangintza Estrategikoko arduradun Angel Corresek famili enpresa honen oraineko eta etorkizuneko giltzarriak aztertu ditu SPRI Taldearentzat.

 

Ia 40 urteko ibilbidea famili enpresa bezala (bigarren belaunaldia)… Badago giltzarriren bat hain efemeride garrantzitsura heltzeko, kontuan izanik enpresaren zuzendaritzan hainbat neba-arreba daudela?

Seguru asko hasierako grina eta lana. Uste dut enpresaren fundatzaileek -gure aitak eta neba-arreba nagusiek- egin zuten lana funtsezkoa izan zela aurrera ateratzeko, batik bat kontuan izanik lehen hiruzpalau urteak kritikoak izaten direla enpresa batentzat. Baina lortu zuten, proiektua sendotu egin zen eta, batez ere, esango nuke jakin zutela garai eta testuinguru berrietara egokitzen. Etor litekeenaren aurrean erreakzionatzeko gaitasun hori nahiko barneratuta daukagu enpresan, badakigu aurrea hartzen, merkatuak dakarrena aurreikusten, zuhur jokatzen eta kontsekuente izaten. Eta uste dut badagoela hirugarren giltzarri bat, euskal enpresarekin eta enpresariarekin estuki lotua dagoena, eta hori da bezeroarenganako orientazioa. Enpresaren jabetza eta zuzendaritza berbera izanik, bezeroaren asebetetzea funtsezkoa da guretzat, eta agian horri esker lortu dugu Flanker-ek gaur egun hain osasun ona izatea.

 

Hasieran zuraren eraldaketa zen zuen jarduera, baina erabilpen industrial oso zehatz batekin. Gaur egun zer da Flanker eta noraino iristen da?

Zura da oraindik ere erabiltzen ditugun materialen oinarrizko substratua, baina eboluzionatu egin dugu eta dagoeneko erabiltzen ditugu antzeko teknologia eskatzen duten beste material batzuk. Horri esker, posible izan da sektore industrializatuagoetan sartzea, esaterako automozioan, burdinbideen sektorean, sektore aeronautikoan, bilgarri industrialen sektorean, autokarabanen sektorean, laborategietan edo itsasoko industrian… Pixkanaka balio erantsia gehitu diegu proiektu eta prozesu horiei, gero eta produktu konplexuagoak sortuz.

 

Adibidez, zer egiten duzue Mercedes Benz-ek Gasteizen duen lantegirako?

CAF edo Faurecia-rentzat ere egiten dugu lan, baina Mercedes-en kasuan, haren bi ibilgailutan zentratu gara, bidaiarientzako ibilgailuetan eta karga garraiorako egiten dituztenetan, eta zoru, bereizle, sareta edo karinatuen mekanizatuak eta aurre-muntaiak egiten dizkiegu. Sektoreak asko eboluzionatu duen arren, oraindik zur asko dago ibilgailu baten barruan, eta horrek bidea ematen digu gure prozesu eta produktuak hobetzen jarraitzeko, material eta teknologia berrietara egokituz.

 

Zer bilatzen du Flanker bezalako ETE batek Xeito Investments bezalako funts bat sartzen denean bere akziodunen artean? 

Erabaki hori hartu aurretik, barne-gogoeta prozesu oso garrantzitsua egin genuen. Famili enpresa bat gara, bost neba-arrebak osatua, eta derrigor egin behar genuen gogoeta-prozesu bat. Denbora behar izan genuen, hain estrategikoak diren erabaki hauek ezin direlako arinkeriaz hartu, baina azkenean lortu genuen helburu bat adostea: Flanker-en proiektua indartzea. Eta horretarako, funtsezkoa zen bidaide bat aurkitzea, gure enpresako kultura ulertuko zuena, gure lan egiteko modura egokituko zena eta egin nahi dugun bidea partekatuko zuena. Baina, batik bat, proiektua sendotzea eta haztea ziren gure helburuak.

 

Segmentu industriala da zuena; tamaina faktore bereizgarria al da?

Gure kasuan, une batean argi ikusi genuen aurrera egingo bagenuen ezin genuela geldirik geratu. Tamaina garrantzitsua da gure sektorean, eta Europa aspaldi ari zaigu hori esaten. Beraz, bestelako proiektu anbiziotsu, tekniko eta handiagoak egiteko, eman beharra geneukan urrats hori, eta horregatik aukeratu dugu Xeito gure bidaide izateko.

 

Familiatik kanpoko norbaiti etxeko atea irekitzean autonomia edo erabakimena galtzen da?

Hasieratik bagenekien bazkide berezi hori bilatzea oso zaila izango zela, eta ez geunden oker. Baina hortik abiatuta, eta behin ibilbide orria adostuta eta finkatuta, uste dugu bazkide batekin hurbilago gaudela amaierako helburutik, nahiz eta erabakiak bien artean hartu behar izan. Bazkide bat baduzu, beste ikuspegi bat duen jendea sar dezakezu zure lantaldean, beste proiektu batzuetan ibili dena eta, ziurrenik, nazioartean gehiago lan egin duena, profesionaltasun-maila handikoa. Beraz, gure kasuan ekarpen modura ikusten dugu, eta autonomia galtzeko beldurra kendu digu.

 

Bidaide horrek epe ertain eta luzeagorako ikuspegi bat ematen al dio egunerokotasunean zentratuta dagoen norbaiti?

ETEek, eta bereziki famili enpresek, egunerokoa bizi dute; egunero dabiltza su txikiak itzaltzen eta unean uneko arazoak konpontzen. Horregatik, ez da asti askorik egoten etorkizunean pentsatuz hartu behar diren erabaki garrantzitsuak hartzeko. Horrelako laguntza bat izateak aukera emango digu egunerokotasunean murgilduta lanean jarraitzeko, baina urruneko argiak piztuta, etengabe pentsatuz enpresa norantz doan eta zein estrategia jarraituko dugun helburuak lortzeko.

 

Bost urterako plan estrategiko batean murgilduta zaudete, zeinaren helburuak baitira fakturazioa handitzea eta Tier1 erreferente gisa posizionatzea mugikortasun jasangarriaren industria gorakorrean. Zer egingo duzue zehazki?

Nahiko argi daukagu: TIER1 bat izan nahi dugu, erreferentziazko hornitzaile bat mugikortasun jasangarriaren industrian. Dagoeneko hainbat sektoretan gabiltza lanean helburu horrekin, dibertsifikazioa funtsezkoa baita guretzat, eta ahalegina egiten ari gara gure ustez joera bihurtuko diren materialak erabiltzen hasteko. Hau da, material arinagoak, jasangarriak, birziklagarriak… Zentzu horretan, trantsizio ekologikoa iritsi da jadanik -zorionez gelditzeko iritsi da-, eta Flanker-ek punta-puntako zerbitzua eskaini nahi du horrelako materialen eraldaketan.

 

Zuen ibilbide orrian baduzue nazioarteko jauzia emateko asmorik?

Zentzu guztietan hazi eta indartu nahi badugu, nazioarteko bezero berriak atzeman behar ditugu, eta gure salmenta-kanalak eta produkzio-gaitasuna osatu dezaketen enpresak erosi behar ditugu.

Lotutako albisteak

Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 I+G
Armando Astarloa (UPV/EHU): “Talentua eta prestakuntza funtsezkoak dira erdieroaleen sektorean”
Irakurri gehiago
21 Azaroa, 2023 I+G
Rooster Capitalek I+Gak enpresak balizko inbertitzaileekin elkartzeko duen gaitasuna aztertzen du
Irakurri gehiago
6 Azaroa, 2023 I+G
Semantic Systems: “PILAR proiektuaren bidez, industria adimenduna lagundu nahi dugu konektibitate eta zerbitzu soluzio osoa garatuz”
Irakurri gehiago
26 iraila, 2023 I+G
Eva Arrilucea: “Ezin dugu teknologia- edo ekonomia-subiranotasunik izan industria subiranotasunik ez izanez gero”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak