AVS amaitzen ari da 2021ean Martera bidaiatuko duen ibilgailu robotizaturako egindako ekipoen entrega

13 abendua, 2018
Konpainiako CEO Miguel Ángel Carrera, Urkullu lehendakariakin..

 

70 ingeniariz osaturiko Elgoibarko ETEak pauso irmoak ematen jarraitzen du new Space delakoan lekua egiteko

 

Elgoibarko Added Value Solutions (AVS) konpainia ibilbide aparta egiten ari da espazio-teknologiaren arloan, balio teknologiko oso handiko proiektuei esker. Gaur egun, 70 ingeniariko lan-taldea du, eta filial bat Oxford-en (Erresuma Batua). Filial horretan, espazio-propultsatzaileak diseinatu eta fabrikatzen dituzte, nagusiki. Hala ere, ez da hori gipuzkoar ETEaren jarduera-eremu bakarra. New Space edo “Espazio berria” deiturikoaren arloan ere sistema erabakigarriak diseinatzen ari da Lurraren inguruan orbitatzen duten sateliteentzat. Erronka zirraragarria da konpainiako CEO Miguel Ángel Carreraren arabera.

 

Zer helbururekin diseinatzen dituzue era horretako sistemak?

Helburua hirukoitza dela esango nuke: satelite horiek mantentzeko, konpontzeko laguntza ematen dugu; baita desorbitatzeko ere, hau da, norabide-aldaketa bat eragiten dugu, sateliteen bizi-zikloa amaitu eta espazioko zabor arriskutsutzat hartuz gero, atmosferan desegin daitezen… Ingurune oso konplexuetan egiten dugun proiektu bat da; proiektu friki bat dela esaten dugu, ironikoki.

 

Espazioarekin alderaketa eginez, suziri baten abiaduran zoazte…

Horretan saiatzen gara, hamabi urtez jo eta ke aritu ondoren. Egia da merkatu berri bat dagoela espazioan denbora bat daramaten sateliteen arloan. Hala, leku bat egin nahi dugu merkatu horretan, satelite horien balio-bizitza luzatuz edo orbitatik atera daitezen eraginez. Edonola ere, horrelako lanak egiteko, amarratze- eta finkatze-sistema erabakigarri batzuk behar dira, hau da, satelitea harrapatu eta heltzen duten sistema batzuk, ondoren egin beharreko lanak egin ahal izateko. Sateliteentzako sorosle moduko batzuk dira (barreak).

 

Zer tamainatako sateliteekin egiten duzue lan?

Une honetan, ENVISAT izeneko satelite nahiko handi baterako ari gara lanean. Satelite horrek sei urte inguru daramatza erabili gabe, eta noraezean dabil espazioan. Jadanik ezertarako ere balio ez duenez, satelitea desorbitatzeko misio bat bidaltzea ari gara aztertzen. 22 metro luze da gutxi gorabehera, eta mehatxu bat bihurtzen hasi da; izan ere, handiagoa den zerbaiten aurka talka eginez gero, atomizazio arriskutsu bat gerta daiteke. Hortaz, satelitea harrapatzea eta desegiteko leku batera bideratzea da helburua.

 

Zertarako dira Oxforden eraikitzen dituzuen espazio-propultsatzaileak?

Espazio-abentura gero eta ohikoagoa ari da bihurtzen, eta jadanik ez dira egiten lehen bezain satelite handiak. Gaur egungo merkatuan, txikiak dira satelite gehienak, eta satelite horiek propultsio-ezaugarri oso zehatzak izaten dituzte orbitara ateratzeko. Hain zuzen, merkatu horretan kokatu nahi dugu.

 

Zer dela-eta new Space deituriko horren gorakada?

Espazioak gero eta interes handiagoa sortzen duelako eta gero eta erabilgarriagoa delako, ez soilik ohiko alorretan, baita Lurraren behaketaren arloan ere. Hala, merkatu berezi bat ari da sortzen, mugak zaintzeko ez ezik, baita suteak kontrolatzeko, arrain-sardak aurkitzeko, hirietako airearen kalitatea aztertzeko eta beste gauza askotarako ere. Lurrean negozioa duten gauza asko eta asko zaindu daitezke espaziotik, teknologia ere “demokratizatu” egin delako, hau da, satelite txikiagoak eta kostu efizienteagoa dutenak bidali ahal izan direlako.

 

NASAk NASA izaten jarraitzen du, hots, espazio-negozioko jokalari nagusia?

Zalantzarik gabe… Gaur egun lehia handia dagoen arren, badu zerbait espazioko lasterketan funtsezkoa: esperientzia.

 

Baduzue harremanik agentzia horrekin?

Bai, zorionez. Urteak daramatzagu haiekin lanean. Astean bi aldiz edo hitz egiten dugu NASAko kideekin, besteak beste, Martera rover bat –ibilgailu robotizatu bat– bidaltzeko proiektu batean izan dugun partaidetza amaitzear baikaude.

 

Noiz?

Guztia aurreikusitako moduan betetzen bada, datorren urteko martxoan entregatuko dugu gure ekipoa, eta 2020ko udan Martera bidaltzea da asmoa. Roverak elementu zientifiko nahiko sofistikatuak ditu; horietako bitan parte hartu dugu guk. Beraz, espero dut ikusiko dugula, 2021ean, mekanismo horiek nola zabaltzen diren eta nola funtzionatzen duten. Ibilgailuak 23 kamera ditu (koloretako eta 3Dko irudiak hartuko dituzte, lehen aldiz); beraz, uste dut ikusiko dugula. Kontuan izanda haraino joateko ia urte beteko bidaia egin beharko duela, sinestezina da, ezta?

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow