Mikel Jauregi: “Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago” dira Euskadiren etorkizuneko ongizatearen eta kalitateko enpleguaren oinarriak

Mikel Jauregi sailburua Legebiltzarraren aurrean agertu da gaur Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren 2024-2028 legegintzaldirako ildo orokorrak zerrendatzeko
-

“Jauzi kualitatiboa egin behar dugu eraldaketa digital eta energetikoaren aitzindari izateko”

  • Iragarri dutenez, funts propioekin osatutako 260 milio euroko programa berri bat jarriko da martxan; deskarbonizaziora, energia-efizientziara eta autokontsumora bideratua, aurrerapauso garrantzitsua euskal industria deskarbonizatzeko eta haren lehiakortasuna hobetzeko bidean.
  • Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea, Industria Garapenerako 2028 Plan berria eta Euskal Funtsa izango dira herrialdearen eraldaketa industriala garatzeko Eusko Jaurlaritzaren tresnak.
  •  “Nahiz eta Europako eta munduko egoera ekonomikoa kolokan egon, Euskadi gai da Europako aldaketa industrialaren aitzindari izateko. Jauzi kualitatiboa egin behar dugu gure enpresek aurrea har dezaten eraldaketa energetiko eta digitalaren arloan, lehiakortasunaren eta hazkundearen palanka gisa”, azpimarratu du Mikel Jauregi sailburuak.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi Eusko Legebiltzarreko Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Batzordearen aurrean agertu da gaur goizean, bere sailak XIII. legegintzaldirako (2024-2028) ezarri dituen ildo orokorrak aurkezteko.

Bere hitzaldian, sailburuak azpimarratu du Euskadi gai dela Europan gertatzen ari den aldaketa industrialaren “aitzindari” izateko, mundu-mailako egoera ekonomikoa “kolokan” badago ere. “Jauzi kualitatiboa egin behar dugu gure enpresek aurrea har dezaten eraldaketa energetiko eta digitalaren arloan, lehiakortasunaren eta hazkundearen palanka gisa”.

Horren haritik, Mikel Jauregik defendatu du hazkunde ekonomikoko egungo unea egokia dela etorkizuneko Euskadiren ongizaterako oinarriak finkatuko dituzten erabaki estrategikoak hartzeko. “Ezin dugu denbora galdu. Lau urte hauek funtsezkoak dira eraldaketa handietan aitzindari izan nahi dugun edo atzean geratu nahi dugun erabakitzeko. Herrialde gisa denok bat egin behar dugu, eta Euskadi berriaren hazkunderako eta eraldaketa ekonomiko eta sozialerako aukerak aprobetxatu”.

Sailburuak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren 2024-2028 legegintzaldirako estrategiaren ildo orokorrak zerrendatu ditu. Estrategia horrek hiru oinarri ditu: “Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago”.

 Herrialdearen eraldaketa industriala gauzatzeko, Sailak bultzatutako politika publiko guztiek Jaurlaritzaren arlo honetako estrategiaren ardatz izango diren funtsezko hiru tresnekin bat egingo dute: Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Legea, Industria Garapenerako 2028 Plan berria eta Euskal Funts subiranoa, proiektu industrial berriak sortzera eta herrialdeko enpresa eragileak sustraitzera bideratua.

Euskadi, aitzindaria Europako industria indarberritzen

Sailak euskal “Industry Deal” berria sustatuko du, Euskadi aitzindaria izan dadin Europako hurrengo suspertze industrialean; horrek herrialdeko ekosistema ekonomiko osoari eragingo dio (enpresa-ehuna, ehun teknologikoa eta zientifikoa, eta finantza-ehuna), eta erakunde, kluster eta gizarte-eragileen babesa izango du.

Berrindustrializazio hori sustatzeko, enpresa- eta industria-ekosistemari erraztasunak ematera bideratutako ekimenak aurreikusten dira; besteak beste, erabiltzen ez diren industria-lurzoruen 1,2 milioi m2 berreskuratzea, eta beste 2,5 milioi m2 berri lortzea egungo teknologia-parkeak handitzeko eta berriak garatzeko (Miñano, Zamudio, Zorrotzaurre, Abanto, Ortuella, Donostia, Hernani eta Hondarribia). 123 milioi euro inbertituko dira 2026ra bitartean.

Industriaren zerbitzura dauden azpiegiturak indartzeko asmoz, Azpiegitura Industrialak Garatzeko Inbertsio Funtsa sortzea proposatzen da, SPRIra atxikia, parte-hartze publikoaren bidez kapital publikoa erakartzeko eta azpiegitura industrial berriak garatzeko. Gainera, euskal enpresaren nazioartekotzea sendotuko da, eta Euskadiko bulego komertzialen sarea bultzatuko da. Sare horrek 22 bulego propio ditu gaur egun, eta 90 herrialdetan baino gehiagotan ematen du zerbitzua; sarearen lehenengo ekintza garrantzitsua 2024an Australiako bulegoa inauguratzea izango da.

Era berean, Ogasun eta Finantza Sailaren laguntzarekin, finantza-tresna berriak sustatuko dira industria-politika garatzeko; horren helburua da proiektu industrial berriak sortzea, enpresa-ekimen berrien hazkundea babestea, eta enpresa liderrak eta eragileak Euskadin sustraitzea.

Hobekuntza industrialaren atalean, legegintzaldi osoan I+Gko gastua aurrekontuaren % 6raino handitzea aurreikusten da, Europako Batzordeak Euskadi berrikuntzaren arloko “bikaintasun-polotzat” duela kontuan hartuta. Ekintzailetzari dagokionez, Euskadiko laugarren Erakundearteko Ekintzailetza Plana bultzatuko da (burokrazia murriztuko da, eta ekintzaileentzako izapideak sinplifikatuko dira), eta 9 milioiraino handituko da startupetako inbertsioa, Basque Tek Venture-ren eta Basque Emprendimiento-ren bidez.

Digitalizazioak eta teknologia berriek ematen dituzten aukerak ere legegintzaldirako lehentasunen artean daude; hori dela eta, are lan handiagoa egingo da industriaren zerbitzura dagoen zibersegurtasunaren alde, edo Adimen Artifizialerako Euskadiko lehenengo Ekintza Plana garatuko da, enpresen lehiakortasuna handitzeko adimen artifizialaren ahalmenak aprobetxatuz. Horrekin guztiarekin, inbertsio industrialak egiteko eta industria berria sortzeko herrialde erakargarri gisa kokatu nahi da Euskadi.

Deskarbonizazio industrialerako, energia-efizientziarako eta autokontsumorako laguntzak

Bere agerraldian, sailburuak hau azpimarratu du: “klima-aldaketaren aurkako borrokan Euskadi abangoardia izatea nahi dugu”. Horretarako, Sailak % 45 murriztu nahi ditu emisioak 2030erako, 2005eko balioekin alderatuta.

Jauregik euskal industria deskarbonizatzen jarraitzeko Sailak abian jarriko dituen ekintzak zehaztu ditu, eta, iragarri duenez, programa berri bat jarriko da martxan, funts propioetako 260 milioi eurokoa, deskarbonizazio industrialera, energia-efizientziara eta autokontsumora bideratua (funts propioetako 100 milioi euro energia-efizientzia industriala sustatzeko eta emisioak murrizteko izango dira, eta beste 160 milioi euroak autokontsumo industriala eta etxebizitzetakoa sustatzeko).

Apustu horren bidez, sorkuntza elektriko berriztagarria bultzatuko da, eta hurbileko sorkuntza maximizatuko (autokontsumoa, autokontsumo partekatua, energia-komunitateak…), tamaina handiagoko instalazioekin konbinatuta. Autokontsumorako 160 milioi € horiek gutxi gorabehera 340 MW-eko potentzia sortuko lukete, eta ia hirukoiztu egingo lukete une honetako potentzia (130 MW).

Azpimarratu duenez, deskarbonizazio-prozesuak azpiegitura berrien garapena eskatzen du, nagusiki sorkuntza elektrikokoak, haize- eta eguzki-instalazio fotovoltaiko handietan eta autokontsumorako instalazio txikiagoetan oinarrituta. “Industria eta gizarte modernoek jasangarriak izan behar dute; bestela, nekez biziraungo dute. Ingurumen- eta energia-irizpideak politika sektorial guztietan integratu behar ditugu, ez betebehar gisa, baizik eta gure industrian balio erantsia sortzeko faktore lehiakor gisa, eta erronka partekatu hori sozializatu behar dugu, onuragarria baita nola herritarrentzat hala enpresentzat”, aipatu du Jauregik.

Sailburuak aurreratu du 2030eko Euskadiko Finantza Jasangarrien lehenengo Plana garatuko dutela, euskal enpresetan berrikuntza eta lehiakortasun berdea sustatzeko (fiskalitate berdea). Europako Batzordearen Itun Industrial Garbi berriaren haritik (Clean Industrial Deal), euskal ETEentzako ESG jasangarritasuna ebaluatzeko sistema bat sortzeko konpromisoa hartu du.

Bestalde, aurreikuspenen arabera, hondakinen azpiegituren LPSa onartuko da, eta egun hondakindegietara eramaten diren 1 M tona hondakinak balorizatzeko proiektuak jarriko dira martxan. Ezinbestekoa izango da ekonomia zirkularraren alde egitea eskuragarri dauden baliabideak maximizatzeko, ekoizpen-zikloan ahalik eta denbora gehien egon daitezen, baliabideari bigarren bizitza ematea sustatuz eta hondakin bihurtzea saihestuz.

Talde berritua legegintzaldiaren erronkei aurre egiteko

Mikel Jauregi sailburuak bere lantalde berria aurkeztu du; ibilbide profesional akreditatuarekin, ezagutza tekniko handia eta elkarlanerako jarrera dute guztiek, eta herrialdea egitera bideratuta daude. “Giza talde hau enpresaren mundutik dator, eta entzutea, ulertzea eta askotariko eragile ekonomiko eta sozialekin batera irtenbideak emateko gai izatea dugu helburu”, nabarmendu du Jauregik.

Trantsizio energetikoak dakarren erronka kontuan hartuta, Trantsizio Energetikoko laugarren Sailburuordetza sortzea erabaki da, eta lehendik dauden hiruei batuko zaie. Irantzu Allende izango du buru. Bide, Ubide eta Portuetako Goi Ingeniaritzan lizentziaduna da, lan-eskarmentu handia du nazioartean Operazio eta Estrategiako Aholkularitzan, eta, azkenekoz, EEE – Energiaren Euskal Erakundean jardun du, Prozesuetako eta Kudeaketa Kontroleko zuzendari gisa.

Jaione Ganzarain izango da Teknologia eta Berrikuntzako sailburuorde berria. Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da, eta doktoregoa lortu zuen Mondragon Unibertsitatean, Berrikuntzaren eta Ekintzailetzaren arloan. Sailburuorde izendatu den arte, LORTEK teknologia-zentroko zuzendari nagusia izan da. Harekin batera, Andoitz Korta izango da Industria Sustapeneko sailburuordea. Ingeniaritza Mekanikoan lizentziaduna da, Bikin’go enpresaren fundatzailea, eta esperientzia bereganatu du Korta Group-eko zuzendari gisa eta Korta Inversiones-eko presidente gisa. Bestetik, Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea izango da. Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da, Enpresa eta Lurralde Lehiakortasuneko zuzendaria izan da BEAZ Bizkaian, eta, aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendaria.

Lotutako albisteak

Euskal  enpresak  negozio  eta  hornikuntza-aukera  berriak  identifikatu  ditu  Poloniako  merkatu  aeroespazialean
17/04/2026 Nazioartekotzea

Euskal enpresak negozio eta hornikuntza-aukera berriak identifikatu ditu Poloniako merkatu aeroespazialean

Euskadiko hamahiru enpresa Poloniako Podkarpackie eskualdera joan dira aste honetan, BasqueTradek buru eta HEGAN eta AFM klusterrekin lankidetzan egindako misio baten esparruan; gainera, Aviation Valley-ren eta PAIH inbertsio-agentziaren tokiko laguntza izan dute.

Europar  Batasunak  esparru  berri  bat  proposatu  du  altzairuaren  inportazioetarako

Europar Batasunak esparru berri bat proposatu du altzairuaren inportazioetarako

Europako Batzordeak merkatu siderurgikora sartzeko baldintzak gogortzea proposatu du, gehiegizko ahalmen globalari aurre egiteko

AEBek  sistema  digital  berria  aktibatu  dute  enpresa  esportatzaileei  muga-zergen  itzulketa  arintzeko
16/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek sistema digital berria aktibatu dute enpresa esportatzaileei muga-zergen itzulketa arintzeko

Estatu Batuetako Aduana eta Mugak Babesteko Bulegoak (CBP) CAPE tresna jarri du abian, aduana-eskubideen itzulketak modu taldekatuan kudeatzeko aukera ematen duen prozedura zentralizatua.

Kelias  sendotu  egin  da  bide-segurtasuna  indartzen  duten  seinaleztapen  adimenduneko  sistemen  eskutik
15/04/2026 Berrikuntza

Kelias sendotu egin da bide-segurtasuna indartzen duten seinaleztapen adimenduneko sistemen eskutik

Enpresaren sistema konektatuek istripuak saihesten dituzte auto-ilaretan, oinezkoen pasabideetan eta animalia basatiak ustekabean agertzen diren lekuetan.

Třinecké  železárny  talde  siderurgiko  txekiarrak  bertatik  bertara  ezagutu  du  euskal  enpresen  eskaintza  teknologikoa
14/04/2026 Nazioartekotzea

Třinecké železárny talde siderurgiko txekiarrak bertatik bertara ezagutu du euskal enpresen eskaintza teknologikoa

Euskadiko hamaika enpresak euren soluzio teknologikoak korporazioko zuzendaritzari aurkezteko aukera izan dute bakarkako bileren jardunaldi batean.

Eusko  Jaurlaritzak  BIND  berrikuntza-plataformarekin  bat  egiteko  11.  deialdia  egin  die  euskal  enpresei
10/04/2026 Up Euskadi

Eusko Jaurlaritzak BIND berrikuntza-plataformarekin bat egiteko 11. deialdia egin die euskal enpresei

Gaur egun, hainbat esparrutako (hala nola industriako, energiako, makina-erremintako eta automobilgintzako) erreferentziazko 100 enpresak baino gehiagok hartzen dute parte BINDen

Eusko  Jaurlaritzak  unibertsitateak  eta  BERC  zentroak  integratu  ditu  merkaturako  transferentzia  zientifikoa  sustatzeko  ekimenean  eta  20  proiektu  atzeman  ditu
10/04/2026 I+G+B

Eusko Jaurlaritzak unibertsitateak eta BERC zentroak integratu ditu merkaturako transferentzia zientifikoa sustatzeko ekimenean eta 20 proiektu atzeman ditu

Industriaren lehiakortasuna sustatzen duten enpresa-proiektu eskalagarrien bikaintasun zientifikoa eraldatzeko Industria Plana - Euskadi 2030 estrategia indartu du Basque Tek Venturesek bere laugarren edizioan

AEBek  altzairu,  aluminio  eta  kobrezko  produktuen  232.  Ataleko  muga-zergen  araubidea  aldatu  dute
07/04/2026 Nazioartekotzea

AEBek altzairu, aluminio eta kobrezko produktuen 232. Ataleko muga-zergen araubidea aldatu dute

Presidentziaren araudi berriak zergak kalkulatzeko metodologia aldatzen du; aurrerantzean, inportatutako azken produktuaren balio osoari aplikatuko zaizkio.

Euskadik  eta  Herbeheerek  mugikortasun  elektriko  eta  adimentsuan  lankidetzan  aritzeko  bideak  aztertu  dituzte
07/04/2026 Nazioartekotzea

Euskadik eta Herbeheerek mugikortasun elektriko eta adimentsuan lankidetzan aritzeko bideak aztertu dituzte

Zazpi euskal enpresako ordezkaritza batek misio batean parte hartu du sare elektrikoaren saturazioa, energiaren biltegiratzea, garraio astunaren birkarga eta sare adimendunen kudeaketa ardatz dituzten herbeheretar soluzioak ezagutzeko.

Eusko  Jaurlaritzak  13  milioi  eurora  handitu  du  Renove  Smart  Industryren  aurrekontua,  makina  aurreratuaren  ETEetan  modernizazio  teknologikoa  bizkortzeko
01/04/2026 Finantzaketa

Eusko Jaurlaritzak 13 milioi eurora handitu du Renove Smart Industryren aurrekontua, makina aurreratuaren ETEetan modernizazio teknologikoa bizkortzeko

Industriarako Defentsa Taldearen bileraren ondoren, Mikel Jauregiren Sailak 4 milioi euro gehiago emango dizkio dirulaguntzari

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.