Muga-zergen igoera, EE.BB-aren administraziopean dagoen merkataritza globalean izan ditzakeen ondorioen artean
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente aukeratu izanak ziurgabetasun handia sortu du merkataritza globalean izan ditzakeen ondorioen inguruan. Egoera hori aztertzeko, Basque Trade & Investment-ek (BasqueTrade), SPRI Taldean integratutako euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak, administrazio berriak datorren urtarriletik aurrera ezar litzakeen aldaketa nagusiak aztertzeko txosten bat egin du. Dokumentuak informazio erabilgarria ematen die nazioartekotutako euskal enpresei, testuinguru berri horretara egokitzeko.
Dokumentuak hainbat neurri azpimarratzen ditu, hala nola muga-zergak handitzea, batez ere Europako eta Txinako produktuei dagokienez. Politika horiek erreforma fiskalekin, desarautzeekin eta migrazio-politiken doikuntzekin batera etor litezke, eta horiek eragin zuzena izango lukete AEBko lan-merkatuan. Zehaztuz gero, ekimen horiek ondorio adierazgarriak izan ditzakete, Estatu Batuetako merkataritza-bazkideentzat, zein nazioarteko merkataritzarentzat, oro har.
Horrez gain, Europar Batasunerako merkataritza politika posibleak zehatz-mehatz aztertzen ditu txostenak, altzairua, aluminioa eta AEBetako teknologia handiekiko Europako tasak bezalako eremu sentikorrak nabarmenduz. Europako enpresei zerga pizgarriak (IRA, adibidez) jasotzeko ezarritako mugak ere aztertzen dira. Era berean, aldaketa horiek asateko arrisku handiena duten herrialdeak eta sektoreak identifikatzen dira, inpaktu handieneko eremuen panorama osoa eskainiz.
Txostenean islatzen diren sektore kaltetuenen artean daude energia, automozioa, osasuna, azpiegiturak eta telekomunikazioak. Egindako proiekzioen arabera, arlo horiek erronka handiagoak izango lituzkete administrazio berriaren hauteskunde proposamenak errealitate bihurtuko balira.
Dokumentua nahi duten euskal enpresentzat eskuragarri dago dokumentua, esteka honen bidez:
Txostenaren aurkibide
Estatu Batuetako egoera
- Testuinguru makroekonomikoa
- Lege-aldaketak
- Doing Business
Inpaktua merkataritzan
- EBrekiko politika komertziala
- Munduko gainerako herrialdeekiko merkataritza-politika
Sektoreen gaineko inpaktua
- Energia
- Automobilgintza
- Osasuna
- Azpiegitura
- Telekomunikazioak
1. eranskina: AEBko merkataritza-balantza, eskualdearen arabera
2. eranskina: AEBra egindako esportazioen hileko joera
3. eranskina: Euskadi-AEB merkataritza-harremanak
Estatu Batuetako politika ekonomiko eta komertzialak
Politika erradikal posibleek inpaktu handia izango luketelako eskaintzan
Estatu Batuetako ekonomia munduko handiena da, eta, nagusiki, kontsumo pribatuak bultzatzen du. BPGaren ia % 70 dagokio kontsumo pribatuari. G7-ko beste ekonomia batzuekin alderatuta, kanpo eskariarekiko duen mendekotasuna txikiagoa da, eta independentzia energetikoak babestu egiten du, neurri handi batean, lehengaien prezioen aldakortasunaren aurrean.
Donald Trumpen garaipen erabakigarriak eta Kongresuaren kontrol errepublikanoak adierazten dutenez, hasieran euren agenda ekonomikoa eta politikoa azkar ezartzen hasiko direla aurreikus daiteke. Trumpen politika ekonomikoaren baitan, immigrazioari mugak jartzea eta inportazioen bolumen handi bati muga-zergak jartzea aurreikusten da. 2025aren amaiera aldera has litezke neurri horiek ezartzen. Era berean, 2017an, haren lehen administrazio-aldian, martxan jarritako murrizketa fiskalak iraunkor bihurtu nahi izatea espero da.
Hazkundeari dagokionez, Estatu Batuetako ekonomia erresilientea da, produktibitatearen arloko aurrerapenei esker. Dena den, benetako BPGaren hazkundea moteldu egingo dela aurreikusten da: 2024an % 2,7koa izatea espero da, eta 2025ean % 2,2koa. Aldi berean, langabezia % 4,3ra igotzea espero da. 2026tik aurrera, hazkunde ekonomikoa moteltzeko arriskua areagotu egin liteke, politika erradikal posibleek inpaktu handia izango luketelako eskaintzan.
Estatu Batuen hazkunde ekonomikoak positiboa izaten jarraituko du 2025-2029 aldian
Negozioetarako munduko helmuga erakargarrienetako bat izaten jarraitzen dute Estatu Batuek, baina mundu mailan duten posizio erlatiboa apur bat okertu da. EIUren enpresa-inguruneen mundu mailako rankingaren arabera, AEBren puntuazioa apur bat jaitsiko da 2020-2024 alditik (8,27) 2025-2029 aldira (8,22). Hala, bederatzigarren postuan egongo litzateke mundu mailan, eta hirugarren postuan G7-ko herrialdeen artean. Enpresa-inguruneko egiturazko indarguneen eta erronka berrien konbinazio bat erakusten du beherakada horrek.
Erronka horiek aurrean izan arren, Estatu Batuen hazkunde ekonomikoak positiboa izaten jarraituko du 2025-2029 aldian, eta behera egiteko arriskua nahiko baxua izango da. Arrisku-faktore posibleen artean dago inflazioa eta interes-tasak haztea, tentsio komertzialek, krisi finantzario batek edo nazioarteko gatazka batek eraginda.
2025-2029rako ikuspegi giltzarriak
- Azpiegitura: 2021eko azpiegiturari buruzko legediaren eta 2022ko CHIPS eta Zientziaren Legearen elementu giltzarriak mantenduko dira, baina energia berdearekin lotutako neurriak kentzeak mugatu egingo ditu jasangarritasun arloko aurrerapenak.
- Moneta-politika: Erreserba Federalak interes-tasak murrizten jarraituko du, 2025aren amaieran % 3,4ko maila efektibora iritsi arte. Dena den, defizit fiskal handiak mugatu egingo du epe luzean azpiegituraren arloko gastu publikoan igoera nabarmenak egiteko ahalmena.
- Lan-merkatua: Immigrazioaren arloko politika murriztaileen ondorioz, gutxitu egingo da langile kualifikatuen eskuragarritasuna, laneko kostuak igoko dira eta hainbat sektoreren lehiakortasuna kaltetuko da.
Inpaktua euskal enpresetan
AEB oso merkataritza-bazkide garrantzitsua da Euskadirentzat
Trumpen administrazioak Europako esportazioei muga-zerga berri bat ezartzen badie, azaroko presidentetzarako hauteskunde-kanpainan zehar iragarri zuen moduan, merkataritza-politika izango da AEBren eta EBren arteko desadostasun-puntu nagusia. Trumpen lehenengo agintaldian zehar (2016-2020), muga-zergen politikak izan ziren Estatu Batuen eta EBko blokearen arteko tentsio-iturri handiena.
Europako produktuei muga-zergak ezartzearen ondorio potentzialen artean, honakoak aipa litezke:
- EBren kontraneurriak, AEBko sektore estrategikoei muga-zergak jarriz. Horrek handitu egingo luke bi blokeen arteko tentsio komertziala.
- Inflazioaren igoera EBn eta AEBn, muga-zergen kostuen gorakadak eraginda.
- EBk Asiako, Latinoamerikako eta Afrikako merkatu berriekin dituen negoziaketak azkartzea, merkatuak dibertsifikatzeko helburuz.
- Europako enpresen ekoizpen-lantegiak AEBn ezartzeko prozesua azkartzea, muga-zergen gerra posible baten ondorioak arintzeko; bereziki, inpaktu handiena jasan dezaketen sektoreetan.
AEB oso merkataritza-bazkide garrantzitsua da Euskadirentzat. 2023an, esportazioen hirugarren helmuga izan zen, eta inportazioen laugarren jatorria. 2024an, esportazioen laugarren helmuga izango da, eta inportazioen laugarren jatorria.
Azken 4 urteotako ondasunen merkataritza eta merkataritza-balantza argi eta garbi Euskadirentzat aldekoa izan da.
AEB oso merkatu erakargarria izan da beti euskal enpresentzat, baina, COVIDaren ostean, gero eta gehiago ezartzen ari direla ikusten dugu.
Zerikusia duten beste txosten batzuk:
- BasqueTraderen Nazioarteko Behatokia: Munduko ekonomiko-egoeraren hiruhileko azterketa
- BasqueTraderen Nazioarteko Merkataritzaren Behatokia: Euskal enpresentzako kanpo-merkataritzaren txostena
- BasqueTraderen Lehengaien Behatokia: Munduko lehengaien prezioen bilakaeraren azterketa
Lotutako albisteak

T&D Behatokia S2 2024: Europa, Estatu Batuak eta Indiaren dinamismoak aukera berriak ireki ditu Transmisio eta Banaketaren sektorean
Transmisio eta Banaketan (T&D) espezializatutako euskal enpresek eskuragarri dute dagoeneko sektore honen joerak eta aukerak aztertzen dituen Behatokiaren laugarren edizioa. Txostena Basque Trade & Investment (BasqueTrade) SPRI Taldeari atxikitako euskal enpresen nazioartekotze-agentziak argitaratu du, eta sektorea sei hilean behin monitorizatzen duen azterketa sakona eskaintzen du aukera globalak identifikatzeko, lehiakortasuna indartzeko...

Brasilgo industria siderurgikoari buruzko txostena: funtsezko merkatua euskal enpresentzat
Basque Trade & Investment-ek, sektore estrategiko horren egungo egoera aztertzen du bere azken txostenean, merkatu horretan sartu nahi duten euskal enpresei informazio erabilgarria emateko edo bertan duten presentzia indartzeko.

Behatoki Aeroespazialaren hirugarren edizioak pandemiaren osteko abiazioaren errekuperazio progresiboaren kontsolidazioa islatzen du
Euskal enpresek eskura dute jada Behatoki Aeroespazialaren hirugarren edizioa, Basque Trade & Investment-ek (BasqueTrade) SPRI Taldean sartuta dagoen euskal enpresen nazioartekotze enpresarialerako agentziak egina. Txosten estrategiko honek abiazio zibilaren merkatu globalaren bilakaera aztertzen du, sektoreko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko funtsezko datuak eskainiz.

Nazioarteko merkataritzak maximo historiko berriak lortu ditu 2024an, testuinguru global tentsionatu batean
Nazioarteko Merkataritzaren Behatoki berriaren bitartez, BasqueTrade-k ziurgabetasun politikoak markatutako merkatu globalaren egungo egoera aztertzen du, nazioartekotutako euskal enpresei informazio estrategikoa eskaintzeko.

Lehengaien Nazioarteko Behatokia 2025ean petrolioaren prezioa progresiboki murriztuko dela aurreratu du Lehengaien Behatokiak
Euskal enpresek eskuragarri dute jada Lehengaien Nazioarteko Behatokiaren azken edizioa, Basque Trade & Investment-ek (BasqueTrade), SPRI Taldeko euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak egina. Urteko azken hiruhilekoan lehengai primarioen merkatuetan izan diren joera nagusien azterketa xehea eskaintzen du txostenak, industria-lehengaien, petrolioaren eta gas naturalaren prezioen bilakaera barne, eta euskal enpresei beren jarduerak...