Elkarrizketak 30 Azaroa, 2022

Isati: “Offshore sektoreko hazkunde-aurreikuspenak izugarriak dira; hor egon gaitezke eta egon behar dugu”

ISATI ingeniaritza arabarrak itsasoko energia berriztagarrien sektorerako jauzia egin du, bere gaitasun teknologiko handia bermetzat hartuta eta sektoreak datozen urteetarako espero duen hazkundeak bultzatuta
-

ISATI Engineering Solutions ingeniaritzak Ehari-Gobeu auzoan (Gasteiz) du egoitza, eta bulegoak ditu Nafarroan eta Madrilen. Enpresa 2005ean sortu zen eta goi-mailako teknologian jarri du fokua; horren erakusgarri, konpainiako 112 langileetatik % 90 goi-mailako kualifikaziodun ingeniariak dira. Punta-puntan egoten jarraitu nahian, enpresak offshore merkatura jauzi egin du berriki, eta garrantzi handiko bi proiektu eskuratu ditu, dagoeneko exekuzio-fasean daudenak.  “Merkatu-nitxo honen hazkunde-aurreikuspenak izugarriak dira. Uste dugu hor egon gaitezkeela eta egon behar dugula” aurreratu du Rubén Ayúcar kudeatzaileak.

 Zeintzuk dira bi proiektu horiek?

Batetik, Malagako Enerocean ETEaren akziodun bihurtu gara. Enpresa horrek plataforma flotatzaile bat (W2Power) garatu eta patentatu du plataforma kontinentalik ez duten kostaldeetan bi aire-sorgailu jartzeko. Berau da horrelako teknologientzat itsasoan probatu den prototipo bakarra. Aurten ENI multinazional italiarra Enerocean-en akziodunen artean sartu da energia berriztagarrien arloko bere PLENITUDE filialaren bitartez, eta horrek itzelezko bultzada eman dio proiektuari.

Eta bigarrena?

Sí100 izeneko proiektu bat da, Nabrawind, Incedid eta Tetrace enpresekin batera garatu duguna. Ekimen horren helburua da metalezko jacket batzuk garatzea 20 Mw-rainoko offshore aire-sorgailuak instalatzeko 50 eta 100 metro bitarteko sakoneran. Ikerketa- eta garapen-proiektuak ematen baditu espero ditugun emaitzak, asmoa da produktua merkaturatzea pare bat urteren buruan.

Zergatik egin duzue jauzi itsasoko energia berriztagarrien merkatura?

Orain dela lau urte eginiko gogoeta estrategikoaren ondorioetako bat izan zen konpainiaren norabidea aldatu behar genuela. Ohartu ginen beharrezkoa zela gure bezeroentzako zerbitzuak dibertsifikatzea, geuk garatutako produktu eta zerbitzuak barne. Gure fundatzaile Alexander Fairtlough-ek eta Energia Berriztagarrien arloko arduradun Aitor Zubíak Enerocean enpresaren sortzaile Pedro Mayorga ezagutu zuten CDTIk Japoniara antolatutako bidaia batean, eta bere konpainiako akziodun bilakatzeko aukera eskaini zigun.

Eta noraino eraman zaituzte harreman horrek?

Enoerocean-en bitartez, aukera dugu teknologikoki punta-puntakoa den produktu baten fabrikazio- eta merkaturatze-prozesuan parte hartzeko. Erabaki dugu offshore merkatuaren aldeko apustua egitea, ikusten dugulako ahalik eta argindar gehien sortu beharko dela etorkizuneko eskaera elektrikoari erantzuteko, eta offshore parkeek badituzte hainbat abantaila onshore parkeek eskaini ezin dituztenak. Hazkunde-aurreikuspenak izugarriak dira. Uste dugu hor egon gaitezkeela eta egon behar dugula.

I+G+B-ko laborategi propio bat izatea al da bizirauteko modu bakarra ingeniaritza batentzat?

Argi dago gurea bezalako enpresa txiki batek balio erantsia eman behar diela eskaintzen dituen zerbitzuei. Bolumenaren aldetik, ezin gara lehiatu mila ingeniaritik gorako plantilla duten ingeniaritza handiekin; horregatik erabaki dugu kalitate-ingeniaritzako zerbitzuak eskaintzea ahal bezain azkartasun eta malgutasun handienarekin. Zentzu horretan, 2021ean Aitor eta Eneko Zumalderekin batera sortutako materialen laborategian (Isati Materials) material metalikoen nahiz konposatuen entsegu-zerbitzuak eta materialen ingeniaritza-zerbitzuak eskaintzen dizkiegu Arabako eta Euskadiko enpresa industrialei. Izugarrizko apustua izan da, inbertsio handia egin dugu makinerian eta instalazioetan, eta espero dugu laster hasiko dela emaitzak ematen.

Proiektu hori posible zatekeen lankidetza publikorik gabe?

Inola ere ez. Horregatik uste dugu esparru publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza biziki garrantzitsua eta estrategikoa dela euskal industriarentzat. I+G-ko sailak aukera ematen digu bestela garatu ezingo genituzkeen zerbitzu eta produktu berritzaileak eskaintzeko gure bezeroei.  Eta ildo beretik, arlo publikotik jaso ditugun dirulaguntzak baliagarri zaizkigu proiektu horiek finantzatzeko.  Bi proiektuetan 1,2 milioi euro baino gehiago inbertitu ditugu; izugarrizko inbertsioa da eta, esan bezala, ezin izango geniokeen aurre egin sostengu publikorik gabe.

Zein da zuen enpresaren balio bereizgarria?

Gure balio garrantzitsuena ingeniariak dira, eta euren lanerako ekipoa. Pertsonak dira ISATIn gertatzen den guztia posible egiten dutenak; haiek gabe ez geundeke gaur egun gauden tokian.  Eurei esker gai gara hainbat proiektu landu ditzaketen diziplina anitzeko ingeniaritza-taldeak eskaintzeko gure bezeroei. Gainera, bezero horiek, batik bat Frantzia eta Belgikakoek, asko baloratzen dute gure langileen esperientzia eta kalitatea. Gai gara diseinuko, kalkuluko, materialetako eta prozesuetako, entseguetako, kalitate-ingeniaritzako, monitorizazioko, datuen zientziako eta abarretako proiektuak aurrera eramateko.  Asmoa da bezeroek euren arazoak erakustea, guk konponbidea aurkitzeko. Geure burua definitzean esan ohi dugu teknologia-zentro pribatu txiki bat garela.

Sektore eolikoan jarraituz, beste proiektu berezi batean murgilduta zaudete: aire-sorgailu baten palen denbora errealeko egoeraren monitorizazioa. Kontuan harturik une honetako energia eskaera, pentsa liteke proiektu hau inflexio-puntu bat izango dela zuen ingeniaritzaren hazkundean?

Bai, zalantzarik gabe. Proiektuak SIGPA du izena, eta bere helburua da hainbat tresna sortzea aire-sorgailuen palak monitorizatu, kontrolatu eta haien jarraipena egiteko. Horien artean aipatzekoa da software propio bat garatu dugula, eta hainbat sentsore baliatzen ditugula palak monitorizatzeko eta euren portaera alderatzeko biki digital batekin. Tresna horiek baliagarri izango dira onshore nahiz offshore merkatuetarako. Argi dago bi merkatu horiek itzelezko hazkundea izango dutela datozen bi urteetan gizateriaren onerako, eta prest egon nahi dugu gure produktuak eskaintzeko.

Nola itxiko duzue 2022. urtea?

Normalean ez dugu huts egiten gure urteko aurreikuspenetan, baina aurtengoa nahiko konplikatua da. Fakturazioa aurreikusitakoa baino apur bat txikiagoa izango da, eta urtea irabaziekin itxiko dugun arren, ez dira irabazi oso handiak izango. Inbertsio eta zabalkunde prozesuan gaude eta, gure kasuan, horrek eragina du irabazietan.

Eta, egungo baldintzak kontuan hartuta, zer espero liteke 2023rako?

Zer espero dudan ala zer gertatzea nahi dudan? Ez dadila izan 2022a baino okerragoa. Egoera oso konplexua da, eta ez da batere erraza gure bezeroen premiak aurreikustea. Proiektu asko aurreikusi dira aeronautika sektorean, eta ingeniari ugari beharko dira horietarako, baina oraindik ez daude guztiz gauzatuta. Offshore sektoreari dagokionez, espero dugu Estatuan parke flotatzaileei buruzko legeria berri bat sortzea eta Enerocean enpresarekin lan egingo dugu etorkizuneko parkeetan, baina oraindik urte batzuk falta dira horretarako. Gure materialen laborategiari dagokionez, tramiteak egiten ari gara ENAC ziurtapena lortzeko. Horri esker, gure zerbitzuak eskaini ahal izango dizkiegu bezero gehiagori eta aurtengo zenbakiak hobetuko ditugu.  Azkenik, espero dugu ingeniaritza-zerbitzu gehiago eskaintzea ingeniaritza sail batek behar dituen baliabide humano edo teknikorik ez duten euskal ETEei.

Lotutako albisteak

King  Ozono,  airearen,  uraren  eta  gainazalen  tratamendu  jasangarrirako  berrikuntza

King Ozono, airearen, uraren eta gainazalen tratamendu jasangarrirako berrikuntza

Enpresa izan zen lehenetarikoa ozonoaren erabileran oinarritzen, besteak beste, ingurumenaren arazketa, desodorizazioa eta desinfekzioa bezalako aplikazioak dituen irtenbide ekologikoa. Mende erdi baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, hainbat sektoretarako irtenbide aurreratu eta pertsonalizatuak ere garatu ditu.

Tekurak  ekintza  jasangarriak  integratzen  ditu  zure  negozioan

Tekurak ekintza jasangarriak integratzen ditu zure negozioan


Aholkularitza-enpresa honek esperientzia eta metodologia eraginkorrekin laguntzen die erakundeei, beren prozesuak eta pertsonak eraldatuz, iraunkortasunaren iritsiera arina izan dadin

Hawk  Biosystems-ek  doitasunezko  diagnostiko  onkologikoaren  eredu  berri  bat  bultzatzen  du  Euskaditik

Hawk Biosystems-ek doitasunezko diagnostiko onkologikoaren eredu berri bat bultzatzen du Euskaditik

Bizkaiko bioteknologia-enpresak tratamenduei erantzuteko aurreikuspena hobetzen du eta medikuntza pertsonalizatuaren aldeko euskal apustua indartzen du.

Photokrete,  eraikuntzan  energia  aurreztu  ahal  izateko  materialak  garatzen  dituen  startupa
06/11/2025 Ekintzailetza

Photokrete, eraikuntzan energia aurreztu ahal izateko materialak garatzen dituen startupa

Top 101 Spain Up Nation Errekonozimenduen II. edizioko finalisten artean egon diren Euskadiko sei startupetako bat da

Olga  Martín  (Aclima):  “Deskarbonizazioa  ez  da  jada  betebehar  klimatiko  bat  soilik,  industriaren  lehiakortasuna  definitzen  duen  palanka  da”

Olga Martín (Aclima): “Deskarbonizazioa ez da jada betebehar klimatiko bat soilik, industriaren lehiakortasuna definitzen duen palanka da”

Ingurumeneko Euskal Clusterreko zuzendari nagusiak azpimarratu du Euskadik Karbonoaren Ekonomia berriaren lehen lerroan kokatzeko aukera duela.

2cyBikes:  «bizikleta  elektriko  bat  are  eta  jasangarriago  bihur  daiteke»

2cyBikes: «bizikleta elektriko bat are eta jasangarriago bihur daiteke»

Amurrioko enpresak hiri-mugikortasuneko alternatiba jasangarriagoa eta irisgarria eskaintzen du, tokiko errotze indartsuarekin.

Lainomedical  enpresak  lainoztagailu  berritzaile  bat  garatu  du  arnasketa-gaixotasunen  tratamendua  hobetzeko

Lainomedical enpresak lainoztagailu berritzaile bat garatu du arnasketa-gaixotasunen tratamendua hobetzeko

Gipuzkoako konpainiak patentatutako teknologia eta formulazio propioak konbinatzen ditu arnas zaintzarako sistema integral bat eskaintzeko, nazioko eta nazioarteko bezero farmazeutikoei zuzendua.

Bihar  Batteries:  “Sodiozko  bateriek  enpresen    energia-kostua  %  50  murrizten  lagun  dezakete”

Bihar Batteries: “Sodiozko bateriek enpresen energia-kostua % 50 murrizten lagun dezakete”

Gipuzkoako startupak lehengai oparoak erabiltzen ditu, gatza esaterako, eta Km0 industria bat sortzea du helburu, tokiko eragileekin lankidetzan.

Battery2Life  proiektuaren  helburua  baterien  bizitza  baliagarria  luzatzea  da

Battery2Life proiektuaren helburua baterien bizitza baliagarria luzatzea da

CIDETEC Energy Storage proiektu europar honen zuzendari teknikoa eta lan-pakete baten liderra da.

Bioplastics4health-ek  %  100  konpostagarriak  diren  filmen  eta  ontzien  soluzio  berritzaileak  sortzen  ditu

Bioplastics4health-ek % 100 konpostagarriak diren filmen eta ontzien soluzio berritzaileak sortzen ditu

Gaiker euskal zentro teknologikoak patata-almidoitik eratorritako biopolimero batekin egindako material horien garapenean parte hartu du bazkide teknologiko gisa.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.