Ana Malagon eta Goio Telletxea, La Personnalité enpresaren sortzaileak.
Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 17 ekaina, 2019

La Personnalité: “Langileek hobeto lan egiten dute ongi pentsatutako interfaze edo software batekin”

Konpainia donostiar horrek Erabiltzailearen Esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin lotutako konponbideak garatzen ditu industria sektorerako
-

 

Konpainia donostiar horrek Erabiltzailearen Esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin lotutako konponbideak garatzen ditu industria sektorerako

 

Enpresak gero eta gehiago jabetzen dira software edo interfaze grafiko erakargarri eta funtzionalak izatearen garrantziaz. Erabiltzailearen Esperientzia edo UX erabakigarria da gizaki eta makinen arteko elkarreraginean, eta baita ere edozein datu-analisiren emaitzei balioa emateko orduan. La Personnalité konpainia donostiarra arlo horretantxe espezializatu da 2008az geroztik. Enpresaren sortzaileetako batekin mintzatu gara, Goio Telletxearekin.

 

Zer egiten duzue La Personnalité enpresan?

Erabiltzaile esperientziarekin eta zerbitzuen diseinuarekin (digitalak eta ez digitalak) lotutako konponbideak garatzen ditugu industria sektorerako. Kontuan hartzen dugu zein premia izan ditzaketen gizakiek software baten aurrean, zeintzuk diren beren lan-baldintzak, nola harremantzen diren beste gizaki batzuekin, zeintzuk diren beren informazio premiak, zein kanaletatik jasotzen duten informazio hori, eta orobat ikertzen dugu zein den beren asebetetze-maila interfaze zehatz bat erabiltzen dutenean. Aztertzen ditugu pertsona horren prozesu eta operazio guztiak, bai eta erabiltzen dituen kanalak edo tresnak, bere asebetetze-maila ahalik eta handiena izan dadin.  Zerbitzuen diseinuari dagokionez, prozesuak, operazioak, kanalak edo antolakuntza egituratzen ditugu, erabiltzaileen asebetetze-maila optimizatzeko.

 

Pentsatzen dut prozesu konplexua izango dela eta faktore asko hartu beharko direla kontuan, ezta?

iPhone telefonoek ekarri zuten iraultza bezalakoa da. Telefonoko aplikazioen erabilpena erosoagoa zen, usagarriagoa. Esperientzia hori lortzeko gizakiaren ekintzei buruzko ikerketa sakon bat egin behar da. Lan handia dago atzean. Kontua da batzuetan lan hori ez dela ikusten. Interfaze bat ikusten duenean, erabiltzaileak pentsa dezake: “ze polita!”, baina hori ez da magia hutsa. Ikerketa sakon bat dago atzean, luzaroan aztertu behar da erabiltzailea jakiteko zeintzuk diren bere arazoak, premiak eta ohiturak, nola erlazionatzen den beste erabiltzaile batzuekin … Horixe egiten dugu guk eta ahalegintzen gara bezeroari ikusarazten zein baliotsua den lan hori.

 

Azalduko diguzu industria sektorean inplementatu duzuen garapenen bat?

Uste dugu interfazeak diseinatzeko ezinbestekoa dela jakitea nola lan egiten den ingurune zehatz batean. Adibidez, proiektu bat garatu genuen logistika sektoreko ULMA Handling Systems enpresarentzat. Horretarako aztertu genuen zein eszenatoki edo ingurunetan lan egiten duen, nolakoak diren bere biltegiak, nolako erabiltzaile edo langileak mugitzen diren eremu horietan, zein tresna erabiltzen dituzten, nolakoak diren lan-fluxuak, zenbat ordu igarotzen dituen langile batek makina batean edo pantaila baten aurrean eskaerak nora doazen begira… Adituei entzun behar zaie eta ingurunea aztertu. Adibidez, gauzak arbel batean apuntatzen badituzte, agian planteatu liteke tresna hori digitalizatzea. Alderdi asko aztertu behar dira ikusteko premia horietatik zeintzuk dauden ase gabe. Ez baduzu ikertzen, ez bazara erabiltzailearekin egoten, ez badiozu entzuten eta ez baduzu lanean ikusten, gerta liteke diseinuak ezertarako balio ez izatea. Urte askotan interfazeak inposatu egin zaizkie erabiltzaileei. Esaten zen interfazea deserosoa iruditu arren, erabiltzailea ohitu egingo zela azkenean. Guk erabiltzailea jartzen dugu diseinuaren erdigunean, langileek hobeto lan egiten dutelako ongi pentsatutako interfaze edo software batekin.

 

Eta enpresei interesatzen zaie Erabiltzailearen Esperientzia aplikatzea beren proiektuetan?

Oraindik ez. Oihartzun gutxi izan dugu eta gutxi gara horrelako zerbitzuak eskaintzen ditugun enpresak. Ez dira asko industriara bideratuta daudenak. Orokorrean zerbitzu publikoetarako, diseinu sozialerako edo antolakuntzaren diseinurako konponbideak garatzen dira, baina ez Erabiltzailearen Esperientziarekin eta industriara eta softwarera zuzendutako zerbitzuekin lotutakoak. 4.0 Industriaz mintzatzean askotan aipatzen dira fabrikazio gehigarria, Big Data, IoT edo sentsorizazioa, baina ez Erabiltzailearen Esperientzia. Filosofia zaharrari eusten zaio: “konponduko da langilea”.

 

Bestalde, enpresetako arduradunek ez dute ondo ulertzen zer den diseinua, gehiago identifikatzen dute logotipoekin eta koloreekin. Usagarritasuna Erabiltzailearen Esperientziaren zati bat baino ez da. Helburua da erabiltzaileari erantzutea eta produktuak edo esperientziak lagundu diezaiola enpresari irabaziak lortzen.

 

Baina mundu osoko aditu eta aholkularitzek onartzen dute joera bihurtu dela industriako softwarean eta erabiltzaile interfazeetan aplikatutako erabiltzailearen esperientzia.

Gauzak aldatzen ari dira; hasi gara ohartzen softwarea oso garrantzitsua dela, bera delako makina eta prozesuak gainbegiratzen dituen arima. Industria sektoreko enpresariak munduko azoka ospetsuenetara joaten direnean, ikusten dute lehiakideen interfazeak askoz erakargarriagoak direla eta gehiago saltzen dutela. Horrelakoetan, batek baino gehiagok esan dit lotsagarria iruditzen zaiola bere interfaze edo softwarea. Bazterrean utzi dute kontu hori eta orain hobetu egin nahi dute, baina ez dakite zertan hobetu eta nola. Kontua ez da zerbait polita egitea, baizik eta gizakia, inguruneak eta prozesuak ezagutzea produktu on bat egiteko.

 

Gizaki-makina elkarreraginaren etorkizuneko joerek diote pantailaz harago doazen tresna berriak etorriko direla, adibidez, errealitate birtual eta areagotua eta ahots-sistemak. Hori ere erronka bat da zuen lanerako?

Errealitate areagotua eta birtuala lehenengoetakoak izan dira ulertzen Erabiltzailearen Esperientzia aplikatu beharra dagoela elkarreragiteko modua hobetzeko. Baina orobat aipa genitzake cobot-ak (robot kolaboratiboak), robot batekin batera lan egiteko ikasi egin behar delako, eta esperientzia desberdin bat sortzen delako, non erabiltzaileak ohitu egin behar baitu jokatzeko ohitura eta modu berrietara. Elkarreragina ere aldatu egingo da makinekin komunikatzeko ahots-tresnak erabiltzen hasten garenean. Ahotsa, pantaila tradizionala, errealitate birtual eta areagotuko dispositiboak, cobot-ak… denak dira antolatu beharreko kanalak, esperientzia ona izango bada.  Eta hori ez dugu lortuko teknologiarekin bakarrik.

Lotutako albisteak

SISMOS,  ikusmen  artifizialaren  bidez  industria-kalitatearen  kontrolerako  eredu  berria  duen  Bilboko  startupa
28/05/2026 Ekintzailetza

SISMOS, ikusmen artifizialaren bidez industria-kalitatearen kontrolerako eredu berria duen Bilboko startupa

Enpresak, SPRI Taldearen Ekintzaile programaren laguntza jaso duenak, urtebete eskas darama martxan.

UP  Design  For  Growth,  enpresei  inpaktu  handiko  prestakuntza  eskaintzen  dien  start  up  enpresa
21/05/2026 Ekintzailetza

UP Design For Growth, enpresei inpaktu handiko prestakuntza eskaintzen dien start up enpresa

Zallako konpainiak talentua, berrikuntza eta hazkundea bultzatzen ditu, neurrira egindako soluzioen bidez

Nabla  Wind  Hub-ek  nazioarteko  posizionamendua  indartu  du  bere  webgune  berria  eta  aholkularitza  zerbitzuen  aldeko  apustuarekin

Nabla Wind Hub-ek nazioarteko posizionamendua indartu du bere webgune berria eta aholkularitza zerbitzuen aldeko apustuarekin

Horrela, euskal enpresak sendotu egin du nazioarteko sektore eolikoan duen presentzia, eta ingeniaritza independente eta espezializatu baten aldeko apustua egin du, datuetan oinarritutako erabaki teknikoak eta finantzarioak hartzean oinarrituta.

Gamarrak  moldekatze  automatikoko  linea  berria  ezarri  du
14/05/2026 Nazioartekotzea

Gamarrak moldekatze automatikoko linea berria ezarri du

Gasteizko enpresa historikoak, 156 urteko historia duenak, altzairurtuzko pieza mihiztatuak fabrikatzen ditu

Emaia  Health,  emakumeen  prebentzio  kardiobaskularrerako  plataforma  digitala  asmatu  duen  smart  up-a

Emaia Health, emakumeen prebentzio kardiobaskularrerako plataforma digitala asmatu duen smart up-a

Donostiako enpresak Bind 4.0 programan parte hartzen du Keralty enpresa eragile izanik

Gallardo  Ingeniería,  prestazio  handiko  botilaratze-makinetan  liderra
30/04/2026 I+G+B

Gallardo Ingeniería, prestazio handiko botilaratze-makinetan liderra

Irungo enpresak urtero hogei instalazio inguru fabrikatzen ditu hamar bat elikagairentzat, ardotik hasi eta eztiraino

Batura  Mobile:  Bluetooth-aren  arotik  adimen  artifizialaren  erronketara

Batura Mobile: Bluetooth-aren arotik adimen artifizialaren erronketara

Sortu zenetik bi hamarkada igaro direnean, Bizkaiko konpainiak bere burua berritzen jarraitzen du soluzio mugikorren bilakaeraren buru izateko, etengabeko aldaketak markatutako ingurune batean.

Optimitive:  hiru  hamarkada  Euskaditik  Adimen  Artifizial  industriala  bultzatzen

Optimitive: hiru hamarkada Euskaditik Adimen Artifizial industriala bultzatzen

Euskadiko konpainiak AAn oinarritutako soluzioak garatzen ditu, prozesu industrialak optimizatzeko, energia-kostuak murrizteko eta deskarbonizazioari laguntzeko

Panelfisak,  automobilgintzarako  finkatze-elementuetan  enpresa  adituak,  negozioa  Europan  eta  Ipar  Amerikan  bultzatu  du

Panelfisak, automobilgintzarako finkatze-elementuetan enpresa adituak, negozioa Europan eta Ipar Amerikan bultzatu du

Tolosako kooperatibak SPRI Taldearen laguntza jaso du Renove Smart Industry programatik, eta dagoeneko % 80 esportatzen du  

Mecanizados  Iriartek  bazkide  industrial  espezializatu  gisa  duen  eredua  indartu  du

Mecanizados Iriartek bazkide industrial espezializatu gisa duen eredua indartu du

Arabako enpresak mekanizazio unitarioa eta mantentze-lan industriala konbinatzen ditu hainbat sektoretarako, eta belaunaldi-aldaketari aurre egiten dio, zuzendaritzan aldaketa bat egin ondoren.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.