Nereba Belzunegi, KENTUko kudeatzailea, enpresaren egoitzan.
Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 18 Azaroa, 2020

KENTU: “Funtsezkoa da produkzio-ekipoen eraginkortasuna neurtzea”

Enpresa gipuzkoarrak IoT konponbideak eskaintzen ditu produkzio-prozesuetako datuak atzemateko eta makinak monitorizatzeko
-

 

Datuen analitikako prozesuak hainbat elementutan oinarritzen dira, eta horietako bat da Gauzen Internet Industriala (IIoT).  Funtsezkoa da gailu eta sentsoreei esker eskura izatea informazioa, prozesuak eta makinen funtzionamendua hobetzeko. Arlo horretan espezializatu da KENTU, sei hilabete eskaseko ibilbidea duen konpainia gipuzkoarra. Enpresako kudeatzaile Nereba Belzunegirekin hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue KENTUn?

Gauzen Internet Industrialaren (IIoT) arloko konponbideak eskaintzen ditugu prozesuak eta osagaiak sentsorizatzeko, monitorizatzeko eta aztertzeko. Lehenik eta behin, saiatzen gara bezeroari entzuten jakiteko zeintzuk diren bere premia teknologikoak, eta gero neurrira eginiko konponbide bat eskaintzen diogu beretzat ezezagunak diren baina, normalean, kritikoak izaten diren datuak bildu ditzan. Laguntza ematen diogu datu horiek biltzeko, lainora edo bestelako edozein plataformatara igotzeko nahiz datuen analisia egiteko, eta hobekuntzak proposatzen dizkiogu produkzioa eraginkorrago egiteko, kalitatearen kontrola hobetzeko edo alarmak jasotzeko.

 

Emango diguzu adibideren bat azaltzeko nola aplikatzen dituzuen Gauzen Interneten arloko konponbideak industrian?

Adibide bat da elikadura sektorekoa. Gure bezero batzuek kamara frigorifikoak sentsorizatu dituzte. Orain arte gailuak erabiltzen zituzten tenperaturari buruzko datuak jasotzeko eta informazioa ordenagailu batean deskargatu behar izaten zuten aztertu ahal izateko. Guk prozesu hori automatizatu diegu. Datuak zuzenean bidaltzen dira ordenagailura eta tenperaturarekin arazoren bat badago, sistemak abisuak bidaltzen ditu posta elektronikoz edo SMS bidez, arazoa konpontzeko. Zerbaitek huts egiten badu, abisu bat bidaltzen da; hala, konpondu egin daiteke gehiago hondatu baino lehen.

 

Elikaduraren industriarekin jarraituz, enpresa askok upel handietan gordetzen dituzte zukuak edo olioak eta jakin behar izaten dute zenbateko stock­-a duten, erabakitzeko gehiago ekoitzi behar duten ala ez. Kasu honetan egiten duguna da sentsore berezi bat instalatu upel handi horietan, barruko produktuaren bolumena detektatzeko; horrela, enpresak kontrolatuta eduki dezake stock-a, informazio hori bere ERPra baitoa zuzenean.

 

Badauzkagu makinetako matxurak detektatzera zuzendutako konponbideak ere. Akatsen bat badago, langileari mezu bat agertuko zaio tablet batean, arazo horren balizko kausen zerrenda batekin. Horrela, langileak automatikoki jakin dezake zein den gertatu den matxura.

 

Energia aurrezteko ere erabiltzen dugu datuen monitorizazioa. Materialak berotzeko galdaren kontsumoa sentsorizatu dugu bezero batentzat. Galdara hori urtean behin garbitzen zuten eta ohartu ziren garbitu berritan hurrengo hilabeteetan baino % 30 gutxiago kontsumitzen zuela. Harrezkero urtean birritan garbitzen dute kontsumo hori aurrezteko. Horrek erakusten du datuak eskuartean izan arte -baita sinpleenak ere- ezin dugula jakin zer gertatzen den gure produkzioan.

 

Enpresek ulertzen dituzte horrelako konponbideek eskaintzen dizkieten abantailak?

Guk animatzen ditugu enpresa txikiak konponbideak ezartzera, euretako asko sinetsirik baitaude 4.0 Industria enpresa handien esku baino ez dagoela. Malgutasunez jokatzen dugu, hau da, proiektuak abiarazten ditugunean aukera ematen diogu enpresari informazioa bilduko duen sentsore bakar bat instalatzeko. Hala, kostua txikia da hasieran, eta gero bezeroak sentsore gehiago jarri nahi baditu, proiektuen tamaina handitu dezake pixkanaka. Konponbide eskalagarriak dira. Kontua da hasieran bezeroaren prozesurako garrantzitsua den aldagai bat neurtzea, gero gehiago jar baitaitezke bere premien arabera. Datu mordo bat kargatzea baino nahiago dugu behar diren datuak aukeratzea eta zein hobekuntza dakartzaten ikustea.

 

OEE (Overall Equipment Effectiveness edo Ekipoen Erabateko Eraginkortasuna) da azpimarratzen duzuen elementuetako bat. Zergatik?

Gure ustez funtsezkoa da produkzioko ekipoen eraginkortasuna neurtzea. Ez du ezertarako balio makinaren erabateko disponibilitatea izateak, baldin produktuak ez baditu ehuneko ehunean betetzen ezarritako kalitate eskakizunak. Baina, era berean, ez du ezertarako balio kalitatezko produktu bat izateak makina ordu erdiro gelditzen bada. Kontuan hartu behar dira OEEren hiru aldagaiak: disponibilitatea duen makina bat izatea, ahalik eta luzeen erabili ahal izatea eta lana behar bezala egitea produktua egokia izan dadin. Hori betez gero, posible da denborak, kalitatea eta disponibilitatea hobetzea.

 

KENTU aurtengo martxoan jarri da martxan, koronabirusaren pandemiaren erdian. Zer suposatu du zuentzat COVID-19ak?

Batetik, gure bezeroen jarduera gelditu egin da. Enpresa asko daude ziurgabetasunean murgilduta, ez dakite zer gertatuko den datozen hilabeteetan eta inbertsioak gelditu dituzte. Baina, bestalde, argi gelditu da bulegotik eta lantegitik kanpo lan egin beharko dugula eta oso garrantzitsua izango dela gure makinen funtzionamenduari edo produkzioaren egoerari buruzko datuak eskuratu ahal izatea etxetik nahiz munduko beste edozein txokotatik, Interneterako sarbidea besterik ez dugularik izango datu horiek eskuratzeko. Batetik, aurrera egin dugu telelanaren inguruko pentsaeran, eta, bestetik, garai hobeak iritsi zain egon beharko dugu, denok bat egin dezagun 4.0 Industriaren olatuarekin.

 

Zein unetan dago KENTU orain?

KENTU PROCESS produktuarekin hasi genuen gure jarduera, hots, prozesuak neurtzeko balio duten konponbideekin. Orain, berriz, KENTU PRODUCT lantzen ari gara produktuak sentsorizatzeko. Adibidez, enpresa batek makinak ekoizten baditu eta makina hori sentsorizatzen badugu, posible dugu ematen zaion erabilpenari buruzko datuak bildu eta jasotzea, eta horrela, makina bera hobetzea. Mantenimendurako ere balio du. Datuetan ikusten badut makinari bibrazio bat sortu zaiola edo motorra ez dabilela ondo, zenbat eta lehenago eskuratu informazio hori, orduan eta azkarrago erantzun ahal izango dugu. Zerbitizaziorantz eta mantenimendu prediktiborantz goaz.

 

Hazitek-ek eta CDTIk diruz lagundutako I+G-ko proiektuak ere egin ditugu makina-erremintaren sektorerako. Tornuetako mantenimendu prediktiboa egiten dugu zehazki. Bibrazioak aztertzen ditugu tresna zenbateraino narriatuko den aurreikusteko.

Lotutako albisteak

The  White  Team,  ETE  eta  korporazio  handientzako  transformazio  digital  integrala

The White Team, ETE eta korporazio handientzako transformazio digital integrala

Konpainia bizkaitarra datu-analisian, cloud zerbitzuetan eta ERP edo SAP bezalako enpresa-plataformetan espezializatuta dago.

Sitecok  bezeroari  egokitutako  kobrantza-sistema  automatikoak  eskaintzen  ditu

Sitecok bezeroari egokitutako kobrantza-sistema automatikoak eskaintzen ditu

Gasteizko ETEak SPRI Taldearen Hazinnova programako dirulaguntza jaso du, eta fakturazioaren % 2 eskaintzen dio I+G alorrari.

Beniok  talentua  kudeatzeko  eta  enpresa  kultura  eraldatzeko  eredua  sendotu  du

Beniok talentua kudeatzeko eta enpresa kultura eraldatzeko eredua sendotu du

Enpresak aholkularitza eta sofwarea batzen dituen konponbide integral bat garatu du, garapen profesionala eta laneko ongizatea sustatzeko.

Procomsa,  liderra  eraikinentzako  itxitura-sistemetan

Procomsa, liderra eraikinentzako itxitura-sistemetan

Zamudioko enpresak 27 milioi euroko fakturazioa gainditzea espero du aurten

Entelgy-k  eraldaketa  digitala  bultzatzen  du  pertsonengan  oinarritutako  irtenbide  teknologikoekin

Entelgy-k eraldaketa digitala bultzatzen du pertsonengan oinarritutako irtenbide teknologikoekin

Konpainia enpresen eta erakunde publikoen bazkide estrategiko gisa finkatu da, digitalizaziorako eta adimen artifiziala hartzeko bidean aurrera egiteko.

GH  Cranes  :  “Gure  enpresarentzako  erronka  garrantzitsuak  jorratzeko  aukera  ematen  digu  BIND-k”
23/10/2025 Ekintzailetza

GH Cranes : “Gure enpresarentzako erronka garrantzitsuak jorratzeko aukera ematen digu BIND-k”

Garabi-fabrikatzaile honek Beasainen du egoitza eta startupak eta finkatutako enpresak batzen dituen plataforma honetako protagonistetako bat da

Tentsio  baxuko  kable  elektronikoen  soluzio  pertsonalizatuak  eskaintzen  ditu  CENSAk

Tentsio baxuko kable elektronikoen soluzio pertsonalizatuak eskaintzen ditu CENSAk

Hernaniko SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du eta I+Gko bere laborategi propioa du.

Kernet,  bezeroaren  neurrira  egindako  irtenbide  teknologikoen  ingeniaritza

Kernet, bezeroaren neurrira egindako irtenbide teknologikoen ingeniaritza

Erandioko enpresak SPRI Taldearen Kloud programako laguntza jaso du, eta 40 zerbitzari kudeatzen ditu Frantziako eta Irlandako bi datu-zentrotan

Vicomtech:  “AA  etikoak  aurrerapen  teknologikoa  gidatu  behar  du,  pertsonen  ongizatea  ziurtatuz  berrikuntza  geldiarazi  gabe”

Vicomtech: “AA etikoak aurrerapen teknologikoa gidatu behar du, pertsonen ongizatea ziurtatuz berrikuntza geldiarazi gabe”

Vicomtech-eko Edurne Loyarte doktoreak AA-k dituen erronkak analizatu ditu, zentzu guztietan, erantzukizun sozialaren eta etikaren ikuspegitik.

Mekalerunen  digitalizazioak  aukera  ematen  du  produktibitate  handiagoarekin  fakturazio  errekorra  lortzeko

Mekalerunen digitalizazioak aukera ematen du produktibitate handiagoarekin fakturazio errekorra lortzeko

Elgoibarko enpresak tamaina handiko piezak mekanizatzen ditu eta SPRI Taldearen Industria Digitala programako laguntza jaso du

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.