Ekintzailetza Berrikuntza
Elkarrizketak 7 Azaroa, 2025

Lasa Dynamics teknologia propioa duen hegaldi-simulagailua sustatzen ari da Miñaon

Euskadiko startup honen proiektua erabakigarria da aireko sektorearen segurtasunarentzat, efizientziarentzat eta bilakaera teknologikoarentzat
-

Josetxo Lasa Euskadiko ingeniari aeronautikoa da eta ikasketak eta ibilbide profesionala Estatu Batuetan eta Europan egin ondoren, etxera itzuli da bere proiektu profesional propioa hasteko. Pilotuen prestakuntza-industriak izan duen gorakada aprobetxatuz, hiru urte daramatza Hegaldi Simulatzaile bat garatzen BIC Araban, startupen zentroan, Arabako Parke Teknologikoan. Une honetan lau pertsona ari dira lanean Lasa Dynamicsi forma eman nahian.

 Proiektu honen testuingurua ez da berria…

Bai, denbora daramagu ideia lantzen. Hamarkada bat baino gehiago daramat simulazioaren munduari lotuta eta beti egin zait deigarria soluzio malgu eta irisgarriak falta direla sektorean. Esperientzia, kontaktuak eta simulagailu benetan eraginkorraren gaineko ikuspegi argia pilatuz joan naiz urtetan, bai ikuspegi teknikotik, bai amaierako bezeroaren ikuspegitik.  Bestalde, Ignacio Soriano nire bazkideak ere ibilbide luzea du simulazioaren eta software aeronautikoaren arloan, proiektu oso garrantzitsuetan hartu baitu parte, tartean, Estatu Batuetako defentsa-sektorearentzako garapenak egin ditu. Bi profilen arteko konbinazioari esker —ingurune teknikoetako bere ikuspegia eta integrazioaren, diseinuaren eta ziurtagiriaren arloko nire ikuspegia—, halako tamainako proiektu bat garatu ahal izan dugu oinarri oso sendoarekin. Gainera, bion une pertsonal eta profesionala dela-eta eta une honetan merkatua zabaltzen ari denez soluzio azkarragoak eta eraginkorragoak eskatzen dituela-eta, une ezin hobea da pausoa emateko. Prozesu konplexuak eta ibilbide luzea dituen halako proiektu baten alde egiteko unea da eta ez diogu ihes egiten utzi nahi izan.

Pedagogia industriala egite aldera. Zertarako balio du hegaldi-simulagailu batek edo zergatik da garrantzitsua?

Ziurtatutako hegaldi-simulagailu bat hegazkineko kabina baten tamaina errealeko kopia da eta aireontzi bat gidatzeko esperientzia kopiatzen du fidelki. Pilotuak prestatzeko tresna garrantzitsua da. Egoera kritikoak entrenatzeko aukera ematen du inolako arriskurik gabe, kostuak optimizatzen ditu eta operazioetako segurtasuna hobetzen du. Horrez gain, jasangarritasuna gero eta garrantzitsuagoa den garaiotan, simulatzaileek karbono-aztarna murrizten dute, entrenamendu-ordu birtualekin ordezkatzen baitira benetako hegaldi-orduak. Azken batean, aireko sektorearen segurtasunerako, eraginkortasunerako eta garapen teknologikorako pieza garrantzitsua dira.

Zer puntutan dago egun Lasa Dynamicsen proiektua?

Teknologia finkatzeko fasean gaude egun. Aldi berean, gure lehen simulazio-plataforma integratu dugu eta ahalegin kalkulaezina egin dugu softwarea diseinatzeko eta garatzeko azpiegitura propioa sortzeko, “zero zor teknologiko” ikuspegitik. Ikuspegi horri esker, soluzio sendoak, eskalagarriak eta sektorearekin batera eboluzionatzeko prest daudenak eraiki ditzakegu. Une honetan, hardware eta software propioa baliozkotzeko eta integratzeko prozesuak ixten ari gara eta, aldi berean, aurrerapen garrantzitsuak egiten ari gara gure lehen simulagailuaren fabrikazio espezifikoan. Simulagailua gure teknologia propioarekin ari gara eraikitzen oso-osorik, Arabako Parke Teknologikoko gure instalazioetan. Lorpen horrek gure ingeniaritza eta gure garapen-filosofia baliozkotzeaz gain, egiaztatutako eragile gisa kokatzen gaitu sektorean. Hala, gure gaitasun teknikoa eta know-howa erakutsi dezakegu gure teknologia propioa lantzen dugun bitartean. Aldi berean, hitzarmenak egiten ari gara prestakuntza-zentroekin eta aeronautikako operadoreekin. 2025ean, Boeing 737 simulagailu baten bigarren salmenta egin dugu dagoeneko eta simulagailu hura ziurtatzeko azkeneko fasean gaude orain. Halaber, gure teknologian oinarritutako lehen simulagailua entregatzeko elkarrizketa komertzialak izaten ari gara.

Lehen simulagailua ziurtatu berri duzue, teknologia propioa eta hirugarrengoena integratuz. Mugarri handia dela diozue, zergatik?

Hegaldi-simulagailuen sektorean sartzeko oztoporik handienetako bat gainditzea esan nahi duelako. Izan ere, fabrikatzaile handiak dira nagusi sektorean eta konplexutasun tekniko handia eta araudi asko daude. Ingeniaritzako makina oso aurreratuak eta garestiak dira eta ofizialki ziurtatu baldin badaitezke soilik dute zentzua. Eta hor dago zailtasuna: amaierako erabiltzaileak baino ezin du ziurtatu simulagailua eta ekipoak aeronautikako autoritateak ezarritako estandar guztiak betetzen dituela bermatu behar du horretarako. Lehen ziurtagiri hori lortzeak esan nahi du bezeroak konfiantza jarri duela guregan, gure simulagailua bere zentroan integratu duela eta Aireko Segurtasunerako Estatu Agentziak (AESA) FNPT II (Flight and Navigation Procedures Trainer) gisa aitortu duela ofizialki. Mugarri izugarria da, gure produktua ez ezik, gure ingeniaritza-prozesua, gure integrazio-metodologia eta aeronautikako sektorearen eskakizun gorenak betetzeko gure gaitasuna ere baliozkotzen dituelako.

Zer bezero-profili zuzendu nahi diozue zuen proiektua?

Batez ere, hegaldi-akademiei, aeroklubei, entrenamendu-zentroei (ATO) eta aeronautikako programak dituzten unibertsitateei. Baina prestakuntza teknikorako, ikerketarako edo sistemak ziurtatzeko neurrira egindako simulagailuak eskaintzeko aukera ere aurreikusten dugu. Bazkide teknologikoa izan nahi dugu, ez hornitzaile soila. Aeronautikaren sektorearen barruan sektore asko daude, eta hegaldi-simulagailuen sektoreak balio-kate osoa integratzen eta hornitzen duen enpresa bat sor dezake.

Hori da zure kasua… 

Hori da. Lasa Dynamicsen balio bereizgarrietako bat da balio-kate osoa enpresa batean integratzea lortu dugula. Amaierako bezeroaren kontratazioa, diseinu mekanikoa, kabinako sistemen erreplika, simulazio-softwarearen garapen osoa, kontrol-sistemak, agertoki bisualak, amaierako produktuaren integrazioa, probak, onespenak eta martxan jartzea, guztiak jorratzen ditugu proiektu bakoitzean. Horrek izugarrizko autonomia ematen digu eta bezeroaren beharretara erabat egokitzen diren produktuak eskaini ditzakegu, erabateko trazabilitatea lortuz prozesuaren fase bakoitzean. Garapen-ziklo osoa kontrolatzen dugunez barrutik, kostua, kalitatea, betetze-maila teknikoa eta laguntza espezializatua bermatu ditzakegu eta hori ez da oso ohikoa hain zatitua dagoen sektore honetan.

Simulagailuen negozioa hazten ari da egun dagoen pilotuen eskari handia dela-eta?

Guztiz. Aeronautikako sektorea suspertzen ari da pandemiaz geroztik eta pilotu komertzialen eta abiazio orokorreko pilotuen eskaria izugarri igo da. Airelineek eta prestakuntza-zentroek simulagailu gehiago behar dituzte entrenamendu-eskari hori asetzeko. Horrez gain, abiazio jasangarriagoa lortzeko trantsizioa ari da gertatzen eta horretarako simulagailuen erabilera maximizatu behar da halabeharrez. Hori dela-eta, une ezin hobea dela uste dugu: merkatuak soluzio berriak behar ditu eta guk horiek eskaintzeko gaitasuna dugu.

Egin daitezke halako garapen disruptiboak erakundeen laguntzarik gabe?

Hasieratik jaso dugun laguntza instituzionala aitortu eta eskertu dugu, eta egin behar dugu, zalantzarik gabe. Proiektua sortzeko funtsezko dirulaguntzarekin babestu gaituzte BIC Arabak, Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk. Babes eta laguntza kalkulaezina eman digute gure finkatze-prozesuan. Arabako Foru Aldundiak ere konfiantza jarri du gugan bi urtez jarraian Ekin Araban dirulaguntzaren bitartez. Diruz lagundu daitezkeen zenbatekorik eta ehunekorik lehiakorrenak eman baitizkigu.  Haien laguntza erabakigarria izan da halako proiektu oso eta exijente bat Euskadin egin ahal izateko.

 

Lotutako albisteak

Polistmodel,  berrogei  urteko  familia-tradizioa  eta  teknologia  aurreratua  galdaketarako  ereduen  fabrikazioan

Polistmodel, berrogei urteko familia-tradizioa eta teknologia aurreratua galdaketarako ereduen fabrikazioan

1983an sortutako Gipuzkoako enpresak artisau-esperientzia eta teknologia berriak uztartzen ditu Zumaiatik industria 4.0ra eboluzionatzeko.

El  Taller  del  Oso  Zurdo-k  erakusketa-soluzio  bakarrak  diseinatzen  eta  fabrikatzen  ditu  Gasteizetik
31/03/2026 Ekintzailetza

El Taller del Oso Zurdo-k erakusketa-soluzio bakarrak diseinatzen eta fabrikatzen ditu Gasteizetik

Arabako enpresak tokiko ekoizpenaren eta lankidetza-lanaren alde egiten du proiektu tekniko eta eraikitzaileen garapenean.

QUBIZ.team  teknologia  eta  berrikuntza  aplikatzen  ditu  enpresa-digitalizazioa  bultzatzeko
30/03/2026 Ekintzailetza

QUBIZ.team teknologia eta berrikuntza aplikatzen ditu enpresa-digitalizazioa bultzatzeko

Bizkaiko “deep tech” deiturikoak doitasun handiko sentsore kuantikoak garatzen ditu, uretan, osasunean, energian eta industrian aplikatzeko.

Preocak  jasangarritasuna  bultzatzen  du  era  guztietako  industria-enpresetan

Preocak jasangarritasuna bultzatzen du era guztietako industria-enpresetan

Arabako konpainiak ingurumen-betekizunekin lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu, administrazio-izapideak edo gaikuntza teknikoak, besteak beste.

Talleres  Mecánicos  Legutiano,  hodiak  konformatzeko  tresnerian  espezializatutako  familiako  ETEa
26/03/2026 Berrikuntza

Talleres Mecánicos Legutiano, hodiak konformatzeko tresnerian espezializatutako familiako ETEa

Arabako enpresak bi milioi euro inguru inbertitu ditu etengabeko berrikuntzaren aldeko apustuan

Lekoizpe,  soluzio  osoak  eskaintzen  dituen  galdaragintzan  eta  mekanizazioan  espezializatutako  enpresa
26/03/2026 Berrikuntza

Lekoizpe, soluzio osoak eskaintzen dituen galdaragintzan eta mekanizazioan espezializatutako enpresa

Markinako enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta aurten 4,1 milioi euro fakturatzea aurreikusten du

CISA  Protección  enpresak  lan-babesaren  digitalizazioaren  aldeko  apustua  egin  du

CISA Protección enpresak lan-babesaren digitalizazioaren aldeko apustua egin du

Enpresak marketplace berri bat inauguratu du interneten bere produktuak bezeroei hurbiltzeko.

Ondarretak  mende  erdia  darama  40  herrialdetan  baino  gehiagotan  presentzia  duten  diseinuzko  altzariak  fabrikatzen
25/03/2026 Nazioartekotzea

Ondarretak mende erdia darama 40 herrialdetan baino gehiagotan presentzia duten diseinuzko altzariak fabrikatzen

Gipuzkoako enpresak, 3.000 instalazio baino gehiago ditu bost kontinenteetan, 13 milioi euro fakturatu zituen 2025ean; erdia baino gehiago esportaziotik etorria.

Zenit  Solarrek  autokontsumo  kolektiboa  eta  energia-komunitateak  sustatzeko  soluzioetan  lan  egiten  du
24/03/2026 Ekintzailetza

Zenit Solarrek autokontsumo kolektiboa eta energia-komunitateak sustatzeko soluzioetan lan egiten du

Gipuzkoako startupak komunitateen marketplace bat abiarazi du, eta estatu mailako funtsezko merkaturatzaile eta sustatzaileekin proiektuak garatu ditu.

StatAI  Solutions  enpresak  robotika  eta  adimen  artifiziala  uztartzen  ditu  prozesu  industrialen  eraldaketa  bultzatzeko

StatAI Solutions enpresak robotika eta adimen artifiziala uztartzen ditu prozesu industrialen eraldaketa bultzatzeko

Gasteizko startupak ‘Physical AI’ soluzioak garatzen ditu, helburu zehatz batekin: aurrerapen teknologikoak industriara eramatea.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.