Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 18 Azaroa, 2020 Digitalizazioa Ekintzailetza Barnekintzaile programa Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

KENTU: “Funtsezkoa da produkzio-ekipoen eraginkortasuna neurtzea”

Enpresa gipuzkoarrak IoT konponbideak eskaintzen ditu produkzio-prozesuetako datuak atzemateko eta makinak monitorizatzeko
Nereba Belzunegi, KENTUko kudeatzailea, enpresaren egoitzan.

 

Datuen analitikako prozesuak hainbat elementutan oinarritzen dira, eta horietako bat da Gauzen Internet Industriala (IIoT).  Funtsezkoa da gailu eta sentsoreei esker eskura izatea informazioa, prozesuak eta makinen funtzionamendua hobetzeko. Arlo horretan espezializatu da KENTU, sei hilabete eskaseko ibilbidea duen konpainia gipuzkoarra. Enpresako kudeatzaile Nereba Belzunegirekin hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue KENTUn?

Gauzen Internet Industrialaren (IIoT) arloko konponbideak eskaintzen ditugu prozesuak eta osagaiak sentsorizatzeko, monitorizatzeko eta aztertzeko. Lehenik eta behin, saiatzen gara bezeroari entzuten jakiteko zeintzuk diren bere premia teknologikoak, eta gero neurrira eginiko konponbide bat eskaintzen diogu beretzat ezezagunak diren baina, normalean, kritikoak izaten diren datuak bildu ditzan. Laguntza ematen diogu datu horiek biltzeko, lainora edo bestelako edozein plataformatara igotzeko nahiz datuen analisia egiteko, eta hobekuntzak proposatzen dizkiogu produkzioa eraginkorrago egiteko, kalitatearen kontrola hobetzeko edo alarmak jasotzeko.

 

Emango diguzu adibideren bat azaltzeko nola aplikatzen dituzuen Gauzen Interneten arloko konponbideak industrian?

Adibide bat da elikadura sektorekoa. Gure bezero batzuek kamara frigorifikoak sentsorizatu dituzte. Orain arte gailuak erabiltzen zituzten tenperaturari buruzko datuak jasotzeko eta informazioa ordenagailu batean deskargatu behar izaten zuten aztertu ahal izateko. Guk prozesu hori automatizatu diegu. Datuak zuzenean bidaltzen dira ordenagailura eta tenperaturarekin arazoren bat badago, sistemak abisuak bidaltzen ditu posta elektronikoz edo SMS bidez, arazoa konpontzeko. Zerbaitek huts egiten badu, abisu bat bidaltzen da; hala, konpondu egin daiteke gehiago hondatu baino lehen.

 

Elikaduraren industriarekin jarraituz, enpresa askok upel handietan gordetzen dituzte zukuak edo olioak eta jakin behar izaten dute zenbateko stock­-a duten, erabakitzeko gehiago ekoitzi behar duten ala ez. Kasu honetan egiten duguna da sentsore berezi bat instalatu upel handi horietan, barruko produktuaren bolumena detektatzeko; horrela, enpresak kontrolatuta eduki dezake stock-a, informazio hori bere ERPra baitoa zuzenean.

 

Badauzkagu makinetako matxurak detektatzera zuzendutako konponbideak ere. Akatsen bat badago, langileari mezu bat agertuko zaio tablet batean, arazo horren balizko kausen zerrenda batekin. Horrela, langileak automatikoki jakin dezake zein den gertatu den matxura.

 

Energia aurrezteko ere erabiltzen dugu datuen monitorizazioa. Materialak berotzeko galdaren kontsumoa sentsorizatu dugu bezero batentzat. Galdara hori urtean behin garbitzen zuten eta ohartu ziren garbitu berritan hurrengo hilabeteetan baino % 30 gutxiago kontsumitzen zuela. Harrezkero urtean birritan garbitzen dute kontsumo hori aurrezteko. Horrek erakusten du datuak eskuartean izan arte -baita sinpleenak ere- ezin dugula jakin zer gertatzen den gure produkzioan.

 

Enpresek ulertzen dituzte horrelako konponbideek eskaintzen dizkieten abantailak?

Guk animatzen ditugu enpresa txikiak konponbideak ezartzera, euretako asko sinetsirik baitaude 4.0 Industria enpresa handien esku baino ez dagoela. Malgutasunez jokatzen dugu, hau da, proiektuak abiarazten ditugunean aukera ematen diogu enpresari informazioa bilduko duen sentsore bakar bat instalatzeko. Hala, kostua txikia da hasieran, eta gero bezeroak sentsore gehiago jarri nahi baditu, proiektuen tamaina handitu dezake pixkanaka. Konponbide eskalagarriak dira. Kontua da hasieran bezeroaren prozesurako garrantzitsua den aldagai bat neurtzea, gero gehiago jar baitaitezke bere premien arabera. Datu mordo bat kargatzea baino nahiago dugu behar diren datuak aukeratzea eta zein hobekuntza dakartzaten ikustea.

 

OEE (Overall Equipment Effectiveness edo Ekipoen Erabateko Eraginkortasuna) da azpimarratzen duzuen elementuetako bat. Zergatik?

Gure ustez funtsezkoa da produkzioko ekipoen eraginkortasuna neurtzea. Ez du ezertarako balio makinaren erabateko disponibilitatea izateak, baldin produktuak ez baditu ehuneko ehunean betetzen ezarritako kalitate eskakizunak. Baina, era berean, ez du ezertarako balio kalitatezko produktu bat izateak makina ordu erdiro gelditzen bada. Kontuan hartu behar dira OEEren hiru aldagaiak: disponibilitatea duen makina bat izatea, ahalik eta luzeen erabili ahal izatea eta lana behar bezala egitea produktua egokia izan dadin. Hori betez gero, posible da denborak, kalitatea eta disponibilitatea hobetzea.

 

KENTU aurtengo martxoan jarri da martxan, koronabirusaren pandemiaren erdian. Zer suposatu du zuentzat COVID-19ak?

Batetik, gure bezeroen jarduera gelditu egin da. Enpresa asko daude ziurgabetasunean murgilduta, ez dakite zer gertatuko den datozen hilabeteetan eta inbertsioak gelditu dituzte. Baina, bestalde, argi gelditu da bulegotik eta lantegitik kanpo lan egin beharko dugula eta oso garrantzitsua izango dela gure makinen funtzionamenduari edo produkzioaren egoerari buruzko datuak eskuratu ahal izatea etxetik nahiz munduko beste edozein txokotatik, Interneterako sarbidea besterik ez dugularik izango datu horiek eskuratzeko. Batetik, aurrera egin dugu telelanaren inguruko pentsaeran, eta, bestetik, garai hobeak iritsi zain egon beharko dugu, denok bat egin dezagun 4.0 Industriaren olatuarekin.

 

Zein unetan dago KENTU orain?

KENTU PROCESS produktuarekin hasi genuen gure jarduera, hots, prozesuak neurtzeko balio duten konponbideekin. Orain, berriz, KENTU PRODUCT lantzen ari gara produktuak sentsorizatzeko. Adibidez, enpresa batek makinak ekoizten baditu eta makina hori sentsorizatzen badugu, posible dugu ematen zaion erabilpenari buruzko datuak bildu eta jasotzea, eta horrela, makina bera hobetzea. Mantenimendurako ere balio du. Datuetan ikusten badut makinari bibrazio bat sortu zaiola edo motorra ez dabilela ondo, zenbat eta lehenago eskuratu informazio hori, orduan eta azkarrago erantzun ahal izango dugu. Zerbitizaziorantz eta mantenimendu prediktiborantz goaz.

 

Hazitek-ek eta CDTIk diruz lagundutako I+G-ko proiektuak ere egin ditugu makina-erremintaren sektorerako. Tornuetako mantenimendu prediktiboa egiten dugu zehazki. Bibrazioak aztertzen ditugu tresna zenbateraino narriatuko den aurreikusteko.

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak