Mikel Trajaola, euskal kooperatibako kudeatzailea
Elkarrizketak 25 urria, 2021

Erdieroaleen krisiak sekulako bultzada eman dio Fagor Electrónica-ren jarduerari

Euskal kooperatibak 1965etik fabrikatzen ditu horrelako gailuak, une honetan eskas direnak eskaera global geldiezinaren ondorioz
-

 

Zer ari da gertatzen munduan erdieroaleekin? Zergatik daude Euskadiko hainbat produkzio-lantegi -esaterako Mercedes Benz edo Michelin- geldirik horniduren eta, zehazki, mota jakin batzuetako erdieroaleen gabeziagatik? Fagor Electrónica euskal kooperatibak 56 urte daramatza horrelako zirkuituak fabrikatzen Arrasaten, horregatik esan liteke badirela nor arlo honetan euren iritzia emateko. Nahikoa da esatea munduan saltzen diren lau ibilgailutik batek edo sukalderako zazpi xafla elektriko/elektronikotik batek baduela San Andres auzoko enpresa honek eginiko osagairen bat. Baina osagai horiek eskas dira gaur egun, eta eskasia horren ondorioz hainbat sektore eta merkatu geldirik daude, aurreko ziklo ekonomikoetan gertatu den bezala. Zer egin liteke arazoa konpontzeko? Zenbat iraungo du egoera honek? Horrelako galderei erantzun die Mikel Trajaolak, euskal kooperatibako kudeatzaileak, Made in Basque Country eta SPRI Taldearen mikrofonoen aurrean.

 

Enpresa gutxik izango dute gaur egun zuek baino eskaera handiagorik…

Horixe da une honetan bizi dugun egoera. Zorionez, erdieroaleen mundua hankaz gora dago, eta erdieroale horietako batzuen gabezia dagoenez, Fagor Electrónica-k garai oparoa bizi du.

 

Nola azaldu genezake zer den erdieroale bat eta zergatik den hain garrantzitsua, kontuan izanik erdieroale ezagatik produkzio-ildo osoak gelditu direla munduan, adibidez, automozioaren sektorean? 

Erdieroaleen mundua oso zabala da eta familiaka azpisailkatzen dira bakoitzaren eginkizunen arabera. Hauek dira garrantzitsuenak: memoriak, mikroprozesagailuak, optoelektronika eta, azkenik, osagai diskretuen familia. Hain zuzen, azken familia horren barruan daude 1965etik garatzen ditugun erdieroaleak.

 

Eta zergatik dira garrantzitsuak?

Labur esateko, inguratzen gaituzten gauza guztiek zirkuitu elektroniko bat behar dutelako funtzionatzeko, hasi etxetresna elektrikoetatik eta ibilgailuetaraino, tartean daudelarik ordenagailuak, entretenimendu sistemak, kontsolak, sakelako telefonoak… Une honetan ez dago ezer zirkuitu elektronikorik ez daukanik.

 

Teknikoki, zeintzuk dira osagai horien funtzioak?

Zirkuitu elektroniko baten barruan zirkulatzen duen seinale elektrikoa zuzendu, ahuldu eta mugatzen dute, seinale hori baldintza egokietan irits dadin zirkuituko mikroprozesagailura/mikrotxipera eta, hartara, mikroprozesagailuak (garuna) erabaki egokiak har ditzan eta seinale/ekintza egokiak igor ditzan edozein aplikaziotarako (ibilgailua, etxetresna elektrikoa, ordenagailua, zerbitzaria…).

 

Mundu mailako krisi bat sortu da sektore estrategiko askotan. Zergatik gertatu da hori?

Mikroprozesagailuen hornikuntza ezagatik, zeina erdieroaleen mundu zabaleko familia garrantzitsuenetako bat baita. Hornikuntza gabezia horrek mundu mailako krisi bat eragin du, hainbat sektoretako fabrikazio-ildoak geldiarazi dituena.

 

Batzuek diote Ekaitz perfektua izan dela…

Pandemiaren ondorioz, azken hilabeteetan asko hazi da ordenagailu, sakelako telefono edo tableten kontsumoa, eta gero eta ibilgailu elektriko gehiago dago merkatuan. Faktore horiek asko handitu dute erdieroaleen eskaera. Horri gehitu behar zaio mikroprozesagailuen eskasia, zeinak izua sortu baitu gainerako osagai erdieroaleak erosten dituztenen artean, hainbeste ezen behar dutena baino gehiago eskatzen hasi baitira datozen hilabeteetan etor litekeen osagai eskasiari aurre egiteko. Horrelaxe sortu da Ekaitz perfektua: inpaktua kateetan, arazoak stock-etan, produkzioa geldirik…

 

Zuek iritsi zarete puntu horretara?

Nola oso dibertsifikatuta gauden eta mota desberdinetako zirkuitu elektronikoak fabrikatzen ditugun, momentuz ez dugu produkzioa eten behar izan. Hori bai, etengabe ari gara gure katearen plangintza egokitzen, fabrikazioaren hasieran eskura dauzkagun osagaien arabera. Halere, baliteke uneren batean produkzioa gelditu behar izatea mikroprozesagailuak edo bestelako erdieroaleren bat falta delako.

 

Nortzuk dira munduko erdieroale fabrikatzaile garrantzitsuenak eta non daude?

Europari dagokionez, badaude fabrikatzaile batzuk Frantzian, Italian, Holandan, Euskal Herrian (Fagor Electrónica da Estatu osoan osagai erdieroale diskretuak fabrikatzen dituen enpresa bakarra) eta Alemanian, baina ez dago mikroprozesagailuak fabrikatzen dituen konpainiarik. Fabrikatzaile garrantzitsuenak Korea, Taiwan eta Txinan daude, 10.000 kilometrora…

 

Eta zergatik iritsi gara erabateko menpekotasuna izatera hornitzaile horiekiko?

Industria elektronikoak duela 20-25 urte erabaki zuelako erdieroale gehienen fabrikazioa Asia hego-ekialdera eramatea, mikroprozesagailuena barne. Besteak beste, erabaki hori hartu zuten lan-eskuaren kostuak merkatu behar zirelako, baina baita ere langile kualifikatuak eta inbertsio izugarriak behar direlako mikroprozesagailuak ekoizten dituen lantegi bat eraikitzeko.

 

Zenbateko inbertsioak?

Gaur egun, 14.000 milioi dolarreko inbertsioa egin beharko litzateke mikroprozesagailuen ekoizpenerako lantegi bat eraikitzeko. Kontuan hartu behar da baita ere ia hiru hamarkadako atzerapen teknologikoa dugula. Hortaz, ez dugu aukera handirik mikroprozesagailuak ekoizteko lantegi bat proiektatzeko. Beraz, epe laburrean ez dugu horrelakorik ikusiko.

 

Fagor enpresan baduzue aurreikuspenik egoera noiz normalduko den esateko?

Gure ustez panorama ez da hobetuko datozen hilabeteetan, erdieroaleak eskatzen dituzten sektoreen eskaera ez delako murrizten ari, eta denbora asko behar delako mikroprozesagailuen ekoizpen-gaitasuna handitzeko. Horregatik, aurreikuspenek diote balitekeela egoera normaltzea 2022ko bigarren seihilekoan, eta bien bitartean, mikroprozesagailuen disponibilitateak mugatuko duela sektore askotako fabrikazioa eta balizko hazkundea.

 

Eta zer egin daiteke ordura arte?

Horrelako zikloak behin eta berriz gertatzen dira erdieroaleen familietako batean eskaintza eta eskaera desdoitzen direnean. Horregatik, komeni da malgutasunez jokatzea, egoerara egokitzea eta hornitzaileengandik hurbil lan egitea, batik bat kontuan izanik hain urrun daudela…

 

Estatu Batuen egoera Europaren antzekoa da, eta Asiako hornitzaileekiko menpekotasuna gainditzea erabaki dute inbertsio-politika oso erasokor bat abiaraziz…

Hala da, 150.000 milioi dolar inguru bideratu dituzte mikroprozesagailuen ekoizpen-lantegiak eraikitzeko Arizona eta Texasen. Horrela lortu nahi dute, batetik, etorkizunean mikroprozesagailuen disponibilitatea ziurtatzea eta, bestetik, teknologiaren ezagutza kontrolatzea, urteak joan ahala arma ahaltsua izan baitaiteke kontinenteen arteko gatazkan (Europa-AEBak-Txina).

 

Badago hurrengo ziklo negatiborako kontuan hartu beharko genukeen irakaspenik?

Ondo legoke gai izango bagina egoera honetatik irakaspenen bat edo beste ateratzeko, baina azkenaldian Europan gertatzen ari diren alde bakarreko mugimenduak ikusirik, ez daukagu itxaropen handirik, ez dugu uste etorkizunean posible izango denik mikroprozesagailuen hornikuntza ziurtatzea Europan bertan.

 

 

Lotutako albisteak

KSB  ITUR,  ponpen  eta  balbulen  fabrikazioaren  arloko  nazioarteko  erreferente  zarauztarra

KSB ITUR, ponpen eta balbulen fabrikazioaren arloko nazioarteko erreferente zarauztarra

Alemaniako KSB multinazionalean integratutako enpresa ontzigintza-sektorean finkatu da

Digixopek  abiadura  handiko  datu  masiboak  prozesatzen  dituen  plataforma  adimenduna  abiarazi  du

Digixopek abiadura handiko datu masiboak prozesatzen dituen plataforma adimenduna abiarazi du

Bilboko enpresak aplikazio ugari dituen produktu bat eskaintzen du, hala nola museoetako laguntzailea edo online dendetako erosketa-laguntzailea

ADI  Revolutionek  Egia  sortu  du,  B2B  influencer  marketineko  lehen  plataforma

ADI Revolutionek Egia sortu du, B2B influencer marketineko lehen plataforma

Euskal enpresak B2B enpresak beren sektoreetako erreferentziazko profesionalekin konektatzen dituen tresna bat merkaturatu du, LinkedInen dituzten edukien sinesgarritasuna eta irismena indartzeko.

Spyrok  datuetan  eta  AAn  oinarritutako  ERP  adimendun  baten  bidez  lehiakortasun  industriala  bultzatzen  du

Spyrok datuetan eta AAn oinarritutako ERP adimendun baten bidez lehiakortasun industriala bultzatzen du

Gipuzkoako enpresak adimen artifiziala, datuen analitika eta automatizazioa integratzen dituen enpresa-kudeaketarako plataforma bat garatzen ari da, konpainia industrialei eraginkortasuna irabazten, trazabilitatea hobetzen eta datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko.

Sabbatic-ek  enpresa-gastuen  kudeaketa  digitalizatu  eta  automatizatu  egiten  du

Sabbatic-ek enpresa-gastuen kudeaketa digitalizatu eta automatizatu egiten du

Gipuzkoako enpresak plataforma bat garatu du gastuaren ziklo osoa automatizatzeko eta erakundeei eraginkortasuna irabazten, kostuak murrizten eta papera ezabatzen laguntzeko.

Talleres  Mitxelena,  pieza  handien  mekanizazioko  espezialista

Talleres Mitxelena, pieza handien mekanizazioko espezialista

Hernaniko enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta balio erantsi handiko proiektu industrialak egiten ditu

Reparaciones  Samur,  negozioa  dibertsifikatzeko  konpresoreen  salmentan  eta  mantentze-lanetan  espezializatutako  enpresa

Reparaciones Samur, negozioa dibertsifikatzeko konpresoreen salmentan eta mantentze-lanetan espezializatutako enpresa

Abadiñoko enpresak 34 urte ditu eta SPRI taldearen dirulaguntzak jaso ditu digitalizaziorako.

Normo:  postontziak  fabrikatzetik  horiek  berrasmatzera

Normo: postontziak fabrikatzetik horiek berrasmatzera

Gipuzkoako enpresak online erosketak eraikinetan eta familia bakarreko etxeetan jasotzeko postontzi adimendunak garatzen ditu, eta dagoeneko 24.000 instalazio baino gehiago egin ditu Espainian eta Europan.

Biotz-ek  teknologia  propioa  garatzen  du  industria,  energia  eta  mugikortasun  arloko  eraldaketa  digitala  bultzatzeko

Biotz-ek teknologia propioa garatzen du industria, energia eta mugikortasun arloko eraldaketa digitala bultzatzeko

Euskal enpresak adimen artifizialean oinarritutako irtenbideen aldeko apustua egin du, erakundeei efizientzia eta autonomia teknologikoa irabazten laguntzeko.

Transkal  aurrera  doa  digitalizazio  logistikoan,  bere  ERP  sisteman  AAko  soluzio  propio  batekin

Transkal aurrera doa digitalizazio logistikoan, bere ERP sisteman AAko soluzio propio batekin

Gipuzkoako enpresak kudeaketa arintzeko tresna bat merkaturatu du, prozesu administratiboak eta operatiboak erraztu eta automatizatzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.