Aitor Larrañaga, Sakona AL Solutions enpresako zuzendari nagusia.
Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 2 Marzo, 2020

Adimen lehiakorra eta antolakuntzako hobekuntza, eraldaketa digitaleko prozesuak bultzatzeko

Sakona AL Solutions enpresa gipuzkoarrak barneko eta kanpoko analisien txostenak egiten ditu, bezeroak euren digitalizazio-prozesuetan orientatzeko
-

Sakona AL Solutions enpresa gipuzkoarrak barneko eta kanpoko analisien txostenak egiten ditu, bezeroak euren digitalizazio-prozesuetan orientatzeko

Sakona AL Solutions enpresa gazte bat da, 2018an abiarazia Ordizian, nahiz eta bere fundatzaileak 20 urtetik gorako esperientzia duen. Enpresetako adimen lehiakorrean eta antolakuntzako hobekuntza-proiektuetan espezializatuta dago. Bere helburu nagusia da laguntza ematea bezeroei modu ordenatu eta antolatuan egin dezaten eraldaketa digitaleranzko eta 4.0 industriaranzko bidea. Sakona AL Solutions enpresako zuzendari nagusi eta fundatzaile Aitor Larrañagarekin hitz egin dugu.

 

Zer egiten duzue Sakona enpresan?

Bi jarduera-ildo garrantzitsu dauzkagu: bata, eremu estrategikoarekin lotua, hots, adimen lehiakorra edo enpresaren adimena lantzen dituena. Jarduera-ildo honen barruan, negozio baten alderdi garrantzitsuenak definitzen ditugu eta enpresaren lehiakortasunean eragina duten elementuak identifikatzen ditugu, gero, hortik abiatuta, informazio esanguratsua etengabe atzematen duen alerta-sistema bat eraikitzeko. Ondoren, enpresarekin batera finkatzen ditugun prozesuen bitartez, informazio horretatik datuak erauzten ditugu, bezeroak aukera izan dezan epe laburrera nahiz epe ertain-luzera jokatzeko. Etengabeko informazio-sistema horiek osatzeko txostenak egiten ditugu, eta merkatuarekin eta teknologiarekin lotutako datuak biltzen ditugu. Horretarako, badugu guk geuk garatutako software bat, eta dagoeneko kontrastatuta dauzkagun prozesuak, 20 urte baino gehiago baitaramatzagu halakoak ezartzen enpresetan.

 

Bigarren jarduera-ildoak zerikusia du enpresako emaitzekin, antolakuntzaren eraginkortasunarekin eta enpresaren balio-proposamenarekin. Ildo honen barruan proiektu integralak garatzen ditugu; adibidez, enpresa bat berrantolatzen dugu lantegian duen banaketatik abiatuta, edo antolakuntza-sistemak eta dokumentu- eta pieza-fluxuak aldatzen ditugu bezeroaren errendimendua optimizatzeko. Konpainia bateko inefizientziak identifikatzen eta detektatzen ditugu, esaterako, stock-ak, estandarizatu gabeko prozesuak, produkzioko datu gabezia, etab.

 

Zein urrats eman behar dira antolakuntzaren analisi bat egitean?

Antolakuntza arloko proiektu bati ekin nahi diogunean, hasteko, enpresako prozesu garrantzitsuenen diagnostiko sakon bat egin behar da, hainbat elementu aztertzeko, hala nola: dokumentuentzat erabiltzen diren euskarri digital eta fisikoak, antolakuntzako prozesuak, produktuen fluxu fisikoak, dokumentuen fluxuak eta faktore horien guztien arteko harremanak. Hori guztia enpresarekin adostutako plan xehatu batean jasotzen da, baliagarri dena pixkanaka aurrera egin eta eskalatzeko eta antolakuntzaren eraginkortasuna hobetzeko. Testuinguru horretan, kontuan hartzen dira 4.0 Industriako teknologia desberdinak eta enpresan ezartzen dira. Guretzat, 4.0 Industriako tresnak enpresa baten antolakuntza eta produkzioa hobetzeko bitartekoak dira.

 

Kontaiguzu 4.0 Industriaren eta eraldaketa digitalaren arloetan eskaintzen dituzuen zerbitzuen adibideren bat edo kasu arrakastatsuren bat.

Normalean, bezeroek gure bi zerbitzuak behar izaten dituzte. Adimen lehiakorreko zerbitzuei esker, lehenago ezagutzen ez zituzten merkatuetako datuak eman dizkiegu bezeroei; horrela, beren garapen-planak berrorientatu ahal izan dituzte beren lehentasunetan ez zeuzkaten merkatu eta eremu geografiko berrietara iristeko. Horrelako proiektuetan, informazio digitala ezagutza eta ekintza bihurtzeko ohitura sortzen dugu enpresan.

 

Antolakuntzako hobekuntzari dagokionez, sarritan aipatzen dugu ekipo-ondasunen sektorerako produktu propioak fabrikatzen dituen enpresa baten adibidea. Konpainiak ez zuen ezagutzen bere produkzioaren eraginkortasun-maila, eta entrega-epeak ikaragarri atzeratzen ziren. Hasieran, lan egiteko era berrantolatu genuen, prozesuak, denborak eta jarraibideak estandarizatu… eta bigarren fasean, berriz, 4.0 Industriako bitarteko aproposenak txertatu genituen, ezarritako sistema ahalbidetu eta mantentzen laguntzeko.

 

Badugu antzeko beste adibide bat, energiaren sektorerako produktuak fabrikatzen dituen enpresa batena. Konpainia hura bitarteko produktuen stock­-a handitzen ari zen, eta zailtasun handiak zeuzkan entrega-epeak betetzeko eskaerak asko handitzen zirenean. Prozesuak estandarizatu genituen, eta baita ere piezen fluxuak eta fabrikazioko aginduak emateko eta lehenesteko modua. Prozesu eta makinen eraginkortasuna ebaluatzen jarraitzeko, berriz, 4.0 Industriako elementuak txertatu genituen, aukera ematen dutelako makinen egoera denbora errealean monitorizatzeko.

 

Zer egiten duzue datuak informazio esanguratsu bihurtzeko?

Atal honetan, banan-banan bereiziko nituzke Sakonaren negozio-ildoak. Adimen lehiakorraren arloan, hainbat text mining tresna erabiltzen ditugu inportatzen ditugun txosten eta argitalpenetatik erauzitako kontzeptu garrantzitsuenak kuantifikatzeko eta erlazionatzeko. Business intelligence tresnak ere erabiltzen ditugu informazioa geo-lokalizatzeko, eta bereizita aztertuz gero ulertzeko eta prozesatzeko zailak diren informazio-lerro kopuru handiak interpretatzen laguntzeko.

 

Antolakuntzako hobekuntzari dagokionez, datuak intentsiboki biltzea bezain garrantzitsua da gai izatea antolakuntzan eragina duten aldagai guztien arteko erlazioa ikusteko, bai eta aldagaiak aztertzea, prozesuei eta produktuei buruzko erabakiak hartzeko. Gure lana, nagusiki, produkzioko parametroen eta emaitzen arloan garatzen da eta, zentzu horretan, erabiltzen ditugun teknologiek prozesu horiek errazten dituzte. Erakunde desberdinekin kolaboratzen dugu, eta proiektu edo enpresa bakoitzaren arabera erabakitzen dugu zein den makinen PLCak konektatzeko eta behar ditugun datuak eskuratzeko sistema aproposena.

 

Zer iritzi dute ETEek eta enpresek horrelako konponbideen inplementazioari buruz?

Ikusi dugu “4.0 Industria” kontzeptua zabaltzen hasi denetik, enpresak kontzientziatuago daudela euren produkzio-inguruneak, negozio-ereduak eta, oro har, eraginkortasuna hobetzeko eta eraldatzeko beharraz. Puntu honetan, aipatu nahi nuke antolakuntzako hobekuntza-prozesuak betidanik egin direla ETEetan -batzuk azkarrago beste batzuk astiroago-, eta euskal industriak horregatik jarraitzen duela lehiakorra izaten.

 

Ikusi dugu enpresek 4.0 Industriaren fenomenoan murgildu nahi dutela. Zentzu horretan, helburu errealistak jartzen ahalegintzen gara, eta prozesua ahalik eta modu eraginkorrenean lantzen. Adibidez, enpresa batek QR sistema bat txertatu nahi badu gaizki ordenatutako lehengaien biltegi batean, aldez aurretik ikusarazten diegu zein beharrezkoa den materialak ongi antolatzea eta ordenatzea. Bestela, arazo bat automatizatzen ariko ginateke eta enpresak ez luke ezer hobetuko.

 

Zeintzuk dira Sakonaren etorkizuneko erronkak?

Bi negozio-ildoak estrategikoak dira Sakonarentzat. Adimen lehiakorraren ildoan, eskaintzen ditugun zerbitzuak zabaldu nahi ditugu. Interesgarria iruditzen zaigu sektore edo industria baten eszenatoki lehiakorra zehaztu dezaketen eredu prediktiboak lantzea. Bestalde, hobetu egin nahi dugu txostenak eta datuak enpresei helarazteko modua, eurentzat errazagoa izan dadin erabaki estrategikoak hartzea.

 

Antolakuntzaren hobekuntza-ildoan, oraindik guztiz osatuta ez dauzkagun hainbat modulu garatu nahi ditugu, adibidez, plangintza-sistemena.

 

Arlo komertzialean, berriz, gaur egungo merkatuetan errotu nahi dugu eta merkatu berri batzuetara zabaldu, tresna digitalak erabiliz. Baliabide ugari bideratzen ari gara arlo honetan, eta espero dugu 2020an emaitzak ikusten hasiko garela.

Lotutako albisteak

Wrappers  AI,  adimen  artifiziala  ETE-entzat  egokitzen  duen  startupa
19/01/2026 Ekintzailetza

Wrappers AI, adimen artifiziala ETE-entzat egokitzen duen startupa

Bizkaiko enpresak ezagutza teknikorik behar ez duen plataforma intuitiboa eskaintzen du

Bombas  Trief,  industria  digitalizatu  bihurtutako  tailerra

Bombas Trief, industria digitalizatu bihurtutako tailerra

Erandioko enpresak SPRI Taldearen hainbat dirulaguntza baliatu ditu bere modernizaziorako

Aston  &  Wolf:  “Teknologia  jada  ez  da  tresna  bat  bakarrik,  gure  DNA  da”

Aston & Wolf: “Teknologia jada ez da tresna bat bakarrik, gure DNA da”

Turismo-ostatuak kudeatzen dituen Bilboko enpresak bere software-soluzioak garatu ditu profesionalizatzeko beharra duten beste kudeatzaile edo jabe batzuen kudeaketa eta esperientzia optimizatzeko.

ZYLK-k  eraldaketa  digitala  bultzatzen  du,  euskal  industriarentzako  soluzio  ireki  eta  irisgarrien  bidez

ZYLK-k eraldaketa digitala bultzatzen du, euskal industriarentzako soluzio ireki eta irisgarrien bidez

Bizkaitar enpresak Liferay, Cloudera eta datu eta adimen artifizialeko soluzio propioetan oinarritutako plataforma digitalak garatzen ditu, eta Ibilgailu Elektriko eta Konektatuaren PERTE proiektuan parte hartzen du digitalizazio industriala bultzatzeko.

Irisbond-ek  komunikatzeko  aukerak  zabaltzen  ditu,  begiradaren  bidez  sarbide-soluzio  berriak  eskainiz

Irisbond-ek komunikatzeko aukerak zabaltzen ditu, begiradaren bidez sarbide-soluzio berriak eskainiz

Gipuzkoako enpresak aurrera egin du ‘eye-tracking’ teknologietan, eta indartu egin du ospitaleetan, ikastetxeetan eta etxeetan dagoen Komunikazio Handigarri eta Alternatiboaren eredu integrala.

Serbitizazioaren  aldeko  apustua  egiten  duen  ekipo  eta  osagarri  hidraulikoen  fabrikatzailea  da  Oilgear

Serbitizazioaren aldeko apustua egiten duen ekipo eta osagarri hidraulikoen fabrikatzailea da Oilgear

Hernaniko enpresak neurrira egindako soluzioak eskaintzen ditu, eta SPRI Taldearen Konpetentzia Digital Profesionalen programaren dirulaguntza jaso du

Roiward:  “Txandakatzea  da  ETE  baten  kostu  ezkutu  handienetako  bat”

Roiward: “Txandakatzea da ETE baten kostu ezkutu handienetako bat”

Roiward Bilbon jaio zen, eta enplegatuen ongizatea enpresentzako aktibo bihurtzeko erronka hartu zuen bere gain. Horretarako, fintech, HRTech eta lan-ongizatea geruza teknologiko bakar batean konektatzen dituen eredu bat proposatu du.

Formesa,  digitralizazioaren  aldeko  apustua  egin  duen  forjaketako  eta  mekanizazioko  enpresa

Formesa, digitralizazioaren aldeko apustua egin duen forjaketako eta mekanizazioko enpresa

Mungiako enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Industria digitala programaren baitan, eta negozioaren % 1,5 I+G arlora bideratzen du

Betsaide,  adimen  artifizialaren  bitartez  digitalizazioa  sustatzen  duen  Bizkaiko  galdaketa-enpresa

Betsaide, adimen artifizialaren bitartez digitalizazioa sustatzen duen Bizkaiko galdaketa-enpresa

Elorrioko enpresak eskari komertzialen automatizazio-sistema adimenduna garatzeko erabili du SPRI Taldearen dirulaguntza.

Bilenko  startupak  konektagarritasuna  eskaintzen  du  landa-eremuetan  eta  industria-eremuetan

Bilenko startupak konektagarritasuna eskaintzen du landa-eremuetan eta industria-eremuetan

Bizkaiko enpresak proiektuak garatu ditu dagoeneko Euskadin, Nafarroan, Kantabrian eta Kanarietan.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.