Eusko Jaurlaritzak genero-berdintasunari balioa eman dio lehiakortasun industrialerako faktore gisa
Eusko Jaurlaritzak Madrilen egindako jardunaldi batean parte hartu du aste honetan, berrikuntza teknologikoaren, politiken formulazioaren eta jasangarritasunaren arloetan emakumeen lidergoa sustatzeko helburuarekin. Topaketan, Europako energia-industriaren sektoreko liderrak, arduradun publikoak eta erreferenteak bildu dira.
Zehazki, SPRI Taldeko zuzendari laguntzaileak, Cristina Oyónek, Industria Saila ordezkatu du Connecting Hydrogen Europe (CHE2025) azokaren baitan egindako PowerHER: Empowering Women for a Zero-Emission Future saioan. Bertan, “Breaking Barriers: Leadership and Gender Diversity Insights from Women at the Helm of Clean Energy Industry” izenburua duen hitzaldia eskaini du eta SPRIk B-WomenIn Industry ekimenaren bidez industriagintzan emakumearen presentzia sendotzeko asmoz garatzen duen lana partekatu du.
Oyónek azaldu duenez, genero-berdintasuna giza eskubideen kontua izateaz gain, enpresen lehiakortasuna eta hazkunde ekonomikoa hobetzeko faktore estrategikoa ere badela erakusteko beharretik sortu zen lana.