// Ohiko galderak

Argitu zure zalantzak

Sor dakizkizukeen zalantza guztiak argitu nahi ditugu. Bilatu nahi duzun irtenbidea hemen ez badago galdetu iezaguzu, ahal dugun guztia egingo dugu gure programetara erraz eta urrats gutxiren buruan sartzeko.

Ohiko galderak

Berrikuntzaren Erosketa Publikoa (BEP) berrikuntza sustatzeko administrazio-jarduera bat da, helburutzat duena merkatu berritzaile berrien garapena bultzatzea eskaeraren aldetik, kontratazio publikoa tresna gisa erabiliz. BEP erabiltzen da erakunde publiko batek, egungo edo etorkizuneko premia bat asetzeko xedez, produktu edo sistema berritzaile bat behar duenean konponbide bat aurkitzeko eta konponbide hori ezin denean antzeman erosketa-prozesu arrunt baten bidez.
Erosketa Publiko batean operatzaile ekonomikoek merkatuan ongi errotutako konponbideak aurkezten dizkiote Administrazioari, beraz, ez dago konponbide horren inguruko inolako ikerketa edo garapenik. Aldiz, BEPa lagungarri da Administrazio Publikoak erosketa adimendunak egin ditzan, bere emaitzak, konponbideak eta/edo zerbitzuak hobetuz I+G+B-ren onuren bidez, eta, aldi berean, enpresa-sarearen berrikuntza sustatzen du entzute eta kontsulta aktiboaren bidez (erreaktiboaren ordez).
Berrikuntzaren Erosketa Publikoa ez da kontratuak esleitzeko edo lizitatzeko modu berri bat. Bere xedeak bihurtzen du Berrikuntzako Erosketa Publikoa kontratazio publikoko tresna garrantzitsu: hau da, sektore pribatuaren jarduera berritzaileari laguntzea organismo publiko baten beharrak asetzeko. Hortaz, sektore publikoko eskaerak gidatzen du jarduera berritzailea, eta ez dauka sektore pribatuak garatutako produktu edo zerbitzu berrietara egokitu beharrik, baizik eta alderantziz.
Erosketa Publiko Aurrekomertziala (EPA): etorkizuneko produktu edo zerbitzu berri edo nabarmen hobetu bat lortzera bideratutako I+G-ko zerbitzuak erostea. Kontratazioaren helburu nagusia dira ikerketa- eta garapen-zerbitzuak prozesu batean, zeinetan posible den merkatuan ez dauden konponbideen arrisku teknologikoak iragaztea konponbide horietako bat erosi aurretik. Horrelako kontratuek estaldura ematen dute ingurune erreal handi zein txiki batean baliozkotutako prototipoak lortu arteko epean. Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoa (TBEP): ondasun, zerbitzu edo obra bat erostea, kontratatzeko unean merkatutik oso hurbil dagoena, eta, beraz, edo bolumen mugatuan ekoitzi da, produktu komertzialaren aurre-ekoizpen bezala, edo baliozkotutako prototipo gisa ekoitzi da. Horrelako kontratuetan ohikoa da konponbidea diseinatzeko edo kontratazio-organoaren beharretara egokitzeko fase bat igaro behar izatea, baina ez da kontratatzen I+G-ko zerbitzurik. Horrelako erosketen helburua da ondasun, zerbitzu edo obraren ekoizpen masiborako behar diren lanak egitea (adibidez: produkzioa eskalatzea, produktua edo zerbitzua garatzea, harik eta merkaturatzeko edo industrializatzeko prest dagoen arte), halako moldez non kontratazio-organoa izango baita konponbide berritzailearen lehen bezeroa eta bolumen komertzialki esanguratsu batean ezarriko duena. Berrikuntzaren Erosketa Publiko Erregularra (BEPE). Gure ustez, erosketa hau ez litzateke izango identifikatutako erronken xede, bere helburua delako erosketa egiten den unean merkatuan dagoen ondasun, zerbitzu edo obra bat erostea. Hortaz, ez dauka garapen faserik, baina konponbideak berrikuntza bat dakar merkatuan dauden beste konponbide batzuekiko. Horrelako erosketak SPKL 9/2017 Lege berrian jasotako beste edozein kontratu arrunt bezala (hornikuntzak, zerbitzuak, obrak, etab.) garatzen dira, baina egitura desberdina da: berrikuntzarekin erlazionatutako alderdiak lehenesten dira, pisu handiagoa emanez esleipen-irizpideetan, eta zabalik uzten dira erosketaren xedearen zehaztapenak, lizitatzaileak bere konponbide berritzailea aurkeztu dezan. Funtsean, egiten dena da berrikuntza sustatzeko politika publikoa ezarri kontratazio arrunten bidez.
Kontuan izan behar da Erosketa Publiko Aurrekomertzialeko kontratuak ez direla sartzen Sektore Publikoko Kontratuen Legean, eta, beraz, botere esleitzaileak libreki konfiguratu dezakeela esleipen-prozedura, espreski errespetatuz, besteak beste, ikerketa, garapen eta berrikuntzako Estatuko laguntzen esparrua. TBEP eta BEPE kontratuek, aldiz, Sektore Publikoko Kontratuen Legea bete behar dute, hortaz, Sektore Publikoko Kontratuen Legeko 131. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako lizitazio-prozeduraren hautaketa-arauak aplikatu behar zaizkie. 131. artikuluko prozedura orokorrez gain, zenbait kasutan aukera dago beste prozedura batzuk erabiltzeko. Berrikuntzari dagokionez, garrantzitsuak dira ondoko hauek:
  • Negoziazioa eta elkarrizketa lehiakorra barne hartzen duten lizitazio-prozedurak; horien aplikazio kasuak 167. artikuluan definitzen dira eta a, b, c eta d paragrafoetan berrikuntzaren erosketa proiektuetara egokitzen dira.
  • Publizitate gabeko prozedura negoziatuak; horien aplikazio kasuak 168. artikuluan definitzen dira, eta bigarren ataleko a paragrafoan eta lehen ataleko c paragrafoan berrikuntza proiektuetara egokitzen dira.
  • 177. artikuluan jasotako berrikuntzarako elkartze-prozedura. Honi dagokionez, kontuan izan behar da prozedura bakar batean biltzen dituela, alde batetik, produktu, zerbitzu edo obra berritzaileak garatzeko I+G-ko zerbitzu-kontratu bat eta, bestetik, produktu, zerbitzu edo obra erosteko kontratu bat, betiere adostutako errendimendu-mailak eta gehienezko kostuak errespetatzen badira.
TRLak (Technology Readiness Levels) edo, bestela esanda, teknologiaren heldutasun-mailak kategoria jakin batzuk dira, zeintzuek adierazten duten zein den I+G-ko proiektu baten berritasun-gradua edo/eta zenbateraino dagoen proiektu hori hurbil merkatutik. Guztira 9 maila daude, ziurgabetasun teknologiko handienetik txikienera (eta, ondorioz, merkatutik urrunen daudenetatik hurbilen daudenetara):
  • TRL 1: oinarrizko printzipioak hauteman eta jasotzen dira. Oinarrizko ideia.
  • TRL 2: kontzeptu eta/edo aplikazio teknologikoa adierazten da.
  • TRL 3: funtzio kritiko analitikoa eta esperimentala eta/edo kontzeptu-proba bereizgarria.
  • TRL 4: osagaiak baliozkotzen dira eta/edo osagai horiek laborategiko ingurunean jartzen dira.
  • TRL 5: osagaiak baliozkotzen dira eta/edo osagai horiek ingurune adierazgarri batean jartzen dira.
  • TRL 6: sistema- edo azpisistema-eredua edo prototipoa ingurune adierazgarri batean probatzen da.
  • TRL 7: sistema edo prototipoa ingurune erreal batean probatzen da.
  • TRL 8: sistema osatua eta ziurtatua dago, proba eta demostrazioen bidez.
  • TRL 9: ingurune errealean arrakastaz probaturiko sistema da.
Batzuetan, zenbait garapenen heldutasuna bi maila desberdinen artean kokatzen da, eta beraz, muga horietan, posible da TRL bakar bat BEP mota desberdinei esleitzea. Honela:
  • 1-4 mailen arteko TRLak (ikerketa) Erosketa Publiko Aurrekomertzialari (EPA) legozkioke, baina horrelako proiektuen kasuan gomendatzen da TRL 3 edo 4 mailetatik abiatzea, TRL 1 eta 2 mailak oinarrizko ikerketari dagozkiolako eta maila horietatik abiatzea esperimentalegia izan litekeelako.
  • TRL 5 eta 6 mailak (garapena) bat etor litezke Erosketa Publiko Aurrekomertzialarekin (EPP), baina konponbide komertzial bat lortzerainoko garapen-tartea luzeegia ez bada, Teknologia Berritzailearen Erosketa Publiko bat (TBEP) izango litzateke.
  • 7-9 mailen arteko TRLak (berrikuntza) bat etor litezke Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoarekin (TBEP), baina TRL 8 eta 9 mailak gehiago identifikatzen dira Berrikuntzaren Erosketa Publiko Erregular batekin (BEPE).
Beste edozein proiekturen heldutasun-maila aztertu berri ditugun TRL mailen barruan badago, proiektu hori Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren kontzeptuan sartuko litzateke. Halaber, TRLak baliagarri dira lizitatzaileek aurkezten dituzten proposamenei eska dakiekeen oinarrizko abiapuntua baldintzatzeko. Definitzen den mailak bat etorri behar du kasu bakoitzean merkatuan dagoen garapen-mailaren errealitatearekin. Hortik abiatuta, zenbat eta hobeto definitu, orduan eta ziurgabetasun gutxiago (baina desagertzera iritsi gabe) egongo da emaitzen inguruan. Honela:
  • Erosketa Publiko Aurrekomertzialeko proiektu bat bada (I+G-ko kontratua), kasuaren arabera, gomendatzen da lehiaketa-prozesuko parte-hartzaileei eskatzea abia daitezela TRL 3 mailatik (kontzeptu/ezaugarri proba), TRL 4 mailatik (laborategian baliozkotutako konponbidea) edo TRL 5 mailatik (osagaiak baliozkotzea eta/edo osagai horiek ingurune adierazgarri batean jartzea).
  • TBEP baten kasuan, abiapuntuak TRL 5 mailan egon behar luke gutxienez (osagaiak baliozkotzea eta/edo osagai horiek ingurune adierazgarri batean jartzea), edo ahal dela, TRL 6 mailan (sistema- edo azpisistema-eredua edo prototipoa ingurune adierazgarri batean probatzea).
  • Azkenik, BEPE batean, TRL 8 maila (sistema edo prototipoa ingurune erreal batean demostratzea) eskatu behar litzateke gutxienez.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 115. artikuluak espresuki aitortzen du MAK-ren figura, helburutzat daukana kontratazioa prestatzea eta operatzaile ekonomikoak informatzea euren planei buruz eta kontratazioko eskakizunei buruz, prozedura hasi baino lehen. Bidea dago MAK bat planteatzeko, ezagutzen ez direnean kontratatu nahi den proiektuaren definizioari buruzko alderdi esanguratsuak. Logikoki, proiektua zenbat eta urrunago egon merkatutik, hainbat zalantza edo ziurgabetasun gehiago izaten dira kontratazioaren amaieran lortuko diren emaitzen inguruan. Horregatik, ez dagoenez mugarik MAK bat erabiltzeko ez eta derrigorrik, hauxe esan liteke:
  • Ohikoa da EPAetan erabiltzea, baina posible da beharrezkoa ez izatea.
Hauek dira MAK baten helburu nagusiak:
  • Proiektua garatu nahi luketen hautagaiak identifikatzea.
  • Merkatuko egoera kontrastatzea proiektuaren xedeari dagokionez, zehazteko zein baldintzatan garatu ahal izango litzatekeen lizitazio bat; eta lizitazio hori prestatzeko kontuan hartuko dira jaso diren erantzunak.
Azkenik, argitu behar da MAK baten emaitzak ez direla lotesleak, ez operatzaile ekonomikoarentzat ez administrazio publikoarentzat ere. Horrek esan nahi du:
  • MAK baten emaitzak ez direla lotesleak kontsulta abiarazi duen administrazio publikoarentzat, eta honek ez daukala zertan emaitza horiek inplementatu edo zertan lizitazioa argitaratu (nahiz eta ohikoena izan MAKarekin zerikusia duen lizitazio bat argitaratzea).
  • Kontsulta prozesuan eman dituzten erantzunak ez direla lotesleak operatzaile ekonomikoentzat, eta hauek ez daukatela, beraz, inolako obligaziorik argitaratzen den lizitaziora aurkezteko. Ginera, lizitaziora aurkeztekotan, aukera izango dute bakarka edo taldean (hau da, ABEE baten bidez) aurkezteko, kontuan hartu gabe nola erantzun dioten MAKeko proposamenari.
Eusko Jaurlaritzaren berezko jarduerez eta sustapen-ildoez gain? Badaude funts publiko europar batzuk BEPerako instrumentuak akuilatzera zuzenduak. FEDER funtsak, helburutzat dutenak Europar Batasunaren barruko kohesio sozio-ekonomikoa sendotzea eskualdeen arteko desorekak zuzenduz, eta berrikuntza daukatenak lehentasunezko arlo bat bezala. Halaber, FEDER funtsen barruan eskualdeentzako funtsak daude, zuzenean bideratuta daudenak Autonomia Erkidegoetara eta Ogasun Ministerioko Funts Erkideen Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen dituenak. Funts horiekin finantzatzen dira Autonomia Erkidego bakoitzeko Ikerketa eta Berrikuntzako Espezializazio Estrategia Adimendunen (Eusko Jaurlaritzaren kasuan RIS3Euskadi) barruan sartzen diren ekintzak. Berrikuntza Eskaeratik Sustatzeko programa (BES), Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren programa bat da, helburutzat daukana FEDER funtsen bitartez Berrikuntzaren Erosketa Publikoko ereduak kofinantzatzea, organismo publikoetatik produktu/zerbitzu berritzaileak garatzeko bitarteko gisa. Horiez gain, badaude hainbat finantzaketa-programa Horizontea Europa ekimenaren barruan. Kasu horretan, programa horietako bakoitzera jo behar da, aldi bakoitzean zabalik dauden finantzaketa-ildoak bilatzeko. Normalean arloka banatzen dira (osasuna, IKTak, etab.).

Baduzu beste galderarik?

Lagundu ahal dizugu

  • This field is for validation purposes and should be left unchanged.

Euskal ETEen hiztegia

Hiztegi espezializatuan aurkituko dituzu euskal ETEarentzako hitz eta kontzeptu guztiak.
Etengabe kontzeptu berriak sortzen ditu eta lehendik daudenak eguneratzen ditu.

Horregatik, ezinbestekoa da berrikuntza horien guztien jarraipena egitea, bai kontzeptuen edukia, bai haiek izendatzeko terminoak ondo finkatuz, horiek espazio komun batean bilduz eta argitaratuz. Horrela, Industria Berriaren esparruan modu batean edo bestean lan egiten dugunok lan-tresna berri bat izango dugu, gure eguneroko zereginetan lagunduko diguna. Baliabide hori sortzeko, SPRI Taldeak lankidetzan jardun du Elhuyarren Hizkuntza eta Teknologia Unitatearekin, eta unitate horrek garatu du hiztegi hau.

 

Zer hitz edo kontzeptu nahi duzu?

icon down svg
//Euskal Enpresentzako Arreta Zerbitzua

Zertan lagun zaitzakegu?

Laguntzen bilaketa errazteko, zure proiektuan laguntzeko edo aholkulari espezializatuekin harremanetan jartzeko lan egiten dugu.