Barnekintzailetza Euskadin: 2022 Empresa Ekintzaileentzako Gidaliburua
Up! Euskadik ikusgarritasuna eman nahi dio ekintzailetzaren euskal sistemari
Up!Euskadiren bidez, babesa, prestakuntza eta gaikuntza ematen dugu ekosistema bat sortzeko, zeinaren bidez enpresek aukera izango baitute garatzeko eta euren negozioaren fase guztietarako (sorkuntza, hazkunde- eta sendotze-faseak eta proiekzioa) gaitasunak eskuratzeko.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak gidatzen du Barnekintzailetza Bultzatzeko Ekimena SPRI Taldearen bitartez, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroen (BIC) laguntzarekin.
Gure industria-sarearen berrikuntza eta jasangarritasuna erronka kolektibo gisa
Gehiago edo gutxiago, gure industria-enpresek nahitaez aurre egin behar diote lehiakortasun-eraldaketa bati euren etorkizuna bermatzeko eta euskal industria-sarea berritzeko.
Erronka hori bereziki nabarmena da proiekzio globaleko sektore eta baliokateetan; horietan, joko-arauak oso azkar ari dira aldatzen, eta horri gehituz gero une honetan bizi dugun ziurgabetasun-testuingurua, ikaragarri zail bihurtzen da enpresa-jarduera. Onuren aldetik begiratuta, ikusten da aukera eta negozio-bide berriak sortu direla, esaterako trantsizio digital, berde eta soziosanitariotik heldu direnak, zeintzuk lagungarri izan baitaitezke arriskuak gutxitzeko eta lehiakortasunaren eboluzio hori bultzatzeko.
Enpresen ekintzailetza: euskal industriaren historia, oraina eta etorkizuna
Negozio eta jarduera ekonomiko berriak sortzea funtsezkoa izan da Euskadiko enpresa-sarearen historian eta, beraz, baita ere “enpresa ekintzaileen” lan-moldean. Hainbat helburu lortu nahi dira, hala nola dibertsifikatu eta arriskuak murriztu, aldaketa teknologikoei aurre egin, diru-sarrera eta errentagarritasun iturri berriak ziurtatu, hazi eta enplegua sortu, plantillaren garapen profesionala ahalbidetu, etab.
Horretarako, baditugu hainbat lehiakortasun-palanka azken hamarkadetan gure bilakaera industriala definitu dutenak, besteak beste hauek: barnekintzailetza, dibertsifikazioa, sustapen eta garapen korporatiboa, berrikuntza irekia edo teknologia eta negozio berritzaileen garapena sektore gorakorretan. Palanka horiek suspertu egin dira pandemiarekin (esaterako, industria-enpresa askok erabaki dute osasun sektorerantz dibertsifikatzea), eta indartu egin beharko ditugu etorkizunean, gorago aipatutako helburuak lortzeko.
Laguntza-sarea eta programa espezifikoak enpresa ekintzaileentzat
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk, lankidetzan arituz BIC zentroekin, gidaliburu hau eskaintzen diegu euren DNA ekintzailea aktibatu edota indartu nahi duten enpresei.
Orrialde hauetan jasota daude ekosistemako erakunde eta eragileok industria-enpresei eskaintzen dizkiegun laguntza, programa eta zerbitzu guztiak, gure industriaren etorkizunerako hain garrantzitsua den erronka honi ekin diezaioten. Zehazki, Barnekintzaile programa berria nabarmendu nahi dugu, Eusko Jaurlaritzatik–SPRItik sustatzen duguna enpresa-negozio berriak etengabe eta sistematikoki aztertu eta sortzeko.