Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Albisteak 21 uztaila, 2021 Start up up euskadi

Surf Irekia, pertsona orok olatuez disfrutatzeko teknologia irekiak

3DLan-en presidentea den Alberto Martínezek eta erakundearen sekretaria den Egoi Azkarragak prozesua eta dagoeneko hasi diren lehenengo klaseak nolakoak izan diren azaldu digute
surf irekia

3DLan erakundeak eta Barrika Surf Camp eskolak Surf Irekia sortu dute, mugikortasun gutxiagotua duten pertsonak kirol honetara erakartzeko proposamena. Ekimen honek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren babesa ditu, eta Bizkaiko gutxiagotasun erakunde nagusiek partehartzen dute. Proiektua 3D inpresioen laguntzaz taula egokituak diseinatu eta egokitzean datza. Gutxiagotasun fisikoak nahiz intelektualak dituzten pertsonentzako beharrezkoak diren protokoloak sortu dituzte, surfaz segurtasunez disfruta dezaten.

 

Nola sortu zen Surf Irekia eratzeko ideia?

Egoi Azkarraga: Proiektua Ocean Living Lab programan sortu zen. GAIA eta Beaz-ek 2019an antolatutako bootcamp honetan, itsasoari lotutako nazioarteko startupek partehartu zuten. Hauen artean Barrika Surf Camp zegoen, surf barnerakoia lantzen hasi zen eskola. Material egokitua lortzeko zailtasunak zituztenez, partehartzea proposatu ziguten, itsasoaren esperientzia pertsona gehiagorengana hedatu asmoz.

Alberto Martínez: 3DLan enpresak, bereziki teknologia libreen bidez, mugikortasun gutxiagotua duten pertsonen autonomia errazten lan egiten du, eta gure lanaren ildoetako bat kirol barnerakoia da. Printzipioz, egokitutako taula osatzeko ideia genuen, baina gero proiektu handiagoa planteatu genuen, soilik materiala sortu beharrean, surf saio baten esperientzia osora egokitzea bururatu zitzaigun.

 

Zein puntutan dago zuen lana?

Egoi: lehenbizi, ikerketa bat egin genuen. Surf egokituaren arloan dagoeneko lanean ari diren proiektuekin harremanetan jarri ginen, hala nola Galesko Surfability , Brasilgo Cisco Araña, haiek egindako lanetik ikasteko. Honez gain, mugikortasun gutxiagotua duten pertsonen erakundeei entzun genien mugak non dauden jakiteko; batzuetan mugak fisikoak dira, baina beste batzuetan, ezezagunarekiko beldurrari lotuta daude.

Alberto: Orain bi prototipo ditugu. Britainia Handitik aulkiak ekarri genituen eta probak egiten ari gara hainbat ainguraketarekin. Elkarrekin egiten den sorkuntza-prozesua denez, erabiltzaileekin, erakundeekin eta profesionalekin lan egitean oinarritzen da. Honek laguntza handia ematen digu, benetako beharrizanak ezagutzen laguntzen gaituelako. Gainera, Abad estudioarekin lan egiten ari gara taula diseinatzeko. Denok eman behar dugu geure ekarpena saioak ahalik eta seguruenak izan daitezen.

 

Esperientzia osoa dela diozue, egokitutako materialetatik haragokoa. Horekin zer esan nahi duzue?

Egoi: Gure lan-eredua pertsona erdigunean kokatzean datza. Hortaz, lehenbizi pertsona ezagutu behar dugu, zein gutxiagotasun duen eta zer eragin duen jakin.

Gero metodologia eta zerbitzua eskaintzeko kontuan hartu behar diren protokoloak lantzen ditugu, jarraigoa oso bestelakoa izan daitekeelako ezgaitasuna fisikoa bada, ala TEA bada, adibidez. Material egokituei dagokienez, ahalik eta moldagarrien izan behar dute, gutxiagotasuna oso anitza delako eta beharrizanak kasu batetik bestera aldatu egiten direlako.

Azkenik, giroari dagokionez, ezin da egon uretara iristeko eragozpen fisikorik. Egokitutako taula diseinatzeaz gain, kontuan hartu beharreko gauza asko dituen prozesu konplexua da.

 

Klaseak hasi berri dituzue; nolakoa izaten ari da esperientzia?

Egoi: Hogei bat klase eman ditugu, gehienbat adimen ezgaitasuna duten pertsonei. Klase hauetarako garatu dugun metodologiak taulak berak baino garrantzia handiagoa du. Oraintxe hasi dugu fase berri bat ezgaitasun fisikoa duten pertsonei, eta material egokitua probatzen ari gara.

Alberto: probatu duten lehenengo pertsonak oso pozik daude, aurpegiak ikus dakieke ze ondo pasatzen duten uretan. Haien iritzia oso ona izan da lehenengo unetik, erakundeetara hurbildu eta proposamena egin genienetik, haientzat ekintza gehiago egiteko aukera baita.

 

Irailean surf barnerakoiaren nazioarteko kongresua antolatuko duzue. Nolakoa izango da?

Alberto: Gure asmoa nazioarteko esperientziak surf barnerakoira ekartzea da. Hala, ezagutzak partekatu ahal izango ditugu, eta haiek kontatutakoaz ikasi. Gauza bera egingo genuke Surf Irekiarekin; alegia, erakundeek, eskolek kirolariek eta beste hainbatek ere parte har dezaten. Ikasitakoa partekatu, arazoak adierazi eta konponbideak azalduz.

Egoi: Uda honetan lan handia dugu aurretik. Konponbideak kontrastatu ahal izango ditugu, eta guzti hau partekatu egin nahi dugu. Kongresua antolatzeko idea gardentasunari lotua da. 3DLan-en beti modu irekian lan egiten dugu, geure sorkuntza eta emaitza oro partekatuz, gure ezagutzak pertsona gehiagok jaso ditzan.

 

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?