Euskadi nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia izango da Europan, Hidrogel Adimendunak sortzeko Proiektu Eraldatzaileari esker
- Kualifikazio handiko zuzeneko 232 lanpostu eta zeharkako 370 lanpostu sortuko dira. 602 enplegu berri izango dira guztira.
- Proiektua i+Med enpresak gidatuko du, 10 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 5 ETEak izango dira), eta Basque Health Cluster izenekoaren laguntza izango du.
- Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 9 zentro teknologiko eta eragile inplikatuko ditu, GAIKER FUNDAZIOA eta CIC BIOMAGUNE buru direla.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik “Nanomedikuntza Pertsonalizaturako Hidrogel Adimendunak” proiektu eraldatzailea aurkeztu du gaur goizean Arabako Parke Teknologikoan, i+Med enpresa kooperatiboaren egoitzan, eta Euskadi 2030 Industria Planetik sortutako oinarri industrialeko hirugarren proiektua da. Asmo handiko proiektu biofarmazeutikoa da, osagai aktibo farmakologiko, biologiko eta genikoen aplikazio biosanitarioetarako hidrogel adimendunak garatzera eta industrializatzera bideratua.
Proiektu Eraldatzaile hori abian jartzean, sare biofarmazeutiko aurreratu bat egituratu ahal izango da haren inguruan, Euskadi Europan nanomedikuntza pertsonalizatuko erreferentzia bihurtuko duena.
Ekitaldia proiektuan parte hartzen duten enpresa, ETE, zentro teknologiko eta klusterren arduradunen aurrean egin da, eta bertan izan dira, Mikel Jauregi sailburuarekin batera, i+Med enpresako CEO Manu Muñoz, Arabako Garapen Ekonomiko eta Jasangarritasuneko foru-diputatu Saray Zarate, Teknologiako, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarain, Zientzia eta Berrikuntzako sailburuorde Adolfo Morais, VIVEBiotech-eko arduradun Gurutz Linazasoro eta RPK-ko arduradun Eduardo Melón, besteak beste.
Mikel Jauregi sailburuak adierazi duenez, “biosanitarioa HAZI sektorea da, hazten ari den sektorea, eta etorkizunean trakzio-potentziala du, Euskadi 2030 Industria Planaren barruan. Urte askotako lanari esker, abangoardiako ikerketa industriarekin lotzen duen sare bat sendotzea lortu dugu Euskaditik”.
“Hidrogel adimendunetan Transformatzeko Proiektu hau – adierazi du – gure zientzia, teknologia eta industriaren batasunaren adibide bat da, industria sare berria sortzeko elkartzen baitira. Proiektu handi bat, gure industria txiki eta ertainaren oinarritik sortua, euskal industria biosanitarioa hurrengo mailara bultzatuko duena eta Euskadi Europako erreferente bihurtuko duena nanomedikuntza pertsonalizatuan”.
I+Med enpresako CEO Manu Muñozek adierazi duenez, “etorkizuneko medikuntza nanomedikuntza pertsonalizatua eta doitasunezkoa izango da, eta gaur egun, Smart Hydrogels for Personalized Nanomedicine proiektuaren bidez, oinarriak jartzen ari gara Euskadi munduko erreferentzia-puntu izan dadin bere I+Garen garatzaile gisa, nanomedikuntza horren fabrikatzaile gisa eta haren azken erabiltzaile gisa. Balio-kate biosanitario horrek guztiak bermatzen du proiektu eraldatzailearen arrakasta”.
VIVEBiotech-eko Gurutz Linazasorok ziurtatu duenez, “proiektuak bektore lentibiralak produzitzeko plataforman berrikuntzak egiteko aukera emango dio VIVEri, baita ekosistema biosanitarioa indartzeko aukera ere, nanomedikuntza pertsonalizatuaren inguruko egungo eta etorkizuneko lankidetzen bidez. Gainera, gure ustez, herrialde-proiektu bat da, abangoardiako osasunerako terapia aurreratuak transferitzeko teknologien inguruko bikaintasuneko industria-polo baten hazia, Europan Biotech Act delakoan gauzatzen den industrializazio-estrategiaren ildotik. Azken batean, euskal industria bioteknologikoaren erakusleiho bikaina da”.
Azkenik, RPK-ko Eduardo Melónek azpimarratu duenez, “proiektuari esker, RPK-k aurre egin ahal izango die presentzia globala duen eta automobilgintza-sektoreari hertsiki lotuta dagoen teknologia-maila handiko industria-kooperatiba gisa gailu medikoetarako osagai aurreratuen fabrikazio-dibisioaren barruan sektore biomedikorako dibertsifikazioa bultzatzeko dituen erronkei. Gainera, sinergiak bultzatzeko eta Euskadin dauden industria-ahalmen handiak baliatzeko indarrak batzen dituzten enpresen eta erakundeen arteko lankidetzaren adibide garbia da proiektua.
20 urtetik gorako zientzia eta ezagutza aurreratua Euskadin
Proiektu eraldatzaile honek 72 milioi euroko hasierako inbertsioa ekarriko du datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 28 milioi euro inguru I+Gra eta teknologiaren garapenera bideratuko dira.
Proiektua I+Med enpresak gidatuko du trakzio-industria gisa, eta kualifikazio handiko zuzeneko 232 lanpostu eta zeharkako 370 lanpostu sortuko dira 2026-2028 aldian. Guztira, 602 enplegu berri sortuko dira. Proiektuak 10 enpresa trakzionatuko ditu (haietako 5 ETEak izango dira), eta Basque Health Cluster izenekoaren laguntza izango du.
Terapia pertsonalizatuetarako berezko gaitasun terapeutikoak dituzten hidrogel adimendunak sortzeko teknologia berrien garapenak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) 9 zentro teknologiko eta eragile inplikatuko ditu, GAIKER FUNDAZIOA eta CIC BIOMAGUNE buru direla.
Euskadin 20 urte baino gehiagotan zientzia eta ezagutza aurreratua bultzatu izanari esker, irudi molekularraren eta erradiofarmakoen inguruko gaitasun paregabeak, nanoegiturak eta biomaterialak garatzearen bidez ikerketa aurreratua eta industria lotzen dituen sare bat finkatu da. Ezagutza hori guztia, Europako proiektuetan izandako parte-hartze sendoarekin eta funts lehiakorrak lortzeko lidergoarekin batera, industria-ehunera transferitzen da etengabe.
Horrek industriarekiko lankidetza eta gizartean benetako eragina duten soluzio berritzaileen sorkuntza errazten du, hala nola hidrogel adimendunena. Errealitate horri esker, Euskadiko industria bere eraldaketa bizkortzen, balio erantsi handiko sektore teknologiko eta biomedikoetan duen posizionamendua sendotzen eta lehiakortasuna handitzen ari da.
Eusko Jaurlaritzak laguntza-neurrien sorta bat jarri du proiektu eraldatzaileen eskura (dauden programak eta tresnak, eta berriak).
Euskal industria biosanitarioaren ahalmena
Euskal industria biosanitarioak ia 300 enpresa biltzen ditu. 1.160 milioi eurotik gorako fakturazioa du, eta zuzeneko 6.000 lanpostu inguru ditu Euskadin.
Industria horrek erresilientzia eta hazkunde iraunkorra dituela erakutsi du Euskadin hasi zenetik. Industria biosanitarioak 2015-2024 aldian enpresa kopuruan, diru-sarreretan eta zuzeneko enpleguetan izan duen hazkunde-ratioak (% 60, % 187 eta % 151, hurrenez hurren) industria horrek Euskadin duen ahalmen handia islatzen du. Datu horiek oso garrantzitsuak dira. Izan ere, sektore horretako euskal enpresen erdiek 10 urte baino gutxiago dituzte, eta startup gehienak produktuaren garapen-faseetan daude.
Testuinguru horretan, i+Med enpresako Proiektu Eraldatzailea jauzi kualitatibo berri bat da euskal industria biosanitarioaren garapenean, eta nanomedikuntza pertsonalizatuko jarduera-zentro gisa kokatzen du Euskadi.
Proiektu eraldatzaileak: 232 milioi euroko inbertsioa eta 1.902 enplegu
Orain arte, hiru Proiektu Eraldatzaile aurkeztu dira, 232 milioi eurotik gorako hasierako inbertsioa dakartenak; haietatik, 123 milioi euro I+Gra eta garapen teknologikora bideratzen dira.
Hiru proiektuetan, kalitatezko 1.902 lanpostu baino gehiago sortuko dira datozen urteetan. Eta euskal industria-ehuneko beste 40 enpresa —gehienak ETEak— trakzionatuko dituzte, herrialdeko zentro teknologikoen laguntzarekin.
Joan den otsailaren 16an eta 26an, lehen bi proiektu eraldatzaileak aurkeztu ziren: “Euskadiko abiazio jasangarri eta lehiakorrerako motor aeronautikoko arkitektura berriak” izenekoa eta ROBOOST proiektua, hurrenez hurren.
Lehenengoa, ITP Aero buru duena, Euskadik, trantsizio energetiko eta digitalean oinarrituta, etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berrien arloan rol garrantzitsua betetzeko asmoarekin sortu da. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta, haietatik, 60 milioi euro baino gehiago I+Gra eta teknologiaren garapenera bideratuko dira. Proiektuak 800 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 600 enplegu—.
Bestalde, ROBOOST proiektuak 50 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta, haietatik, 35 milioi euro baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Ekimenak 500 lanpostu sortzea ekarriko du —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300 enplegu—, eta euskal industria-ehunaren nazioarteko lehiakortasuna indartzen lagunduko du. Proiektu Eraldatzaile horri esker, Euskadi erreferentziazko eragilea izango da nitxo emergente batean, hots, robotika sendoan eta doitasunezkoan.