EAEko 133 ETEk % 35eko kenkari fiskala izango dute sozietateen gaineko zergan, 2025ean teknologia garbietan inbertitzeagatik
- Eusko Jaurlaritzak industria lehiakorrago eta jasangarriago bat sustatzeko diseinatutako fiskalitate berdeko tresna bat da
- 31 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin da teknologia garbietan
- Urtean berotegi-efektuko 3.500 tona gas isurtzea saihesten dute eskuratutako teknologiek
Teknologia Garbien Euskal Zerrenda fiskalitate berdeko tresna bat da, Eusko Jaurlaritzak Ihobe, SPRI eta EEE erakunde publikoen bidez sustatua. Hala, zerrenda horretako teknologiak eta materialak erosten dituzten enpresek ekipoaren inbertsio-kostuaren % 35 ken dezakete Sozietateen gaineko Zergaren kuotaren gainean. Helburua Industria lehiakorragoa eta jasangarriagoa sustatzea da, eta, aldi berean, ingurumen-inpaktu txikiagoa duten ekipoak erostea bultzatzen da.
Hori ezarri izanari esker, EAEko 113 ETEk 2025ean Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenean eskuratutako ekipoen zenbatekoaren % 35eko kenkari fiskala lortu dute. Zehazki, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailak 253 enpresaren eskaera jaso zuen iaz, Zerrendaren abantaila fiskalez baliatzeko, eta horietatik % 93 onartu ziren. Horietatik, 133 enpresa txiki eta ertainei zegozkien, eta 35 enpresa handiei.
Lurraldeen arabera, eskaera gehienak Gipuzkoatik egin ziren (% 36,3), ondoren Bizkaitik (% 33,2) eta azkenik Arabatik (% 30,43). Gehien eskatu diren teknologiak energia-eraginkortasunaren esparruan daude.
Enpresei ekartzen dien onurez gain, Teknologia Garbien Euskal Zerrendak onurak sortzen ditu EAEko merkatuan eta bertako trantsizio energetiko eta klimatikoan; izan ere, 2025ean Zerrendako ekipoen inguruan egindako erosketak 31 milioi eurotik gorako inbertsioak ekarri zituen, eta, horren ondorioz, urtean berotegi-efektuko 3.500 tona gas baino gehiago murriztuko dira. Kopuru hori, gutxi gorabehera, urtebetean 160.000 zuhaitzek xurgatuko luketen karbonoaren parekoa da.
Zerrendak enpresentzako eskaintzen duen abantaila handienetako bat da —beste dirulaguntza eta laguntza publiko batzuen aldean— haiek jasotzeko eskaera eta ebazpena erraz eta azkar egiten direla. Onurak eskatzeko prozedura oso erraza da beste mekanismo batzuen aldean, eta horrek tresna hori bereziki erakargarri bihurtzen du ETEentzat.
Zerrendan 64 teknologia biltzen dira. Horietatik 11 energia berriztagarrien sektorekoak dira, 19 ekonomia zirkularrekoak eta 29 kutsadurarik eragiten ez dutenak. 2025ean erregistratutako eskaerak batez ere ekonomia zirkularrarekin, emisioen murrizketarekin eta energia-efizientziarekin lotutako teknologietan biltzen dira, industria deskarbonizatzeko eta baliabideen erabilera hobetzeko funtsezko esparruak baitira.
Zerrendaren hurrengo eguneratzea
2026ko bigarren seihilekoan, Teknologia Garbien Euskal Zerrenda berriro eguneratzea aurreikusi da. Horren bidez, barne hartutako teknologien kopurua eta irismena handituko dira, eta euskal industria-sektorearen trantsizioa bizkortzeko funtsezko tresna gisa duen eginkizuna indartuko da.
EEE, Spri eta Ihobe erakunde publikoek aldizka eguneratzen dute beren webguneetan zerrendarekin lotutako informazio guztia, baita aginte-koadro interaktibo bat ere. Koadro horrek eskaeren bilakaera, hauei lotutako inbertsioa eta lurraldearen eta enpresaren tamainaren araberako banaketa kontsultatzeko aukera ematen du.