Euskadiren industria-estrategia indartu du Pradalesek, deskarbonizazioaren eta autonomia estrategikoaren aldeko apustu irmoaren bidez
Imanol Pradales Lehendakariak Petronorren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarekin batera. Bertan, konpainiako arduradunak ere izan dira. Bisitan, lantegiaren funtzio estrategikoa nabarmendu du Lehendakariak eta, hala, azpimarratu ditu Euskadiko ongizate-sistemari eusteko egin duen ekarpena eta egungo industria- eta energia-eraldaketaren testuinguruan duen garrantzia.
Proiektu hauek aurkeztu dira, besteak beste: Deskarbonizazio Huba, CO2 emisioak eraikuntzarako material erabilgarri bihurtzeko, eta 10 MW-eko elektrolizagailua. Azken gorri dagokionez, Eusko Jaurlaritzak eta Petronorrek zuzenean hartzen dute parte, eta erregai sintetikoen instalazioa hidrogeno eta oxigeno berriztagarriz hornituko dute. Halaber, Lehendakariak 100 MW-eko elektrolizagailua eraikiko den lekua ezagutu du; findegiaren etorkizunerako funtsezko azpiegitura izango da. Proiektuak 292 milioi euroko inbertsioa izango du, teknologia europarra erabiliko du eta, aurreikuspenen arabera, 2029ko lehen seihilekoan jarriko da martxan.
Pradalesek adierazi duenez, Europa mailan subiranotasun estrategiko handiagoa garrantzitsua da, bereziki industria arloan, eta deskarbonizazioa, lehiakortasuna eta autonomia energetikoa nola uztartu erakusteko adibidetzat hartu du Petronorren proiektua. Ildo horretan, iragarri duenez, 2,5 MW-eko elektrolizagailuarekin batera —dagoeneko findegian lantzen den hidrogeno berdearen ekoizpen-unitatea— eta 10 MW-eko elektrolizagailuarekin batera —eraikitze-fasean dago—, 100 MW-eko elektrolizagailua martxan jartzen denean aukera emango du gas naturaletik sortutako hidrogenoaren zati bat elektrizitate berriztagarriarekin sortutako hidrogenoarekin ordezteko. Hala, urtean 167.000 tona CO2 isurtzea saihestuko da, eta Euskadiren deskarbonizazio industrialeko estrategia indartuko da, Europako helburuekin bat etorrita. Ekoiztutako hidrogeno berdea findegiaren barne kontsumorako erabiliko da batez ere, hidrogeno konbentzionala zati batean ordezkatuta.
Lehendakariak azaldu duenez, proiektu honek energiaren eta industriaren sektorea eraldatzen lagunduko du: erregai fosilekiko mendekotasuna murriztuko da, merkatu berri bat sortzen lagunduko du, kostuak murriztuko ditu eta energia biltegiratzeko aukera emango du. Horrez gain, Petronorren ekoitzitako hidrogenoa ez da findegian bertan bakarrik erabiliko, hainbat industria- eta mugikortasun-erabiltzaileri ere banatuko zaie, teknologia-parkeei eta industria-plataformei hodi bidez emango zaie, eta hidrogeno berdeaz bultzatutako garraio astuneko ibilgailuak hornitzeko balioko du.
Ildo horretan, Pradalesek azpimarratu du halako ekimenek Euskadiren subiranotasun energetikoa indartzen dutela, atzerriko herrialdeekiko mendekotasuna murrizten dutelako eta baliabide berriztagarri propioak aprobetxatzen direlako. «Europak egun duen erronka izugarria da: gure industria eta garapen-eredua ahalik eta azkarren deskarbonizatu behar ditugu, eta hori, gainera, lehiakortasuna galdu gabe», adierazi du. Haren hitzetan, helburua da deskarbonizazio adimenduna egikaritzea. Prozesu horretan jokoan daude milaka pertsonaren enplegua, gizarte-kohesioa, aurrerapen teknologikoa eta ingurumen-oreka, baita kontinentearen autonomia estrategikoa ere.
Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bidez, 10 MW-eko elektrolizagailua garatzen laguntzen du. Halaber, Eusko Jaurlaritza zenbait ekimen lantzen ari da, eta horiek Euskadi 2030 Industria Planarekin lerrokatutako Proiektu Eraldatzailearen parte izango dira.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzari dagokion erantzukizuna gain hartzeko eta Europak markatutako ibilbide-orriaren lehen lerroan kokatzeko konpromisoa berretsi du Lehendakariak eta «industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago» estrategian oinarrituta, «Europa gehiago eta hobea» eraikitzeko asmoz.