Panelfisak, automobilgintzarako finkatze-elementuetan enpresa adituak, negozioa Europan eta Ipar Amerikan bultzatu du
Panefilsa Tolosako kooperatiba bat da, eta automobilgintzarako hotzeko estanpazio bidezko finkatze-elementuak garatzen eta fabrikatzen ditu. Nazioartekotze-tasa handia du (salmenten % 80 esportazioak dira), eta bere merkatuak Ipar Amerikan eta Europan indartzearen alde egin du. Horrekin lotuta, SPRI Taldeak Renove Smart Industry programaren bidez emandako laguntza jaso du Tier 1 bezero bati zuzendutako balaztatze-sistemetarako segurtasun-pieza bat eraldatzeko prozesua hobetzeko.
Proiektuak lehengaiak eta kostuak aurrezteko aukera ematen du, planteatutako prozesu-aldaketari esker. Aldaketa horrek mekanizaziotik hotzeko estanpaziora pasatzea eskatzen du, eta 1,5 milioi euroko inbertsioa egin da proiektu horretan. Proiektu honetarako ere SPRI Taldearen laguntzak jaso zituzten 2023an, orduko Innobideak programatik.
Egoitza nagusia Tolosan duen enpresa honek 100 urte baino gehiagoko historia du. 2011n, kooperatiba Ner Group taldean sartu zen (2009an lan-harremanetarako estilo berriarekin sortutako Euskadiko hamabost enpresa inguruk eratutako elkartea). 2015ean ireki zuen atzerriko lehen fabrika, Mexikon.
Beste mugarri garrantzitsu bat 2014an gertatu zen: geometria konplexuagoko pieza teknikoak sartu zituzten produkzioan, “gamaren anplitudea mantenduz, fabrikazio estandarretik hasi eta balio erantsi handiagoko piezetaraino”, azaldu du konpainiako komunikazio arloko arduradunak.
Enpresak finkatze-elementuak eskaintzen ditu automobilgintzarako, serie luzeetan eta “produktibitate handian, eta horrek abantaila ekonomikoak bermatzen dizkie bezeroei”. Produktu nagusiak honako hauekin lotutako aplikazioetarako dira: eserlekuak, haizetako-garbigailuak, argiztapena, sistema termikoa, ixteko sistemak eta bandak, eta ibilgailuaren tren motorra.
Enpresaren bezeroak automobilgintzakoak bakarrik dira, baina abantaila handi bat dute: dimentsio handia eta lantegiei eta aplikazioei dagokienez aniztun handia eskaintzen dute. “OEM fabrikatzaileak eta Tier 1 hornitzaileak dira: Volkswagen, Valeo, Bosch, Edscha eta Lear, besteak beste”.
Bertako produkzio-eredua
Tolosan eta Mexikon dituzten fabrikez gain, Bartzelonan, Alemanian, Polonian eta Taiwanen ere badute presentzia logistikoa eta komertziala. “Bertako produkzio-ereduaren aldeko apustua egiten dugu. Tolosatik Europara hornitzen dugu, eta Celayatik (Mexiko) Ipar Amerikara”. Bi lantegien arteko proiektu partekatuen alde ere egiten dute. Frantzian, Estatu Batuetan, Polonian, Alemanian eta Mexikon saltzen dute gehien.
Enpresak 190 langile ditu, eta 2027rako 40 milioi euro fakturatzea aurrez ikusten da (iaz, berriz, 35 milioi fakturatu zituen).
2023tik inbertsio handiak egin dituzte, zehazki, 5,3 milioi euro garapenerako eta berrikuntzarako, ekipoen erosketarekin eta digitalizazioarekin lotuta. “Aurten, berriz, milioi bat euroko beste inbertsio bat dugu aurrez ikusita”.
Jasangarritasuna funtsezkoa da enpresaren negozioan, eta, konpromiso hori indartzen duten mugarri hauek azpimarra ditzakegu: “SBTI nazioarteko zigilua dugu, gure emisio-murrizketak irizpide zientifikoetan oinarritzeko eta OEMen eskakizun gero eta handiagoei sendotasunez erantzuteko”. Ikuspegi estrategiko hori osatzeko, pertsonak oinarri dituen filosofia du, hiru ardatzetan finkatuta: lerrokatzea, talde-lana eta etengabeko ikaskuntzaren kultura.
Berdintasunaren aldeko bere apustua benetakoa da; izan ere, enpresan lan egiten duten emakumeen % 50ek lidergo-postuak ditu. Bestalde, “irabazien % 5 gizarte-ekintzetara bideratzen dugu eta pertsona bakoitzak bere laneko denboraren % 2 arte ekintza horietara bideratzen du Ner Groupen bidez”.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei aukera ematen die bere kanaletan jardueraren berri emateko. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.