Euskadik aurrera egin du WOMEXen fase operatiboan enpresen nazioartekotze-estrategian berdintasuna sustatzeko
Genero-ikuspegia euskal ETEen nazioartekotzean lehiakortasunerako palanka estrategiko gisa txertatzea da WOMEX – The role of women in the competitiveness of exporting SMEs- proiektu europarraren helburu nagusia. Testuinguru horretan, Bilbon egin da Euskadiko Eskualde Taldearen bigarren bilera hilabete honetan. Basque Trade & Investment (BasqueTrade) SPRI taldean integratutako euskal enpresa nazioartekotzeko agentziak sustatu du foroa, eta euskal ekosistemako enpresa-, erakunde-, akademia- eta elkarte-esparruetako eragile nagusiak bildu ditu.
Euskadik dituen erronkak eta ekimenak identifikatzera bideratutako lehen saio baten ondoren, bigarren topaketa honek fase operatiboago baterantz aurrera egitea ahalbidetu zuen. Bileran, WOMEXen aurrerapen nagusien berri emateaz gain, “Talentua euskal enpresa esportatzailean” azterlanaren emaitzak aurkeztu ziren.
Parte hartu zuten erakundeek beren esperientziatik abiatuta kontrastatu zituzten datu horiek; ariketa horri esker, eskualdeko diagnostikoa aberastu eta euskal ekosisteman eragina duten jarduera-ildoak lehenetsi ahal izan zituzten. Hori guztia funtsezko urratsa da lurraldeko enpresa esportatzaileen lehia-posizioa indartuko duten neurriak definitzeko.
Era berean, topaketak 2026ko urrian Euskadin egitekoa den Interregional Policy Learning Event (IPLE) ekitaldiaren datak eta eduki-proposamena zehazteko balio izan zuen. Hitzordu hori WOMEX proiektuaren mugarri estrategikoetako bat izango da, eta haren antolaketa zehatza Eskualdeko Taldearen hurrengo bileran landuko da.
WOMEX-i buruz
WOMEX Interreg Europe programa europarrak kofinantzatutako ekimena da; 1.738.950 euroko aurrekontua du eta lau urteko iraupena (2025-2029). Basque Trade & Investment buru dela, proiektuan beste zortzi bazkidek parte hartzen dute, honako herrialde hauetakoak: Katalunia, Austria, Hungaria, Polonia, Serbia eta Lituania. Proiektuaren helburua da Europako enpresa txiki eta ertainen nazioarteko lehiakortasuna bultzatzen duten politika publikoetan eta zerbitzuetan genero-berdintasuna txertatzea, eskualdeen arteko lankidetza baliatuz.