Eusko Jaurlaritzak abian jarri ditu gaur egungo muga-zergen egoerari erantzun publiko-pribatua emateko lehen 3 mahai sektorialak

Lehentasunezko hiru sektoretan egingo dira: siderurgikoa, fabrikazio aurreratua eta automobilgintza
-
    • Mikel Jauregi sailburuak abian jarritako neurrien lehen ondorioak eta egoera berriak euskal industrian duen eraginaren analisia aurkeztu ditu.

     

    Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak —prentsaurrekoan izan dira berarekin Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordea, Jon Ansoleaga SPRI Taldeko zuzendari nagusia eta Nagore Bonilla Basque Trade & Investment-eko zuzendari nagusia—Imanol Pradales Lehendakariak iragarritako mahai sektorialen egutegiaren berri eman du gaur. Mahai sektorialetan gaur egungo muga-zergen egoerari eman beharreko erantzun publiko-pribatua eta horrek euskal industrian duen eragina aztertu, eztabaidatu eta koordinatuko dira. Industria Defendatzeko Taldearen lan-testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak sektorekako entzute-plan honi ekin dio, eta, horretarako, Ipar Amerikako muga-zergen eraginari buruz egin duen analisia eta informazioa partekatuko ditu.

    Eusko Jaurlaritzak hilabeteak daramatza lanean enpresekin, enpresa-elkarteekin, klusterrekin, foru-aldundiekin eta merkataritza-ganberekin batera, Donald Trumpen Administrazioak ezarritako muga-zergek euskal ekonomiaren hainbat sektoretan eragiten dituzten ondorioei aurre egiteko. Apirilean, zuzeneko laguntzen eta abalen bidez, 2.100 milioi eurotik gorako ezkutu komertziala adostu zuen Industria Defendatzeko Mahaian, enplegua eta euskal industriako sektore kaltetuenetako enpresak babesteko.

    AEBen eta EBren arteko merkataritza-hitzarmena argitzen doan heinean, dagoeneko posible da analisi sektorialagoa egitea eta egoerak gehien eragiten dien sektoreak zehaztea, hala behar handiena duten industria-eremuetarako neurrira egindako laguntzak diseinatu ahal izatea.

    Helburu horrekin, mahai sektorialak deituko dira, Eusko Jaurlaritzak berak dagoeneko abian jarritako ekintzen jarraipena egiteko eta, batez ere, egoera berriak gehien eragiten dien sektoreen eta enpresen kezkak, interesak eta beharrak zuzenean ezagutzeko.

     

    Horretarako, sekore horiek lehenesteko irizpide batzuk zehaztu dira:

    • esposizio-bolumena, zuzeneko eragina
    • zeharkako eragina
    • beste merkatu batzuekiko muga-zerga erlatiboa
    • tokiko konpetentziarik baden

    Hala, mahai sektorial horiek sortzeko lehentasunezko 3 sektore identifikatu dira.

     

    • Sektore siderurgikoa:
      • Nazioarteko merkataritzak eragin handia du sektore siderurgikoan, eta garrantzi handia du Euskadiko esportazio-egituran. 261 milioi euro, esportazio siderurgiko guztien % 13 AEBra bideratzen dira.
      • 232. atalean % 50eko muga-zerga ezarriz gero, euskal enpresek lehiakortasuna gal dezakete. Horri gehitu behar zaio kuoten inguruan oraindik zabalik dagoen negoziazioak (TRQ) sortzen duen ziurgabetasuna eta, horrek, Ipar Amerikako merkaturako sarbide egonkorra baldintzatzen du.
      • Sektorea EAEko manufaktura-industriaren trakzio-jarduera denez, eta teknologiaren eta zerbitzu aurreratuen esparruetan duen eragina kontuan hartuta, beharrezkoa da eraginak aurreikustea eta arintze-estrategiak egituratzea, mahai sektorial honetatik koordinatuta.

     

    • Fabrikazio aurreratuaren sektorea:
      • Fabrikazio Aurreratuaren sektoreak lehentasuna du, EAEko kanpo-merkataritzan duen pisu estrategikoa dela eta. 272 milioi euro AEBra esportatzen dira, sektorearen esportazio guztien % 15.
      • Azken produktuak % 15eko muga-zerga badu ere, osagai askok % 50eko zerga dute 232. atalean, eta horrek arrisku gehigarriak sortzen ditu balio-katean eta nazioarteko lehiakortasunean.
      • Europako Batasunak arlo horretan duen posizioa beste lehiakide batzuena bezalakoa da, edo are hobea, eta AEBn tokiko industria gutxi egoteak mugatu egiten ditu barne-hornikuntzako aukerak, eta horrek indartu egiten du merkatu horren interes estrategikoa.
      • Horrez gain, sektorea intentsiboa da teknologiari eta ezagutzari dagokienez, eta beste industria-eremu batzuetan eta zerbitzu aurreratuetan eragiteko ahalmena du.

     

    • Automobilgintza:
      • Automobilgintzaren sektoreak, nahiz eta AEBrako zuzeneko salmentak sektorearen esportazioen % 3 baino ez izan, zeharka esposizio handia du, Frantziako eta Alemaniako hornidura-kateetan integratzen delako, horiek baitira AEBra Europatik ibilgailu gehien esportatzen dituztenak.
      • Automobilgintzak Europan egun bizi duen ahultasun-egoerak —ibilgailu elektrikoranzko trantsizioa, arautzeko presioak eta eskariaren dezelerazioa direla eta— areagotu egiten du EAEko sektorearen ahultasuna, Estatu Batuetako merkatuan sartzeko baldintzetan gertatzen ari diren aldaketak kontuan hartuta.
      • Ibilgailu bukatuentzako % 15eko muga-zergak, eta osagaietan aplikatzen direnak batuta, tokiko fabrikatzaileen eta USMCAko bazkideen lehia bizia indartu dezake, eta horrek arriskuak aurreikusteko eta egokitzapen-neurriak definitzeko jarraipen espezifiko eta koordinatuaren beharra areagotzen du.

     

    Lehenengo mahaia datorren astelehenean, hilak 15, egingo da, Euskadiko Parke Teknologikoaren Arabako egoitzan, Miñaon, eta Siderurgiari buruzko Mahai Sektoriala izango da. Hurrengo biak hilaren 22an eta 29an egingo dira, Automobilgintzari eta Fabrikazio Aurreratuari buruzkoak, hurrenez hurren, biak Bilbon.

    Azken batean, mahai sektorial erabat operatiboak jarri nahi dira martxan, eta, mahai horietan, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Ogasun sailetako arduradunak, hiru foru-aldundietako ordezkariak, mahai bakoitzari dagozkion klusterrak, merkataritza-ganberak, enpresa-elkarteak eta enpresa-eragile jakinetako ordezkariak egongo dira. Mahai horiek arinak izango direla eta akordio egiaztagarriak lortzea ahalbidetuko dutela ziurtatzeko, mahai bakoitzak gehienez 15 kide izango ditu.

    Mahai sektorialak aldian behin bilduko dira hasieran, baina ezohiko bilerak ere egin daitezke, salbuespenezko egoerak direla eta. Beharrezkotzat joz gero, gai espezifikoak jorratzeko lantaldeak eratu ahal izango dira.

     

    Eusko Jaurlaritzaren neurrien lehen ondorioak

     Aipatu den moduan, Eusko Jaurlaritzak hilabeteak daramatza lanean enpresekin, enpresa-elkarteekin, klusterrekin, foru-aldundiekin eta merkataritza-ganberekin batera, Donald Trumpen Administrazioak ezarritako muga-zergek euskal ekonomiaren hainbat sektoretan eragiten dituzten ondorioei aurre egiteko. Uda baino lehen, Eusko Jaurlaritzak, zuzeneko laguntzen eta abalen bidez, 2.100 milioi eurotik gorako ezkutu komertziala adostu zuen Industria Defendatzeko Mahaian, enplegua eta euskal industriako sektore kaltetuenetako enpresak babesteko.

    Neurri horietako bat berrikuntzaren eta produktu bereiziaren aldeko apustua zen, muga-zergen aldaketen aurrean erresilienteagoa baita. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak 27 milioi eurotan handitu du HAZITEK deialdia, guztira 120 milioiraino. Horri esker, aurkeztutako proiektuen % 77 lagundu dira, hau da, aurkeztutako 984 proiektuetatik 762. Horrela, Eusko Jaurlaritzak bete egin du Imanol Pradales Lehendakariak sustatutako Industria Defendatzeko Mahaian hartutako konpromisoetako bat. Zehazki, hasierako 93 milioi euroen aldean, programak 120 milioi izango ditu.

    Muga-zergen egoera berriak gehien eragin dien sektoreek, hala nola automobilgintzak, makina-erremintak eta siderurgiak, jaso dute aurrekontu-igoera horretan laguntza berezia; programaren dirulaguntza osoaren % 50 baino zertxobait gehiago jaso dute.

     

    Euskal industrian izandako eraginaren analisia

    AEBrako esportazioak 1.991 milioi eurokoak izan ziren 2024an, eta balio erantsi handiko produktuak izan ziren gehienak. Balio txikiko esportazio horiek guztiak ia bideraezinak dira merkatuaren ikuspegitik, % 15eko muga-zergak baitituzte. Eragin zuzena eta zeharkakoa kontuan hartuta (350 milioi euroko gainkostua, 700 milioi euro inguruko salmenta-murrizketa guztira), eragin handiena izan dezaketen industria-sektoreak siderurgikoa, makina-erreminta eta automobilgintza izango dira. Horiei mahastizaintza eta ardogintza sektorean duen eragina gehitu behar zaie.

    AEBko muga-zergen balizko eragin zuzenaren egungo egoeraren arabera, Euskadik AEBra egiten dituen esportazioek 349 milioi euro inguruko gainkostua izan dezakete.

    Eragindako produktuen salmentak % 22-27 inguru murriztuko direla kalkulatzen da, merkatuak ekoizpena birkokatzeko duen malgutasunaren arabera.

    Euskal enpresa askok Alemaniara, Frantziara edo Italiara esportatzen dituzte beren produktuak, eta han eraldatu eta AEBra bidaltzen dituzte gero. Helmugan % 15eko muga-zergak zeharka eragingo du hornikuntza-kate osoan, eta tenkatu egingo du ekoizpen globala.

    Guztira, salmentak 700 milioi inguru murriztu daitezke. Egungo input- eta output-ereduetan oinarrituta, agertoki berri horrek Euskadiko BPGa % 0,33 inguru jaistea eragingo luke.

     

Lotutako albisteak

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
29/05/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Ba al zenekien Euskadiko kluster politika mundu mailako erreferentzia dela eta Harvard-en aztertzen dela bere emaitza onengatik? Euskadiko kluster sistemak -duela hogei urte baino gehiago abiarazi zenak- bere baitan kontzentratzen ditu sektore ekonomiko eta estrategiko zehatz batekiko interesa partekatzen duten enpresa txiki eta ertainak, erakundeak eta unibertsitateak...

Mikel  Jauregi:  “Bilboko  Adierazpena  automobilgintza-sektore  europar  eta  jasangarriago  baten  aldeko  konpromisoa  da”

Mikel Jauregi: “Bilboko Adierazpena automobilgintza-sektore europar eta jasangarriago baten aldeko konpromisoa da”

Industriako sailburuak Automotive Regions Alliance (ARA) sarearen osoko bilkura inauguratu du gaur. Europar Batasuneko Eskualdeen Komitearen esparruan sustatutako sarea da, eta automobilgintzaren presentzia handia duten eskualdeak biltzen ditu. AIC-Automotive Intelligence Centerren egoitzan, Zornotzan, egin da bilkura

MITek,  Osalanek  eta  Ulmak  etorkizuneko  intralogistika  gizatiarrago  eta  eraginkorrago  nola  bihurtu  aztertuko  dute  Donostian
25/05/2026 Kluster politika

MITek, Osalanek eta Ulmak etorkizuneko intralogistika gizatiarrago eta eraginkorrago nola bihurtu aztertuko dute Donostian

Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatu du ikastaroa, EHUren Udako Ikastaroen bidez, eta automatizazioak lan-segurtasunean, ergonomian eta talentuaren erakarpenean duen eragina ikertuko du.

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
22/05/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Euskal ekonomiaren adimen estrategiko eta lehiakorraren arloko eragile aktibo, inplikatu eta trakziogileak dira: SPRI Taldeak 10 pertsonako lantalde baten bidez koordinatzen du Euskadiko Klusterren Dinamizaziorako Erakundeei laguntzeko programa, eta komunikazio irekia mantentzen du eurekin beren ekintza-planen jarraipena egiteko...

ArcelorMittal  Sestaoren  hazkundeak  industria-jarduera  bultzatzen  du  Euskadin

ArcelorMittal Sestaoren hazkundeak industria-jarduera bultzatzen du Euskadin

150 milioi euro inbertitu ondoren, planta prest egongo da 1,6 Mt ekoizteko gehienezko gaitasunera iritsi ahal izateko, eta 2008tik ez zen horrelakorik gertatzen

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
15/05/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Euskadiko klusterrek elkarrekin lan egiten dute, erronkak eta aukerak partekatuz, eta, aldi berean, lankidetzan aritzen dira helburuak garatzen laguntzen dieten enpresentzat. Energiak batu, biderkatuz hazi.

SPRIk  Eskualdeko  Garapeneko  Agentzien  26.  Foroa  antolatu  du
08/05/2026 Berrikuntza

SPRIk Eskualdeko Garapeneko Agentzien 26. Foroa antolatu du

Ekitaldia maiatzaren 13an eta 14an egingo da, Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudioko campusean

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
08/05/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Euskadiko klusterrek hainbat topagune eta lan-gune sustatzen dituzte sektore ekonomikoen eta haien joeren etengabeko analisia egiteko, enpresa elkartuekin erronkak partekatuz eta haien jarduera nazioarteko foro eta azoketan proiektatuz.

Makina-Erremintak  portaera  desberdina  izan  du  2025ean  Azpisektorearen  arabera,  eta  2026an  egoera  geopolitiko  aztoratuaren  eragina  jasaten  ari  da
06/05/2026 Kluster politika

Makina-Erremintak portaera desberdina izan du 2025ean Azpisektorearen arabera, eta 2026an egoera geopolitiko aztoratuaren eragina jasaten ari da

Automobilgintzak Mendebaldean bizi duen egoera korapilatsuaren aurrean, zenbait sektorek, hala nola aeronautikak, trenak, energiak edo defentsak, dinamismo handiagoko egoerak dituzte

Zure  sektoreaz  mintzo  gara:  Euskadiko  Klusterren  Pressclip-a
30/04/2026 Kluster politika

Zure sektoreaz mintzo gara: Euskadiko Klusterren Pressclip-a

Aldaketa estrategikoek, tentsio komertzialek eta hornikuntza-kateetako aldaketek markatutako testuinguru global batean, euskal clusterren jarduerak bizkortu egiten du Euskadiko sektore ekonomiko nagusietako enpresentzako aukerak eta baliabideak identifikatzea: enpresa-misioak, azokak, kongresuak, jardunaldiak, ikastaroak...

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.