Carlos Uraga Nantek
Ekintzailetza
Elkarrizketak 10 iraila, 2020

Carlos uraga, Nantek: Plastikoa erregai bihurtzen duen konponbidea

Euskal enpresa hau Emprendedor XXI Sarien irabazleen artean dago. Sariketa hauek Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatzen ditu SPRIren bidez.
-

Plastikoa beharrizan askorako konponbide ezin hobea da. Ostera, planetarentzako arazo larri ere bilakatu da, plastikozko hondakin gehienak ez baitira birziklatzen. Hala, ‘Nantek’-ek industriarako erakargarria eta errentagarria izango den birziklatze-prozesua garatzera ekin dio. Hain da errentagarria, ezen plastikoak erregai bezalako produktu bihurtzeko gai ere den.

Carlos Uragak, startuparen CEO eta fundatzaileak, azaltzen digu nola lortzen duten. Euskal enpresa hau Emprendedor XXI Sarien irabazleen artean dago. Sariketa hauek Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatzen ditu SPRIren bidez.

 

Plastikozko hondakinak saihestea Ingurunearen Sostengarritasunaren politika publikoen helburu nagusien artean dago. Zeintzuk dira planetaren sostengarritasunerako material honek dakartzan arazo nagusiak?

Gaur egun, plastikoaren egoera uste baino larriagoa da. Zabortegiek hogeita hamar urtean jaso behar luketen plastiko kantitatea hamar edo hamabi urteren buruan jasotzen dute. Zerbait egin beharko da planeta osoan garatzen den plastiko guzti honekin.

 

Zentzu honetan, nola eragin du COVID-19aren krisiak?

Pandemia honek plastiko are gehiago ekoiztea eragin du. Gizarteak supermerkatuko produktu gehiago kontsumitu ditu eta, gainera, elikagaiak babesteko beharrizan handiagoa da. Honez gain, polipropilenoz sortutako maskara kopuru itzela ekoiztu da. Krisi honek geure prozesuaren efikazia areagotu eta plastiko guzti hau birziklatzeko adore handiagoa eman digu.

 

Nola sortu zen Nantek aurrera eramateko ideia?

Nanoelementu eta agente erreaktibo zenbait ikertu ostean, plastikoa produktu petrokimiko bihurtzen duen erreakzioak (petrolisia) potentziala zuela ikusi genuen: ondorioz, Nantek sortu genuen. Nanoelementu erreaktibo hauen ikerketa eta garapenean oinarriturik, prozesuaren errendimendua hobetzeko gai ginela ohartu genuen. Hala, industriarako errentagarri bilakatu genezakeen.

 

Industriarako zuen proposamen hau zertan bereziki nabarmena?

Hondakin plastikoak produktu bilakatzen dituen pirolisiaren prozesua jada existitzen zen. Aldiz, ez du egundo izan behar bezalako errendimendua, eta ez da industriarako konponbideak emateko errentagarria. Gure prozesuak errendimendu hori areagotzen du eta tenperatura baxuagoetan lan egitea ahalbidetzen digu. Honela, etekin gehiago du kostuei dagokienez, eta ondorioz, aplikagarria da gaur egungo industriarako.

 

Noraino lagun diezaieke zuen konponbideak enpresei? Benetan al da prozesu errentagarria eta aplikagarria industriaren egunerokoan?

Azkenean, ekimen altruista hutsa beharrean, benetako eragina duen birziklapen prozesua egiteko, errentagarria izatea lortu behar duzu. Eta guk errentagarria izatea lortu dugu. Honenbestez, industria nahiz inbertsoreentzat erakargarria ez izateak zekarkigun hesi hori gainditu dugu. Holaxe lortu dugu prozesu hau epe luzerakoa eta eskalagarria izatea.

 

Zer-nolako bilakabideak lor ditzakezue plastikoaz?

Geure prozesuari esker, plastikoaz lortzen ditugun produktuek balio gehigarria dute industriarentzat. Hala, jatorri fosila ez duten produktu petrokimiko eta erregaiez hornitzen dugu. Ostera, bigarren bizitza duten produktuetan dute jatorria, eta hauexek erabili behar ditu industriak sostengarritasunerako.

 

Zuen prozesua industrian aplikatzeari dagokionez, zein zailtasun maila du?

Erabiltzen dugun ekipamendua diseinatzean, industriarentzat aplikatzeko erraza izatea izan da gure helburu nagusietako bat. Hau da: bagenekien ezin genuela konponbide konplexuegia garatu, honexegatik unitate modularrak garatu ditugu plastikoaren korronteak dauden guneetan instalatzeko. Unitateok transformatu beharreko material kantitatera egokitzen dira. Konponbide aplikatzen erraza izan behar zuen, eta horixe da lortu duguna.

 

Europar Batasunaren helmugetako bat ekonomia zirkularrago eta sostengarriagoa da. Nola lagun dezake zuen konponbideak eginbehar honetan?

Benetako ekonomia zirkularra lortzea da gakoetako bat. Produktuaren bizi-zikoa, honen berrerabiltzean, birziklapenean eta balioa handitzean oinarrituz. Nantek-en, ekonomia zirkularraren kontzeptua aplikatzen dugu plastikoaren zikloa erabat itxiz.

Material honen %20a baino gutxiago dabil ekonomia zirkular osoan, eta hauxe da konpondu nahi izan dugun arazoa, errausketa eta zabortegian metatzea saihesteko. Kontua ez da plastikoaren zati bat soilik birziklatzea, prozesua erabat ixtea baino.

Nantek-en ideia mundu osoan instalazioak egitea da, hondakin plastikoak benetan desagerrarazteko teknologia garatuz, material hau ez dezagun etsai izan. Kontrara: erreminta baliagarria bilakatzeko asmoa dugu, ozeanoen hondoan nahiz naturan geratuko ez dena. Jakina, kudeatzen eta haren balioa handitzen jakin behar dugu.

 

Noizbait plastikorik gabe biziko garela uste duzu?

Galdera oso zabaldua da hori. Pertsonalki, uste dut ez garela plastikorik gabe bizitzera iritsiko. Duela 50 urte hasi zen ekoizten, ororako konponbidea zelakoan. Denborak aurrera egin ahala, ikusi dugu ez dela hala, baina egia da industria askotarako eta erabiltzen ditugun produktu askotarako, plastikoa konponbiderik onena dela.

Berez, arazoa ez da plastikoa, hau gerora nola tratatzen den baizik. Produktu bikaina da, aplikazio askotarako propietate ezin hobeak dituena kostu oso baxuan. Alabaina, haren hondakina zuzenki kudeatzea lortu behar dugu.

 

Nola lor dezake gizarteak behar bezala kudeatzea? Zein da Administrazioa, enpresen eta gizartearen eginkizuna?

Administrazioak sustatu behar du enpresa publiko eta pribatuak prozesu honetan barneratzea. Gaur egun, konpainia pribatuen artean bada prozesu honetarako kontzientzia, erakunde publikoei esker. Hauxe da jarraitu beharreko dinamika.

Azken batean, enpresa pribatuak bere hondakina kudeatzen jakin behar du. Enpresa publikoek jada egiten dute, baina prozesua hobetu behar dute, eta sektore pribatura hedatu behar da.

Pertsonei dagokienez, plastikoa kudeatzeko, pertsona bakoitzaren kontzientzia ezinbestekoa da. Kontzientzia hau erakunde publikoek eragin behar dute, kontzientziazioa garatzeko beharrezko lanabesak erabiliz. Norbere buruari dagokionez, plastikoak banandu eta dagokien tokira birziklatzera eraman beharko genituzke.

 

Zergatik aurkeztu zineten EmprendedorXXI Sarietara, eta zer suposatu du zuentzat fase sektoriala irabazteak?

CaixaBanken EmprendedorXXI Sariak belaunaldi berriko proiektuak aintzat hartzen eta indartzen dituzten sariak dira. Caixabank bezalako entitate batek egiten ari garen lana bultzatzea, gure proiektuak etorkizunera begira ibilbidea duela suposatzen du gizartearentzat.

Epaimahaiak erabakia ematean, ez genuen uste irabazle izango ginenik. Agian finalistak, ez ordea, irabazleak. Hortaz, lehian zeuden 1.000 enpresen artean guk saria jasotzea ezusteko atsegina izan zen.

 

nantek logo

Lotutako albisteak

Erbi:  “Enpresa  askok  adimen  artifiziala  eskaintzen  dute  benetan  nola  aplikatu  jakin  gabe,  eta  horrek  nolabaiteko  mesfidantza  sortzen  du  merkatuan”
03/03/2026 Ekintzailetza

Erbi: “Enpresa askok adimen artifiziala eskaintzen dute benetan nola aplikatu jakin gabe, eta horrek nolabaiteko mesfidantza sortzen du merkatuan”

Gipuzkoako enpresak adimen artifizialean oinarritutako prozesuen automatizazioa bultzatzen du, enpresek eraginkortasuna hobetu, akatsak murriztu eta lan-karga handitu gabe hazteko aukera izan dezaten.

Glucovibes-ek  osasun  metabolikoa  farmakoen  mende  egon  gabe  hobetzen  laguntzen  duen  app  bat  garatu  du  Donostian
27/02/2026 Ekintzailetza

Glucovibes-ek osasun metabolikoa farmakoen mende egon gabe hobetzen laguntzen duen app bat garatu du Donostian

Euskal startupak adimen artifiziala, datu metabolikoak eta akonpainamendu profesionala konbinatzen ditu inflamazioa, obesitatea eta glukosaren kontrolarekin lotutako beste arazo batzuk saihesteko.

Berritzea  enpresak  eko-eraginkortasunean  oinarritutako  argiztapen  publikoa  garatzen  du
25/02/2026 Ekintzailetza

Berritzea enpresak eko-eraginkortasunean oinarritutako argiztapen publikoa garatzen du

Start-upak lehendik ezarrita dauden argiak LED soluzio eraginkor eta jasangarri bihurtzen ditu, eta ekonomia zirkularraren oinarriak aplikatzen ditu, haien balio-iraupena luzatzeko eta udalerrien hondakinak murrizteko.

Lasercoatek  industria-pinturaren  ordezko  alternatiba  jasangarri  bat  proposatzen  du  egitura  metaliko  handientzat
02/02/2026 Ekintzailetza

Lasercoatek industria-pinturaren ordezko alternatiba jasangarri bat proposatzen du egitura metaliko handientzat

Top101 Spain ekimenaren bigarren edizioan aitortutako euskal enpresak laser bidezko zeramika beiraztatzeko prozesu robotizatua garatu du, emisio kutsatzaileak ezabatzeko eta aktibo industrialen bizitza erabilgarria luzatzeko.

FLFk  atleten  kirol-errendimendua  hobetzeko  bi  produktu  berri  merkaturatuko  ditu  2026an
28/01/2026 Ekintzailetza

FLFk atleten kirol-errendimendua hobetzeko bi produktu berri merkaturatuko ditu 2026an

Bizkaiko startupak kirol-nutrizioaren eta osasunaren arloko elikagaien sektorean jarduten du, eta merkatuan duen presentzia sendotzea, ekoizpena eskalatzea eta berrikuntza bultzatzen jarraitzea du helburu.

Wrappers  AI,  adimen  artifiziala  ETE-entzat  egokitzen  duen  startupa
19/01/2026 Ekintzailetza

Wrappers AI, adimen artifiziala ETE-entzat egokitzen duen startupa

Bizkaiko enpresak ezagutza teknikorik behar ez duen plataforma intuitiboa eskaintzen du

Lagunbotek  adimen  artifiziala  enpresetara  eta  administrazioetara  hurbiltzen  du  prozesuak  eta  zerbitzuak  optimizatzeko
12/01/2026 Ekintzailetza

Lagunbotek adimen artifiziala enpresetara eta administrazioetara hurbiltzen du prozesuak eta zerbitzuak optimizatzeko

LEINNen sortutako startupak herritarren eta bezeroen arreta hobetzen duten AA soluzioen bidez eraldaketa digitala bultzatzen du.

IIndus3D  fabrikazio  aditiboan  aritzen  da,  eta  muturreko  abenturetarako  ibilgailuen  proiektu  berri  bat  garatzen  ari  da
08/01/2026 I+G+B

IIndus3D fabrikazio aditiboan aritzen da, eta muturreko abenturetarako ibilgailuen proiektu berri bat garatzen ari da

Gasteizko enpresak Ekintzaile programako SPRI Taldearen laguntza jaso du produktua 2026an merkaturatzeko

Vitrocaulis:  “naturaren  edertasuna”  biderkatzeko  landare-bioteknologia
08/01/2026 Ekintzailetza

Vitrocaulis: “naturaren edertasuna” biderkatzeko landare-bioteknologia

Luna Aspizua biologoa landare-ehunen in vitro hazkuntzan espezializatu zen, “benetan sinesten zuen” proiektu profesionala eraikitzeko: landare apaingarrien mikrohedapenean espezializatutako laborategia, enpresa, mintegi eta ekoizleei kalitate handiko, gaixotasunik gabeko eta aparteko ezaugarriak dituzten aleak eskaintzen dizkiena.

Welltech  Electronics  berrikuntzaren  bidez  lo  egiteko  modua  berrizten  du
29/12/2025 Ekintzailetza

Welltech Electronics berrikuntzaren bidez lo egiteko modua berrizten du

Bizkaiko enpresak zientzia, diseinua eta teknologia aurreratua uztartzen ditu, pertsonen atsedenaren eta bizitzaren kalitatea hobetzeko.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.