David Zorita, HA Ilarduyako CEOa
Berrikuntza
Elkarrizketak 22 abendua, 2025

HA Ilarduya, galdategietarako lehengaien hornitzaile liderra

Ehun urte baino gehiago bete ditu Zornotzako enpresa honek eta SPRI Taldearen Hazinnova programako laguntzak jaso ditu. HA Group multinazionalaren I+G arloko bederatzi zentroetako bat dago bertan.
-

HA Ilarduya ia 110 urteko ibilbidea duen eta Zornotzan kokatuta dagoen enpresa da. Galdategietarako lehengaien hornitzaile liderra da Iberiar penintsulan. Produkzio-azpiegitura propioa du eta, horri esker, galdategietarako produktuen gama zabalena eskain dezake. HA Group Alemaniako multinazionalaren baitan dago eta Zornotzakoa da Taldearen I+G arloko bederatzi zentroetako bat. Bizkaiko enpresak SPRI Taldearen Hazinnova programako laguntzak jaso ditu. Programak ETE-entzako doako aholkularitza espezializatua eskaintzen du haien negozioen berrikuntzarekin lotuta.

Ehun urte baino gehiago dituen enpresa hau 1918an sortu zen Bilbon Ilarduya y Cía izenarekin galdaketa-industriarako produktu osagarriak merkaturatzeko. Hasiera batean, honako lehengai hauekin egiten zuen lan batez ere: harea, ikatza edo harrikatza. “Pixkanaka-pixkanaka, produktu gehiago sartzen hasi zen, galdategi bateko edozein lehengairen hornitzaile integral bihurtzeko”, azaldu du David Zoritak, HA Ilarduyako CEOak.

Negozioa hazten joan zen eta, 1969an, gaur egun kokatuta dagoen tokira eraman zuten: Zornotzara. Une hartan bertan lortu zuten Huttenes Albertus (HA) lizentziaren baitan produktu kimikoak fabrikatzeko lankidetza-hitzarmena. Huttenes Albertus Alemaniako bi familiak osatutako multinazionala da. “Galdategietarako produktu kimikoak fabrikatzeko teknologia utzi ziguten. Jauzi esponentziala ekarri zuen horrek; izan ere, HA Group galdaketarako produktu kimikoen teknologian mundu mailako liderra da”.

Hala, negozio-eredua aldatu egin zen, arlo kimikoa eta metalurgia konbinatuta, “eta, ondorioz, galdategi batek funtzionatzeko behar duen ia guztia hartu genuen. Merkatuko produktuen gama zabalena lortu genuen horrela”.

Urte hartan bertan, 1969an, Alemaniako HA multinazionalak akzioen % 25 erosi zuen, eta 2014an % 100era igo zen partaidetza hori. “Baina tokiko kudeaketa eta kultura bere horretan mantendu dira. Finantzen aldetik oso sendoa den taldea balio eta kudeaketa familiarragoekin ondo nahastea lortu dugu. Horrek produktuen gama integrala mantentzea ahalbidetu digu”.

HA Ilarduyak produktuen bi lerro nagusi ditu. Arlo kimikoan, galdaketako erretxinak daude; horixe da produktu konplexuena. “Erretxinak produzitzeko ardura eta konplexutasun handia eskatzen duten produktuak dira, eta lehiatzeko garaian abantaila dugu. Izan ere, erreaktore propioak (edukiontzi bertikal handiak) dituzten operadore bakarrak gara. Horri esker, bezeroaren beharretara egoki gaitezke, eta malgutasuna eta hornidura bizkorra eskaini”. Erretxinekin batera, pintura erregogorrak eskaintzen dituzte galdaketa-moldeetarako eta aurrez estalitako hareetarako, hainbat sektoretarako: balbulak, txorrotak eta oil&gas.

Metalurgia

Bigarren lerro nagusia metalurgia da, eta hor daude ferroaleazioak, galdaketako hareak (kromita, olibinoa, magnetita edo bauxita, adibidez), urratzaileak eta elikadura-sistemak. “Ferroaleazioak azken produktuak behar dituen propietateak izan ditzan erabiltzen dira. Adibidez, ibilgailu batentzako balazta-disko batek harikortasuna izatea eta, aldiz, meatzaritzarako pieza batek behar adinako gogortasuna izatea.

Bezero gehienak sektore hauetakoak dira: automobilgintza, eolikoa, meatzaritza, eraikuntza, makina-erreminta eta balbulagintza. “Galdategiek beren produkzio-prozesuko etapa guztietan erabil ditzaketen lehengai guztiak ematen dizkiegu: moldaketa, galdaketa eta akabera, besteak beste. Eskaeraren arabera egiten dugu lan”.

61 langile dira guztira eta urteko fakturazioa 35 eta 40 milioi euro ingurukoa da. Mundu mailan liderra den multinazional batean sartuta dagoenez, merkatua Iberiar penintsulara, Afrika iparraldera eta Hego Amerikara mugatzen da.

I+G arloa ezinbestekoa da IHA Ilarduyarentzat. “Bi berrikuntza-geruza ditugu. Haietako bat Alemaniatik dator eta 120 laguneko laborategia du. Bertatik sortzen dira teknologia arloko gure hobekuntza guztiak. Bestetik, lehia-zentroa, instalazio pilotua, ere badugu. Bertan, industria-eredu bat erreplika daiteke, eta, hala, galdategiek beren garapenak egin ditzakete”. Taldeak 13 eta 14 milioi euro artean bideratzen ditu I+G arlora; hau da, fakturazio globalaren % 2.

Bigarren berrikuntza-geruza Zortzontzan dago eta berta dago HA Groupek bost kontinenteetan hedatuta dituen I+G arloko bederatzi zentroetako bat. “Hemen bi pertsona ditugu esklusibotasunez lanean. Horri esker, soluzioak neurrira eskain ditzakegu, modu malgu eta arinean”.

Hazzinnova programaren bidez SPRI Taldearengandik jasotako laguntzak talentua kudeatzera (prestakuntza-plana eta lana ebaluatzeko sistemarekin) eta hornikuntza-katea hobetzera bideratu dira.

Etorkizunera begira, erronkak jasangarritasunarekin, lehiakortasunarekin, digitalizazioarekin eta talentuaren garapenarekin lotuta daude. “Ekinbarri proiektuan hartu dugu parte. Proiektu horrek pertsonak kokatzen ditu lehia mailako abantaila-elementu gisa, konpromisoa, barne-komunikazioa eta taldeko lana indartuz”.

SPRI Taldeak Euskadiko enpresei bere kanaletan jardueraren berri emateko aukera ematen die. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.

 

 

Lotutako albisteak

Polistmodel,  berrogei  urteko  familia-tradizioa  eta  teknologia  aurreratua  galdaketarako  ereduen  fabrikazioan

Polistmodel, berrogei urteko familia-tradizioa eta teknologia aurreratua galdaketarako ereduen fabrikazioan

1983an sortutako Gipuzkoako enpresak artisau-esperientzia eta teknologia berriak uztartzen ditu Zumaiatik industria 4.0ra eboluzionatzeko.

El  Taller  del  Oso  Zurdo-k  erakusketa-soluzio  bakarrak  diseinatzen  eta  fabrikatzen  ditu  Gasteizetik
31/03/2026 Ekintzailetza

El Taller del Oso Zurdo-k erakusketa-soluzio bakarrak diseinatzen eta fabrikatzen ditu Gasteizetik

Arabako enpresak tokiko ekoizpenaren eta lankidetza-lanaren alde egiten du proiektu tekniko eta eraikitzaileen garapenean.

QUBIZ.team  teknologia  eta  berrikuntza  aplikatzen  ditu  enpresa-digitalizazioa  bultzatzeko
30/03/2026 Ekintzailetza

QUBIZ.team teknologia eta berrikuntza aplikatzen ditu enpresa-digitalizazioa bultzatzeko

Bizkaiko “deep tech” deiturikoak doitasun handiko sentsore kuantikoak garatzen ditu, uretan, osasunean, energian eta industrian aplikatzeko.

Preocak  jasangarritasuna  bultzatzen  du  era  guztietako  industria-enpresetan

Preocak jasangarritasuna bultzatzen du era guztietako industria-enpresetan

Arabako konpainiak ingurumen-betekizunekin lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu, administrazio-izapideak edo gaikuntza teknikoak, besteak beste.

Talleres  Mecánicos  Legutiano,  hodiak  konformatzeko  tresnerian  espezializatutako  familiako  ETEa
26/03/2026 Berrikuntza

Talleres Mecánicos Legutiano, hodiak konformatzeko tresnerian espezializatutako familiako ETEa

Arabako enpresak bi milioi euro inguru inbertitu ditu etengabeko berrikuntzaren aldeko apustuan

Lekoizpe,  soluzio  osoak  eskaintzen  dituen  galdaragintzan  eta  mekanizazioan  espezializatutako  enpresa
26/03/2026 Berrikuntza

Lekoizpe, soluzio osoak eskaintzen dituen galdaragintzan eta mekanizazioan espezializatutako enpresa

Markinako enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta aurten 4,1 milioi euro fakturatzea aurreikusten du

CISA  Protección  enpresak  lan-babesaren  digitalizazioaren  aldeko  apustua  egin  du

CISA Protección enpresak lan-babesaren digitalizazioaren aldeko apustua egin du

Enpresak marketplace berri bat inauguratu du interneten bere produktuak bezeroei hurbiltzeko.

Ondarretak  mende  erdia  darama  40  herrialdetan  baino  gehiagotan  presentzia  duten  diseinuzko  altzariak  fabrikatzen
25/03/2026 Nazioartekotzea

Ondarretak mende erdia darama 40 herrialdetan baino gehiagotan presentzia duten diseinuzko altzariak fabrikatzen

Gipuzkoako enpresak, 3.000 instalazio baino gehiago ditu bost kontinenteetan, 13 milioi euro fakturatu zituen 2025ean; erdia baino gehiago esportaziotik etorria.

Zenit  Solarrek  autokontsumo  kolektiboa  eta  energia-komunitateak  sustatzeko  soluzioetan  lan  egiten  du
24/03/2026 Ekintzailetza

Zenit Solarrek autokontsumo kolektiboa eta energia-komunitateak sustatzeko soluzioetan lan egiten du

Gipuzkoako startupak komunitateen marketplace bat abiarazi du, eta estatu mailako funtsezko merkaturatzaile eta sustatzaileekin proiektuak garatu ditu.

StatAI  Solutions  enpresak  robotika  eta  adimen  artifiziala  uztartzen  ditu  prozesu  industrialen  eraldaketa  bultzatzeko

StatAI Solutions enpresak robotika eta adimen artifiziala uztartzen ditu prozesu industrialen eraldaketa bultzatzeko

Gasteizko startupak ‘Physical AI’ soluzioak garatzen ditu, helburu zehatz batekin: aurrerapen teknologikoak industriara eramatea.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.