Pasaiako La Herrera iparraldeko berrurbanizazio eta egokitzapen lanak azken fasean sartu dira
- Hitzarmenak hainbat jarduketa jasotzen ditu, besteak beste, Correos eraikinaren lurzatia eta inguruko espazioak egokitzea.
Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente Izaskun Goñi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketa Departamentuko diputatu Azahara Dominguez, Pasaiako Udaleko alkate Teo Alberro eta Sprilur erakundeko Zuzendari nagusi Txaber Ouro Pasaiako Portuko instalazioetan elkartu dira gaur goizean La Herrera Iparraldeko lurretan egin beharreko jarduketen esparru juridikoa ezartzen duen hitzarmena sinatzeko.
Hitzarmen horretan jasotzen diren jarduerak honako hauek dira:
- Correosen eraikina eraistea, ondoren lurzatia portuko jabari publikora itzultzeko.
- Lurzatia eta haren inguruko espazioak berrurbanizatzea.
- SPRILURek eraiki duen La Herrera eraikinean Correosek hartuko duen lokala egokitzea.
- Proiektuari gehitu zaio Trintxerpen herritarrei irekitako 3.231 m2ko espazioa, portuaren jabetzako lurretan.
Pasaiako Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pasaiako Udalak 2 milioi euro baino gehiagorekin finantzatuko dituzte Sprilurrek gauzatu dituen urbanizazio-lanak. Alde bakoitzak herena hartuko du beregain, ia milioi bat, beraz. Sprilurrek bere aldetik, bere gain hartuko du Correosentzako lokal berria egokitzea, 270.000 €-tik gorako kostuarekin. Kalitatezko hiri-espazio berri bat sortzea da 2,9 milioi euroko kostua duen hirigintza-proiektu honen helburua.
Proiektu hau Pasaiako Portu Agintaritzaren Portu-Hiria estrategiaren barruan dago, bai eta Herrera Iparraldeko eremuan dauden portu-inguruneek bizi duten eraldaketaren baitan ere.
La Herrera eraikina
4.941 metro karratuko eraikina da, sotoa, beheko solairua eta beste bi solairu dituena altueran. Solairu bakoitzak 1.647 metro karratuko azalera du, eta beheko solairuan 6 merkataritza-lokal gaitu dira, 150 eta 250 metro karratu arteko azalera erabilgarriekin. Lehen eta bigarren solairuetan berriz, bulegoetarako 20 espazio daude, 100 metro karratu inguruko azalerarekin. Sotoko solairuan 51 aparkaleku daude, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak ditu. Sprilurren 7 milioi eurotik gorako inbertsioa suposatu duen La Herrera eraikina gune estrategikoa da, Adinberri Proiektutik sortutako zerbitzuen arloko ekimenak eta enpresak hartuko dituena, baita Ekonomia Urdineko ekimenak ere.
3.200 metro karratuko berreskurapena erabilera publikorako.
Jarduketa horri esker, gainera, erabilera publikoko 3.200 metro koadroko hiri-espazio berri bat sortuko da. Zehazki, Herrerako Euskotrenen geltokia San Pedro barrutiarekin lotzen duen oinezkoentzako eta bizikletentzako ardatzaren egungo etena konpontzeko aukera emango da.
Pasaiako alkate den Teo Alberrok adierazi duenez, “proiektu honek kalitatezko espazio publiko berri bat sortuko du Trintxerperen bihotzean eta beraz, pasaitarrek eta, bereziki, trintxerpetarrek egunerokotasunean erabilgarria eta atsegina izango den espazio bat irabaziko dute. Gure helburua espazio irekiak, irisgarriak eta zainduak sortzen jarraitzea da, eta proiektu honek bide horretan ekarpena egiten du”.
Bestalde, Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako, Azahara Dominguez diputatuak gogorarazi duenez, “azken urteotan, erakundeen arteko lankidetzari esker, pasaitarrek espazio modernoak, erosoak eta duinak irabazi ahal izan dituzte gozatzeko, hala nola Ondartxo pasealekua, San Pedro lonjaren eraikin berria, plaza eta ibiltzeko moduko estalkia dituena, Trintxerpe eta Herrera arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabidea edo La Herrerako pabiloien estalkiaren espazioa”. “Horrek guztiak eskualdeko bizi-kalitatea hobetzen lagundu du zuzenean, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik erakundeen arteko akordioak bultzatzen jarraituko dugu, hiri-berroneratzea, ekonomia, kultura eta gizartea suspertzea eta, azken finean, Gipuzkoa bizigarriago bat eraikitzen ahalbidetzeko”, nabarmendu du.
Sprilurreko zuzendari nagusia den Txaber Ouro-k bere aldetik azpimarratu du “hitzarmenaren xeden den berrurbanizazio-jarduna eta La Herrerako portu-eremuan Sprilurrek egindako eraikuntza, Oarsoaldeko Lehentasunezko Jarduketa eremuaren Eskualdeko Plan Estrategikoan (EPE) sartzen da, zehatzago esateko, erabiltzen ez diren edota degradatuta dauden espazioak berroneratzeko jardueretan, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat jotzen dituen jarduerak lurzoruaren babes globalaren apoustuaren baitan. Honek baldintzatu eta markatzen du Sprilurren misioa eta gaurko zein etorkizuneko gure estrategia. Azken finean, alde batetik berroneratzearen aldeko gure apustua berresten du, lurzoru berriak artifizialki sortzea ekidituz, eta bestetik, EPEa betetzea ahalbidetzen du, Eusko Jaurlaritzaren Oarsoaldeko eskualdearen aldeko apustua baieztatzearekin batera.
Ildo beretik jo du Izaskun Goñik, Pasaiako Portu Agintaritzako presidenteak, eta azken urteotan portuak pasaitarren erabilerarako portu-espazioak irekitzeko eta modernizatzeko egiten duen lana nabarmendu du: “Hitzarmen hau Portu-Hiriak hiri-berroneratzeari egiten dion ekarpenaren parte da, eta, gainera, Euskadin Ekonomia Urdina bultzatuko duen enpresa- eta ekintzailetza-zentro berria kokatuko den espazioa egokitzeko giltza da”.