Ekintzailetza Berrikuntza
Elkarrizketak 7 Azaroa, 2025

Lasa Dynamics teknologia propioa duen hegaldi-simulagailua sustatzen ari da Miñaon

Euskadiko startup honen proiektua erabakigarria da aireko sektorearen segurtasunarentzat, efizientziarentzat eta bilakaera teknologikoarentzat
-

Josetxo Lasa Euskadiko ingeniari aeronautikoa da eta ikasketak eta ibilbide profesionala Estatu Batuetan eta Europan egin ondoren, etxera itzuli da bere proiektu profesional propioa hasteko. Pilotuen prestakuntza-industriak izan duen gorakada aprobetxatuz, hiru urte daramatza Hegaldi Simulatzaile bat garatzen BIC Araban, startupen zentroan, Arabako Parke Teknologikoan. Une honetan lau pertsona ari dira lanean Lasa Dynamicsi forma eman nahian.

 Proiektu honen testuingurua ez da berria…

Bai, denbora daramagu ideia lantzen. Hamarkada bat baino gehiago daramat simulazioaren munduari lotuta eta beti egin zait deigarria soluzio malgu eta irisgarriak falta direla sektorean. Esperientzia, kontaktuak eta simulagailu benetan eraginkorraren gaineko ikuspegi argia pilatuz joan naiz urtetan, bai ikuspegi teknikotik, bai amaierako bezeroaren ikuspegitik.  Bestalde, Ignacio Soriano nire bazkideak ere ibilbide luzea du simulazioaren eta software aeronautikoaren arloan, proiektu oso garrantzitsuetan hartu baitu parte, tartean, Estatu Batuetako defentsa-sektorearentzako garapenak egin ditu. Bi profilen arteko konbinazioari esker —ingurune teknikoetako bere ikuspegia eta integrazioaren, diseinuaren eta ziurtagiriaren arloko nire ikuspegia—, halako tamainako proiektu bat garatu ahal izan dugu oinarri oso sendoarekin. Gainera, bion une pertsonal eta profesionala dela-eta eta une honetan merkatua zabaltzen ari denez soluzio azkarragoak eta eraginkorragoak eskatzen dituela-eta, une ezin hobea da pausoa emateko. Prozesu konplexuak eta ibilbide luzea dituen halako proiektu baten alde egiteko unea da eta ez diogu ihes egiten utzi nahi izan.

Pedagogia industriala egite aldera. Zertarako balio du hegaldi-simulagailu batek edo zergatik da garrantzitsua?

Ziurtatutako hegaldi-simulagailu bat hegazkineko kabina baten tamaina errealeko kopia da eta aireontzi bat gidatzeko esperientzia kopiatzen du fidelki. Pilotuak prestatzeko tresna garrantzitsua da. Egoera kritikoak entrenatzeko aukera ematen du inolako arriskurik gabe, kostuak optimizatzen ditu eta operazioetako segurtasuna hobetzen du. Horrez gain, jasangarritasuna gero eta garrantzitsuagoa den garaiotan, simulatzaileek karbono-aztarna murrizten dute, entrenamendu-ordu birtualekin ordezkatzen baitira benetako hegaldi-orduak. Azken batean, aireko sektorearen segurtasunerako, eraginkortasunerako eta garapen teknologikorako pieza garrantzitsua dira.

Zer puntutan dago egun Lasa Dynamicsen proiektua?

Teknologia finkatzeko fasean gaude egun. Aldi berean, gure lehen simulazio-plataforma integratu dugu eta ahalegin kalkulaezina egin dugu softwarea diseinatzeko eta garatzeko azpiegitura propioa sortzeko, “zero zor teknologiko” ikuspegitik. Ikuspegi horri esker, soluzio sendoak, eskalagarriak eta sektorearekin batera eboluzionatzeko prest daudenak eraiki ditzakegu. Une honetan, hardware eta software propioa baliozkotzeko eta integratzeko prozesuak ixten ari gara eta, aldi berean, aurrerapen garrantzitsuak egiten ari gara gure lehen simulagailuaren fabrikazio espezifikoan. Simulagailua gure teknologia propioarekin ari gara eraikitzen oso-osorik, Arabako Parke Teknologikoko gure instalazioetan. Lorpen horrek gure ingeniaritza eta gure garapen-filosofia baliozkotzeaz gain, egiaztatutako eragile gisa kokatzen gaitu sektorean. Hala, gure gaitasun teknikoa eta know-howa erakutsi dezakegu gure teknologia propioa lantzen dugun bitartean. Aldi berean, hitzarmenak egiten ari gara prestakuntza-zentroekin eta aeronautikako operadoreekin. 2025ean, Boeing 737 simulagailu baten bigarren salmenta egin dugu dagoeneko eta simulagailu hura ziurtatzeko azkeneko fasean gaude orain. Halaber, gure teknologian oinarritutako lehen simulagailua entregatzeko elkarrizketa komertzialak izaten ari gara.

Lehen simulagailua ziurtatu berri duzue, teknologia propioa eta hirugarrengoena integratuz. Mugarri handia dela diozue, zergatik?

Hegaldi-simulagailuen sektorean sartzeko oztoporik handienetako bat gainditzea esan nahi duelako. Izan ere, fabrikatzaile handiak dira nagusi sektorean eta konplexutasun tekniko handia eta araudi asko daude. Ingeniaritzako makina oso aurreratuak eta garestiak dira eta ofizialki ziurtatu baldin badaitezke soilik dute zentzua. Eta hor dago zailtasuna: amaierako erabiltzaileak baino ezin du ziurtatu simulagailua eta ekipoak aeronautikako autoritateak ezarritako estandar guztiak betetzen dituela bermatu behar du horretarako. Lehen ziurtagiri hori lortzeak esan nahi du bezeroak konfiantza jarri duela guregan, gure simulagailua bere zentroan integratu duela eta Aireko Segurtasunerako Estatu Agentziak (AESA) FNPT II (Flight and Navigation Procedures Trainer) gisa aitortu duela ofizialki. Mugarri izugarria da, gure produktua ez ezik, gure ingeniaritza-prozesua, gure integrazio-metodologia eta aeronautikako sektorearen eskakizun gorenak betetzeko gure gaitasuna ere baliozkotzen dituelako.

Zer bezero-profili zuzendu nahi diozue zuen proiektua?

Batez ere, hegaldi-akademiei, aeroklubei, entrenamendu-zentroei (ATO) eta aeronautikako programak dituzten unibertsitateei. Baina prestakuntza teknikorako, ikerketarako edo sistemak ziurtatzeko neurrira egindako simulagailuak eskaintzeko aukera ere aurreikusten dugu. Bazkide teknologikoa izan nahi dugu, ez hornitzaile soila. Aeronautikaren sektorearen barruan sektore asko daude, eta hegaldi-simulagailuen sektoreak balio-kate osoa integratzen eta hornitzen duen enpresa bat sor dezake.

Hori da zure kasua… 

Hori da. Lasa Dynamicsen balio bereizgarrietako bat da balio-kate osoa enpresa batean integratzea lortu dugula. Amaierako bezeroaren kontratazioa, diseinu mekanikoa, kabinako sistemen erreplika, simulazio-softwarearen garapen osoa, kontrol-sistemak, agertoki bisualak, amaierako produktuaren integrazioa, probak, onespenak eta martxan jartzea, guztiak jorratzen ditugu proiektu bakoitzean. Horrek izugarrizko autonomia ematen digu eta bezeroaren beharretara erabat egokitzen diren produktuak eskaini ditzakegu, erabateko trazabilitatea lortuz prozesuaren fase bakoitzean. Garapen-ziklo osoa kontrolatzen dugunez barrutik, kostua, kalitatea, betetze-maila teknikoa eta laguntza espezializatua bermatu ditzakegu eta hori ez da oso ohikoa hain zatitua dagoen sektore honetan.

Simulagailuen negozioa hazten ari da egun dagoen pilotuen eskari handia dela-eta?

Guztiz. Aeronautikako sektorea suspertzen ari da pandemiaz geroztik eta pilotu komertzialen eta abiazio orokorreko pilotuen eskaria izugarri igo da. Airelineek eta prestakuntza-zentroek simulagailu gehiago behar dituzte entrenamendu-eskari hori asetzeko. Horrez gain, abiazio jasangarriagoa lortzeko trantsizioa ari da gertatzen eta horretarako simulagailuen erabilera maximizatu behar da halabeharrez. Hori dela-eta, une ezin hobea dela uste dugu: merkatuak soluzio berriak behar ditu eta guk horiek eskaintzeko gaitasuna dugu.

Egin daitezke halako garapen disruptiboak erakundeen laguntzarik gabe?

Hasieratik jaso dugun laguntza instituzionala aitortu eta eskertu dugu, eta egin behar dugu, zalantzarik gabe. Proiektua sortzeko funtsezko dirulaguntzarekin babestu gaituzte BIC Arabak, Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk. Babes eta laguntza kalkulaezina eman digute gure finkatze-prozesuan. Arabako Foru Aldundiak ere konfiantza jarri du gugan bi urtez jarraian Ekin Araban dirulaguntzaren bitartez. Diruz lagundu daitezkeen zenbatekorik eta ehunekorik lehiakorrenak eman baitizkigu.  Haien laguntza erabakigarria izan da halako proiektu oso eta exijente bat Euskadin egin ahal izateko.

 

Lotutako albisteak

Fast  Flooding,  uholdeei  aurre  egiteko  plataforma  berritzailea
02/03/2026 I+G+B

Fast Flooding, uholdeei aurre egiteko plataforma berritzailea

IntelliAlertek sortutako plataformak datuak denbora errealean erabiltzen ditu ur-goraldiak iragartzeko eta udal, azpiegitura-operadore eta industrietarako arriskuaren kudeaketa sustatzeko.

Glucovibes-ek  osasun  metabolikoa  farmakoen  mende  egon  gabe  hobetzen  laguntzen  duen  app  bat  garatu  du  Donostian
27/02/2026 Ekintzailetza

Glucovibes-ek osasun metabolikoa farmakoen mende egon gabe hobetzen laguntzen duen app bat garatu du Donostian

Euskal startupak adimen artifiziala, datu metabolikoak eta akonpainamendu profesionala konbinatzen ditu inflamazioa, obesitatea eta glukosaren kontrolarekin lotutako beste arazo batzuk saihesteko.

Teknikerrek  diamantean  oinarritutako  sentsore  kuantikoen  belaunaldi  berri  baten  fabrikazioa  bizkortzeko  sistema  bat  bultzatu  du
26/02/2026 I+G+B

Teknikerrek diamantean oinarritutako sentsore kuantikoen belaunaldi berri baten fabrikazioa bizkortzeko sistema bat bultzatu du

Euskal zentro teknologikoan garatu da oso-osorik, eta teknologia berri horien hiru ikerketa-arlo nagusietako bat den sentsore kuantikoetan dituen gaitasunak agerian utziko ditu.

Berritzea  enpresak  eko-eraginkortasunean  oinarritutako  argiztapen  publikoa  garatzen  du
25/02/2026 Ekintzailetza

Berritzea enpresak eko-eraginkortasunean oinarritutako argiztapen publikoa garatzen du

Start-upak lehendik ezarrita dauden argiak LED soluzio eraginkor eta jasangarri bihurtzen ditu, eta ekonomia zirkularraren oinarriak aplikatzen ditu, haien balio-iraupena luzatzeko eta udalerrien hondakinak murrizteko.

Mausa,  fabrikazio  aurreratuaren  bidez  industriarako  soluzioak  eraldatu  dituen  familiako  ETEa

Mausa, fabrikazio aurreratuaren bidez industriarako soluzioak eraldatu dituen familiako ETEa

Oiartzungo enpresak SPRI Taldearen berrikuntzarako dirulaguntza jaso du eta bederatzi urte daramatza 3D inprimagailuaren teknologiarekin lanean.

New  Stage  Solutions-ek  (NSS)  neurrira  egindako  soluzio  teknologikoak  eskaintzen  ditu  Arrasatetik

New Stage Solutions-ek (NSS) neurrira egindako soluzio teknologikoak eskaintzen ditu Arrasatetik

Euskal konpainiak eskuzko lanak murrizten dituzten eta ETEen eta B2B konpainien kontrol operatiboa hobetzen duten tresna digitalak diseinatu eta inplementatzen ditu.

Cretz  Cargo,  % 14ko  hazkundea  izan  duen  merkantzien  nazioarteko  garraio-enpresa
23/02/2026 Nazioartekotzea

Cretz Cargo, % 14ko hazkundea izan duen merkantzien nazioarteko garraio-enpresa

Irungo enpresak SPRI Taldearen dirulaguntza jaso du eta instalazioak handitzeko asmoa du

Nabla  Wind  Hubek  nazioarteko  parke  eolikoen  bizitza  erabilgarria  luzatzen  jarduten  du  Gasteiztik

Nabla Wind Hubek nazioarteko parke eolikoen bizitza erabilgarria luzatzen jarduten du Gasteiztik

Ingeniaritza eolikoaren talde independenteak eredu aeroelastikoak, egituren azterketa eta zerbitzu aurreratuak uztartzen ditu martxan dauden parkeetan aktiboak optimizatzeko eta arrisku teknikoak murrizteko.

Geograma:  “Zibersegurtasuna  elementu  zentrala  eta  erakundearekiko  zeharkakoa  izan  behar  da,  ez  osagarria”
23/02/2026 Zibersegurtasuna

Geograma: “Zibersegurtasuna elementu zentrala eta erakundearekiko zeharkakoa izan behar da, ez osagarria”

Enpresa arabarrak SafeGIS 2026 urtekaria argitaratu du, sektoreko zibersegurtasunaren egoerari buruz.

Adimen  artifiziala  ikuskapen-prozesuak  bizkortu  eta  automatizatzeko:  Gisteken  proposamen  teknologikoa

Adimen artifiziala ikuskapen-prozesuak bizkortu eta automatizatzeko: Gisteken proposamen teknologikoa

Euskal enpresak bere bezero-zorroko eraginkortasun operatiboa eta datuen kudeaketa hobetzen dituzten plataformak garatzen ditu.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.