Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea kulturari, AAri eta lan egiteko modu berriei buruzko eztabaida batekin hasiko da Bilbon
● Inaugurazio ekitaldia BAT Dorrean (Bilbo) izango da 16:00etatik 18:00etara eta doako izen-emateak zabalik daude.
● Urriaren 8tik 22ra 37 ekitaldi izango dira Euskadin eta egitarau osoa eskuragarri dago jada Euskaliten webgunean.
Urriaren 8an hasiko da 2025eko Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea. Javier Martínez Aldanondo izango da inaugurazio-ekitaldiaren protagonista, erakundeen inteligentzian eta ikaskuntzan nazioarteko aditua. 31. edizioari emango dio hasiera, erakundeen orainerako eta etorkizunerako erronka estrategiko bat ardatz hartuta: erakundeen kultura, ingurune inklusiboak, erakargarriak eta egitura eta teknologia berrietara egokitutak sortzeko motor gisa.
Inaugurazio-ekitaldiarekin hasi eta urriaren 22ra arte, beste 36 ekitaldi izango dira Euskadiko hiru lurralde historikoetan. 50 erakunde inguruk erakundeen kulturari ikuspegi desberdinetatik heltzen dion programa osatzen dute. Hainbat erronkatan sakonduko duten tailerrak, hitzaldiak eta jardunaldiak izango dira. Horien artean, belaunaldi berrien erakarpena; gure erakundeetan ongizatea eta konpromisoa indartzea; edo AAren erabilera ETEen eraginkortasun operatiboa, erabakiak hartzea eta berrikuntza hobetzeko.
“Europako Astea urteroko hitzordua da, eta aukera ematen du kudeaketa-praktika aurreratuenak ezagutzeko, eztabaidatzeko eta partekatzeko beren esperientziak eta ezagutzak eskuzabaltasunez ematen dizkiguten pertsona eta erakundeekin”, azpimarratu du Fernando Sierrak, EUSKALITeko zuzendariak.
Ekitaldiak antolatzen dituzten erakundeen artean daude, besteak beste, Bilbao Metrópoli30, EDE Fundazioa, Lanbide, Gipuzkoako Ganbera, Fabrika, Emakunde, Arabako eta Bizkaiako Foru Aldundiak, AFM Cluster, Kaizen Institute eta EHU. Ikusi programa osoa hemen.
Ikaskuntzaren kultura eta AA protagonista
Bilbon, BAT Dorrean, izango den urriaren 8ko inaugurazio ekitaldiak Javier Martínez Aldanondoren hitzaldia hartuko du, Knowledge Works-eko Ikaskuntza Kulturako bazkidea eta Knoco Chile-ko zuzendaria. Martinez Aldanondok 25 urte baino gehiagoko esperientzia du Europan eta Latinoamerikan, eta erakundeen inteligentzian eta ikaskuntzan aditu handienetako bat da. Nazioarteko hainbat erakunderen aholkularia izan da, hala nola, NBE, Munduko Bankua edo Garapenerako Banku Interamerikarra, eta ibilbide akademiko eta dibulgatibo luzea du.
“Adimen Artifizialaren aroan etorkizunari aurrea hartzeko ikaskuntza-kultura” izeneko hitzaldiak gako praktikoak eskainiko ditu erakunde adimentsuagoak eta erresilienteagoak eraikitzeko, eraldaketa teknologiko eta sozialeko testuinguru honetan.
Inaugurazio-hitzaldiaz gain, ekitaldiak hiru jardunbide egoki aurkeztuko ditu Orbik Cybersecurity, Gureak eta Preoca erakundeen eskutik, kultura inklusiboan eta adimen kolektiboan oinarritutako kudeaketa-ereduak aplikatzen dituzten erakundeen adibideak. Gainera, diziplina anitzeko mahai-inguru bat hartuko du, eta bertan parte hartuko dute Martínez Aldanondok berak, Susana Hormillak, Biolaneko Berrikuntza eta Estrategia Korporatiboko zuzendariak; Idoia Gilek, Kultura eta Lidergo Koordinazioa Mondragon Unibertsitatea Enpresagintza – MIK-en; eta Ignacio Marések Satlantiseko Garapen Korporatiboko zuzendariak.
Kudeaketa Aurreratuaren Europako Asteari buruz
Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea udazkenero kudeaketa-eredu berritzaile, iraunkor eta etengabeko hobekuntzara bideratuta dauden ereduen hedapena sustatzen duen ekimena da. EUSKALITek koordinatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta praktika onak partekatzeko, kudeaketa bikainaren garrantziaz sentsibilizatzeko eta erakundeen arteko lankidetza-sareak sortzeko aukera ematen duten ekitaldiak biltzen ditu.