Elay Taldeak Mexikoko fabrikaren 25. urteurrena ospatuko du
Elay Taldeak piezen ebaketa finak egiten ditu automobilgintzarako eta industriako beste sektore batzuetarako. Antzuolan (Gipuzkoa) du bere egoitza nagusia eta azaroaren 10ean Mexikoko fabrikaren, Celayren, 25. urteurrena izango da. Atzerriko bere lehen fabrika ian zen eta 2013an beste bat zabaldu zuen Txinan.
Enpresak diseinu partekatua eta kudeaketa logistiko globala eskaintzen ditu piezaren bizi-zikloaren fase bakoitza optimizatzeko. 2000. urtean ireki zuen fabrika Mexikoko Celaya hirian, basamortu-eremu batean. Baina automobilgintzako enpresa nagusiak erakarri ditu 25 urte hauetan eta egun bertan daude Metagra, Panelfisa, CIE edo Gamesa euskal enpresak.
Mexikoko fabrika 44 pertsonarekin hasi zen eta egun 300 langile ditu. “Hasieran 10 milioi euro inbertitu genituen; egun 40 milioi dira dagoeneko. Agerikoa da Mexikon egoteak Elay Taldeari egiten dion ekarpena. Celay taldearentzako euskarri garrantzitsua bihurtu da, Elay taldeari ekarpena egiteaz gain, gure bezeroentzako hornitzaile globala bihurtu baita”, adierazi dute.
Elayk automobilgintzarentzat egiten du lan batik bat. Hainbat motatako sistementzako piezak ekoizten ditu: segurtasuna, transmisioa, eserlekuak, balaztak, karrozeria, konexioa eta errekuntza, besteak beste. Eta bere piezak bezero globaletan daude, besteak beste Daimler, Bosch, Faurecia, Federal Mogul edo Learen
60 bezero ditu mundu osoan eta 30 merkatutan dago. “Gaur egun bost kontinentetako merkatuetan gaude, estrategikoki kokatutako gure hiru ekoizpen-fabrikei esker. Teknologia aurreratua du fabrika bakoitzak eta baliabideak optimizatzen ditu ekoizpen efizientea eta jasangarria bermatzeko”.
Azaroaren 13an ospatuko dute Mexikoko fabrikaren 25. urteurrena.