Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 19 Marzo, 2018 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Tecnalia zentroa eta Nem Solutions enpresa sarituak izan dira makina industrialen arazoak detektatzeko datu-analitikako sistema bategatik

Iñigo Lazcanotegui: “Balioa azkar sortzen duten datu garrantzitsuetan kontzentratu behar dugu”
Iñigo Lazcanotegui.

Iñigo Lazcanotegui: “Balioa azkar sortzen duten datu garrantzitsuetan kontzentratu behar dugu”

 

Iñigo Lazcanotegui da Tecnaliako aurpegi ezagunenetako bat, zeinak Gipuzkoako Nem Solutions konpainiarekin batera irabazi baitu EARTOk bultzatutako Europako Berrikuntzaren Saria. Bi erakunde horiek teknologia transferentziarako jardunbide onenaren saria irabazi dute “Impact Delivered” kategorian, makina batek gaizki funtzionatuko duen aurreikusteko eta arazoaren muina aurkitzeko datu-analitika darabilen sistema bategatik. Termino industrialetan, esan genezake mantenimendu prediktiboa eta proaktiboa egiten dituen sistema bat dela.

 

Makinetako datuak atzematea izan zen lantaldeak gainditu behar izan zuen lehen arazoa. “Tecnalian egitura bat garatu dugu prozesu osoa kontrolatzeko: datuen sorkuntzatik komunikaziora, biltegiratzera eta bisualizaziora.  Oso garrantzitsua da nola atzematen den datu hori. Prozesu industrialak ingurune bortitzak dira, muturreko baldintzak dituzte. Horrelako inguruneetan datuak atzemateko sentsore bat garatzea erronka bat da berez” azaldu du Lazcanoteguik.

 

Hauxe da datuen analitikako edozein proiektuk duen bigarren erronka: “zehaztea atzemandako datuetatik zeintzuk diren garrantzitsuak eta zeintzuk eman dezaketen informazioa makina baten funtzionamendua edo produkzioa optimizatzeko. Ahoz aho dabil “datu handiak” terminoa, baina nik nahiago ditut “selected data” edo “smart data” bezalako terminoak erabiltzea, kontua baita balioa azkar sortzen duten datu garrantzitsuetan kontzentratzea” adierazi du.

 

Makina baten funtzionamenduari buruzko denbora errealeko informazioa izateak iraultza eragin du fabrikatzailearen eta bezeroaren arteko harremanetan. Atzemandako datuei esker posible da funtzionamendu arazoak aurreikustea eta horrela jakitea noiz aldatu behar den makinako pieza bat  edo noiz inplementatu behar diren hobekuntzak. “Euskadiko industriak bizi-ziklo luzeko makinak saltzen ditu (30 urte), baina hemendik aurrera etorriko den eszenatokian oso konplexua izango da amortizazio-epe luzeak izatea. Une honetan ezin da jakin zein izango den makina baten bizi-zikloa, eta teknologia hauen bitartez “leasing” ereduak bultzatu daitezke eta aldaketa sustatu salmenta sistema tradizionaletan. Behin badakizunean nola funtzionatzen duen makina batek eta nolakoa izan den bere erabilpena, orduan funtzionaltasunak aldatu diezazkiokezu, eta arriskuak bezeroarekin partekatu. Ez gara bakarrik ari monitorizazioaz eta mantenimenduaz, negozio-eredu berriekin makina erabiltzeko modua ere aldatu egin daiteke” azpimarratu du Tecnaliako ikerlariak.

 

Lazcanoteguik esan du Tecnaliak berak horrelako negozio-eredu asko bultzatu dituela: “Badauzkagu kasu sinple batzuk, adibidez, olioa noiz eman behar zaion bere kabuz aurreikusi dezakeen makina bat; hau da, autoek egiten dutena, baina kontuan izan behar da makina industrialetan ez dela ohikoa. Posible da orobat, makinak akats bat izan duenean, teknikariari horren berri ematea lantegira joan baino lehen, zer gertatu den eta arazoa non dagoen jakin dezan. Baina badaude gauza konplexuagoak ere, adibidez jakitea makina bat zehaztasun gabeko dinamika batean sartzen ari ote den. Datuak atzemanda horrelako sintomak detektatu daitezke. Badauzkagu sintomak lantzen dituzten teknologiak, eta baita ere diagnostikoak eta pronostikoak egiten dituztenak”.

 

Alemanian hainbat urtetan bizi izan den ingeniari honek bloke-kateen teknologia nabarmendu du etorkizuneko joeren artean: “Oso teknologia interesgarria iruditzen zait. Konpromisoak hartzeko, baliozkotzeko eta gauzatzeko modu deszentralizatu bat. Bloke-kateez harago, oso une interesgarria bizi dugu digitalizazioaren arloan. Duela bost urte aurreikusi genuen gauzak aldatuko zituzten hainbat teknologia iritsiko zirela. Dagoeneko hemen dauzkagu (gidatze autonomoa adibidez), baina eskuak, baliabideak eta denbora behar dira denak praktikan jartzeko. Teknologiak eskalatu egin behar dira, eta horrekin batera, aurre egin behar zaie berekin ekarriko dituzten aldaketa sozioekonomiko eta politikoei. Baina, azkenean, errealitate bat izango dira. Finantzen eta automozioaren sektoreak asko aldatuko dira datozen hamarkadetan” ondorioztatu du Iñigo Lazcanoteguik.

 

 

 

 

 

 

 

Lotutako albisteak

27 Marzo, 2024 Digitalizazioa
BAICek Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen kongresua antolatu du maiatzean
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Sitab, digitalizazioarekin arrakasta lortu duen barne-espazioen fabrika
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Branka, tripulaziorik gabe eta urruneko kontrolarekin funtzionatzen duten itsasontziak fabrikatzen dituen Orioko ingeniaritza
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Digitalizazioa
4GUNEk eta BRTAk bat egin dute Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala sustatzeko prestakuntza-programa eskaintzeko
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Adimen artifizialak errazten duen berrikuntza autonomoa, Innobasqueren 2024ko prospektiba txostenaren ardatz
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak