Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 11 otsaila, 2019 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

Larraioz Elektronika: robotika industrialaren etorkizuneko joerak

“Larraioz Elektronika” enpresako Xabier Iturralderekin hitz egin dugu, jakiteko nolakoak izango diren etorkizuneko robotak eta nolako inpaktua izango duten adimen artifiziala bezalako teknologiek sektore honetan
Sucessor, adimen artifiziala duen robot baten lehen prototipoetako bat, Kawasaki enpresak garatua.

 

“Larraioz Elektronika” enpresako Xabier Iturralderekin hitz egin dugu, jakiteko nolakoak izango diren etorkizuneko robotak eta nolako inpaktua izango duten adimen artifiziala bezalako teknologiek sektore honetan

 

Larraioz Elektronika enpresa gipuzkoarrak 30 urte daramatza euskal industria-sarearen barruan, tresnak eskaintzen bezeroei euren prozesuak robotizatu eta automatizatu ditzaten. Iazko urtearen amaieran ireki zuen bere nazioarteko lehen bulegoa Argentinan (Buenos Aires), helburutzat hartuz merkatu berrietara sartzea eta talentu berria integratzea hogei langilez osatutako bere plantillan. Xabier Iturraldek, Larraioz Elektronikako zuzendari teknikoak, enpresako ateak ireki dizkigu eta robotika industrialaren munduko joerez hitz egin digu.

 

Nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue Larraioz Elektronikan?

Beti eskaini dizkiegu zerbitzuak makina industrialen fabrikatzaileei. Osagai hornitzaileak gara eta osagai horien inguruko zerbitzuak ematen dizkiogu fabrikatzaileari. Duela 30 urte hasi ginen kontrol numerikorako konponbideak eskaintzen, gero automatizazio-zerbitzuei heldu genien, eta horren ondoren robotikaranzko jauzia eman genuen. Orain eskaintzen ditugu robotak, automata programagarriak, software industriala eta, oro har, makinek funtzionatzeko behar dituzten sistema guztiak. Baina argi dago sistema horiek gero eta konplexuagoak direla.

 

Robot kolaboratiboak edo cobotak dira robotikaren arloko azken urteotako nobedade garrantzitsuena. Hainbesteko inpaktua al dute industria sektorean?

Uste dut coboten atzean marketina dagoela beste ezer baino gehiago. Bezero batek robot kolaboratibo bat eskatzen digunean, askotan robot tradizionalak gomendatzen dizkiogu. Robot kolaboratibo batek instalazio kolaboratiboa behar du, hau da, pertsona, robot, tresna eta piezen arteko elkarreragina.  Eta instalazio kolaboratibo bat izateko ziurtagiri bat behar da, oso garestia dena. Gainera, prozesu gehienetan ez dago benetako kolaboraziorik roboten eta pertsonen artean. Gaur egun instalatu dezakezu sentsorez hornituriko robot industrial tradizional bat, zeina geratu egingo baita pertsona bat detektatzen duenean, cobot bat izan gabe ere.

 

Bestalde, kontuan izan behar da robot kolaboratiboak robot tradizionalak baino motelago mugitzen direla, masa txikiagoak manipulatzen dituztela eta ez direla bateragarriak produkzio handiekin.

 

Dagoeneko entzuten da robotikaren munduko hurrengo urratsa izango dela robotei adimen artifiziala aplikatzea autonomoago izan daitezen. Badago eredu errealik?

Duela gutxira arte, robota makina bat besterik ez zen, langileak programatutakoa egiten zuen eta ia ez zuen elkarreragiten inguruarekin; ibilbide bat baino ez zuen egiten. Pixkanaka, duela urte batzuetatik hona, ikusmen artifizialeko sentsoreak txertatu zaizkie, erabakimen pixka bat izan dezaten eta gai izan daitezen, adibidez, pieza bat detektatu eta haren bila joateko.

 

Joera berriei jarraiki, adimen artifizialeko algoritmoen bidez robot batek posible du ikastea, programatzaileak horretarako sekuentzia osoa sartu gabe ere. Tokioko azoka batean ikusi dugu robot margolari bat, langileak urrunetik kontrolatzen duena joystick batekin eta gai dena pieza baten margotze-prozesua imitatzeko. Robotak langilearen aginduetara egiten ditu margotze-lanak eta errepikapenen bidez ikasten du nola margotu.  Hasieran, robota gai izango da langileak egiten duena errepikatzeko eta, etorkizunean, gai izango da edozein pieza margotzeko adimen artifizialari esker.

 

Zein heldutasun-mailatan dago robotikaren eta adimen artifizialaren arteko integrazioa?

Asian ikusi dut hori, non hainbat prototipo baitauzkate eskuartean. Kawasaki markak, adibidez, Sucessor deitu die adimen artifizialdun robotei. Europan, ordea, kontzeptua zabaltzeko dago oraindik. Badauzkagu horrelako robot eskaerak, baina teknologia sortzen ari da eta denbora behar dugu proiektu pilotuak abiarazteko, nola eboluzionatzen duten ikusteko eta erabakitzeko zein den modu onena robot horiek ikas dezaten.

 

Bada beste joera bat, zelula robotizatuena, robotak eta makina-erreminta uztartzen dituena. Hori sekulako iraultza izan daiteke fabrikatzaileentzat.

Robotak aspalditik erabiltzen dira makinak kargatu eta deskargatzeko. Baina benetako iraultza izango da beso robotikoak erabiltzea mekanizatuko makina bat ordezkatzeko, eta hori berandu gabe iritsiko da. Dagoeneko badaude zulatu, fresatu edo tolesteko gai diren makinak, eta hemendik gutxira ikusiko ditugu makina osoak ordezkatu ditzaketen beso robotikoak. Adibidez, aeronautika sektoreko enpresek erabiltzen dituzte.

 

Eta horrek ez du zertan txarra izan makina-erremintaren sektorearentzat. Onartu behar dugu makinen osagaiak aldatzen ari direla eta beso robotikoak osagai berritzat hartu behar ditugu. Izan ere, fabrikatzaile gehienak hasi dira robotak inplementatzen euren makina-erremintetan.

 

Badirudi robotikaren sektoreko etorkizuneko langileek gero eta ezagutza tekniko eta teknologiko gehiago izan beharko dituztela, ez da hala?

Sektoreko langileen prestakuntzari edo kualifikazioari dagokionez, garrantzitsuena ez da langileak lehenagotik duen ezagutza, baizik eta etengabe ikasteko duen gaitasuna. Gaur berrikuntza dena bihar zaharkiturik dago eta etengabe jarraitu behar dugu ikasten. Guk baliabide asko inbertitzen ditugu etengabeko prestakuntzan. Ez da akademietan edo eskoletan jasotzen den prestakuntza, auto-prestakuntza da.

 

Enpresa teknologikoek bi arazo dituzte, baina ez bakarrik Euskadin, baita ere Europan. Batetik, ez dago profesional kualifikaturik eta gazte gutxik ikasi nahi dituzte karrera teknologikoak.

 

Bestetik, gure ikastetxeetako prestakuntzaren errealitatea urrun dago enpresaren benetako premietatik. Teknologia azkarregi eboluzionatzen ari da gaur egungo prestakuntza sistemarentzat. Teknologia bat sortu ondoren urte asko pasatzen dira harik eta ikastetxe batek ikusten duen arte interesgarria litzatekeela bere prestakuntza-zikloen artean teknologia hori sartzea, eta gerta liteke denbora horretan zaharkituta geratzea. Zenbait ikastetxetan prestakuntza ematen ari dira industrian dagoeneko aplikatzen ez diren gaien inguruan.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak