Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 2 maiatza, 2018 Digitalizazioa Enpresa digitala Industria adimenduna Smart Industry Programa

Geo-informazio eta 3D eskaneatze sistemak 4.0 Industriarako

Airestudio konpainiaren espezializazioa da informazio geografikoa atzematea dronen eta lurreko ibilgailuen bidez

Airestudio konpainiaren espezializazioa da informazio geografikoa atzematea dronen eta lurreko ibilgailuen bidez

 

Dronen erabilerari buruzko Estatuko aurreko araudiak nabarmen baldintzatu zuen sektore horren barruan aritzeko sortutako enpresa askoren funtzionamendua. Kalkulatzen da dron zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek ezin izan zituztela gauzatu proposatutako proiektuen %70-80 inguru, dronek kanpoan hegan egiteko zeuzkaten mugengatik. 2017ko abenduaren 15ean onartutako araudi berriak aukera eman arren dronak erabiltzeko hiri-guneetan eta jendetza handien gainean, badira oraindik hainbat lege-hutsune dron enpresen erabateko garapena eragozten ari direnak.

 

Arabako Airestudio enpresak jakin du bere negozio-eredua araudiaren eskakizunetara egokitzen. 2013an sortua bi enpresa elkartu ondoren, bere burua definitzen du esanez geo-informazioko ingeniaritza bat dela, lurrez, itsasoz eta airez behar diren datuak atzematen dituena espazio bat neurtzeko eta plano batean nahiz beste formatu batean irudikatzeko. Informazio hori atzemateko erabiltzen dituen tresnak dira:  dronak, hegazkin txikiak, helikopteroak, lurreko ibilgailu arruntak, plataforma sentsoredunak eta pertsonek soinean eraman ditzaketen motxilak. Bitarteko horiek guztiak erabiliz, eta horiei gehituz kamera komertzialak, kamera termikoak, 3D eskanerrak, sistema inertzialak edo geo-posizionamendu sistemak (adibidez GPSa), gauza dira nahi duten informazioa biltzeko.

 

Lorenzo Díaz de Apodacak, Airestudio enpresako zuzendari nagusi eta bazkideak, Andaluzian garatzen ari diren proiektu bat azpimarratu du orain arte eginiko guztien artean: “Andaluziako Juntak kudeatzen duen errepide-sarearen 11.000 kilometroen inbentarioa egiten ari gara Juntarentzat. 360 graduko kamera bat eta GPS bat dituen auto batekin errepidearen 3D eredu zehatza lortzen dugu, eta 360 graduko argazkiak bost metrorik behin. Irudi horiek baliatuta oso modu eraginkorrean optimizatu daitezke errepideak zaintzeko bideratzen diren baliabideak. Jakin dezakete zein errepidek  daukan mantenimendu premia eta zein egoeratan dagoen, aurretik azterketa bat egin eta kostuak aurreikusteko. Beste proiektu bat ere egin dugu Katalunian, non dronak erabili ditugun aztertzeko nola aldatzen duten ekaitzek hondartzen morfologia. Atzeman ditugun irudiei esker posible da konparatzea nola mugitzen diren itsasertzeko lerroak”.

 

Orain 4.0 Industrian ari dira sartzen beren zerbitzu-proposamena. “Enpresa batzuk guregana jo dute bere produkzio-lantegien errealitate estrukturala dokumentatzeko, ezarri nahi dituzten proiektuak digitalizatzeko eta balizko zailtasunak aldez aurretik detektatzeko. Zehatz jakin nahi dute zenbat espazio daukaten, espazio horren geometria zenbateraino den kritikoa, edo interferentziak izango ote dituzten makina bat ezartzeko nahiz pertsonen trafikoa ahalbidetzeko. Teknologia eta prozedura erabiltzen ditugu horretarako. 3D eskaneatzea konbinatzen dugu lurreko sistema estatikoekin, kamerak eta bestelako sistemak sartzen ditugu motxiletan, eta motxila horiek aldean hartuta lantegi osoa zeharkatzen dugu, dronak erabiltzen ditugu… Premien arabera, teknologia egoki eta orekatuenak aukeratzen ditugu”, adierazi du Lorenzo Díaz de Apodacak.

 

Airestudio enpresako zuzendari nagusiak dioenez, konpainiak 3D eskaneatze arloan bildu duen jakintzak biderarazi du bere jarduera produkzio-prozesuetako piezen neurketara: “Piezen kalitate kontrolak ere egiten ari gara. Edozein neurriko pieza bat diseinatzean, neurketa zehatza eskaintzen dugu prozesuak optimizatzeko, eta piezaren tolerantzia eta tipikotasuna aztertzeko”.

 

Halere, oraindik lanak dituzte azaltzeko horrelako proiektuak eta industrian dituzten aplikazioak, batez ere ETEen artean. “Enpresa askok oraindik ez dute ulertzen zer den 4.0 Industria eta nolako abantailak dakartzan. ETE askok uste dute fabrikazio aurreratua enpresa handien kontua dela. Enpresa trakziogileek badute aski ahalmen beren premiak identifikatzeko eta konponbideak martxan jartzeko berrikuntza teknologikoak erabiliz, baina ETEek ez, eta aurrena informazioa izan behar da, eta argi erakutsi behar digute zer den gauza bakoitza, teknologia bideratzaile bakoitza, eta nola aprobetxatu dezakegun, benetako adibideak erakutsiz. Komunikazio eta dibulgazio gehiago behar dira, gure bezeroek oraindik ez dutelako ezagutzen eskaintzen dieguna”, azpimarratu du Lorenzo Díaz de Apodacak.

 

Airestudio konpainia bost lagunek osatzen dute eta Arabako Teknologi Parkean du egoitza nagusia. Berrikitan bulego komertzial bat ireki du Sevillan. Bere etorkizuneko erronketako bat da “lurreko sistema mugikorrak aprobetxatzea informazioa atzemateko eta dronekin lotutako lan-eremu profesionalagoak sakontzeko”.

Lotutako albisteak

23 apirila, 2024 Digitalizazioa
SPRIk Hannover Messe 2024 azokan dauden Euskadiko enpresei lagunduko die
Irakurri gehiago
18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak