Derten enpresak sistemen monitorizazioaren eta langileentzako prestakuntzaren aldeko apustua egin du zibersegurtasuna zaintzeko  

28 maiatza, 2018
Derten enpresak Gasteizen dituen instalazioak

 

Arabako konpainiaren ustez, Basque CyberSecurity Centre bezalako ekimenei esker, zibersegurtasunaren euskal ekosistema mundu mailako erreferente bihurtu liteke

 

Zibersegurtasun konponbideak inplementatzeko orduan, kontua ez da bakarrik software bat izatea gai dena malware guztiak detektatu eta ezabatzeko.  Badaude funtsezko beste tresnak batzuk zibersegurtasun arloko mehatxuak saihesteko, adibidez, sareak segmentatzea eraso bat zabaldu ez dadin, gure sistemetan gertatzen ari dena denbora errealean monitorizatzea eta langileak kontzientziatzea infekzioak saihesteko.  Horixe da Arabako Derten konpainiaren premisetako bat.

 

Derten 2005ean abiarazi zen, 1982an eta 1990ean sortutako Arabako beste bi enpresak bat egin ondoren.  Bere negozio-eredua da biltegiratze sistemak, zerbitzariak eta sareekin, hardwarearekin eta zibersegurtasunarekin lotutako era guztietako zerbitzuak ezartzea. 2013an Derten enpresako arduradunak ohartu ziren segurtasun informatikoa garrantzi handia hartzen ari zela, eta horregatik erabaki zuten zibersegurtasuna lantzeko sail espezifiko bat sortzea, zeinak negozio-ereduaren laurden bat hartzen baitu gaur egun.

 

Egoitza Gasteizen duen konpainia honek esperientzia zabala du, besteak beste, automozioaren edo eraikuntzaren sektoreetan, eta Zibersegurtasun Saileko arduradun Jon Azkaratek dioenez, apustu berritzaile bat egin du antzeko beste zerbitzu batzuekin alderatuta: lantegiko gailu guztiak denbora errealean monitorizatzen dituen sistema bat. “Industria sektorearen erronka nagusia da integritatea eta disponibilitatea mantentzea.  Horretarako, funtsezkoa da prebentzioa, eta prebentzio hori gailu guztien denbora errealeko monitorizazioaren bidez lortzen da. Gure sistema zundetan oinarritzen da, eta zunda horiek artxiboak eta azpiegitura birtualak bezalako elementuen jarduera gainbegiratzen dute. Zundak adimentsu egin ditugu, elkarren artean hitz egin dezaten eta balizko erasoen berri eman dezaten. Denbora errealean monitorizatutako lantegietan hartzen diren neurriei esker posible da jarduerarekin aurrera egitea. Aldiz, a posteriori eginiko analisi forentse batek esan nahiko luke zerbitzuren batek eraso bat jasan duela eta, beraz, konpondu ezinezko kalte bat gertatu dela. Aspaldian ari gara lanean denbora errealean monitorizatzeko konponbideak aurkitzeko, beti ere monitorizatzen ditugun elementuen kalitatea murriztu gabe eta kostuak handitu gabe. Bi urteko proben ondoren, gai gara gure bezeroei merke monitorizatzeko konponbideak eskaintzeko”.

 

Denbora errealeko monitorizazioaz gain, Derten enpresaren zibersegurtasun estrategiak badu beste elementu garrantzitsu bat: langileen kontzientziazioa eta prestakuntza. “Gizakia da segurtasun-kateko begi ahulena, pertsona baten akats batek enpresaren produkzioa geldiaraz baitezake. Horregatik, erabiltzaileen kontzientziazio eta entrenamendu zerbitzuak eskaintzen ditugu. Simulazioak eta arrisku-neurketak egiten ditugu jakiteko zer gerta daitekeen malwarea duen posta elektroniko bat iritsiz gero. E-posta bat ona ala txarra den bereizten laguntzen diegu, eta inor zalantzan badago, euskarri zentro bat daukagu enpresako erabiltzaileak gurekin harremanetan jar daitezen eta e-posta horri buruzko kontsulta egin diezaguten. Informazioa ematen diegu jakin dezaten ona den eta nola detektatu dezaketen. WannaCry ransomware-aren kasuan, gure bezero diren enpresek ez zuten kalterik jasan. Posta elektronikoa jaso zuten beste batzuk bezalaxe, baina langileak entrenatuta zeuden eta bazekiten ezabatu egin behar zutela” nabarmendu du Derten enpresako Zibersegurtasun arduradunak.

 

Arabako konpainiak 47 langile ditu, eta bulegoak Gasteizen, Bilbon eta Madrilen. Baikortasunez begiratzen dio etorkizunari, Euskadin bultzada handia eman zaiolako zibersegurtasunaren sektoreari, batez ere Basque CyberSecurity Centre martxan jarri ondoren. “Basque CyberSecurity Centre martxan jartzea izan da Euskadin zibersegurtasunaren sektorean hartu den erabaki egokienetako bat. Ikusi besterik ez dago nola inplikatu den enpresekin eta ikastetxeekin. BCSC-rekin jauzi kualitatibo bat eman dugu INCIBErekiko harremanetan. Gure arteko komunikazioa askoz zuzenagoa, pertsonalagoa eta hurbilagoa da orain. Antzematen da denak ontzi berean gaudela, eta badakigu Euskadiko gizarte industriala denon artean babestu behar dugula” azpimarratu du Jon Azkaratek.

 

Zibersegurtasun arloan euskal ekosistemak duen posizioaz galdetuta, Derten enpresako arduradunek diote “Estatuko batez bestekoaren gainetik” gaudela. “Estatu mailako zibersegurtasun arloko profesional askok curriculumak bidaltzen dizkigute eta hona etorri nahi dute lanera. Une honetan enbrioi bat daukagu. Ondo ongarritzen badugu, erakundeek laguntzen badigute eta topagune eta ingurune egokiak sortzen badira, Europako eta munduko erreferente bihur gaitezke zibersegurtasun arloan” diote.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow