Addimen enpresak erreferente izan nahi du industriarako metal bidezko fabrikazio gehigarrian

8 uztaila, 2019
Joseba Sagarna, Addimen enpresako managerra eta sortzailea.

 

Konpainia bizkaitar horrek metalean inprimatzeko 3D makina berri bat erosi du, gai dena material mota desberdinekin lan egiteko

 

Addimen euskal enpresa erreferenteetako bat bihurtu da metal bidezko fabrikazio gehigarrian. 2014aren hasieran sortua BEAZ eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, 2018an Gonvarri Steel Services sartu zen enpresan bazkide gehiengodun bezala. Horri esker, dimentsio berri bat hartu du eta Estatu osoko enpresa trakziogileak atzeman ditu bezero bezala. Joseba Sagarnarekin hitz egin dugu Addimen – Additive Manufacturing by Gonvarri enpresako manager eta sortzailearekin.

 

Zer egiten duzue Addimen enpresan?

Hasieran, 2014an, metal bidezko fabrikazio gehigarrira bideratu ginen, SLM teknologia erabiliz, eta oinarrizko material gisa gas bidez atomizatutako altzairu, aluminio edo titaniozko metal hautsa erabiltzen genuen. Teknologia horrekin posible da geometria konplexuak dituzten piezak ekoiztea, dela prototipoak egiteko edo dela serie laburrak fabrikatzeko. Gure teknologiak hainbat abantaila ditu: fabrikazio-prozesu azkarra, diseinatzeko askatasuna fabrikazio tradizionalaren oztopoak saihestuz, lehengai eta energia kontsumo txikiagoa, produktua azkar garatzeko eta entregatzeko aukera, piezak pertsonalizatzea kostua handitu gabe eta inbentario fisikoa gutxitzea eskaerapeko produkzioari esker.

 

Zuen enpresa 2014an sortu zen; asko aldatu al dira gauzak bost urte hauetan metal bidezko fabrikazio gehigarriaren arloan?

2014an, beste bi bazkide eta ni martxan jarri ginenean, orduantxe hasi ginen fabrikazio gehigarria ezagutzen, batik bat, material plastikoekin egiten zena. Metalaren sektoretik gentozen eta horrexen aldeko apustua egin genuen hasieratik. Alemaniara joan ginen metal bidez inprimatzeko 3D makinak ikustera eta Renishaw markako gailu bat erosi genuen. Egia esan, BEAZ eta Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarik gabe oso zaila izango zen inbertsio horri aurre egitea. Sasoi hartan hainbat aldiz pentsatu genuen goizegi iritsi ginela merkatura. Baina 2018an Gonvarri enpresak proposamen bat egin zigun eta enpresaren gehiengoa erosi zuen. Orain une gozoa bizi dugu, izan ere, joan den apirilean bigarren makina bat erosi genuen, hori ere Renishaw markakoa, mota desberdinetako materialekin funtzionatu dezakeena.

 

Zeintzuk dira zuen bezeroek eskatzen dizkizueten metal bidezko fabrikazio gehigarriko konponbideak?

Fabrikatu ditugu barneko barrunbeak dituzten moldeak, ordezkoak eta txertatuak, hozte-prozesuetarako erabiltzen direnak. Gure bezeroetako batek perfume botilentzako tapak fabrikatzen ditu, eta gure molde hoztuei esker, tapa horiek sortzeko injektatzen den plastikoa azkarrago solidotzen da. Plastiko horrek 23 segundo behar zituen gogortzeko molde arrunt batekin, eta gure molde hoztuekin, 17 segundo baino ez. Horri esker, enpresak 10.000 tapa gehiago egin ditzake egunean. Fabrikazio kostuak merkatzen dira, denbora gutxiagoan pieza gehiago egin daitezkeelako eta, gainera, tapek kalitate hobea dute.

 

Tresneria ere egiten dugu. Mercedes-Benz enpresan 15 kilorainoko metalezko tresnak erabiltzen zituzten. Guk antzeko tresna bat fabrikatu dugu, 5 kilo baino pisatzen ez dituena eta ergonomikoa dena, eta hori abantaila bat da langilearentzat. Pieza garestia da, baina erosleak baloratu behar du nolako errendimendua izango duen etorkizunean: lana azkarrago bukatzen da, langilea gusturago dago eta, piezak arinagoak direnez, lesioak eta istripuak saihesten dira.

 

Enpresek ikusten dute zein garrantzitsua izan daitekeen eurentzat metal bidezko fabrikazio gehigarria?

Ebanjelizazio-lana egiten jarraitzen dugu. Enpresetara jotzen dugunean oraindik badago sinesten ez digun jendea, erantzuten ez duena edo abantailak ikusten ez dituena. Ezagutza eza eta prezioa dira arazo handienak. Jendeak badaki teknologia hau existitzen dela, baina ez daki gure makinentzat diseinatzen. Oraindik pentsatzen du metalezko pieza bat diseinatu behar dela tornulari batek, fresatzaile batek edo mekanizatu-zentro batek egin dezan. Fabrikazio gehigarriarekin posible da beste modu batean diseinatzea. Kosta egiten zaie txipa eta lan egiteko modua aldatzea.

 

Eta badago beste arazo bat, oso garestia dela. Bezeroei beti esaten diet pieza beste metodo batekin egin badezakete –mekanizatu, tolesdura edo soldadura bidez- egin dezatela, merkeago aterako zaielako. Baina metal bidezko fabrikazio gehigarria fabrikazio metodo tradizionalak baino askoz harago doa. Teknologia honekin gogora datorkigun edozer egin dezakegu, nahi dugun formarekin.

 

Zein sektorek eskatzen ditu metal bidezko fabrikazio gehigarriarekin lotutako konponbide gehien?

Egia esan, sektore guztiek. Mota guztietako sektoreekin lan egiten dugu. Hainbat enpresaren hornitzaile gara (Gonvarri bera, Repsol, Petronor, Mercedes-Benz, Bridgestone, ITP, SEAT, Gestamp…) eta piezak egiten ditugu molde, estanpazio, matrize, ordezko, automozio eta beste edozein sektoretarako.

 

Badirudi Euskadi nazioarteko posizionamendu garrantzitsua lortzen ari dela fabrikazio gehigarriarekin zerikusia duen guztian. Hala iruditzen zaizu zuri ere?

Sektore honetako enpresak gero eta ugariagoak dira. Puntu honetara iritsi arte, ebanjelizazio-lan handia egin behar izan dugu bezeroei teknologia honen abantailak azaltzeko, eta oso lan zaila izan da. Baina badirudi dena aldatu dela 2019aren hasieratik. Mota guztietako eskaintzak jasotzen ari gara sektore desberdinetatik. Agian izan liteke fabrikazio gehigarriari buruzko gero eta azoka eta ekitaldi gehiago daudelako edo Eusko Jaurlaritzak 4.0 Industriarekin lotutako teknologiak zabaltzeko egin duen lanagatik. Pentsatzen dut kasu arrakastatsuak izan dituzten bezeroen arteko “ahoz ahokoa” ere oso garrantzitsua dela, eta bezero horien lehiakideek ere ikusi dituztela fabrikazio gehigarriaren abantailak. Gurekin lan egin duten bezero guztiak berriro itzuli dira guregana beste gauza batzuk egiteko. Denek errepikatzen dute.

 

Zeintzuk dira zuen erronka garrantzitsuenak?

Sektoreko erreferente izan nahi dugu Espainia osoan eta ziur nago lortuko dugula, ez daukagulako lehiakide gehiegi. Gure lehiakide garrantzitsuenak dira eskaerak egiteko fabrikazio gehigarriko makinak erabiltzen dituzten teknologia-zentroak. Baina teknologia-zentro horiek ere eskatzen digute piezak fabrikatzeko, lan gehiegi dutelako esku artean.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow