I+G+B
Albisteak 29 iraila, 2025

Tecnaliak sentsore kuantikoak diseinatzeko eta fabrikatzeko laborategi aitzindari bat jarri du martxan

Quantum Lab azpiegitura erreferentzia da Europan, eta sentsore kuantikoak sortuko ditu diamante sintetikoetan oinarritutako teknologia batetik abiatuta
-
  • Sentsore kuantikoak giltzarri izango dira aplikazio berrietan aurrera egiteko, hala nola osasungintzan, farmakoen garapenean, edo industrian, material berrien diseinuan
  • Laborategiak lau eremu ditu, sentsoreak sortzeko eta fabrikatzeko prozesu osoa gauzatu ahal izateko, hasi materiala sortzetik eta gailuen prototipoak prestatzeraino

Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak sentsore kuantikoak sortzeko laborategi aitzindari bat sortu du. Azpiegitura honek, zeina erreferentzia baita Europan, diamante sintetikoetan oinarritutako teknologia batetik abiatuta sentsore kuantikoak osorik diseinatzeko eta egiteko gaitasuna du. Sentsore kuantiko horiek giltzarri izango dira aplikazio berrietan aurrera egiteko, hala nola osasungintzan, farmakoen garapenean, eta industrian, material berrien diseinuan.

Quantum Lab laborategia Euskadiko Parke Teknologikoan dago (Bizkaia), eta gaur inauguratu da. Bertan izan dira Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi, TECNALIAko zuzendari nagusi Jesús Valero eta TECNALIAko zuzendari digital Joseba Laka.

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek nabarmendu duenez, “laborategi hau funtsezkoa da Bizkaia Quantum Advanced Industries, Biqain, gure estrategian, zeinak kuantikaren transferentzia bizkortu nahi baitu industriara. Horretarako, lurraldeko enpresetan benetako erabilera kasuak garatzea bultzatzen ari gara. Gaur iragarri nahi dut dagoeneko 14 proiektu kuantiko jarri ditugula abian Bizkaiko enpresetan, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izango dutela, 2,7 milioi euroko inbertsioaren bidez ”. Eta estrategia hori gauzatzeko behar den talentua indartzeko, “aurten bertan foru arauaren aurreproiektu bat onartuko dugu, profesional kualifikatuak erakartzeko”.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik, berriz, hau adierazi du: “Inaugurazio honek erakutsi digu ikerketak, industriak eta erakundeek elkarrekin lan egiten dutenean Euskadi gai dela etorkizuneranzko urrats erabakigarriak egiteko”. Horrez gain, zera adierazi du: “Tecnaliak sentsorika kuantikorako duen laborategi honen bitartez, forma emango zaio gure Industria Planaren lehentasunetako bati: bikaintasunaren zientziak ekoizteko gaitasunak eta benetako industria-aukerak sortzea Euskadin”. Hori dela eta, Jauregik azpimarratu du Euskadi 2030 Industria Planean ardatz estrategikoak izango direla kuantika eta adimen artifiziala. “Gure lehiakortasuna indartzeko, gure subiranotasun teknologikoa ziurtatzeko eta Euskadi berrikuntza industrialaren mugan kokatzeko palankak dira”.

Zentroko zuzendari nagusi Jesús Valerok esan duenez, “Teknologia kuantikoak ekosistema zientifiko, industriala eta ekonomikoa dagoeneko birdefinitzen ari diren aurrerapen bat dira. TECNALIAn uste osoa dugu teknologia hau etorkizuna dela eta zibersegurtasuna, komunikazio kuantikoak, sentsorika eta metrologia kuantikoa birdefinituko dituela, dagoeneko birdefinitzen ari ez bada. Horregatik, arlo honetako aurrerapenak ahalbidetuko dituzten berrikuntza-ekosistemak sustatu behar ditugu. Gaur martxan jarri dugun laborategi hau funtsezko azpiegitura bat izango da subiranotasun estrategikoak aurrera egin dezan eta sentsorika kuantikoko teknologien alorrean ekoizteko gaitasuna garatu dadin hemen. Teknologia hori da merkatutik hurbilen dagoen diziplina kuantikoa, eta espero da benetako eragin ekonomikoa izango duen lehena izatea.

Sentsore kuantikoekin, ohiko sistemekin baino doitasun handiagoz neur daitezke parametro fisikoak, hala nola eremu magnetikoak, elektrikoak, tenperatura eta presioa, eta horrek aukera ematen du aplikazio guztiz berriak garatzeko. Laborategian aurreikusten den aplikaziorik hurbilena magnetometriarekin erlazionatuta dago. Industrian, halako sentsore magnetikoak produktu metalikoen akatsak detektatzeko edo material magnetikoen propietateak neurtzeko erabil daitezke (azken eremu hori asko hedatzen ari da energiaren elektrifikazioa dela eta). Kimikan, berriz, konposatuen egitura molekularra ikertzeko erabiltzen dira, eta informazio xehea ematen dute konposizioari eta propietateei buruz. Osasungintzan, askotariko erabilerak dituzte erresonantzia magnetiko bidezko irudigintzan, diagnostikoan eta monitorizazioan, besteak beste. Lehen sektorean, azkenik, meategiak arakatzeko, doitasun-nekazaritzarako edo elikagaien kalitate-kontrolerako balio dute.

Enpresen lehiakortasuna sustatzeko proiektuak

Teknologia kuantikoen ahalmen guztia garatzeko sortu du TECNALIAk Quantum Lab. Laborategi horretan, 5 milioi euro baino gehiago inbertitu dira, eta teknologia honetan orain arte erabili den ekipamendua osatzea lortu da. Azpiegiturak lau eremu ditu sentsore kuantikoak diseinatzeko eta sortzeko prozesu osoa gauzatzeko.

Lehen eremuan, materialen laborategia dago, eta detekzio-txip kuantikoetarako substratu gisa erabiltzen diren diamante sintetikoak sortzeko behar den ekipamendua du. Valerok dioenez, “sentsore kuantikoak sortzeko teknologia ez da bakarra, baina guk diamante sintetikoak aukeratu ditugu, aukera sendoa, eskalagarria eta detekzio kuantikorako oso sentikorra direlako”.

Bigarren eremuan, diamanteak sentsore bihurtzeko prestatzen dira nitrogeno-ezarpena darabilen teknologia baten bidez, sentsoreek izango duten erabilerarako egokia den dentsitatea emateko. Hirugarren eremuan, karakterizazio-laborategia dago. Aurreko etapetan erabili diren sortze-prozesuetan kalitate-aurreikuspenak bete direla egiaztatzeko tresnak daude bertan. Azken eremuan, aplikazioak garatzeko laborategia dago, eta hor prestatzen dira gailuen prototipoak.

Laborategiaren helburua da enpresentzako garapen-tresna bat izatea eta haien lehiakortasuna bultzatzea mundu mailako inpaktua izango duten teknologia berriak ezarriz. Izan ere, laborategia Europako “pilot lines” ekimenaren parte da, zeinetan 13 europar herrialdetako 30 erakundek esku hartzen baitute. Helburua da industriak instalazio horietan prozesu aurreratuak probatzea, prototipoak fabrikatzea eta merkatura berrikuntzak azkarrago iristea, arriskuak murrizteko eta Europak mikrotxipetan duen subiranotasun teknologikoa sustatzeko, kasu honetan diamanteetan oinarritutako teknologia kuantikoetan.

Laborategia inguruko ekosistemaren lankidetzaren emaitza da, eta honako erakunde hauen laguntza izan du: Eusko Jaurlaritzarena Azpitek programaren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiarena Biqain Bizkaia Quantum Advanced Industries ekimenaren bidez.

TECNALIAri buruz

TECNALIA Espainiako ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europako erreferentzia eta Basque Research and Technology Alliance-ko kide. Enpresa eta erakundeekin elkarlanean aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarria lortzeko. Horretarako, 1.500 lagunetik gorako lantalde bat dauka, ikerketa teknologikoaren eta berrikuntzaren bidez mundu hobea eraikitzeko konpromisoa hartu duena. Horregatik, TECNALIAren ikerketak benetako eragina du gizartean, eta onurak sortzen ditu bizi-kalitatean eta aurrerabidean. Hauek ditu jarduera-eremu nagusiak: fabrikazio adimenduna, eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, osasuna eta elikadura, hiri-ekosistema eta ekonomia zirkularra.

 

European Research Survey ERSk ospeari eta posizionamenduari buruz egindako azken azterketan (2022an egina da), TECNALIA lehen postuan ageri da I+G+Ban markak duen ospeari dagokionez.

 

Lotutako albisteak

Sustatu  berrikuntza-proiektuak  zure  enpresan  Fast  Track  Innobideak  ekimenarekin
03/03/2026 Berrikuntza

Sustatu berrikuntza-proiektuak zure enpresan Fast Track Innobideak ekimenarekin

Fast Track Innobideak programak laguntza ematen die ondasun edo zerbitzu berriak merkaturatzera edo enpresan negozio-prozesuak hobetzera bideratutako berrikuntza-jarduerak bultzatu nahi dituzten Euskadiko ETE industrialei, haien lehiakortasuna indartzeko. Programa apirilaren 30era arte egongo da zabalik.

Inoxkautxok  sektorean  duen  posizioa  sendotu  du  Expolivan  egon  ondoren
27/02/2026 I+G+B

Inoxkautxok sektorean duen posizioa sendotu du Expolivan egon ondoren

Konpainia erreferentzia da ponpa helikoidaletarako osagaien fabrikazioan

Made  in  Euskadi  teknologia  iraultzailea  ROBOOST  proiektu  eraldatzailearen  bidez  robot  industrialak  garatzeko
26/02/2026 I+G+B

Made in Euskadi teknologia iraultzailea ROBOOST proiektu eraldatzailearen bidez robot industrialak garatzeko

Bigarren proiektu eraldatzaile honek 50 milioi euro inguruko hasierako inbertsioa dakar datozen hiru urteetan, eta horietatik 35 milioi baino gehiago I+Gko eta garapen teknologikoko jardueretara bideratuko dira. Kalitatezko 500 lanpostu sortzea dakar —zuzeneko 200 enplegu eta zeharkako 300—

2026–2027  Europako  finantzaketa  Aeronautikan,  Espazioan  eta  Mugikortasunean,  eta  haren  eragina  euskal  industrian
19/02/2026 I+G+B

2026–2027 Europako finantzaketa Aeronautikan, Espazioan eta Mugikortasunean, eta haren eragina euskal industrian

Europa aurrera doa deskarbonizazioa, elektrifikazioa eta espazioa ardatz dituzten lan-ildoetan, eta horiek ondorio esanguratsuak dituzte euskal industriarentzat.

Basque  Health  Cluster-ek  eta  GSK-k  aliantza  bat  bultzatu  dute  Euskadin  osasun-arloko  lankidetza  eta  berrikuntza  indartzeko
16/02/2026 Kluster politika

Basque Health Cluster-ek eta GSK-k aliantza bat bultzatu dute Euskadin osasun-arloko lankidetza eta berrikuntza indartzeko

GSK klusterreko Business Partner gisa sartu da, agenteen arteko konexiora, ezagutza sortzera eta osasun-sistemaren eraldaketara bideratutako ikuspegiarekin

Euskadi  funtsezkoa  izango  da  etorkizuneko  motor  aeronautikoen  belaunaldi  berriaren  garapenean,  lehen  proiektu  eraldatzaile  industrialari  esker

Euskadi funtsezkoa izango da etorkizuneko motor aeronautikoen belaunaldi berriaren garapenean, lehen proiektu eraldatzaile industrialari esker

Proiektu eraldatzailea beste urrats bat da Euskadiko industria aeronautikoaren garapenean. Abiazio komertzialeko motorren hurrengo belaunaldirako funtsezko teknologien garapena ahalbidetuko du, besteak beste. Proiektuak hurrengo hiru urteetarako 110 milioi eurotik gorako inbertsioa izango du, eta horietatik 60 milioi euro baino gehiago I+Garen eta teknologia-garapenaren arlokoak izango dira

Basque  Tek  Ventures:  deep  tech  teknologia  enpresa  berri  bihurtzeko  esparru  bat
11/02/2026 Ekintzailetza

Basque Tek Ventures: deep tech teknologia enpresa berri bihurtzeko esparru bat

Zientzia-ingurunetik merkatura igarotzeko bidean dauden deep tech teknologiei laguntzera bideratutako ekimena, prozesuari egitura eta jarraitutasuna emanez.

Medopek  SICUR  2026an  aurkeztuko  dituen  berrikuntzak  begien  babesari  dagokione
09/02/2026 I+G+B

Medopek SICUR 2026an aurkeztuko dituen berrikuntzak begien babesari dagokione

Foku nagusietako bat ISO 16321 araudiaren araberako ziurtagirien eguneratzea izango da, sektorerako funtsezkoa den arau-aldaketa.

Aleovitro,  landare  in  vitro  hazkuntzarako  euskal  bioteknologia

Aleovitro, landare in vitro hazkuntzarako euskal bioteknologia

Konpainia bizkaitarrak zeharkako zerbitzuak eskaintzen ditu; elikadura, farmazia, medikuntza eta kosmetikaren sektoretik ingurumenera

“Euskadi  erreferentzia  da  Europan  biozientzietan  eta  terapia  aurreratuen  fabrikazioan”
14/01/2026 I+G+B

“Euskadi erreferentzia da Europan biozientzietan eta terapia aurreratuen fabrikazioan”

Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordeak "Eusko Jaurlaritzarentzat bereziki garrantzitsua da terapia aurreratuen eremuan maila globalean punta-puntakoak diren konpainiek Euskadin garatutako industrietan inbertitzearen aldeko apustua egitea" adierazi du

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.