Elkarrizketak 15 otsaila, 2023

Mugikortasun berriak bultzada bat eman dio Teknia enpresari, zeinak aurreikusi baitu 350 milioi euro baino gehiago fakturatuko dituela 2022an

Enpresa bizkaitarrak automobilgintzarako konponbide globalak eskaintzen ditu 12 herrialdetan banatuta dauzkan 22 lantegietan
-

Teknia enpresa familiar bat da, Elorrion (Bizkaia) errotua, baina nazioarteko ikuspegia duena. Konpainia honek 1992an ekin zion bere jardunari, garai bateko 300 milioi pezetako hasierako kapitalarekin eta, batez ere, langile talde txiki baten kezkak, jakin-minak eta konpromisoak bultzatuta. Langile haiek denboran zehar izan duten konstantziari zor dio enpresak bere egungo profila: enpresa multinazionala da, automobilgintzaren industriarako konponbideen hornitzailea, eta 3.200 profesional enplegatzen ditu 12 herrialdetan banatuta dituen 22 produkzio-lantegietan. Funtsean, familia-negozio bat da, duela hiru hamarkada sortu zena eta etorkizunari baikortasunez begiratzen diona. Tekniako Ingeniaritza eta Arlo Teknikoko zuzendari Michel Peñak esan du 2025ean 400 milioi euro fakturatzea espero dutela.

Teknia automobilgintza sektorerako konponbide hornitzailea da. Horrela esanda anbiguo samarra dirudi… Zein da zuen jarduera zehazki?
Tradizionalki, esan genezake automobilgintza sektorerako metalezko eta plastikozko osagaien fabrikazioan espezializatutako multinazional bat garela, eta  askotariko teknologiak baliatzen ditugu, hala nola estanpazioa, hodi konformatuak, plastiko injektatua, barrako mekanizatua eta aluminioaren presio handiko injekzioa. Gure bezeroak OEM eta Tiers 1 handiak dira. Hogeita hamar urte hauetan, pare bat milioi fakturatzen zituen Zaldibarko tailer txiki bat izatetik teknologia ugari baliatzen dituen talde multinazional global bat izatera igaro gara, eta oso harro gaude.

Denbora horretan asko aldatu dira bezeroen eskaerak?

Mugikortasun berri honen harira, gure bezeroek konponbide osoak eskatzen dizkigute, hau da, elkarrekin uztartzen dituztenak plastikoa, metala edo aluminioa bezalako materialak eta askotariko teknologiak (hala nola, estanpazioa, hodi konformatuak, plastiko injektatua, barrako mekanizatua eta aluminioaren presio handiko injekzioa) eta, horrezaz gain, berrikuntza-maila jakin bat eskatzen dute prozesuetan, merkatuan oso berriak diren produktuak direlako.

Nola iraunarazten dira hainbesteko zehaztasuna eskatzen duten proiektuak?

Konponbide oso horiek eskaini ahal izateko oso ongi datorkigu 12 herrialdetan dauzkagun eta 3.300 langile baino gehiago enplegatzen dituzten 22 lantegiak, eta ez soilik teknologiagatik, baita ere kokapenagatik.

Nola eragiten dio horrek Euskadiri?

Euskadin 230 pertsona enplegatzen dituzten bi lantegi ditugu, 32 milioi inguruko fakturazioarekin.

Zeintzuk dira enpresak 1992an sortu zenetik gaur arte egin duen jauzi handia azaltzen duten baloreak?

Nire ustez, honaino iristeko behar dena da ahalegina, lana eta dedikazioa. Eta jakina, gurea bezalako ETEen kasuan, arriskua eta ausardia. Inbertsioekin arrisku handiak hartu behar dira, askotan bezeroen aldetik gutxieneko lan-bolumena izateko bermerik gabe, eta hori oso zaila da.

Inoiz aipatu izan duzue: “onak gara gauza askotan, baina ez gara onenak guztietan”… Horrek esan nahi du zuen apustua gehiago zentratzen dela dibertsifikazioan eta ez hainbeste espezializazioan?

Ez dira termino bateraezinak, ezta gutxiagorik ere. Teknologia eta produktuetan dibertsifikatu dugu, eta baita ere kokapenean. Horrek aukera ematen die gure bezeroei konponbide osoak aurkitzeko Teknian eta euren hornikuntza-premiak hornitzaile bakar batean zentralizatzeko. Bestalde, oso espezializatuta gaude oso teknikoak eta konplexuak diren hainbat osagaitan. Hala, posible dugu bezeroari behar dituen diseinu eta garapen gaitasunak eskaintzea, prozesu eta kalitate onena bermatuz prezio lehiakorrean.

Beraz…?

Badugu esperientzia, hainbat teknologia menperatzen ditugu, eta oso espezializatuta gaude zenbait osagai konplexutan. Horrek esan nahi du gai garela merkatuaren premiei aurrea hartzeko eta gai garela gure bezeroei konponbide aproposenak eskaintzeko, seriean (batik bat, bolumen ertain eta altuetan) fabrikatzeko prozesu globalak diseinatuz.

Zerk bereizten zaituzte besteengandik?

Gure planteamendua da bezero bakoitzari tratu desberdin eta pertsonalizatua eskaintzea. Beti egin izan dugu horrela, 1992an  sortu ginenetik. Horregatik, beti eskaintzen diegu epe luzera bazkide gisa kolaboratzea, eurek planteatzen dizkiguten premiei erantzutea eta elkarrekin berritzea.

Eta fase, nolabait esateko, humanistiko horretaz gain…?

Egokitu egiten gara, eta esperientzia zabala daukagu fabrikazioaren balio-kate osoan. Lantegiak dauzkagu munduan barrena, sektorerako funtsezkoak diren kokalekuetan eta, gainera, gure produktu-zorroak bere baitan biltzen du ibilgailuentzako osagai-kategoria sorta zabal bat.

Askotan automobilgintzako fabrikatzaile handien eskuin esku bezala funtzionatzen duzue, eta horrek sektorearen ikuspegi pribilegiatua ematen dizue. Zure ustez, zein da automobilgintza sektorearen egoera une honetan?

Esan genezake une zirraragarria dela, aukera eta arrisku handiz betea. Industria mugikortasun jasangarriago baterantz eboluzionatzen ari da, eta horrek aldatu egin du sektorea, modu ia dramatikoan. % 100ean elektrikoa den auto bat fabrikatzeko % 30-40 lan-esku gutxiago behar da, eta trantsizio berde horrentzat markatu diren epeak direla medio (2035ean ezingo da saldu konbustiozko autorik edo auto hibridorik Europan), automobilaren balio-katean azkartzen ari dira estrategia-aldaketak, merkatuaren premia berrietara egokitu ahal izateko.

Zure ustez Europak badu gaitasuna mugikortasun berriranzko trantsizioan lider gisa posizionatzeko?

Halaxe uste dugu, eta horretarako ari gara lanean. Baina ea denon artean egokitzen ditugun epe horiek produkzio-sarearen errealitate ekonomiko-sozialera. Industriak asko du esateko arlo horretan, lortu nahi diren helburuetara iristeko oinarrizkoak garelako, baina ez zaigu entzun.

 Zein da Tekniaren epe laburreko helburua?

Zorionez, eta azken urteotako zailtasunak gorabehera, gure finantza-posizioa sendoa da,  ongi garatu dugulako negozioa, zuhur jokatuz kudeaketa arloan eta enpresa kontrolatuz ziurgabetasunaren erdian. Horri esker, oraindik badugu hazteko gaitasuna, eta hori zutabe bat da guretzat enpresa sortu zenetik. Horrez gain, gure ahaleginaren zati bat bideratu nahi dugu fabrikazio aurreratuaren arlora. Hau da, digitalizazioa eta datuen kudeaketa jorratu nahi ditugu manufakturan dugun bikaintasuna hobetzeko eta gure bezeroen erreferentziazko hornitzaile-bazkide eta aliatu gisa dugun posizioari eusteko. Hala, taldeak ahalegin handia egin du, bai manufaktura aurreratuari dagokionez eta bai estrategia korporatiboari dagokionez. Azken kasu horretan, sail espezializatu bat sortu dugu, zeinaren helburua izango baita aukerak aztertu eta aprobetxatzea, eta erronkak aztertu eta gainditzea.

Mugikortasun berriarena izan liteke horietako bat. Zein espiriturekin heldu diozue erronka horri?

Baikortasunez heldu diogu mugikortasun berriaren erronkari, eboluzio horrek aukera izugarriak eskaintzen baititu gurea bezalako enpresa batentzat, enpresa bat gai dena askotariko teknologiak lantzeko eta  behar den esperientzia daukana bezeroek eszenatoki berri honetan eskatzen dituzten premiak asetzeko. Zentzu horretan, mugikortasun berriaren ibilbide-orrian hainbat ildo lantzen ditugu, esaterako, osagaiak garatzea gure gaitasun globalei esker, horretarako baliatzen ditugularik presio handiko aluminio injekzioa edo konplexutasun handiko mekanizatuak bezalako teknologiak. Eta ez soilik ibilgailu tradizionalarentzat, baizik eta mota guztietako mugikortasun konponbideentzat, barne daudelarik motorrak eta besteak beste bizikletak.

Bat zatoz Euskadi industrial honetan dimentsio eza arazo bat dela diotenekin…?

Baieztapen horrek bazuen zentzua iraganean. Tamaina funtsezkoa da lehiakor izateko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, batez ere automobilgintza sektorean. Horregatik uste dut enpresa askok -besteak beste gureak- aspaldi ulertu genuela hori, eta tamaina handitu eta sendotzeko estrategiak aplikatu ditugula, aukera eman digutenak merkatuan dugun posizioari baikortasunez begiratzeko. Jakina, aipatu behar da Euskadik baduela oinarri industrial sendo bat, eta baditugula lehiakortasun-abantailak gure hornikuntza-katean, hornitzaile hurbil eta adituekin eta merkatuan asko baloratzen den jakintza industrialarekin. Gainera, maila instituzionalean, Eusko Jaurlaritzak badu ongi landutako politika industrial bat, enpresei eta berrikuntzari laguntzen diena Estatuan baino are indar eta irmotasun handiagoarekin.

 

 

Lotutako albisteak

Alfe  Cutting  Europan  erreferentea  da  ebaketa  industrialeko  erreminten  fabrikazioan,  eta  300.000  produktu  baino  gehiagoko  eskaintza  du
13/05/2026 Nazioartekotzea

Alfe Cutting Europan erreferentea da ebaketa industrialeko erreminten fabrikazioan, eta 300.000 produktu baino gehiagoko eskaintza du

Enpresa bizkaitarra Italiako Comesa enpresak erosi berri du, eta Europan, Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan dihardu, batez ere.

Iruma  Ekialde  Ertaineko  sektore  siderurgikoaren  bila  abiatu  da
06/05/2026 Nazioartekotzea

Iruma Ekialde Ertaineko sektore siderurgikoaren bila abiatu da

Gipuzkoako enpresa 50 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta irtenbide industrialak eta bezeroen beharretan oinarritutako zerbitzu globala eskaintzen ditu. Urtean 6,5 milioi euro inguruko fakturazioa du.

Ubis,  produkzioaren  % 70  esportatzen  duen  zinta  itsasgarrien  fabrikatzailea
30/04/2026 Nazioartekotzea

Ubis, produkzioaren % 70 esportatzen duen zinta itsasgarrien fabrikatzailea

Hernaniko enpresak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren dirulaguntza jaso du, eta urtean 100 milioi euro fakturatzen ditu

José  Antonio  García  de  Vicuña  (AGME):  “  Dibertsifikazioak  sektore  eta  merkatu  berrietan  hazten  lagundu  diezaguke”
30/04/2026 Nazioartekotzea

José Antonio García de Vicuña (AGME): “ Dibertsifikazioak sektore eta merkatu berrietan hazten lagundu diezaguke”

Muntaia automatizatuko soluzioetan espezializatutako Eibarko enpresak bere nazioarteko hazkundea sustatzen du proiektu industrial berriekin eta bere jarduera automobilgintzatik harago zabaltzeko apustu irmoarekin.

Alfa  Hogar,  josteko  makinen  fabrikatzaile  liderra
23/04/2026 Nazioartekotzea

Alfa Hogar, josteko makinen fabrikatzaile liderra

105 urte baino gehiagoko historia duen Eibarko enpresaren fakturazioak % 30 egin du gora azken bi urteetan

Itua  Health-ek  nazioarteko  merkatuan  hedatzeko  prozesuan  laguntzen  ditu  osasun-enpresak
23/04/2026 Nazioartekotzea

Itua Health-ek nazioarteko merkatuan hedatzeko prozesuan laguntzen ditu osasun-enpresak

Donostiako enpresak startupak, unibertsitateak eta farmazia eta medtech multinazional handiak ditu bezero, eta Europako medikuntza-merkatuanrekin lotura gisa lan egiten du.

AMA  Impossible  Pétillant  Naturel-ek  alkoholik  gabeko  edariak  birdefinitzen  ditu
07/04/2026 Nazioartekotzea

AMA Impossible Pétillant Naturel-ek alkoholik gabeko edariak birdefinitzen ditu

Salmenten %85 atzerrian duela, Donostiako enpresak hartzidura naturalaren bidezko te-apardunak garatzen ditu premium sektorera zuzenduta.

Ondarretak  mende  erdia  darama  40  herrialdetan  baino  gehiagotan  presentzia  duten  diseinuzko  altzariak  fabrikatzen
25/03/2026 Nazioartekotzea

Ondarretak mende erdia darama 40 herrialdetan baino gehiagotan presentzia duten diseinuzko altzariak fabrikatzen

Gipuzkoako enpresak, 3.000 instalazio baino gehiago ditu bost kontinenteetan, 13 milioi euro fakturatu zituen 2025ean; erdia baino gehiago esportaziotik etorria.

Grupo  Aner:  “Aurten  40.  urteurrena  ospatzen  dugu  eta,  hala  ere,  onena  iristeke  dago”
18/03/2026 Nazioartekotzea

Grupo Aner: “Aurten 40. urteurrena ospatzen dugu eta, hala ere, onena iristeke dago”

Bi pertsonako lantalde batekin hasi zena, gaur egun nazioarteko talde bat da, software-soluzioen arloan sendotua eta AA enpresa txiki eta ertain industrialei aplikatzean zentratua.

Manufacturas  Marpe,  zurezko  materialak  banatzen  eta  fabrikatzen  dituen  ETEa

Manufacturas Marpe, zurezko materialak banatzen eta fabrikatzen dituen ETEa

Azpeitiko enpresak salmenten % 20 atzerrian egiten ditu

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.