Euskal enpresek negozio eta lankidetza aukerak aztertu dituzte Ontario eta Eskozia Berrian
Hogei bat euskal enpresek aste honetan ezagutu dituzte Kanadako Ontario eta Eskozia Berria probintziek eskaintzen dituzten inbertsio eta lankidetza aukerak, “Business & Investment in Canada: Ontario & Nova Scotia” ekitaldiari esker. Basque Trade & Investment-ek (BasqueTrade), SPRI taldearen barruan euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak antolatu du jardunaldia, Kanadako Enbaxadarekin lankidetzan.
Topaketaren buru Nagore Bonilla izan da, BasqueTrade-ko presidenteordea, eta honako hauek parte hartu dute: Mazen Mahfouz, Kanadak Madrilen duen Enbaxadako aholkulari komertziala; Marine Lochon, Investor Services-eko Interim Manager Invest Ontario-n; eta Suzanne Frazer, Investment Attraction Executive Nova Scotia-n.
Bi lurraldeetako garapen ekonomikorako planak eta negozio-aukera nagusiak aurkeztu dira saioan, eta arreta berezia jarri da azpiegituretan, fabrikazio aurreratuan, teknologia garbietan eta energian. Testuinguru horretan, eta Kanadako erakundeen eta euskal enpresen arteko hurbilketa errazteko asmoz, ekitaldian banakako B2B bilerak egin dira Invest Ontario eta Invest Nova Scotiako ordezkariekin, Kanadako merkatuan egon daitezkeen lankidetzak arakatzeko eta aukera zehatzak aztertzeko.
Halaber, jardunaldiak Kanadaren eta Europar Batasunaren arteko harreman komertzialaren testuingurua ere aztertu du, 2017tik indarrean dagoen CETA merkataritza askeko akordioan oinarrituta, baita eremu estrategikoetan lankidetza areagotzea ere, besteak beste, energian, mineral kritikoetan eta Kanadak Horizon Europari lotutako herrialde gisa duen parte-hartzean, ikerketarako eta berrikuntzarako Europako finantzaketa-programan.
Gainera, erakundeen arteko lankidetza sustatzen jarraitzeko eta euskal enpresei Kanadan aukera estrategikoak izateko aukera emateko, Mazen Mahfouz Kanadak Madrilen duen Enbaxadako Merkataritza Aholkulariak bilera pribatuak egin zituen Nagore Bonillarekin eta Ane Miren de Ariñorekin, Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko Sailburuordetzako Ekintzailetza eta Nazioartekotze zuzendaria.
