Euskadik eta Fukushimak lankidetza ekonomikoa eta teknologikoa indartu dute
Euskadik Fukushimako (Japonia) Prefekturaren Batzarreko ordezkaritza bat hartu du aste honetan, Basque Trade & Investment (BasqueTrade) euskal enpresak nazioartekotzeko SPRI taldeko agentziak antolatutako bisita instituzional batean. Topaketaren helburua izan da bi eskualdeen arteko lankidetza ekonomikoan, industrialean eta teknologikoan aurrera egitea, eta 2026ko urtarrilerako aurreikusitako Elkar Ulertzeko Memoranduma (MoU, ingelesezko sigletan) berritzeko edukiak lantzea.
Jardunaldia Bizkaia Plaza eraikinean hasi zen, eta bertan bilera bat egin zen Basque Trade & Investment-ekin, indarrean dauden lankidetza eremuak berrikusteko eta 2026ko MoU-an sartuko diren aukera berriak aztertzeko, energia berriztagarrietan -hidrogenoa barne-, gailu medikoetan eta gastronomian arreta berezia jarriz.
Bisitaren programan, garapen industrialari eta teknologikoari lotutako euskal ekosistemaren trakzio-ekimenak aurkeztu ziren. Topaketa horretan, SPRI taldeko David Fernandezek Euskadiko Kluster Politika eta lankidetza publiko-pribatuaren ereduaren bilakaera aurkeztu zituen. Bestalde, Tristán Shedden SPRI taldeko BIND 4.0 programaren koordinatzaileak startup-en eta enpresa industrialen arteko berrikuntza-plataforma ireki horren funtzionamendua azaldu zuen. Era berean, SPRI taldeko María San Salvadorrek eta Basque Energy Clusterreko Ander Gonzálezek Net Zero Basque Super Clusterraren lan-ildoak azaldu zituzten, hidrogeno-proiektuetan, energia berriztagarrietan eta net-zero teknologietan.
Azkenik, ordezkaritza Energy Intelligence Center-era (EIC) joan zen, eta hango zuzendari Joseba Garcíak egin zien harrera. Hidrogenoarekin lotutako proiektuak garatzeko zentroaren estrategia aurkeztu zuen Garcíak. Petronor/Repsoleko Asier Madariagak eta Arturo Fernandezek ere parte hartu zuten. Azken horrek BH2C–Basque Hydrogen Corridor delakoa azaldu zuen, eta Petronor/Repsolek bultzatutako hidrogeno-ekosistemak eta -proiektuen inguruko xehetasunak eskaini zituen. Hala, hidrogeno berriztagarrietan izandako aurrerapen industrial eta teknologikoei eta trantsizio energetikoan duten zereginari heldu zien.