Europako Batzordeak muga-zergak ezarri dizkio Txinako latorriari, ‘dumping’ praktikak detektatu ondoren
Europako Batzordeak dumping-aren aurkako behin-betiko muga-zergak ezarri dizkio Txinako Herri Errepublikatik inportatutako latorriari, Europako merkatuan produktu horiek bidezko balioaren azpitik saltzen ari zirela ondorioztatu ondoren. Erabakia Bruselak hasitako ikerketaren ondoren hartu da, Europar Batasuneko ekoizleei eragindako kalteak identifikatuta.
Burdinazko xafla lauak edo eztainuarekin aleatu gabeko altzairuz egindakoak dira oraingo neurriaren eraginpeko produktuak, latorria deritzenak alegia. Material hau elikagaietarako ontziak eta aerosolak fabrikatzeko erabiltzen da nagusiki.
Batzordeak bildutako datuen arabera, latorriaren Europar Batasuneko merkatuak 2.700 milioi euroko urteko balioa du, eta 5.000 pertsona ingururi ematen die lana zuzenean bost estatu kidetan. EBko agintarien iritziz, Txinatik balio normalaren azpiko prezioan egindako inportazioek lehiatzeko baldintzak nahastu dituzte Batasunean.
Egoera konpontzearren, Europako Batzordeak % 13 eta % 62 bitarteko muga-zergak ezarri ditu, fabrikatzailearen arabera. Behin-betiko neurri hauek urtarrilaren 14az geroztik indarrean zeuden behin-behineko muga-zergak ordeztu dituzte.
SPRI Taldeari atxikitako Basque Trade & Investment euskal enpresak nazioartekotzeko agentziak bulego bat du Shanghain egoera hau monitorizatzeko. Txinatik produktuak inportatu edo herrialde horretako hornitzaileekin harreman komertzialak dituzten euskal enpresek bulego horretara jo dezakete informazio eta laguntza pertsonalizatua lortzeko.