Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 15 maiatza, 2024 Nazioartekotzea

Bookroadek mundu mailako estaldura eskaintzen du garraio korporatiboen sektorean

2018an Patxi Huélamok sortutako enpresak ehun herrialde baino gehiagotan ematen du zerbitzua
Patxi Huélamo

Patxi Huélamo ekintzaile amorratua da aspalditik. Txirrindulari profesionala izateko bidean zegoen, orain dela bi hamarkada taxien munduarekin gurutzatu zen arte. Ordutik, hainbat proiektu jarri ditu martxan, hala nola Patxitaxi.com edo Taxiberia. “Etengabeko hobekuntzan” eta nazioarteko eta “luxuzko bezeroentzako zerbitzuan” jarri izan du beti begirada, eta hala erakusten du bere azken bertsioak: Bookroad. Enpresa horrek hamar bat profesionali ematen die lana Gasteizen, eta munduko edozein lekutan lekualdaketak behar dituen edozein enpresari ematen dio zerbitzua.

Azkenean, badirudi posible zela taxi bat eta taxilari bat nazioartekotzea…

Argi dago baietz. Gaur egun ehun herrialdetan baino gehiagotan ematen dugu zerbitzua. Taxiaren sektoretik bagatoz ere, urteak daramatzagu gidariaren alokairuko ibilgailuen flota onenekin lanean. Pazientzia handia, lantalde on bat osatzea, teknologia propioa garatzea eta urtetako lana behar izan ditugu lekualdatze korporatiboen eta goi mailako turismoaren sektorean mundu mailako estaldura ematen duen konfiantzazko sare bat lortzeko. Gainera, lan egiteko modu bat, ibilgailuen premium kalitatea, segurtasuna, aseguruak eta gidariek zerbitzua emateko protokolo bat estandarizatzea lortu dugu, eta puntualtasuna ziurtatu dugu moneta ezberdina duten hainbat ordu-zonatan.

Zu txirrindulari profesionala izateko bidean zinen… Nolatan igaro ziren taxien mundura?

Agian errazena bizikletatik bolantera pasatzea izan zen. Izan ere, garraiobidea eta konpainia bakarrik aldatzen ziren. Zailena “benetako” ekintzailearen rola hartzea izan zen: proiektua abiatzea, bazkideak lortzea, finantzaketa eta saiakeran ez hiltzea. Era berean, gidari lanak eta proiektuko askotariko lanak uztartzea, eta etengabe prestatzen jarraitzea. Hori guztia lehen aldiz lortzea oso gogorra izan zen, baina, orain, Bookroad Travelen (gure bidaia korporatiboen agentzia, Taxiberia Spainen spin-off bat), oso erraza izan da, hainbat elkartetan izandako esperientzia eta 25 urteko ibilbidea ditugulako.

Zer testuingurutan jaio zen Bookroad?

2018an sortu zen. Urte hartan, mundu mailako hainbat plataforma teknologiko indarrez sartu ziren taxien sektorera, kalitatea ahaztu eta zerbitzuaren kostuari lehentasuna emanda. Baina marketineko kanpaina handia egin zuten eta diru asko mugitu zuten. Dena den, errealitatea betikoa zen: black car tradizionala da kotxe korporatiboaren eredua, eta kalitate gorena eskaintzen duena. Zerbitzu hori ezin da denbora errealean eman, eta ezin da guztiz automatizatu. Une hartan, era berean, taxien sektoreko enpresari batzuek VTC lizentziak lortu zituzten eta zerbitzuaren kalitatea handitzea erabaki zuten; horien artean daude gure bazkideetako batzuk. Ildo horri jarraituz, iaz Bookroad Travel sortu genuen, bidaia korporatiboen gure agentzia. Haren bidez, enpresei eta agentziei 360º-ko zerbitzua eskaini nahi diegu.

Zer zentzutan?

Garraioaz gain, ostatuak, ibilgailuen alokairua, neurrira egindako ibilbideak eta tour pribatuak eskain diezazkiekegu Estatuko eta nazioarteko bezeroei, gure hornitzaileen sare zabalaz baliatuta.

Zer agentzia motarentzat lan egiten duzue?

 Estatu mailako handizkako agentzia handi guztientzat eta MICE agentzia ospetsuenentzat. Horien bidez, multinazional ugariri ematen diegu zerbitzua, Estatu barruko eta nazioarteko lekualdaketa pribatuetan. Amerikako eta Asiako hainbat herrialdetako agentzia askorentzat egiten dugu lan.

Era berean, Europako futbol eta saskibaloi talde batzuei ematen diegu zerbitzua, eta golfeko zein triatloiko kirolariei, zinema ekoiztetxeei eta ikuskizunei ere bai. Logikoki, tokiko enpresa handiekin ere egiten dugu lan, zuzenean, zuzendaritzako kideen edo langileen garraio profesionalerako edo aisialdiko garraiorako.

Zer esan nahi du “etengabeko hobekuntza” terminoak, zu bezalako enpresari batentzat?

Etengabeko hobekuntza obsesio bat izan da beti gure enpresetan. Gure softwarearen bertsioak etengabe eguneratzen ditugu funtzio berriekin; zereginak digitalizatzen ditugu; nazioarteko prestakuntza, azoka eta mintegietara joaten gara; eta moda-modan gaude. Une honetan, zeregin komertzialetan AA txertatzeko prozesu batean gaude. Webgunearen bidez gehien iristen zaizkigun ohiko kontsultei erantzuteko entrenatutako bot bat da.

‘Dedikazioaren’ irudi bizia zarela esaten dute…

Batek gustuko duena egiten badu, ez dio ordulariari begiratzen eta eguneko orduak motz geratzen zaizkio. Kontua da zahartzen ari garela, eta denbora utzi behar zaiela aisialdiari eta familiari ere. Seme gazteenari asko laguntzen diot teniseko ibilbidean; orain arte oso emaitza onak lortu ditu, eta noizean behin txapelketaren batera bidaian joaten saiatzen naiz, ikusteko. Rafa Nadal Tour batean honako esaldia irakurri nuen: “Jokatu tenisean garrantzitsuena balitz bezala, baina benetan ez dela jakinda”. Bada, negozioetan antzeko zerbait aplikatzen saiatzen naiz.

Duela hamar urte izan zinen azken aldiz programa honetan, eta orduan honako hau esan zenigun: “Erokeriarik egiten ez badugu, datozen belaunaldiek ez dute aurrera egingo”. Gauza bera pentsatzen jarraitzen duzu?

Ez nintzen gogoratzen, baina pentsatzen dut 2007an Txinara joateko bururatu zitzaidan bidaiarekin lotuta esango nuela hori. Erokeria bat izan zen eta ez zen aurrera atera, baina oso birala izan zen. Zorionez, beste proiektu serioago batzuk nituen aldi berean, eta horiek funtzionatu dute… Dena den, uste dut arriskua eta abentura gogoko izatea beharrezkoa dela proiektu bati ekiteko. Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut nork aginduko ote zidan niri buruhauste batzuetan sartzeko, baina denborarekin modu positiboan baloratzen ditut ia beti.

Zer esan nahi du zuretzat honek: “Taxi aberatsa, taxi pobrea”…

25 urtetan zehar izandako esperientziei buruz lantzen ari naizen liburu baten izenburua da. Aholkuak, negozioa ikusteko nire modua, nire ustez sektoreak behar dituen aldaketak, anekdotak eta jarduera utzi ondoren atera ditudan ondorioak jasotzen ditu. Robert Kiyosakiren Padre rico, padre pobre bestsellerrean inspiratuta bururatu zitzaidan; finantza pertsonalei buruzko liburu interesgarria da hori.

 

Lotutako albisteak

21 otsaila, 2024 Nazioartekotzea
Inmaculada Ugarteche (Uniport Bilbao): “Erronka guztietara egokitzen jakin izan dugu, merkataritzak funtziona dezan lagunduz”
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 Berrikuntza
Pablo Izeta, Bellota Herramientaseko zuzendari nagusia Europa, Asia, Afrika eta Lationamerikan
Irakurri gehiago
23 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Iñigo Alonso: “Urtero, mundu osoan produzitzen ditugun elikagai guztien heren bat alferrik galtzen da”.
Irakurri gehiago
17 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Worldpats: “Gure helburua da atzerrira lan egitera doan langilea ahalik eta azkarren produktiboa izatea, beste kontu batzuez arduratu gabe”
Irakurri gehiago
3 urria, 2023 Nazioartekotzea
Iratxe Las Hayas: “Emakumeok enpresaren erabaki estrategikoak hartzen diren lekuan egon behar dugu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak