Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 25 urria, 2021 Ingurumen-jasangarritasuna

Basque Green Deal Gunea, Europako itun berdearen espiritua zabaltzeko Euskadi zeharkatuko duen foroa abian jarri da  

Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, Tabakalerarekin batera, klima aldaketari aurre egiteko konpromisoa berretsi dute, bakoitzak bere eskumenetatik ekintza eta neurri zehatzak bultzatzeko akordio berdea bere eginez
Arantxa Tapia sailburua, ekitaldian.

 

Europar Batasunak 2019ko abenduan proposatutako Europako Itun Berdea edo European Green Deal mekanismo nagusienetakoa da EBko kide diren herrialdeei krisitik ateratzen eta etorkizun jasangarriagoa lortzen laguntzeko. Itun Berdea Europar Batasunak 2050ean neutraltasun klimatikoa lortzea ahalbidetuko duen hazkunde-estrategia da.

 

Testuinguru horretan, Euskadirentzat garapen inklusiboa eta jasangarriaren beharra azaltzeko, Eusko Jaurlaritzak Basque Green Deal Gunea sortu du: urtea amaitu baino lehen euskal hiriburuetatik igaroko den foroa, Europako itun berde horren espiritua zabaltzeko.

 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak, azaroaren 2ra arte indarrean egongo den lehen Basque Green Deal Gunea inauguratu dute gaur goizean Donostiako Tabakaleran, Klima Aldaketaren aurkako Nazioarteko Egunean bertan.

 

Tapiak nabarmendu du zeinen garrantzitsua den euskal gizarteak ekonomiaren eta ingurumenaren bide-orri horren ardatz nagusiak ezagutzea: “badakigu gizarteak erronka hau partekatzen duela” adierazi du. Euskadi izan zen, 2019ko uztailean, klima-neutraltasunaren aldeko konpromisoa hartu zuen Europako lehen eskualdeetako bat, Iñigo Urkullu lehendakariaren Klima Larrialdiaren Deklarazioarekin. Sailburuaren ustez, “erakundeok eta herritarrok aktiboki parte hartzen dugu klima-aldaketaren aldeko ekintzan, baina bizkortze eta intentsitate handiagoa behar dugu politika publiko guztietan eta ekintza indibidualetan“. Ekintza bakoitza, txikia bada ere, garrantzitsua dela azpimarratuz, Tapiak ez du aukera galdu eta adierazi du gaur goizeko ekitaldia, “ekitaldi jasangarria” dela, “IHOBEren Erronka Garbia metodologiaren bidez ziurtatua, eta emisioak ingurumen-proiektuekin konpentsatuko direla, adibidez, zuhaitzak landatuz”.

 

Hain zuzen ere, gaur, igandea, Klima Aldaketaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta instituzio-arteko ekitaldian Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, Tabakalerarekin batera, klima-aldaketari aurre egiteko politikak sustatzen jarraitzeko konpromisoa berritu dute.

 

Tapia sailburuak Glasgowko COP26aren atarian gogorarazi duenez, “eskualdeek eta toki-erakundeek klima-aldaketa arintzeko eta egokitzeko neurrien % 80 baino gehiago hartu ditugu. Euskadi Europako eskualde aktiboenetako bat da klimaren trantsizioan”. The Climate Group-ek, ekintza klimatikoaren arloko nazioarteko sarerik garrantzitsuenetakoak, anbizio klimatikoan liderrak diren munduko 18 eskualdeen artean kokatzen du Euskadi. Sailburuaren ustez, “2050erako Euskadi karbono isurietan neutroa lortzea konpromiso partekatua da”, eta, horretarako, “funtsezkoa da energia berriztagarrietarantz igarotzea jauzi kualitatibo bat emanez eolikoan edo fotovoltaikoa ekoizteko energia-komunitateetan. Halaber, I+Garen aldeko apustua egin da bektore energetiko berriak garatzeko, hala nola hidrogeno berdea”. Ohartarazi duenez, klima-aldagaia modu integralean aplikatu behar da. “Mugikortasun elektrikoaren edo Smart griden abangoardian egon behar dugu, gure ibaiak edo portuak babestu behar ditugu, eta, aldi berean, ingurumena eta ingurunea errespetatzen duten nekazaritza- eta baso-jarduerak sustatu”.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Asensiok “aire osasungarria, planeta osasungarria” leloa eta Naturklimaren txostena ekarri ditu gogora, trafikoa airearen kutsadura-gune handienetako bat dela baieztatzen duena. Halaber, ohartarazi du datozen 30 urteetan gipuzkoarren erdiek baino gehiagok inpaktu larriak jasango dituztela berotze globalaren ondorioz.

 

“Testuinguru horretan, -nabarmendu du diputatuak- ezin dugu onartu gure klima-politikak sektorialak edo partzialak izatea. Trantsizio ekologikoak eta hura martxan jartzeko beharrezkoa den itun sozial berdeak gure agendaren erdigunean egon behar dute”.

 

Eneko Goia Donostiako alkateak gogorarazi du Donostiak “bere ibilbide-orria trazatuta” duela Klima 2050 Planarekin, eta plan horrek ezartzen dituela klima-aldaketaren aurkako borrokan udalaren jarduna gidatuko duten jarduerak, lehentasunak eta irizpideak. Plan horrek emisioen murrizketa eta uholde-arriskua duten eremuetako jarduketak jasotzen ditu, itsas-inpaktuagatik kosta-lerroan edo hiri-bilbean esku-hartzean, berdegune berriak sortzeko. Era berean, Goiak azpimarratu du Udala buru-belarri ari dela lanean karbono aztarnaren balantzea murrizten lagunduko duen garraio publiko eta pribatuaren eskema bat diseinatzeko. Goiak esan duenez, hiri-laborategi horretan hainbat neurri ezartzen ari dira, hala nola bizikleta publikoaren zerbitzua indartzea edo Topoaren zerbitzua hobetzea, eta neurri berriak hartzen jarraituko da, hala nola eraikinen isolamendu termikoa hobetzea edo hiri-autobusen flota elektrifikatzea, Basque Green Deal estrategia globalaren esparruan aurrera egin ahal izateko.

 

Azkenik, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariak nabarmendu du “NEW EUROPEAN BAUHAUS Europako Batzordearen ekimen berrian posizionamendu aparta” lortu duela. Lau euskal erakunde, horien artean TABAKALERA dago, aukeratu dituzte bazkide, eta, gainera, Uliako Lore Baratzak baratze-lorategi komunitarioaren Donostiako proiektuak jaso du emandako lehen sarietako bat. “Potentzial handi horrek posizio bikainean jartzen gaitu sektore sortzailearen eta beste sektore batzuen arteko lankidetza errealak bultzatzeko orduan, inpaktu positiboa eta eraldatzailea lortzeko.”

 

ERAKUSKETA:

Erakusketa ia sei metro luzeko ilustrazio handi batek osatzen du. Ilustrazio horrek erakusten du pertsonen eguneroko erabakiek nola eragiten duten Europako erakundeek sustatutako itun berdearekin zerikusia duen guztian. Standak gai hauei heltzen die: energia-efizientzia, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hurbileko produktuen kontsumoa eta ekonomia zirkularra.

 

Erakusketan etengabeko informazioa dago, standetan eta liburuxketan, honako gai hauen inguruan: emisioen murrizketa, ekonomiaren deskarbonizazioa, ekonomia zirkularra (hondakinak baliabide-iturri gisa erabilita), energia-efizientzia, mugikortasun jasangarria, elikadura-katearen jasangarritasuna edo zero kutsadura ingurune osasungarria lortzeko.

 

Basque Green Dealen standak gonbidatu egiten gaitu jasangarritasunarekin konprometitzeko egunerokotasunean har daitezkeen erabakiei buruzko gogoeta egitera. Posible da etxeko esparruan ere efizientzia-irizpideekin, energiaren zentzuzko kontsumoarekin, hurbileko produktuen kontsumoarekin, berrerabilerarekin eta birziklapenarekin bat egitea.

 

JARDUEREN AGENDA:

Urriak 25 19:00 – HITZLDIA; 52 Ekintza Klima Aldaketari aurre egiteko (IHOBE)

 

Urriak 26 19:00 – HITZALDIA: Elikagaien xahutzea Euskadin (ELIKA)

 

Urriak 27 18:00 – HITZALDIA: EKIOLA energía-kooperatibaren aurkezpena

 

Urriak 28 18:00 – ENPRESARA BISITA: Garapen Jasangarriaren adibidea ORONA

 

Urriak 29 19:00 – DASTAKETA: “BASQUE WINE” eta EUSKAL GAZTA dastaketa

 

Urriak 30 18:00 – HERRITARREN TAILERRA

 

Urriak 31 egun osoz – EKOTEST – Birziklapenari buruzko jolasa EKOADRILAKO pertsonaiekin.

 

Azaroak 1 egun osoz – ESCAPE ROOM – Jasangarritasun eta erronka klimatikoen inguruko jolasa

Azaroak 2 19:00 – SHOW ROOM bertako 3 enpresen EKONOMIA ZIRKULARREKO esperientziak

 

Egunero, “EKOJOLASA” gunea zabalik egongo da, eta haurrentzako jolasak egingo dira bertan. Astegunetan, 17: 00etatik 19: 00etara, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, goizez 11: 00etatik 13: 00etara eta arratsaldez 17: 00etatik 19: 00etara.

Lotutako albisteak

22 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
SUDS Drenaje Sostenible, hiri-eremuan euri-uren kudeaketa jasangarriago baten aldeko apustua egiten duen enpresa donostiarra
Irakurri gehiago
18 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Net-Zero Basque Industrial Super Cluster ekimenak EPRIren European Workshop Weeken hartuko du parte aste honetan
Irakurri gehiago
11 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Arquinea, eraikinak birgaitzeko bazkidea da, etxebizitza eraginkorragoak eta jasangarriagoak lortzeko helburuarekin
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Ingurumen-jasangarritasuna
Elirecon, hiru hamarkada hondakin sanitarioen tratamenduan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak