Javier Fernández de Retana, Aernnova-ko Harreman Instituzionaletako zuzendaria.
Elkarrizketak 10 abendua, 2021

Aernnova-k 400 kilometroko autonomia izango duen hegazkin elektriko baten egitura diseinatuko du

 Microsoft-en fundatzaile Bill Gates-ek zuzendutako inbertsio-funts batek eta Heart Aeroespace konpainia suediarrak aukeratu dute enpresa aeronautikoa

 

Dagoeneko badakigu etorkizuneko abiazioa ingurumenarekiko jasangarria izango dela, eta sektoreko balio-kateko kide guztiek onartzen dute hori. Kutsadura eta zarata gutxiago sortuko duten hegazkinak, arinagoak eta elektrikoak. Horrelakoxeak izango dira epe nahiko laburrean mundu mailako eszenatoki berria osatuko duten hegazkinak. Eta garraio-eredu askoz jasangarriagoen bidez mugikortasun berdea bilatzeko testuinguru horretan ari dira lanean Euskadiko erreferentziazko hainbat industria-konpainia. Adibidez, burdinbideen sektoreko CAF enpresak proiektu bat du esku-artean RENFE, Adif eta beste enpresa europar batzuekin batera, diesel lokomotora kutsatzaile bat hidrogenozko sistema bihurtzeko, eta horrela, ur-lurruna bakarrik isurtzeko.  Era berean, Irizar enpresa lanean ari da zero isuri izango dituen autobus autonomo batean (modelo hori probatu dute jadanik Malagan), eta baita ere zaratarik egiten ez duen hiriguneetarako kamioi batean. Sektore aeronautikoan, berriz, Aernnova euskal konpainia garrantzitsuak hegazkin elektriko bat fabrikatzeko proiektuan parte hartuko du Heart Aerospace konpainia suediarraren eta Microsoft enpresaren fundatzaile Bill Gates-en eskutik.  Heart Aerospace-k eta Bill Gates-en inbertsio funtsak konpainia arabarra kontratatu dute hegazkin iraultzaile honen egitura diseinatzeko. Aire-ontziak lau motor elektriko izango ditu, 400 kilometroko autonomia eta 19 bidaiarirentzako gaitasuna. Aernnova-ko Harreman Instituzionaletako zuzendari Javier Fernández de Retanak esan duenez, dena aurreikusi bezala badoa, ES 16 hegazkina (izen hori jarri diote) prest egongo da 2026rako.

 

Abiazio elektrikoaren etorkizuna dagoeneko oraina al da?

Baietz esango nuke. Dena ari da asko aldatzen, baita gure sektorea ere, eta mugikortasun berriaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua errealitate geldiezina da. Zentzu horretan, mundu osoko enpresak ahalegin handia egiten ari dira hemendik gutxira hegazkin elektrikoak izateko.

 

Sekulako erronka da proiektu hau berritzeko…

Aernnova bezalako enpresa bat aukeratu izanak ilusio handia egiten digu eta benetan harro gaude. Uste dut urte askotako ibilbidearen emaitza dela, 28 urte daramatzagulako merkatuan eta enpresa aski ezaguna garelako…

 

Airbus-ek ezagutzen zaituzte, bere erreferentziazko hornitzaileetako bat zarete eta…

Egia da. Aspaldiko harremana dugu Airbus-ekin, eta duela gutxi Bikaintasun Operazionalaren Saria eman digu gainera. Horixe da gure konpainiak egin duen lan onaren erakusgarria. Eta azkenean, horrelako aitorpenek ezagun egiten zaituzte merkatuan.

 

Nola iritsi da Heart Aerospace bezalako enpresa bat zuenganaino?

Kontrakoa badirudi ere, aeronautika sektorean ez dago eragile asko, eta denok ezagutzen dugu elkar. Hortaz, ez dago merkatura irten beharrik, merkatuak berak aukeratzen zaituelako. Bezeroek kontuan hartzen dituzte gure gaitasunak, gure ibilbidea eta ezagutza, guk eskaintzak aurkezten dizkiegu, eta batzuetan irabazi egiten da eta besteetan galdu.

 

Esan liteke proiektu hau aire-freskoa dela pandemiak hainbeste markatu duen sektore batentzat?

Bai, dudarik gabe. Hainbeste hilabete txar igaro ondoren, albiste onak behar genituen, pandemia honek sektoreren bat kaltetu badu hori sektore aeronautikoa izan delako. Aski dugu atzera begiratzea gogoratzeko duela hilabete batzuk ez zegoela hegazkin bakar bat zeruan eta ez zela ke-arrastorik ikusten… Asko sufritu dugu eta sufritzen ari gara oraindik ere, eta pentsatzen dut gauza bera gertatuko zaiela gainerako enpresei… Horregatik, horrelako albisteek ilusio handia pizten dute.

 

Zehazki, zer egingo duzue ES-16 hegazkinean?

Hegazkinaren egitura ia osoa diseinatu eta garatuko dugu, hau da, fuselajea, hegalak eta egonkortzaile horizontal eta bertikalak. Ez gara motorretan sartuko, egituran baizik, eta ez da izango hegazkin arrunt batena bezalakoa.

 

Zein zentzutan?

Esaterako, hegazkin arruntek hegaletan eramaten dute erregaia, eta kasu honetan ez da beharrezkoa izango. Bestalde, kargak eta masen banaketa izugarri aldatuko dira, beraz, dena birkalkulatu beharko da. Bateriek ere asko pisatzen dute, eta hegazkinaren barruko beste baldintza batzuk ere aldatuko dira… Erronka itzela da.

 

Nolako inpaktua izango du proiektu honek Aernnova-ren Arabako Teknologi Parkeko eta Berantevillako lantegietan?

Akordioaren arabera, lehen fasean hegazkinaren diseinu eta garapenean zentratutako gara, eta gure diseinuko ingeniaritza-taldearekin egingo dugu. Profesional horiek gehienak Araban daude, eta proiektuan parte hartuko dute noski, baina konpainiak beste toki batzuetan dituen lantegietako profesionalengana ere joko dugu beharrezkoa denean. Izan ere, enpresa globala gara, sozietateak ditugu Brasil, Erresuma Batua, Mexiko eta Estatu Batuetan.

 

Proiektu aeronautikoen heldutasuna kontuan hartuta, zeintzuk dira proiektu honen entrega edo exekuzio epeak?

Bezeroak proiektu zehatz honentzat prestatu duen timing-a oso definituta dago, sektore honetan beti gertatzen den bezala. Fase desberdinak daude: diseinu kontzeptuala (PCR du izena), zertifikazio-diseinua, prototipoen garapena eta fabrikazioa eta, azkenik, hegazkina guztiz zertifikatzeko fasea. Hori guztia kontuan izanik, asmoa da 2022an prest izatea diseinuaren lehen zirriborroa, 2023an diseinuaren fase kritikoa amaitzea, 2024an hegan egin behar luketen prototipo batzuk fabrikatzea eta, dena ongi badoa, 2026aren amaierarako zertifikazio osoa lortzea bidaiariekin hegaldi komertzialak egin ahal izateko.

 

Hegazkin honen ezaugarrietako bat da autonomia mugatua duela…

Baterien pisua eta autonomia dira hegazkin elektrikoen arazo nagusia. Hala, oreka bilatu behar da hainbat elementuren artean: baterien zama eta gaitasuna, autonomia, bidaiari kopurua eta egin nahi den distantzia. Gaur egun, hegazkin elektrikoek ezin dituzte egin bidaia luzeak edo nazioarteko ibilbideak, gehiago bideratzen dira eskualde barruko beste ibilbide batzuetara, eta hor ere merkatu handia dago.

 

Lehen urratsa izan liteke…

Hori da. Asmoa da baterien gaitasunak garatu ahala autonomia gero eta handiagoa lortzea eta, horrela, distantzia handiagoak egin ahal izatea, eta berdin hegazkinak har dezakeen bidaiari kopuruarekin. Hau dena oso azkar doa eta bateriak asko ari dira eboluzionatzen autoen sektorea egiten ari den lanari esker. Hori, dudarik gabe, baliagarri izango da sektore aeronautikoak ere aurrera egin dezan.

 

Lehengaien eskasia (erdieroaleak barne) arazo global bat da. Hori kaltegarri izan liteke epeak betetzeko orduan?

Oraindik diseinu fasean gaude, eta konpainia bultzatzaileek apustu sendoa egin dute proiektu hau aurrera ateratzeko. Beraz, hasierako fase honetan ez genuke arazorik izan behar. Lehengaien eskasiari dagokionez, erdieroaleen arazoak guri baino gehiago eragiten dio autoen sektoreari, baina baditugu kontuan hartu beharreko beste arazo batzuk: energiaren eta aluminioaren prezioa, zeina ia bikoiztu egin baita azken urte eta erdian, garraioarekin eta logistikarekin gertatzen ari den guztia, edukiontzi eskasia…

 

Proiektu hau alde batera utzita eta ikuspegi orokorrago batetik, zein sentsaziorekin bukatuko du urtea Aernnova-k?

Uste genuen hondoa jota geundela hain krisi gogorra igaro ostean, eta hemendik aurrera hasiko ginela pixkanaka suspertzen, posizioak berreskuratzen, uneren batean pandemia aurreko normaltasunera itzultzeraino. Baina birusaren aldaera berriei buruz jasotzen ari garen azken albisteek konplikatu egin dute egoera.  Nolanahi ere, Aernnova-n baikorrak gara, beti izan gara baikorrak, eta uste dugu Zientzia oso ongi ari dela lanean, txerto berriak birusaren aldaera berrietara egokitu daitezen… Espero dugu ekonomiak suspertzen jarraituko duela pixkanaka, eta gai izango garela aurrera egiteko.

 

Eta zeintzuk dira datozen urterako perspektibak?

Urte honetarako egin genituenen antzekoak dira, baina susperraldia hobexeagoa izango da. Lanean jarraitzen dugu proiektu berriak bilatu eta sendotzeko, baina denok gaude egoera berean, aero-egituren fabrikatzaile guztiak berdin-berdin gaude. Merkatua motel eta zail dago, eta horregatik, hegazkin elektrikoaren proiektua lortu izana sekulako albistea da.

 

Duela bi urte esan izan balizute zer zetorkigun…

Beldurgarria da, izan ere duela bi urte, pandemia lehertu baino pixka bat lehenago, une benetan gozoan geunden; hazten ari ginen, perspektiba eta aukera berriak genituen, merkatu berrietan sartzekotan ginen… Eta begira zer gertatu den! Nolanahi ere, Aernnova-n erresilienteak eta borrokalariak gara, eta lanean jarraituko dugu, datozen hilabeteetan negozio-aukera berriak izateko.

Lotutako albisteak

Tecoplasek  plastiko  teknikoen  eraldaketan  erreferentzia  gisa  sendotzea  du  helburu

Tecoplasek plastiko teknikoen eraldaketan erreferentzia gisa sendotzea du helburu

Bizkaiko enpresak industria-sektorerako eta uren tratamenduko sektorerako lantzen du material hori, eta akuikultura- edo elikagaigintza-sektoreetan duen posizioa handitzea esploratzen ari da.

Surphasek  merkatuan  parekorik  ez  duen  teknologia  garatzen  du  eta  gatzgabetzeko  planten  eraginkortasuna  handitzea  lortzen  du

Surphasek merkatuan parekorik ez duen teknologia garatzen du eta gatzgabetzeko planten eraginkortasuna handitzea lortzen du

Donostiako ETEak, Europako Batzordearen 2,5 milioiko dirulaguntza lortuta, iragazkien egoera aurreikusten du denbora errealean; hala, geldialdi teknikoen % 60 murrizten du

TECH  friendly-k  plangintza  estrategikoa  eta  hiri-inguruneen  eraldaketa  digitala  eta  fisikoa  uztartzen  ditu

TECH friendly-k plangintza estrategikoa eta hiri-inguruneen eraldaketa digitala eta fisikoa uztartzen ditu

Bizkaiko enpresa hiriaren garapenean eta tokiko administrazio publikorako aholkularitza teknologikoan aritzen da.

Lansolar  Ingenieros,  bi  hamarkada  inguru  abangoardiako  irtenbideak  eskaintzen  trantsizio  jasangarriagoa  bultzatzeko

Lansolar Ingenieros, bi hamarkada inguru abangoardiako irtenbideak eskaintzen trantsizio jasangarriagoa bultzatzeko

Bizkaiko enpresak hidrogenoarekin lan egiten hastea du helburu datozen hilabeteetan, energia fotovoltaikoa biltegiratzeko sistema gisa.

Optimus3Dk  neurrira  egindako  gailu  medikoak  landuko  ditu  Gregorio  Marañón  ospitalearekin  batera

Optimus3Dk neurrira egindako gailu medikoak landuko ditu Gregorio Marañón ospitalearekin batera

Arabako enpresak bidalitako Lorena Cros doktoreak 3D modelaketan, inplanteen diseinuan eta irudi medikoen segmentazioan lagunduko du.

Agua  Embrujadak  infusioen  sektorea  gama  handiko  alternatiba  jasangarriekin  irauli  du

Agua Embrujadak infusioen sektorea gama handiko alternatiba jasangarriekin irauli du

Arabako enpresak osagai naturalen eta prozesu iraunkorren aldeko apustua egin du, kalitate handiko teak eta infusioak eskaintzeko.

Eurozon,  desinfekziorako  eta  iraunkortasunerako  ozono-teknologian  aditua

Eurozon, desinfekziorako eta iraunkortasunerako ozono-teknologian aditua

30 urteko esperientziarekin, Bizkaiko enpresa elikagaien, uraren eta barruko espazioen higienizazioko berrikuntzaren buru da, ingurumena errespetatzen duten konponbideen alde eginez.

Lufe:  “Bezeroaren  esperientzia  modu  aktiboan  entzutea  da  hobetzen  laguntzen  dizuna”

Lufe: “Bezeroaren esperientzia modu aktiboan entzutea da hobetzen laguntzen dizuna”

Enrique Arrillagak duela hamar urte sortu zuen % 100 Euskadiko lehengaiez diseinatu eta fabrikatutako altzarien enpresa, eta dagoeneko hainbat herrialdetara saltzen du, hala nola Frantzia, Italia eta Portugalera.

Ikerlanek  bi  norabideko  bihurgailu  bat  garatu  du  ibilgailu  elektrikoak  trenbide-energia  berrerabiliz  kargatzeko

Ikerlanek bi norabideko bihurgailu bat garatu du ibilgailu elektrikoak trenbide-energia berrerabiliz kargatzeko

Zentro teknologikoa Kataluniako Salicru konpainiarekin elkarlanean ari da 2021etik, sare elektrikoaren azpiegitura optimizatu nahi duen CS-MV produktua sortzeko.

Psifiacosek  plataforma  berritzaile  bat  sortu  du  osasun  mentalaren  adierazleak  urrunetik  eta  denbora  errealean  monitorizatzeko

Psifiacosek plataforma berritzaile bat sortu du osasun mentalaren adierazleak urrunetik eta denbora errealean monitorizatzeko

Helburua esku-hartze goiztiarrak erraztea eta familientzako zein osasun-profesionalentzako txosten pertsonalizatuak ematea da.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.