Joan Mari Bonet, Tecnipesa-ko zuzendari nagusia.
Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 29 iraila, 2020

Tecnipesa-k ahots bidezko picking konponbideak eta RFID teknologiak eskaintzen ditu biltegiak kontrolatzeko

Enpresa donostiarrarentzat funtsezkoa da denbora errealean ezagutzea biltegian gertatzen dena
-

 

Tecnipesa konpainia, Gipuzkoan sortua 1962an, biltegien automatizazio sektoreko erreferenteetako bat da. Egoitza soziala Donostian duelarik eta bulegoak Katalunia, Madril, Andaluzia eta Mexikon, berrikuntzaren aldeko apustua egin du, ahots bidezko picking-a eta RFID teknologiak erabiliz.  Tecnipesa-ko zuzendari nagusi Joan Mari Bonet-ek euren kasu arrakastatsu batzuk azaldu dizkigu, eta logistikari aplikatutako teknologia berrien abantailez mintzatu zaigu.

 

Zer egiten duzue Tecnipesa-n?

Hornikuntza-katerako konponbideak eskaintzen ditugu, bai produkzioko logistikarako eta baita ere biltegikorako, betiere tresna modernoetan zentraturik, hala nola, barra-kodeak, RFID teknologia eta ahots bidezko kudeaketa-sistemak edo voice pickinga. Denak oinarritzen dira software eta hardware garapenetan. Azken finean, ingeniaritza bat gara, logistika eta tresna teknologikoak oinarri harturik, hornikuntza-katerako konponbideak eskaintzen dituena.

 

Horrelako konponbideen adibideren bat eman dezakezu?

Ahots bidezko picking tresna ahotsezko interfaze digital bat da. Papera hartu eta apalez apal kaxa bila ibili beharrean, sistema honek aginduak ematen dizkio langileari, nora joan behar duen jakin dezan. Behin hara iritsitakoan, sistemak berak baieztatzen dio behar den tokian dagoela, eta eskatutako unitate-kopurua hartzeko agintzen dio. Langileak haririk gabeko kaskoak erabiltzen dituenez komunikatzeko, libre dauzka eskuak, eta produktiboagoa da. Lehen kode-barra irakurle batekin ibili behar izaten zuen, eta irakurleari begiratu behar zion zer jaso behar zuen jakiteko. Orain, berriz, aginduak ahotsaren bidez iristen zaizkio eta libre izan ditzake eskuak. Hala, bere produktibitatea % 20-30 inguru handitzen da. Txorakeria bat dirudi, baina biltegi bateko 30 langileek bina segundo aurrezten badituzte operazio bakoitzean, urteko 230 lanegunak kontuan hartzen baditugu, diru asko da hori.

 

RFID teknologia irekiagoa da. Orain hainbat konponbide garatzen ari gara landa eremuetarako, nekazaritzarako, ontziak kontrolatzeko, baita ere industriako moldeak eta pneumatikoak kontrolatzeko, saskien mugimendua kontrolatu eta pieza lapurreta txikiak saihesteko, e.a. Hauxe da RFID txipen eta barra-kodeen arteko -bigarren horiek ere erabiltzen ditugu- aldea: RFID txipek, barra-kodeek ez bezala, gaitasun handiagoa dute eta informazio gehiago har dezakete; gainera, aukera ematen dute kontsultatzeko eta informazioa berriz grabatzeko. Barra-kodeak baditu bere aplikazioak, eta RFID txipak ere bai. RFID txipa barra-kodeak baino garestiagoa da, eta horregatik, beti izango dira bateragarriak. Argi dago RFID txipek askoz gehiago eboluzionatu dutela, eta lehen pentsaezinak ziren konponbideak eskaintzen hasi dela.

 

Nolako garrantzia du logistikak 4.0 Industriaren testuinguruan?

Ongi aplikatutako logistika errentagarriagoa da, eta bidea ematen du diru gehiago irabazteko. Gure konponbideei esker, gure bezeroak eraginkorrago eta errentagarriago egiten ditugu. Barra-kode bat edo RFID etiketa bat irakurtzen dudanean, informazioa eskuratzen dut segundo bat baino gutxiagoan eta, gainera, informazio hori zuzena da kasuen % 99,99an. Beraz, informazioa eskuratzen dut azkar eta akatsak drastikoki murriztuz. Tresna hori guk garatutakoa bezalako software konponbide batekin (Biltegien Kudeaketako Sistema) aplikatzen bada, hau da, software bat aukera ematen duena datuak kudeatzeko eta informazioa emateko denbora errealean, orduan enpresak eraginkorrago bihurtzen dira. Funtsezkoa da denbora errealean ezagutzea biltegian gertatzen dena. Izan zaitezke denik eta fabrikatzaile onena, eskain ditzakezu akabera eta kalitate onenak, baina txarra bazara entregetan, hau da, denboran huts egiten baduzu, porrot egingo duzu, eta kalitate okerragoa baina logistika hobea duen norbaitek irabaziko dizu.

 

Logistikaren eta biltegiratzearen munduan, azken urteotan hitzetik hortzera darabiltzagu etorkizuneko hainbat joera: garraiorako ibilgailu autonomoak, AGV, edo dronak erabiltzea lokalizazio-lanak egiteko biltegiratze-azalera handietan. Nola ikusten dituzue joera horiek?

AGV-ei dagokienez, ez gara sartu mundu horretan. AGV-ak elikatzen ditugu merkatu-gaiak mugitu ditzaten lantegi barruan. Dronei dagokienez, badaukagu proiektu pilotu bat arlo horretan, baina ez da erraza. Dron batekin irakurketa bat egiten bada inbentario baterako, dron horrek % 100eko eraginkortasun bermea eman behar du. Hau da, drona gai izango da inbentarioa irakurtzeko, baina kontuan izan behar da badaudela sakonera handiko apalak, eta drona ez dela iristen barruraino, beraz, irakurketak % 40-60 inguruko zehaztasuna du. Oraindik lanean jarraitu behar da eraginkortasuna hobetzeko.

 

Nolakoak dira zuen bezeroak? Zein sektoretakoak dira?

Edozein enpresa izan daiteke. Beste kontu bat da konpainia bakoitzak nolako politikak, printzipioak eta pentsamenduak dituen. Badauzkagu bezeroak automozioan, industria astunean, elikaduran, logistikan, farmazia nahiz medikuntza sektoreetan, eta baita sektore publikoan ere.  4.0 teknologia hau eta bere bertsio guztiak edozein enpresatan aplikatu daitezke, hala nahi bada.  Adibidez, berriki ikastetxe bat hurbildu zaigu, otorduak, mantelak eta ahozapiak kontrolatu nahi zituelako. Kirolaren munduan, maratoietan erabiltzen dira RFID txipak: korrikalariek dortsalean eramaten dute txipa euren denborak kontrolatzeko. Izan litezke enpresa handiak edo txikiak, eta egiten dutenaren arabera, inpaktu handiagoa edo txikiagoa lortuko dute. Logistika kontrolatzea, ematen den urrats bakoitza kontrolatzea, zerbait egiteko zenbat denbora behar den jakitea, ordutan zenbateko kostua duen ezagutzea… informazio hori guztia baliagarri da produktiboago izateko. Mundu guztiak aplika dezake gelditzeko iritsi den teknologia hau. Eta 5Gak sekulako aldaketa eragingo du, informazioa alde guztietatik eta abiadura bizian etorriko baita.

 

Zeintzuk dira zuen etorkizuneko erronkak?

Ilusioz beterik begiratzen diogu etorkizunari eta gogotsu gaude koronabirusak ekarri duen krisiari aurre egiteko. Latinoamerikan zabaltzen jarraitu nahi dugu, eta bultzada bat eman nahi diogu gure I+G+B sailari, ikertzen jarraitzeko eta mundu industrialak planteatzen dituen premiei erantzuteko puntako konponbideekin. Halaber, merkatu-kuota irabazten jarraitu nahi dugu, bezeroek gero eta hobeto balora gaitzaten.

Lotutako albisteak

Alberdi,  beti  mugimenduan  dagoen  mekanizazioko  enpresa  txiki  eta  ertaina

Alberdi, beti mugimenduan dagoen mekanizazioko enpresa txiki eta ertaina

Azkoitiko enpresak 5.000 pieza-erreferentzia baino gehiago eskaintzen ditu

Bronymecek  polimeroen  ingeniaritzan  duen  espezializazioa  sendotu  du,  fabrikazio  gehigarria  eta  doitasunezko  mekanizazioa  integratuz

Bronymecek polimeroen ingeniaritzan duen espezializazioa sendotu du, fabrikazio gehigarria eta doitasunezko mekanizazioa integratuz

Gipuzkoako enpresak, BIND SME 2025 programaren 5. edizioan parte hartzen duenak, bere ingurune industrial zorrotzetara egokitutako irtenbide tekniko aurreratu, jasangarri eta egokituen aldeko apustua indartu du.

CDigitalizazioaren  eta  automatizazio  industrialaren  integratzaile  gisa  izandako  eboluzioa  finkatu  du  Cefaluxek

CDigitalizazioaren eta automatizazio industrialaren integratzaile gisa izandako eboluzioa finkatu du Cefaluxek

Arabako enpresak Hipalux software-ekosistema sustatu du eta sektore estrategikoetan duen posizionamendua indartu du, besteak beste, uraren eta azpiegitura adimendunaren sektoreetan

Manufacturas  Marpe,  zurezko  materialak  banatzen  eta  fabrikatzen  dituen  ETEa

Manufacturas Marpe, zurezko materialak banatzen eta fabrikatzen dituen ETEa

Azpeitiko enpresak salmenten % 20 atzerrian egiten ditu

Ikale  Consulting  enpresak  mikro  eta  enpresa  txiki  industrialentzako  dirulaguntzak  tramitatzen  ditu

Ikale Consulting enpresak mikro eta enpresa txiki industrialentzako dirulaguntzak tramitatzen ditu

Eibarko enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du Gaitasun Digitalak programatik, eta zerbitzu berriak eskaintzea aurreikusten du

Mausa,  fabrikazio  aurreratuaren  bidez  industriarako  soluzioak  eraldatu  dituen  familiako  ETEa

Mausa, fabrikazio aurreratuaren bidez industriarako soluzioak eraldatu dituen familiako ETEa

Oiartzungo enpresak SPRI Taldearen berrikuntzarako dirulaguntza jaso du eta bederatzi urte daramatza 3D inprimagailuaren teknologiarekin lanean.

New  Stage  Solutions-ek  (NSS)  neurrira  egindako  soluzio  teknologikoak  eskaintzen  ditu  Arrasatetik

New Stage Solutions-ek (NSS) neurrira egindako soluzio teknologikoak eskaintzen ditu Arrasatetik

Euskal konpainiak eskuzko lanak murrizten dituzten eta ETEen eta B2B konpainien kontrol operatiboa hobetzen duten tresna digitalak diseinatu eta inplementatzen ditu.

Seigarbost,  hondakinen  edukiontzietan  sarraila  adimendunak  eskaintzen  dituen  Gipuzkoako  ETEa
17/02/2026 I+G+B

Seigarbost, hondakinen edukiontzietan sarraila adimendunak eskaintzen dituen Gipuzkoako ETEa

Enpresak SPRI Taldearen Zabaldu programako laguntza jaso du nazioartekotze-proiektua indartzeko

SEIN,  urtean  industriako  hornikuntzen  43.000  eskari  kudeatzen  dituen  ETEa

SEIN, urtean industriako hornikuntzen 43.000 eskari kudeatzen dituen ETEa

Soluzio pertsonalizatuak eskaintzen ditu Euskadiko trakzio-enpresa nagusientzat

Proinac,  automatizazioaren  aldeko  apustua  egiten  duen  ingeniaritza  akustikoa

Proinac, automatizazioaren aldeko apustua egiten duen ingeniaritza akustikoa

Erandioko ETEak SPRI Taldearen industriako zibersegurtasuneko programaren dirulaguntza jaso du.

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.