Gonzalo Moya, Lurmetrika Labs enpresako datu-analista.
Ekintzailetza Eraldaketa digitala
Elkarrizketak 20 uztaila, 2020

Lurmetrika Labs, adimen artifiziala eta Big Data turismoaren sektorerako

Innolab Bilbao-n sortutako startup honek 4.0 Industriari lotutako tresnak baliatzen ditu jomuga turistikoei buruzko datuak bildu eta aztertzeko
-

 

Innolab Bilbao-n sortutako startup honek 4.0 Industriari lotutako tresnak baliatzen ditu jomuga turistikoei buruzko datuak bildu eta aztertzeko

 

Datuen analitika eta adimen artifiziala bezalako tresna eta teknologien erabilerak gero eta aplikazio gehiago ditu arlo desberdinetan. Arlo horien artean turismoa da berritzaileenetako bat eta potentzial handienetakoa duena. Horrelako teknologien bidez posible izango da okupazio-mailak edo prezioak aurreikustea, eta baita ere bezero bakoitzarentzako esperientzia turistiko pertsonalizatuak diseinatzea. Koronabirusaren krisiaz eta turismo sektoreko teknologia berriez mintzatu gara Gonzalo Moyarekin, Lurmetrika Labs enpresako datu-analistarekin.

 

Nolako zerbitzuak ematen dituzue Lurmetrika Labs-en?

Lurmetrika Labs adimen turistikoko zerbitzuetan espezializatutako startup bat da, batik bat “Jomuga Adimendun”en kudeatzaileei zuzendua, hala nola, udalak, patronatuak, erakunde publikoak, e.a. Lurmetrika Labs-en helburua da ostatu turistikoen industriaren errendimendua neurtzea. Lurmetrika Labs-en lantzen ditugun datuak informazio-iturri digitaletatik eta monitorizazio-teknologietatik eskuratzen dira, eta baliagarri dira erabaki hobeak hartzeko jomuga turistikoaren posizionamenduarekin, lehiakortasunarekin eta jasangarritasunarekin zerikusia duten arloetan. Lurmetrika-k informazioa ematen du hileko eta eguneko batez besteko prezioei buruz, horretarako kontuan hartuz Estatu osoa, autonomia erkidegoak, probintziak, eskualdeak eta udalerriak, bai eta establezimendu mota desberdinak, hala nola, hotelak, apartamentuak, pentsioak edo landetxeak. Halaber, adimen artifizialeko algoritmoak erabiltzen ditugu informazioa sortzeko ondoko hauei buruz: gorago aipatutako lurraldeen eguneroko okupazio-maila, prezioen aurreikuspena, eskaintzaren okupazio-gradu edo tamaina, eta oporretako etxebizitzen eta alokairuen hileko batez besteko diru-sarrerak, prezioak eta okupazioa.

 

Emango diguzu garatu dituzuen proiektuen edo kasu arrakastatsuen adibideren bat?

Gaur egun lanean ari gara Donostia Turismoa bulegoarekin, Salamancako Turismoaren Behatokiarekin, ITREMekin eta, besteak beste, Costa del Sol eskualdearekin; datu turistikoak ematen dizkiegu euren eskualdeari eta beste jomuga lehiakor batzuei buruz, gero euren plataforma digitaletara egokitu ditzaten. Lan egin dugu orobat Kanaria Handiko Turismo Patronatuarekin okupazioaren aurreikuspena egiteko, eta Segittur-ekin bere datu-baseak aberasteko.

 

Halaber, Kevo Technologies enpresarekin (adituak lengoaiaren prozesamenduan) ari gara lanean; tresna bat garatu nahi dugu, bidaiariak ahalik eta gehien aprobetxa dezan hiri batean egiten duen egonaldia, bere bidaia pertsonalizatuz eta berarekin elkarreraginez sakelakotik, AAz hornitutako chatbot baten bidez.

 

Turismoa izan da koronabirusaren krisiak gogorren kolpatutako sektoreetako bat. Nola eragin dizue pandemiak?

Partzialki eragin digu, turismotik bizi garelako. Hainbat proiektu bertan behera gelditu dira, adibidez, Costa Ricako Turismoaren Institutuarentzat garatu behar genuena hango turismoaren adierazleak hobetzeko. Bertan behera geratu dira orobat beste bezero batzuei ematen dizkiegun zerbitzuak, itxialdi garaian mugikortasunik ez zegoenez, okupazio turistikoari buruzko datuak ez zirelako esanguratsuak. Bestalde, alde positiboari begiratuta, bezero berriak aurkitu ditugu, zeintzuk ziurtasuna edo itxaropena baitute turismoa suspertu egingo dela.

 

Nola aldatuko da turismoaren sektorea COVID-19ak eragin duen krisiaren ondorioz?

Une honetan, osasunaren segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena jomuga turistiko guztientzat. Munduko gune turistiko guztien helburua da turistak seguru senti daitezela jomugetan. Sektorea alderdi hori indartzen ari da, batez ere Espainian, pandemiak gogorren jo duen herrialdeetako bat izan delako.

 

Bestalde, jomuga batzuek, adibidez, Balear edo Kanariar Uharteek menpekotasun handia dute atzerriko turistekiko. Baina testuinguru honetan, aurten behintzat, Estatuko turisten menpe egon beharko dute. Egia da termino ekonomikoetan eta kuantitatiboki bi turismo motak alderaezinak direla, baina egoera hau baliagarri izango da lehenago nazioarteko jomugetara edo Estatuko beste batzuetara joatea erabakitzen zuten bezero horiek leialtzeko. Hau da, Estatuko turistak zaindu behar dira, une honetan haien menpe daudelako, ez Covid-19a baino lehenagoko egoerara itzultzeko, baina bai mantentzeko.

 

Horrekin batera, jasangarritasuna eta horrekin lotuta dagoen guztia nabarmendu behar da. Itxialdiko hilabeteotan ikusi dugu naturak bere espazioa berreskuratu duela. Ia ez da trafikorik izan, pertsonak ere ez dira kalean ibili, eta naturak bere eremua berreskuratu du, horrela erakutsiz zein garrantzitsua den gure ondarea babestea. Jomuga turistikoak ondare hori ustiatzen ahaleginduko dira, masifikazioak saihestuz. Eta hori lortzen ari da teknologiak erabiliz, zehazki, Big Data teknologiak. Turista batek, jomuga batera iristen denean, denbora errealean kontsultatu ahal izango du zein den museo baten, monumentu baten edo hondartza baten okupazio-maila, horrela jende asko dagoen ala ez jakiteko eta kolapsoak saihesteko.

 

Hortaz, hauek izango dira  jomugaren kalitatea bermatzeko gakoak: osasun segurtasuna, turismoa leialtzea, jasangarritasuna eta teknologien erabilpena.

 

Teknologiak paper garrantzitsuagoa hartuko du turismoaren sektorean?

Lurmetrika-n uste dugu plataforma digitaletan –gure kasuan turismoaren sektorean- informazio kopuru handia dagoela. Horregatik, Big Data eta adimen artifiziala erabiliz informazioa eskuratu dezakegu zenbait adierazle konfiguratzeko eta, horrela, aukera emango diogu jomuga turistikoari erabakiak hartzeko.

 

Zeintzuk dira Lurmetrika-ren etorkizuneko erronkak?

Une honetan gure zerbitzu guztiak API gisa eskaintzen hasteko prozesuan gaude. Horrezaz gain, prezioen epe luzeko iragarpena hobetu nahi dugu algoritmoetan hobekuntzak eginez.

 

Beste erronka bat da turismo teknologikoari lotutako profesionalak bilatzea, hau da, marketin digitaleko espezialistak, web programatzaileak, zibersegurtasuneko adituak, e.a. Ezagutzadun profesionalak eta tresna digitalak bilatu behar dira, izan ere, turistaren premiak eta bidaiatzeko moduak aldatzen diren neurrian, turismoaren industriak ere aldatu egin behar du.

 

Bestalde, aurreikuspen-tresna bat lantzen ari gara adimen artifizialaren bitartez; tresna horrek gune edo hiri bateko prezioak eta okupazio-maila aurreikusiko ditu epe luzera. Hala, esaterako, ekitaldi zehatz bat gertatzekoa denean, iragarri ahal izango dugu zein prezio eskainiko diren hoteletan eta zein izango den okupazio-maila.

Lotutako albisteak

PlayGress  Labs,  Arabako  berrikuntza  AGHAren  diagnostikoa  hobetzeko
18/06/2026 Ekintzailetza

PlayGress Labs, Arabako berrikuntza AGHAren diagnostikoa hobetzeko

Konpainiak doitasun-soluzioak lantzen ditu neuro-garapenaren nahasmenduak detektatzeko.

Reinspira-k  berrikuntza  teknologikoaren  aldeko  apustua  egiten  du  ongizate  emozionalaren  eredu  berri  bat  sortzeko
16/06/2026 Ekintzailetza

Reinspira-k berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten du ongizate emozionalaren eredu berri bat sortzeko

Plataforma digitalak laguntza emozionala adimen artifizialarekin, edukien dibulgazioarekin eta komunitate anonimoarekin konbinatzen du, Bizkaian laguntza-sare bat sortzeko helburuarekin.

TrebezIAk  robot  mugikor  autonomoak  garatzen  ditu  intralogistikaren  zailtasunak  gainditzeko
16/06/2026 Ekintzailetza

TrebezIAk robot mugikor autonomoak garatzen ditu intralogistikaren zailtasunak gainditzeko

Donostiako startup-ak produktu konplexuen eskaerak ingurune logistikoetan automatikoki prestatzeko gai diren soluzioak eskaintzen ditu, Adimen Artifizaileko irtenbide garatuekin.

Transkal  aurrera  doa  digitalizazio  logistikoan,  bere  ERP  sisteman  AAko  soluzio  propio  batekin

Transkal aurrera doa digitalizazio logistikoan, bere ERP sisteman AAko soluzio propio batekin

Gipuzkoako enpresak kudeaketa arintzeko tresna bat merkaturatu du, prozesu administratiboak eta operatiboak erraztu eta automatizatzeko.

Visual  Parts  Service,  segundo  gutxitan  motorrentzako  ordezko  piezak  identifikatzen  dituen  aplikazioa
05/06/2026 Ekintzailetza

Visual Parts Service, segundo gutxitan motorrentzako ordezko piezak identifikatzen dituen aplikazioa

Adimen artifizialean eta ezagutza bisualean oinarritutako Bilboko plataforma honek bi argazkirekin bakarrik bateragarriak diren piezak aurkitzen ditu.

EuskoData,  40  urte  enpresei  laguntzen  beren  konfiantzazko  partner  teknologiko  gisa

EuskoData, 40 urte enpresei laguntzen beren konfiantzazko partner teknologiko gisa

Donostiako konpainia software-hornitzaile gisa hasi zen, eta, orain, mota guztietako irtenbide teknologikoak eskaintzen ditu

SISMOS,  ikusmen  artifizialaren  bidez  industria-kalitatearen  kontrolerako  eredu  berria  duen  Bilboko  startupa
28/05/2026 Ekintzailetza

SISMOS, ikusmen artifizialaren bidez industria-kalitatearen kontrolerako eredu berria duen Bilboko startupa

Enpresak, SPRI Taldearen Ekintzaile programaren laguntza jaso duenak, urtebete eskas darama martxan.

Fabrikit  3D:  “Fabrikazio  digitalak  asko  murrizten  ditu  berrikuntzarako  sarbide-oztopoak”
27/05/2026 Ekintzailetza

Fabrikit 3D: “Fabrikazio digitalak asko murrizten ditu berrikuntzarako sarbide-oztopoak”

Bizkaiko startup-ak 3D inprimaketarako eta prototipaziorako sarbidea bultzatzen du, berrikuntzarako tresna eskuragarri gisa, eta adin goiztiarretatik bokazio teknologikoak sustatzen dituen hezkuntza-lerro bat garatzen du.

UP  Design  For  Growth,  enpresei  inpaktu  handiko  prestakuntza  eskaintzen  dien  start  up  enpresa
21/05/2026 Ekintzailetza

UP Design For Growth, enpresei inpaktu handiko prestakuntza eskaintzen dien start up enpresa

Zallako konpainiak talentua, berrikuntza eta hazkundea bultzatzen ditu, neurrira egindako soluzioen bidez

Neety,  B2B  negoziorako  adimen  artifizialeko  plataforma  duen  start  up  enpresa
20/05/2026 Ekintzailetza

Neety, B2B negoziorako adimen artifizialeko plataforma duen start up enpresa

Gipuzkoako enpresak SPRI Taldearen laguntza jaso du, eta, urte bakar batean, 50 enpresak beren produktuan konfiantza izatea lortu du

Joan blogera

Jarrai gaitzazu

Kanal espezializatuak eta eguneroko gaurkotasuna gure sareetan.