Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 20 maiatza, 2019 Digitalizazioa Zibersegurtasuna Basque Cybersecurity Center (BCSC) Industria adimenduna Smart Industry Programa

Cristina Oyón: “Basque Industry 4.0 estrategiak elkarrekin konektatu behar ditu prozesu ekonomikoa eta gizarte eta jasangarritasun baloreak”

Elena Zarragak jakinarazi du  erosi berri dutela Secure-IT enpresa, zibersegurtasunean espezializatua

 

SPRIko Ekimen Estrategikoen arduraduna da EBk aukeratutako hogei aholkularietako bat Europako eraldaketa digitala gidatuko duen estrategia transbertsal eta bereizle hau aktibatzeko

 

SPRIko proiektu estrategikoen arduradun Cristina Oyónek “Zibersegurtasunari eta eraldaketa digitalari” buruzko LKSnext aholkularitzaren jardunaldi batean parte hartu du eta esan du Europar Batasuna “estrategia industrial propio eta bereizi bat” lantzen ari dela “elkarrekin konektatzeko prozesu ekonomikoa eta gizarte eta ingurumenaren jasangarritasun baloreak, eta Euskadi guztiz lerrokatuta dago[ela] proiektu horrekin”.   Oyón da EBk aukeratutako hogei aholkularietako bat Europako eraldaketa digitala gidatuko duen estrategia transbertsal eta bereizle hau aktibatzeko. Bere hitzaldian gogoratu du Euskadik jarduera industrial garrantzitsua duela eta badituela lehenagotik garatutako gaitasun zenbait Europak martxan jarri duen eraldaketaren trenera igotzeko.

SPRIko arduradunak orobat gogoratu du “berrikuntza + jasangarritasunerako teknologia” binomioa mantentzea oso zaila dela gaur egungo mundu polarizatuan, non AEBak eta Txina ziztu bizian doazen aurrera digitalizazioaren bidean, baina bazterrean utziz balore horiek; aldiz, Europako eraldaketa industrialak norabide horri eutsiko dio “bai ala bai”.

SPRIz gain, Eraldaketa Digitalari buruzko mahai-inguru horretan izan dira halaber Wolkswagen Navarra, Gestamp eta Ikerlan erakundeetako ordezkariak.

Hala, Wolkswagen muntaketa-lantegiko mantenimendu-arduradun Ana Mateok ezagutzera eman du azken bi urteotan garatu duten asmo handiko proiektua, helburutzat daukana lantegi bat sortzea non “prozesu guztiak erritmo berean eta sinkronizatuta” garatuko diren eta gizakia eta makina elkarreraginean ariko diren, eta prestakuntza lan handia eskatzen duena paraleloki.  Lanbadeneko lantegiak bi modelo desberdin ekoizten ditu, digitalizazioari esker makinek berdin lan egiten dutelarik bata nahiz bestea ekoizteko. Mateok gogoratu du lantegiak urtean milioi bat auto gehiago egin dituela eraldaketa horren ondorioz.

Bestalde, Gestamp enpresako Hot Stamping arloko arduradun Beatriz Gonzalezek, hizpide hartuz laster iritsiko den elektrifikaziorako teknologien txertaketa, esan du “super-malgutasunaren paradigma datorkigu[la], ez dakigulako zer fabrikatuko dugun”.  Lantegi adimenduna bi hitzekin definituko da: “eraginkortasuna eta malgutasuna”, eta  azaldu du zein desberdinak diren Gestampen lantegiak, nahiz eta teknologia eta diseinu berekoak izan, kultura ezberdinetako herrialdeetan daudelako.

Ikerlaneko ikerlari nagusi Jon Pérez izan da eraldaketa digitaleko mahaiko azken kidea.  Pérezek aztergai hartu ditu digitalizazioak berekin dakartzan bi kontu, produktua enpresatik irteten denean hasten direnak. Alegia, produktua merkatura iristen denean, digitalizazioak aukera ematen du makina enpresarekin konektatzeko, eta informazio-fluxua etengabekoa den testuinguru horretan zibersegurtasuna da erronka handiena. Eta mahai gainean jarri duen bigarren kontuak alderdi legal bati buruzko eztabaida zabaltzen du: norenak dira makinek egindako monitorizazioaren bidez lortzen diren datuak? Azkenik, esan du prestakuntza errekurrentea beharko dela ingurune industrial berriak hartu duen abiadurari erantzuteko. Ikerlan arlo horretan ari da lanean eta dagoeneko badu praktiketako ehun ikaslez osatutako “harrobi bat”.

Zibersegurtasuna izan da LKSnext aholkularitzak antolatutako jardunaldiaren beste eztabaidagaia. Arlo horretan, Mondragon Taldeko aholkularitzako zuzendari den Elena Zarragak jakinarazi du  erosi berri dutela Secure-IT enpresa, zibersegurtasunean espezializatua eta hamar urteko ibilbidea duena. Zarragak azaldu du erosketa horri esker gai izango direla bezeroek eskatzen dutena emateko, “ezagutzaz gain, etorkizunari aurre hartzea ere eskatzen baitigute”. Hala, LKs aholkularitzak enpresei ematen dien zerbitzua osoagoa eta sendoagoa izango da eta arriskuak minimizatzeko kontrol-analisiak egiteko aukera ere eskaini ahal izango du, erosi berri duten enpresak konponbideak eskaintzen baititu eta operazio-zentro zertifikatu bat baitauka denbora errealeko monitorizazioak egiteko, besteak beste.

Hala adierazi du bere hitzaldian Secure IT enpresako zuzendari nagusi Francisco Valenciak. Esan duenez, duela hamar urte, Secure IT enpresa sortu zenean, “zibergaizkileak ez zeuden antolatuta, baina orain bai”. Gogoratu du informazio-sistemak erabiltzen baditugu beti izango ditugula erasoak, baina pentsa litekeenaz bestela, erasoen %23 baizik ez dira zibergaizkileen lana; gainerako %77a konpainia barruan bertan sortutako akatsak izaten dira. Horregatik da hain garrantzitsua arriskuak kudeatzea eta ebaluatzea, eta langileek prestakuntza egokia izatea. Valenciaren arabera, erasoak gutxitu egin dira, baina orobat bortiztu.

Jarraian, Miguel Garciak (Chief Officer Alastra enpresan) azpimarratu du zuzendaritza-taldeek ezinbestekoa dutela mehatxuaz jabetzea eta enpresek prest egon behar dutela, arriskurik ez dagoela pentsatzea delako arriskurik handiena.

LKSnext aholkularitzako zibersegurtasun arduradun Hugo Llanosek azaldu du euskal industriaren abiapuntua oso atzean dagoela segurtasun industrialaren arloan, eta gaineratu du enpresa guztiak daudela mehatxupean, berdin txikiak nola handiak. Digitalizazioa gero eta zabalduago dagoenez, ezinezkoa da lantegiko teknologia eta kudeaketakoa bereiztea. Horregatik, konpainia bakoitzak ongi ezagutu behar du bere arrisku maila (arlo legalean, teknikoan eta antolakuntzan), eta hortik abiatuta hartu behar lituzke erabakiak eta neurriak. Gainera, gogoratu du euskal administrazioak programa zehatzak eskaintzen dituela horretarako eta zibersegurtasuneko euskal zentroa sortu duela erreferentzia puntu izan dadin ETEentzat.

Secure IT xurgatzeaz gain, LKSnext aholkularitzak zibersegurtasun arloan duen eskaintza osatzera dator Ikerlanekin sinatutako aliantza; hala, azken honek bere gain hartuko ditu digitalizazio industriala, monitorizazioa, sentsorizazioa, big data, analitika eta, oro har, konponbide teknologikoak.

Lotutako albisteak

16 maiatza, 2024 Digitalizazioa
Arkikusek denboran zehar bidaiatzeko aukera ematen du, errealitate birtualari esker
Irakurri gehiago
14 maiatza, 2024 Digitalizazioa
Kerrek informazioa bateratzen duen, zereginak automatizatzen dituen eta erabakiak hartzea hobetzen duen ERP bat eskaintzen du
Irakurri gehiago
8 maiatza, 2024 Digitalizazioa
Layde Steelek isuririk gabe modu berritzailean altzairua produzitzeko aukera sustatu du
Irakurri gehiago
6 maiatza, 2024 Digitalizazioa
BAICek Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen kongresua egingo du maiatzaren 15ean
Irakurri gehiago
3 maiatza, 2024 Digitalizazioa
SPRI taldeak merkataritza elektronikoari buruzko sei jardunaldi antolatu ditu
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak