BaM Vision Tech ‘25ek Euskadi sendotu du automobilgintzako berrikuntza-polo gisa
- Mercedes-Benz, Gestamp eta MB Sistemas enpresetako zuzendariek azpimarratu dutenez, sektorearen lehiakortasuna lortzeko beharrezkoa da AA eta biki digitalak benetako prozesuetan integratzea, flex-manufacturingarekin, arintasuna eta erresilientzia irabazteko.
- Foroak erakusketa gune bat ere izan du, eta bertan Dassault Systèmes, FANUC, Omron eta Biomech konpainiek automobilgintzari aplikatutako soluzio berritzaileak erakutsi dituzte.
BaM Vision Tech-en lehen edizioak automobilgintza, teknologia eta ikerketa arloko 200 profesional baino gehiago bildu ditu Gasteizko EUNEIZ Unibertsitatean. Basque Automotive Manufacturing Centerrek (BaM) antolatutako foroak industriaren erronka nagusiak mahai gaineratu ditu: elektrifikazioa, digitalizazioa, robotika eta jasangarritasuna.
Hitzordua erreferentziazko gune gisa sendotzeko asmoz sortu da, eta enpresek, erakundeek eta eragile teknologikoek joerak aurreratu eta automobilgintzaren erronka handietarako irtenbideak partekatu ahal izan dituzte. “BaM Vision Tech topagune izateko bokazioarekin sortu da, ezagutza partekatzeko eta automobilgintzaren etorkizuna markatuko duten aldaketak aurreratzeko. Euskadi eraldaketa horren abangoardian kokatzea nahi dugu, berrikuntza teknologikoaren eta lankidetzaren alde eginez funtsezko ardatz gisa”, azpimarratu du Mariluz Villamor BaMko CEOak.
Inaugurazio saioan, nazioarteko testuinguru geopolitikoak betetzen duen rola nabarmendu da, automobilgintzan eragina izaten ari baita, eta horrek inpaktua zuzena baitu hornidura kateetan, inbertsioan eta enpresek beren lehiakortasunari eusteko duten gaitasunean.
Esparru horretan, Francisco J. Riberas Gestampen presidente exekutiboak adierazi duenez, “tentsio geopolitikoak erritmoa markatzen ari dira, ibilgailu elektrikorako trantsizioa indarrez aurrera doan une honetan. Automobilgintzaren industriak erronka handiei egin behar die aurre, eta horiei erantzuteko, talentuaren, digitalizazioaren eta deskarbonizazioaren aldeko apustua egin beharko dugu, etorkizuneko ardatz estrategiko gisa”.
Jardunaldian zehar, Miguel Garces, Ekaitz Zulueta eta Albert Fiblá hizlariek automobilgintzari aplikatutako robotikak bizi duen iraultzari buruz eztabaidatu dute, adimen artifiziala arlo horretan sartzeak eta sistema adimendunak industria prozesuetan integratzeak markatuta. Europako lehiakortasuna ere aztertu da, Asiako industriaren aurrerapenaren aurrean, sektorean berrikuntza eta adopzio teknologikoa bizkortzera behartzen duen erronka.
Jardunaldiaren amaierak Euskadik automobilgintza jasangarriago eta digitalago baterako trantsizioan lurralde estrategiko gisa duen zeregina nabarmentzeko balio izan du. Bernt Krottmayerrek nabarmendu duenez, “motor bat aldatzeaz harago, automobilgintzaren bihotz osoa birdiseinatu behar da”.
Erakusketa guneak, automobilgintzari aplikatutako azken teknologiarekin
BaM Vision Tech ‘25 programak erakusketa gune bat ere eskaini du, eta bertan Dassault Systèmes, FANUC, Omron eta Biomech konpainiek automobilgintzaren sektorean zuzenean aplikatzen diren soluzio berritzaileak partekatu ahal izan dituzte.
Dassault Systèmesek, Formula Student Bilbaorekin lankidetzan, birtualizazioak eta tresna digitalek diseinua eta ingeniaritza fase kontzeptualetik azken balidaziora nola bultzatzen duten erakutsi du. Simulazio digitalaren aldeko apustua indartu egin da Omronen proposamenarekin. Omronek MOMA aurkeztu du, picking lanetarako bi manipulagailu kolaboratibo dituen zelula bat, trazabilitate eta ikusmen artifizialeko soluzioetan oinarritutako stand batekin osatua.
Bestalde, FANUCek hedapen robotiko askotariko eta deigarriekin harritu du: ‘tres en raya’-n jolasteko gai den robot kolaboratibo bat, ikus-entzunezko euskarri gisa erabilitako robot industrial bat eta engranajeak muntatzean indarra kontrolatzeko diseinatutako robot bat. Alderdirik gizatiarrena eta laneko segurtasunean zentratuena Biomech enpresaren eskutik iritsi da, industria inguruneetako analisi ergonomikoan egindako aurrerapenak partekatu baititu.
Hezkuntza-ekimenak ere izan dira, talentu gazteak sektorean duen zereginari balioa emateko. Zentzu horretan, Euskelec-ek hidrogenoz propultsatutako auto bat erakutsi du, bere modelo birtualizatuarekin batera, eta Formula Student Vitoriak (FSV) 1 Formulako monoplaza erakutsi du, zeina ikasleek diseinatu eta eraiki baitute oso-osorik.
Basque Automotive Manufacturing Centerri buruz (BaM)
Basque Automotive Manufacturing Center (BaM) Euskadin automobilgintzaren sektorean erreferentziazko berrikuntza zentroa da. Enpresa liderren bultzadarekin eta erakundeen babesarekin jaio zen, eta industria digitalago, jasangarriago eta lehiakorrago bateranzko trantsizioa bizkortzea du helburu, logistika adimendunaren, kalitatea ziurtatzearen, ergonomiaren eta prozesuen bikaintasunaren inguruko proiektuak artikulatuz.