Multiverse Computing enpresak Euskadi Europako erreferente gisa sendotu du software kuantikoan eta adimen artifizialean
Multiverse Computing software kuantikoan eta adimen artifizialean espezializatutako enpresa donostiarrak arrakastaz (189 milioi euro) itxi du bere hirugarren inbertsio-erronda. Hala, enpresak etorkizunean hazten jarraituko duela ziurtatu du, eta Euskadi —eta, bereziki, Gipuzkoa— kuantikako eta adimen artifizialeko erreferente gisa sendotu da.
Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak bisitatu ditu enpresak Gipuzkoako Parke Teknologikoan dituen instalazioak, eta bilera bat egin du bi sustatzaileekin: Enrique Lizaso CEOa eta Román Orús zuzendari zientifikoarekin. Bisitan parte hartu dute ere Zigor Urkiaga eta Arrate Aranbarri SPRI Taldeko Euskadiko Arrisku Kapitala Kudeatzeko Sozietatearen presidente eta zuzendari nagusiak eta Marisa Arriola BIC Gipuzkoako zuzendariak.
Bisitan zehar finantziazio-erronda berriaren arrakasta ospatu da. Eusko Jaurlaritzak EZTEN FCR eta SEED GIPUZKOA SCR erakundeen bidez parte hartu du, Euskadiko Arrisku Kapitala Kudeatzeko Sozietateak kudeatzen dituen funtsak, eta 4,3 milioi euroko ekarpena egin du. Horrez gain, Multiverse Computingek laguntza instituzional handia jaso du, eta, enpresaren ahalmen handiarekin batera, beste inbertitzaile batzuk ere proiektura proaktiboki erakarri ditu. Kasu honetan, euskal inbertitzaile berria EKARPEN PRIVATE EQUITY izango da, 4,9 M€-rekin, eta nazioarte mailan, lehen mailako eragileak, hala nola GP BULLHOUND CAPITAL eta HP R&D HOLDING, 55 M€-rekin. Euskadiko inbertsioak (EZTEN FCR eta SEED GIPUZKOA SCR) 5,8 M€ lortu ditu, eta, EKARPEN (4,9 M€) eta KUTXA FUNDAZIOAren (3,2 M€) ekarpenekin batera, erronda honetan, 13,9 M€ dira enpresan inbertitutakoa.
Mikel Jauregi sailburuak gogorarazi duenez, “euskal enpresa da, eta euskal enpresa-proiektu arrakastatsua”. Gaur egun, Euskadiko inbertitzaile guztiek enpresan duten partaidetza % 10 ingurukoa da, eta euskal sustatzaileen ehunekoarekin batera, % 35etik gorakoa. “Horrela, enpresa Euskadin errotzea bermatzen da, eta egiten diren inbertsioak batez ere Euskadin hazteko egiten dira: aktibo produktiboetan inbertitzetik hasi (lehen mailako prozesadoreak, gaitasuna handitzeko) eta kalitatezko enplegua eta oso kualifikazio altukoa sortzeraino. 300 lanpostu zuzen sortzen ditu Donostian eta inguruan, zeharka, 1.000”.
“2019an Donostian eratuta, Multiverse Computing gure industriako txapeldun ezkutua da. Europako adarbakarrak esaten zaien horietako bat da: euskal industriaren eraldaketa bultzatzeko gai dira, eta, aldi berean, EBrentzat kritikoak diren sektoreetan Euskadi liderra izateko egin duen apustu irmoaren adibide. Aste honetan aurkeztu dugun Euskadi 2030 Industria Planean ezarritako etorkizuneko industria-sektoreetako bat da, Soluzio Digital Aurreratuei dagokiena: Zibersegurtasuna, AA eta Kuantika. Made in Euskadi puntako teknologiaz ari gara: AA eta kuantika funtsezkoak dira trantsizio digitalerako eredu propioa izateko. Europar Batasunaren berrindustrializazio-prozesuari Euskadik egin diezaiokeen ekarpenaren ikurra da Multiverse. Enpresa horretan sinetsi dugu, eta hastapenetik babestu dugu”.
Multiverse Computing enpresa-proiektua BIC Gipuzkoan sortu zen (proiektu ekintzaile, berritzaile eta zientifiko-teknologikoak sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren zentro publikoa). Euskal erakunde publikoek enpresaren aldeko apustu argia egin zuten sorreratik, hasieratik proiektuaren potentzialaz jabetuta.
Horren ildotik nabarmendu du Marisa Arriolak: “Deeptech enpresaren kasu onenetako bat da Multiverse Computing: bikaintasun-zientzia eta enpresa-esperientzia lotzen ditu, eta asmo handiarekin eta erantzukizun-zentzuarekin ekiteko asmoa du. Horrelakoa da Multiverse enpresaren talde sustatzailea: Enrique, Román eta Sam dira Euskaditik garatu daitekeen horren adibide. Halaber, kultura ekintzailea bultzatzeko duten eskuzabaltasuna eta prestutasuna nabarmendu nahi nituzke, eta eredu izan nahi dute beste ekintzaile batzuentzat, enpresa teknologiko berriak sustatzeko bide konplexu eta zirraragarri honetan”.