A4Radar startupa eta Eralki ETEa elkarlanean ari dira teknologia disruptibo batean, Eusko Jaurlaritzaren BIND SME ekimenari esker
Euskal Autonomia Erkidegoko industriak bestelako prozesuak eta neurtzeko moduak bilatzen ditu, lehiakortasuna areagotzera begira. Horixe lortu dute, hain zuzen, neurrira egindako uhin milimetrikoen radarren garapenean espezializatutako A4Radar startupak eta makina dardarkarietan espezializatutako Eralki ETEak teknologia disruptiboa abian jartzeko elkarlanean jardutean —iaz Eusko Jaurlaritzaren BIND SME ekimenaren 4. edizioan parte hartu ostean hasi ziren elkarlanean—.
A4Radar startupa 2020an sortu zen Murtzian, bere RADAR teknologia —datuak bistaratzeko eta aztertzeko tresna indartsuekin batera— edozein sektore eta tamainatako enpresen esku jartzeko asmoz eta haien prozesuak optimizatzen eta eraldatzen laguntzeko asmoz. BIND SME ekimenean parte hartzeari esker, makina dardarkarietan espezializatutako Eralki ETEarekin batera berrikuntza-proiektu ireki batean lan egiteko aukera izan zuten. Zehazki, Gipuzkoako enpresa horrek instalazio konplexuetan —hala nola planta idorretan edo elikadura-fabriketan— material-garraioaren fluxua neurtzeko puntuak sartu nahi zituen. 4Aradar enpresak soluzio berritzailea eskaini zuen ETEak planteatutako erronkari erantzuteko: sentsorika aplikatzea makineriari, digitalizazioari eta kalitate-kontrolari.
RADAR teknologia makineriaren garraio-ahalmena neurtzeko
Programan parte hartzearekin, Murtziako startup horrek sentsore bidezko soluzioa garatu zuen uhin milimetrikoak zehaztasunez eta denbora errealean neurtzeko eta, horrela, ETEaren premiei erantzuteko. Haren sentsoreen sendotasuna eta lortutako datuen monitorizaziorako plataforma funtsezkoak giltzarriak izan ziren neurketa-agertokiaren konplexutasunera egokitzeko eta Eralki enpresaren prozesua digitalizatzeko. Izatez, ETE horrek askotariko makinari dardarkariak ditu, tamaina askotakoak eta oso sektore desberdinetarakoak. Horrela, A4Radar startuparekin garatutako soluzioari esker, bezeroen premia espezifikoei erantzun ahal izan zaie, eta lehiakortasuna azkar eta modu efizientean handitu.
Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren ekosisteman startupak bultzatzen dituen ekimena
A4Radar startuparen adibidearen moduko adibideek agerian uzten dute BIND SME ekimenak startupei aukera ematen diela benetako proiektuak garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko industriako erreferentziazko bezeroekin. Horrela, gorabidean dauden enpresa horiek beren soluzioak baliozkotzen dituzte nazioarteko erreferentziazko ekosistema batean.
2021ean abian jarri hasi zenetik, ekimen horrek aukera eman du enpresa txiki eta ertainen premiak, prozesuak eta zailtasunak gertutik ezagutzeko, neurrira egindako soluzioak eskaintzeko eta soluzio horiek ingurune errealetan testatzeko. Francisco Salmeron A4Radar startupeko CEOaren hitzetan, BIND SME ekimenari esker, “zenbait profiletako bezeroekin industria-proiektuak garatu ahal izan ditugu eta gure teknologiaren moldagarritasuna erakutsi”. Plataformak benetako bezeroengana iristea eta azelerazio-programa batean sartzea ahalbidetzen du. Izatez, programa horretan barne hartzen dira mentoriak, inbertitzaileekiko konexioak, inpaktu handiko tailerrak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren eta berrikuntzaren ekosisteman murgiltzea. “Alderdi teknikoan zein komertzialean bizkortzea eragin digu”, erantsi du Salmeronek.
BIND SME ekimenetik igaro ondoren, startupak hazten jarraitzen du. A4Radar startupak lurraldean duen presentzia handitu nahi du orain, eta Europako merkatuan jarri du arreta: “Euskadin beste partner batzuk bilatzen jarraituko dugu, eta, hortik aurrera, gure xedea da soluzio horiek Europan eta beste merkatu batzuetan nazioartekotzea”, azaldu du Francisco Salmeron A4Radar startupeko CEOak.
BIND SME ekimenak startupetarako bosgarren deialdia ireki berri du, eta 7 erabilera kasutarako teknologia berritzaileak bilatzen ditu. Zortzi urte baino gutxiagoko startup eta scaleup guztiek hemen eman dezakete izena urriaren 20ra arte.
A4Radar-en eta Eralki-ren arteko elkarlan arrakastatsuari buruzko informazio gehiago:
BIND
BIND plataforma Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak SPRI Taldearen bitartez sortutako berrikuntza ireki publiko-pribatuko plataforma da. BIND plataformak hiru ekimen ditu —BIND Corporate, BIND SME eta BIND GovTech—, Euskadiko enpresak, ETEak eta sozietate publikoak mundu osoko startup disruptiboekin konektatu eta berrikuntza-proiektuak garatzeko. Programa 2016. urtean hasi zenetik, 250 startup eta scaleup baino gehiago eta 350 proiektu baino gehiago bizkortu dira, eta 9,6 milioi euroko fakturazioa gainditu. Era berean, plataforma erreferente gisa posizionatu da sektorean, lurraldeko industriaren eta enpresa-sarearen digitalizazioan laguntzeagatik.