Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa
Elkarrizketak 18 urtarrila, 2021 Ekintzailetza Start up up euskadi

GOMUTAK: Patologia mentalak dituzten eta gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzea

"Pertsona guztiek arreta eta eskubide duinak izan ditzaten lan egiten dugu"
Juan Ignacio Llorente Orbea

Ekimen honen helburu nagusia da bere eguneroko bizitzan patología mentala eramateko zailtasunak dituen gizarte-bazterkeria arriskuan dagoen pertsona orori laguntzea eta gure gizarteaten estigmak apurtzea. Bere fundatzailea, Juan Ignacio Llorente Orbea sopelaztarrak proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkio Nahia Martinez Gondrari Uriola.eusen

Juan Ignacio Llorente Orbea (1999, Sopela) Gomutak plataformako sortzailea da. Duela urte eta erdi, ‘Getxo Wanted’ lehiaketa irabazi eta 10.000 euroko diru laguntza jaso zuen bere ideiari ekiteko. Ordutik, bere proiektuarekin diardu Gizarte Hezkuntza graduko ikasle den bitartean. Gomutak plataformaren nondik-norakoak azaltzeaz gain, gazte ekintzaile bezala bizitako oztopo eta beldurren inguruan mintzatu gara berarekin. 

 

Nola erabaki zenuen ekintzaile izan nahi zenuela?

Betidanik izan dut argi nik sortutako proiektu batean lan egin nahi nuela.  Horregatik, 16 urte nituenetik helburu hori nola lortu nezakeen pentsatzen ibili naiz.

Ekintzaile bilakatzearen kontua ausaz gertatutako zerbait izan zen: egun batean Getxo Wanted izeneko iragarki bat ikusi nuen eta informatu eta gero jakin nuen gazte ekintzaileei diru-laguntzak emateaz arduratzen zirela. Beraz, lehiaketan parte hartzea erabaki nuen eta azkenean, irabazi egin nuen. Modu horretan, duela urte bat eta erdi Gomutak sortu zen.

 

Zer da Gomutak? 

Gomutak gaixotasun mentalak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko balio duen aplikazio digitala da. Izan ere, pertsona hauen eta haien ingurukoen bizitza-soziala guztiz baldintzatuta dago eta Gomutak plataformak laguntza eskaintzen die egoera berdinean dauden beste pertsonekin harremanetan jartzeko. Modu horretan, laguntza sare bat eraikitzen dute eta nahiz eta gaixotasun-mental bat pairatu, pertsona horiek sozializatzen jarraitzen dute. Hori guztia euskarri digitalen bidez.

Gomutak-en webgunearen barnean, eskuragarri daude Bilbo inguruko elkarteen informazioa baita osasun-mentalari buruzko eduki eta gidak. Horrez gain, psikologo, psikiatra edota nutrizionisten kontaktuak ere aurki ditzakezue webgunean.

 

Bakarrik lan egiten duzu edo lan-talde baten laguntza jasotzen duzu?

Gaur egun bakarrik lan egiten dudan arren, badakit behar izatekotan aldundiko teknikarien, osasun mentaleko profesionalen edota erakundeen laguntza dudala.

Bestalde, proiektuaren hasieran programatzaileekin eta web-diseinatzaileekin aktiboki lan egiten ibili nintzen webgunea sortzeko. Izan ere, martxa teknologikoa ez da nire alorra eta laguntza behar izan nuen.

 

Nolakoa izan zen ekintzailetza prozesua?

Hasieran ez nekien nola ekin ezta enpresa bat nola sortu. Ikasi dudan guztia esperientziaren bidez izan da eta kasu gehienetan nire kontura ikasi dut.

Lehen esan bezala, dena  Getxo Wanted lehiaketako iragarkia ikusi nuenean hasi zen. Bertan parte-hartu eta irabazi ondoren nire proiektua sortzeko ia 10.000 euroko diru laguntza jaso nuen. Horrek asko lagundu zidan.

 

Zer da ekitearen gauzarik zailena?

Ia gauza guztietan bezala, zailena hastea da. Izan ere, hasieran inori ez zaio zure proiektua interesatzen eta jende gutxik lagunduko zaitu edo egingo du zure alde. Horregatik, lehenengo fase hori nahiko konplikatua da. Zertaz gai zaren erakutsi behar duzu eta ordu asko lan egin behar dituzu. Gainera, zure lana interesatzen ez zaien bezero askorekin hitz egitea ere egokituko zaizu eta hori momentu batzuetan desmotibatzailea izan daiteke.

 

Eta garrantzitsuena?

Garrantzitsuena ondo zehaztutako plan bat edukitzea dela esango nuke, ideiak argi izatea. Horrekin batera, pertsona ekintzaileak bere buruarekiko segurtasun handia izan behar du baita ekiteko gogoak ere. Esan bezala, hasiera zaila da eta jende askok ezetz esango dizu. Horregatik da hain garrantzitsua beti aurrera jarraitzeko indarra mantentzea.

 

Zer da inportanteagoa, ideia berritzaile bat izatea edo ekintzailearen jarrera?

Jarrera da gauzarik garrantzitsuena. Askotan uste dugu ideia on bat daukagula eta jende guztiak baietz esango digula. Horregatik, ezetz esaten digutenean lur jota gelditzen gara. Bestalde, uste dut askotan berritzaile edota iraultzaileak diruditen ideietan galtzen garela. Ez da beharrezkoa gurpila berrasmatzea, premia bat bilatzea eta horri konponbidea ematea besterik ez dugu egin behar.

 

Inoiz sentitu duzu zalantzan jarri zaituztela gaztea izateagatik?

Uneoro. Osasun eta gizarte arloan lan egiten dut eta bertan 50 urtetik gorako gizon-emakume trajedunek egiten dute lan. Asko harritzen dira nire adineko gazte bat lan eremu honetan lanean ikusten dutenean.

 

Gaur egun, ziurgabetasun-garaiak bizi ditugu eta baliteke ekiteko unerik onena ez izatea. Zer deritzozu?

Inoiz ez da horrelako zerbait hasteko momenturik onena. Izan ere, norberaren kontura lan egitea ziurgabetasun hutsa da. Egun borobilak izan ditzakezu, egun negargarriak izan ditzakezun bezala. Azkenean, prozesu ekintzaile bat lanpostu “arrunt” bat baino askoz ezegonkorragoa da.

Hala ere, uste dut edozer gauza egin nahi baduzu hobe dela ahalik eta azkarren hastea. Beste aldetik, Covid-19ak erakutsi digu eguneratzeko eta teknologia berriak erabiltzen ikasteko momentua dela.

 

Porrotaren beldurrak geldiarazi eta gure helburuak ez lortzera bultza gaitzake. Ekintzaile gazte gisa, nola egin diezu aurre beldur horiei?

Beldurra denok sentitzen eta daukagun zerbait da, baina hemendik hogei urtetara zure burua nola ikusi nahi duzun pentsatu behar duzu. Zerbait berria saiatu nahi baduzu, probatu eta esperimentatu, eta txarto ateratzen bada behintzat esperientzia horretatik ikasiko duzu. Hobe da saiatzea zalantzarekin gelditzea baino.

 

Bukatzeko, zein aholku emango zenieke ekiteko asmoa duten gazteei?

Ez bakarrik jende gazteari, baizik eta ekiteko gogoak dituen edonori: has zaitez. Beldurrak edo zalantzak hor egongo dira beti. Ez duzu inoiz sentituko hasteko une egokia denik, beraz, has zaitez ahalik eta azkarren.


info+: www.gomutak.com

aglaya events
Elkarrizketak 29 ekaina, 2022 Ekintzailetza
Aglaya Events, “zure bezeroak zure unibertso propioan murgiltzeko” ekitaldi-murgiltzaileak
Irakurri gehiago
Bapobap Kike Fernández David Pérez Quino Lamas
Elkarrizketak 28 ekaina, 2022 Ekintzailetza
BapoBap, gaixotasun kutsakorrak dituzten pazienteak isolatzeko aukera ematen duen isolamendu-burbuila eramangarria
Irakurri gehiago
AIDEARTE AIDA PÉREZ
Elkarrizketak 27 ekaina, 2022 Ekintzailetza
Aida Perez: “Ikusizko komunikazio batek funtziona dezan, zintzoa, naturala eta inklusiboa izan behar du”
Irakurri gehiago
Wake Up Euskadi
Elkarrizketak 24 ekaina, 2022 Ekintzailetza
Wake up! Albiste ekintzaile batzuk sarean
Irakurri gehiago
Euskooters
Elkarrizketak 23 ekaina, 2022 Ekintzailetza
Euskooters: Patinete elektriko partekatuak alokatzeko aukera ematen duen aplikazioa
Irakurri gehiago

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak